Alemanez egindako elkarrizketa eta euskarara itzulia.
EuroCom: europar hizkuntz aniztasuna babesteko eta sustatzeko ekimena
Talde zientifiko batek sortu zuen EuroCom laurogeita hamargarren hamarkadan, europarron elkar ulertzea bultzatu batetik eta hiztun kopuruaren aldetik txikiak diren hizkuntzak sustatzeko bestetik. Estatu zentralistek eta merkatu handien legeek dakarten hizkuntza txikien bazterketari aurre egiteko ekimena da, Europako unibertsitate desberdinetako estudianteekin egindako ikerketen bitartez ebaluatua.
Baina EuroCom ez da, inola ere, hizkuntza jakin bat ikasteko metodo bat gehiago, baizik eta hizkuntzak elkarri hurbiltzeko bide berri bat. Hizkuntzen senidetasun-harremanez baliatu eta transferentzian oinarrituriko estrategia erabiliz, ikasteko ahaleginak murriztea baitu xede. Izan ere, familia bereko hizkuntza bat ezagutzen duen ikaslea ez da, hizkuntza berri bat bereganatzeko orduan, zerotik abiatzen.
2000 urtekoa dugu EuroCom-en lehen argitalpena: “Zazpi galbaheak. Hizkuntza erromaniko guztietan irakurtzeko ikasketa erraza”, hurbilketa eleanitz bat hizkuntza erromanikoen mundura, honezkero bederatzi hizkuntzetara itzulia izan dena. EuroComRom izeneko honi esker, italiera, katalana, portugesa, frantsesa, gaztelera eta errumaniera berehala ikas daitezke, irakurmen eta entzumenari begira behinik behin. Hizkuntzaok banaka irakatsi beharrean, hurbilketa orokor bat eskaintzen du EuroComRom-ek, hizkuntza horiek elkarren ondoan jarriz eta batetik bestera dauden urratsak sistematikoki erakutsiz.
Hizkuntza erromanikoen familiarekin hasi eta familia eslaviar nahiz germaniarretara zabaldu da geroztik metodoa. Ikastegi birtual eta EuroCom-en argitalpenei buruz gehiago jakin nahi izanez gero: www.eurocomresearch.net
Catalunya vista per un alemany, Tilbert Stegman.
Bartzelonan eman zenuen haurtzaroa. Nola edo noiz jabetu zinen katalanaren zapalkuntzaz?
Hain zegoen katalana berrogei eta berrogeita hamargarren hamarkadetan zapaldua, non ni bezalako ume aleman batek ez zuen Bartzelonako kaleetan katalana sekula entzuteko aukera izaten, ez eta katalanez irakurtzeko ere. Bertakoak gazteleraz zuzentzen zitzaizkidan beti. Euren artean ere gazteleraz egiten zuten ni aurrean egonez gero. Nolabait esateko, estatuak ezarritako autozentsura erabiltzen zuten. Bakar-bakarrik etxean egiten zen katalanez. 1961ean, hogei urte neuzkala, Ibizan egon nintzen eta orduan entzun nuen lehenbiziko aldiz katalana. Horrela izan nuen katalanaren berri.
Geroztik, katalan kultura eta hizkuntza arrakastaz eraman dituzu atzerrira, horretan aitzindari izan zarelarik. Zertarako sustatu hiztun kopuru txikia duen hizkuntza baten ezagutza kanpoan?
Gizadiaren aberastasuna hizkuntza-aniztasunean datza, naturan espezie-aniztasunaren arloan gertatzen den bezalaxe. Hizkuntz aniztasuna murriztu nahi izateak, gizaki eta kulturen sormenaren mugatzea Dakar berekin. Hizkuntza aldetik desberdina den kultura bakoitzak, bere buruaren jabe izateko aukera izan behar du beste kulturen ondoan, honekin batera ideia aniztasuna sustatzen delarik. Bestelakoak diren hizkuntza guztiek parada eder bat ematen digute errealitateari eta bizitzari ikuspegi desberdinei begiratzeko. Ikuspuntu amerikar batetik mundu mailan ezarritako gizarte monolinguistiko edo monopolitiko bat, berdina bezain pobrea litzateke.
Horrexegatik eman beharko lukete kultura eta hizkuntza guztiek beren burua ezagutzera. Munduko beste bizilagunek ezagut ditzaten. Zentzu horretan “esportatu” beharko litzateke hizkuntza txikien ezagutza. Halaber katalana eta euskara. Zenbat eta nazio eta kultura gehiagok elkar ondo ezagutu, hainbat eta etsaiaren irudia eta etsaigoaren kontzeptua bera ere kolokan. Ez ohi dugu arinkeriatan auzoa etsaitzat hartu, bere hizkuntza ikasiz gero, hitz bakar bat bada ere.
