Xabier Mendiguren Bereziartu: "Euskal Herrian pauso asko eman behar dira, euskaraz edozein alorretan eragozpen gabe hitz egiteko"

1999-02-19

AGIRRE, María

Elkarrizketa Xabier Mendiguren Bereziartu, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusia. "Euskal Herrian pauso asko eman behar dira, euskaraz edozein alorretan eragozpen gabe hitz egiteko" * Maria Agirre Gipuzkoarra, Ezkio Itsasokoa; baina Araba, Bizkaia eta Nafarroan bizi izan da. Orain, berriz, Donostia du bizitoki Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiak. "Kontseilua" izenez ezaguna den erakundea, 1998ko abenduaren hasieran eratu zen. Beren baitan, Euskal Herri osoko 57 elkarte, enpresa eta erakunde daude, eta guztien helburua, euskara bultzatzea eta euskarak etorkizunean iraungo duela ziurtatzea da. Zertarako eratu da Kontseilua. Zein helbururekin? Kontseilua diagnostiko batetik abiatu da. Horren arabera, azken 20 urteetan eta euskarari dagokionez, aurrerapauso handiak eman dira batez ere Euskal Autonomi Erkidegoan bai kulturan, hezkuntzan, komunikabideetan... Baina era berean, uste dugu, alor batzuetan euskara gutxi garatu dela, adibidez, lan munduan edo justizian. Nafarroan, berriz, esparru batean euskara oraindik ez da ofiziala. Iparraldean ere gauza bera, ez dago ofizialtasunik, eta gainera, euskara galtzen ari da. Beraz, Iparraldean lehenbailehen ez bada zerbait egiten, euskara galtzeko arriskua dago. Kontseiluak segurtatu nahi du, etorkizunean euskarak iraungo duela baina inguruko beste hizkuntzen parean, egoera normalizatuan. Hori guztia lortzeko bi tresna ditu Kontseiluak. Batetik, enpresa espezializatuekin prestatzen ari garen euskararen neurgailua, eta horrek, euskarak urtez urte zenbat aurreratu duen adieraziko digu. Bestetik, plan estrategikoa dago, gizarte eragileekin lan egiteko tresna. Horren xedea, 200 edo 300 gizarte eragilerekin plan zabal bat egitea da. Planean parte hartuko duten enpresa, elkarte eta erakundeen ordezkariek, euskara normaltzeko zein prozesu jarraitu erabakiko dute. Hori, Eusko Jaurlaritzaren euskara biziberritzeko planarekin batera egingo dugu, eta horretarako, Jaurlaritzarekin harremanetangaude eta baita ere, Nafarroako Gobernuak dituen organoekin, eta Iparraldeko gizarte eragileekin. Prozesu hau dagoeneko hasita dago, hogeitabi gizarte eragilek abenduaren 23an egin zuten sinaketarekin. Aurrera begira ere, beste talde batzuek horrelako prozesu batean sartzeko konpromisoa azalduko dute. Orain arte Kontseiluak antolatutako ekintza aipagarriena benduaren 26koa izan zen. XX. mendearen bukaeran, XXI.eko akordioa: Bai Euskarari kanpaina burutu zenuten Euskal Herriko bost estadiotan, eta bost estadioak jendez lepo bete ziren. Duda barik, arrakastatsua oso. Egia esan, ez genuen uste hainbesterainokoa izango zenik, baina bazeuden arrakastatsua izan zitekeela pentsatzeko faktoreak. Hain zuzen ere, herrietan berrehunetik gora batzorde genituen eta hori berme handia da bai mezua zabaltzeko eta baita jaia antolatzeko ere. Bestalde, alderdi eta sindikatuekin ere hitz eginda geunden eta euren aldekotasuna adierazi ziguten. Horretaz gain, su etena aipatu behar da. Kanpaina hasita genuen su etena etorri zenean, eta berehala konturatu ginen su etenak giroa aldatu zuela. Inoiz elkarrekin lan egin gabeko lagunak eta taldeak jarrera aldatu eta lan egiten hasi ziren, eta horrek sekulako indarra ekarri zuen. Aldeko gauza asko izan ditugu. Hala ere, izan da Bai Euskarari kanpaina begionez ikusi ez duenik. Horien arabera, kanpainak euskararen aldeko jarrera azaldu baino gehiago, inposatzeko jarrera azaldu du. Hori esan duenak ez du kanpaina ulertu, edo borondate txarra du. Kanpaina honek zerbait garbi badu, hori akordio hitza izan da. Akordioa, eta euskara ez dela gatazka bide. Kontseiluaren iritziz, euskara normaltzea gizarte osoaren egitekoa da, eta hori borondatezko zerbait da. Borondatez egingo bada, eta hizkuntza hiritar guztien hondarea izanik, eta gainera esan badugu, euskara, gaztelera eta frantsesarekin batera bizitzeko gai dela eta hori dela etorkizunean Euskal Herrian nahi duena, orduan, garbi dago helburua ez dela inposatzea. Garbi eduki behar dugu, euskara ezarrikodela euskaldunek eta euskal herritarrek horrela nahi badute. Hizkuntza ezin da ezarri dekretuz. Erakarri egin behar da, liluratu. Hemen bizi den jendearentzat erakarmen bat izan behar du euskarak, ikus dezaten, hizkuntza bat jakitea interesgarria dela zeren bestela mundu bat galtzen da. Batzuek diote hizkuntza ezartzen ari garela, baina nire iritziz, eskubide batzuk eta dagoeneko beste batzuek baduten zerbait eskatzen ari gara. Orain