Nolako interesa zegoen Alemaniako unibertsitateetan zu bertan katalana ezagutzera eman nahian hasi zinenean?
Aleman zientzialariak, hizkuntza erromanistikoetan adituak bereziki, duela 175 urte hasi ziren katalanarekiko jakin-mina agertzen, Frantzia, Italia, Ingalaterra eta Europa osoko hizkuntzalariengan eragina izanik. Berdin euskarari doakionez. Baina egun katalanak abantaila handia dauka: berezko toki bat eskuratu du aleman unibertsitateetako Erromanistika Sailetan, beste hizkuntza erromaniko “handien” ondoan. Azken hogei urteotan, Deutscher Katalanistenverband (Aleman katalanisten Elkartea), Frankfurteko Oficina Catalana-Katalanisches Kulturbüro eta Zeitschrift für Katalanistik (Katalanistikako Aldizkaria) sortu genituenetik, 28 eta 33 artean izan dira katalana irakatsi duten unibertsitateak. Munduko beste herrialdeetan baino gehiago. Espainian bertan baino gehiago azpimarratu nahi nuke, non orain, hain zuzen, Kataluniaren gaitzespena nagusi baita, ia-ia gorrotoa esango nuke nik.
“L’única alternativa de supervivència per al català depèn de tenir un estat propi que li doni suport. Només hi veig futur si els catalans fan pressió popular pacífica fins a esdevenir un nou estat de la Unió Europea.” (Katalanak estatu bat du beharrezko euskarria, bizirik iraungo badu. Ikusten dudan etorkizun bakarra, herriak presio baketsua egitean datza, Europa Elkarteko estatu berria bihurtu arte). Estatu bat izatea betebeharreko baldintza da katalana eta euskara gal ez daitezen? Baliteke euskararako baldintza hori nahikoa ez izatea honezkero?
Katalanentzat oinaze etengabea da hizkuntzari eustea eta espainolen zentralismopean katalanaren kontrako joerari aurre egin behar izatea. Katalanak dolor de llengua delakoaz (hizkuntzaren minaz) bizi dira, Larreula katedratikoak izenburu hori daraman 400 orriko bere liburuan argi erakutsi duenez. Berezko estatu bat izatea Europa Elkarteko estatu-federazioaren barruan, horixe da katalanaren etorkizuna bermatu dezakeen bakarra. Berdin euskarari buruz. Estatuak hobeto bermatu dezakeelako euskal gizartearen zati batek bederen beti bere hizkuntza egitea eta bizitzea.
Zein egoeratan ikusten duzu katalana gaur?
Ez zait iruditzen katalanaren beraren bilakaera geldi dagoenik, kontua da ea katalanek Espainiarekiko ezkontza inposatutik banatzea lortzen duten ala ez, behin betikoz dibortzio argi bati ekiteko. Orduan izango da katalana esan gabe doan Kataluniako lehen hizkuntza, bertako biztanle guztien hizkuntza-aniztasun indibidual handiarekin batera, jakina.
“Superior” languages continuously try to keep the other languages hidden. (Hizkuntza “nagusiagoak” beti saiatzen dira besteak izkutuan gordetzen). Hala esan zenuen behin. Erromanistikako estudianteei estatúen barruko arazo soziolinguistikoak, diglosiaren egoera, hizkuntzen zapalkuntza eta gutxiagotzea... behar beste erakusten al zaizkie?
Ingeles esaldi horrek dioena zuzena da, zoritxarrez. Ahal den guztia egiten dugu guk gure estudianteek ez dezatela bakarrik espainolaren eta frantsesaren berri izan, baizik eta beste lurralde erromanikoetako hizkuntzen eta kulturena ere. Gure EuroComRom ikastaroetan, bi hizkuntza ikusi beharrean, hamar ezagutzen dute. Horri esker ohartzen dira hizkuntza “txikiagoak” frantses eta espainoletik hurbil daudela, eta oso erraza izan daitekeela hizkuntza horiek guztiak bereganatzea.
Hitz egin dezagun ahaideko hizkuntzen ikastea errazteko sortua den EuroComRom ikasmetodoaz.
“EuroCom” honek “eurocomprehension” edo “elkar ulertze europarra” esan nahi du. Gure lehen arloa hizkuntza erromanikoena izan zen, “Rom”. Zera erakusten du metodo honek: hizkuntza erromaniko batetik abiatuta, familia bereko beste hizkuntza guztiak % 70an irakurtzen has gaitezkeela segituan, hizkuntzok ikasi beharrik gabe. Intelligent guessing delakoaren bitartez (asmatze argia), hizkuntza batean ditugun ahalmenak familiako beste hizkuntza berri batera eramaten dira. Batez ere irakurmenaz ari gara hemen, eta ahozko ulermenaz. Urratsez urratseko prozedura honetan, transferentzian baliatu behar garen “zazpi galbaheak” zehaztu ditugu.
Tilbert Stegmann Frankfurteko Unibertsitatean Erromanistika Saileko katedraduna da.
EuroCom metodoaren ikuspegitik beraz, Babeleko zigorra baino, zoriona da hizkuntzen aniztasuna.
Bai, hizkuntza aniztasuna aberastasuna da esan bezala. Bibliako istorioa gaizki interpretatu ohi da, nire ustez. Izan ere, gatazka eta gizakien arteko ezadostasunak hizkuntza bakar baten barruan ere gerta daitezke-eta. Espainolek katalanak gorrotatzen dituzte, nahiz eta katalanek gazteleraz ere badakiten.
EuroCom eslaviar eta germaniar hizkuntza familietara ere hedatu da honezkero. Ez dirudi ordea, euskarak tokirik izan dezakeenik hor, europar hizkuntza izanda ere, hizkuntza isolatua denez, seniderik gabea, alegia.
Bai, noski, tokia izan dezake. Nola? Euskara barruko elkar ulertzea bideratuz, hau da, euskaldun guztiei beste euskalkiak ikasteko baliabide azkarrak eskainiz. Batua nahiz euskalkiak, euskaldun guztien euskara-maila orokorraren osagai izan behar dira. Eskoletan nahiz unibertsitateetan, halako “EuskoCom” bat irakatsi beharko litzateke, beste euskalkiekiko begirunea pizteko.
Euskalki bat erabiltzen duten euskaldunek batuari beldurra galtzea litzateke helburu nagusia, edota batuaz baino ez dakitenek, beste euskalkiak ere ikastearen beldur ez izatea.
Hori da. Esan gabe doa euskaldun guztiek dutela batuaren beharra. Baina euskaldun bakoitzak bere euskalkia aintzat hartzen dela eta bizirik jarraitzeko eskubidea ere baduela jakin behar du. Batuak eta beste euskaldunen sorterriko euskalkiek duten eskubide bera, hots. Hau eskoletan irakatsiko balitz —aste gutxi behar dira, EuroCom ikasbidea oso azkarra baita— batuaren eta beste euskalkien elkarbizitza baketsua bultzatuko genuke, bai eta euskaldun guztien hizkuntzan oinarritutako kontzientzia eta autoestima sendotu ere.
Duela zenbait urte, Frankfurteko Unibertsitatean, Jost Gippert hizkuntzalari eta kaukasologoarekin eta Hans-Jürgen Puhle politologoarekin batera, euskara irakurletza bat sustatu zenuen. Bete al dira orduko helburuak eta nahiak?
Pozik gaude batetik gure unibertsitatean Euskal Liburutegia sortu dugulako, Biblioteca Catalana eredu hartuta (36000 dauzkagu bertan), baita euskal irakurle bat dugulako ere. Pozgarria zaigu bestalde, ikasleak euskara ikasteko biltzeko gai izatea, bereziki Hizkuntzalaritza Orokorrekoak.
Bestetik, polita litzateke euskal erakundeek liburu gehiago bidaliko balizkigute, literatura, hizkuntza eta kultura arloetan argitaratu berri den liburu bakoitzetik esaterako. Proposamen hau bideragarria dela iruditzen zait. Ondo legoke baita ere, urtero mintegiko estudianteekin bidaia bat antolatzea Frankfurtetik Euskal Herrira. Ikasle hauek harreman pertsonal bat izan dezaten euskal munduarekin, bai eta euskal estudianteekin elkartruke iraunkor bat gauzatzeko ere.Tilbert Stegmann (Barcelona, 1941) Frankfurteko Unibertsitatean Erromanistika Saileko katedraduna, katalanista ospetsua eta bertako euskara irakurletzaren sortzailetako bat dugu. Aleman katalanisten Elkartearen (Deutscher Katalanis tenverband), Katalan Kultur Bulegoaren (Katalanisches Kulturbüro) eta Katalanistikako Aldizkariaren (Zeitschrift für Katalanistik) sortzailea. Creu de Sant Jordi jaso zuen 1985ean, Ramon Llull Saria 2007an eta Pompeu Fabra Saria 2008an katalana atzerrian ezagutzera emateagatik, besteak beste. Ehunka artikuluren egilea katalan hizkuntzaren inguruan. Bere “Catalunya vista per un alemany” (Editorial La Campana, 1988) izeneko liburuak 13 argitalaldi izan ditu.