dela 20 urte egin zen bezala, euskarak noizbehinka bultzada batzuk behar ditu. Hizkuntza normaldua izango balitz, ez luke horrelako kanpainarik beharko. Azken urte hauetan, berriz, euskararen aurkako erasoak antzematen ziren, eta baita ere neke giro bat. Horregatik, noizean behin beharrezkoak dira astinaldi batzuk. Benetan uste duzu euskara desager daitekeela? Begira zer ari den gertatzen Iparraldean. Iparraldean argi eta garbi ikusten da, euskara galtzeko arriskuan dagoela epe laburrean erreakzio handi bat ez badago behintzat. Nafarroan ez dut esango ezer egiten ez denik, pauso batzuk eman dira. Hala ere, Nafarroan une honetan, administrazioak eskaintzen diona baino gehiago eskatzen du gizarte, beraz, Vascuencearen Legea aldatu egin beharko litzateke. Euskal Autonomi Erkidegoan ere, euskararen egoera ez da hain baikorra. Alor batzuetan euskarak aurrera egin du, baina beste alor batzuetan gutxi aurreratu da, adibidez, lan munduan. Beraz, normaltzeko, hau da, euskaraz edozein alorretan eragozpen gabe hitz egiteko, goizetik gauera eta astelehenetik igandera, Euskal Herrian pauso asko eman behar dira. Nafarroa aipatu duzu. Zer ari da gertatzen bertan? Gauza tristeak. Ikusten denez, Nafarroan ez dago euskara bultzatzeko borondaterik. Garbi dago sektore batek praktikan zailtasunak jartzen dizkiola euskarari. Horregatik, ondo etorri zen Sadar betetzea, zeren bertako jende askok ez zuen sinisten hainbesterainokoa zenik euskararen aldeko jarrera Nafarroan. Horretaz gain, urtez urte, ikusten da estatistikek arrazoia ematen diotela euskarari.Gero eta gazte gehiago da euskararen aldekoa, B eta D ereduetan gero eta gehiago matrikulatzen dira. Orduan, batzueri datu horiek beldurra ematen diete eta ahaleginak egingo dituzte hori horrela izan ez dadin. Gainera, euskara politikarekin lotzen dute, esanez, hizkuntza ideologia bati lotuta dagoela. Beti aitzakiaren bat aurkitzen dute alde ez egoteko. Hala ere, uste dut, euskarari dagokionez une honetan Nafarroan gehiengo bat euskararen alde dagoela. Euskara galtzeak zein ondorio ekarriko lituzke? UNESCOk dioen bezala, hizkuntzak ez dira herri baten hondare, mundu osoarena baizik. Landare espezie bat galtzen denean, ez da desagertzen Amazonian bizi direnentzat bakarrik, gizadi guztiak galtzen du. Hizkuntzek aberastasun handia dute, eta hizkuntza bat galtzean gizadia ere pobreagotu egiten da. Horregatik, azken urteotan UNESCO lan handia egiten ari da arriskuan dauden hizkuntzak bultzatzen, eta ahaleginak egiten hizkuntza horiek bizirik iraun dezaten. Argi eta garbi dago, Euskal Herriko gehiengo baten hizkuntza euskara dela, eta horiek euskaraz bizi nahi dutela. Beraz, bitartekoak jarri beharko lirateke eta egon daitezkeen oztopoak gainditu. Hala ere, esan beharra dago, dena ez dela laguntza. Esan nahi dut, hiztunek ere horretaz jabetu behar dutela, zeren euskaldunok prest egoten gara euskararen aldeko ekitaldietara joateko, baina gero eguneroko bizitzan askotan ahul jokatzen dugu, eta errazegi pasatzen gara beste hizkuntza batzuetara. Dena ez da erraztasunak ipintzea eta plangintzak egitea. Horretaz gain, komunikabideetan agertzen diren profesional edo kirolariek, ahalegin berezia egin beharko lukete hizkuntza zaintzen, euren irudiaz arduratzen diren bezala. Penagarria da batzuen hizkuntz kalitatea. Hala ere, euskararik hoberena egiten dena da, eta txarrena, egiten ez dena. Kalitatearen kontua hor dago, baina jendeari esan behar zaio konplejuak alde batera utzi eta euskaraz egin behar duela, zeren bestela ez dago zer eginik. Une honetan, akordio sozialaren aldekolanorduaren kanpainan murgilduta dago Kontseilua. Kanpaina hori, sindikatuekin eta enpresariekin aurrera eramaten ari gara eta helburua da, plangintza estrategikoa finantziatu ahal izateko dirua biltzea. Oraindik ez dugu zehaztu zenbat kostako den plangintza, baina milioi mordoxka bat beharko da. Gure helburua ez da Eusko Jaurlaritzak edo Nafarroako Gobernuak euskararen normalizaziorako dituzten dirulaguntzen ordez guk dirua biltzea. Asmoa da, gizarte ekimenetik bultzada bat ematea prozesuari, eta bultzada jasotzen den diruaren araberakoa izango da. Kanpaina ere guztiz borondatezkoa da, langileak orri bat sinatzen du eta lanorduari dagokion diru kopurua kontu batean sartzen da. Dagoeneko langile batzuk eman dute dirua baina erreferentziarik ez dugunez, zaila da esatea zenbat diru batuko dugun. Hori bai, ekarpena garrantzitsua izango dela espero dugu. Aipatzen zenuen lan munduan bultzatu behar dela euskara. Nola? Lan munduari dagokionez aipatu behar da, kooperatibetan une honetan badirela hogeitamarren bat plangintza. Lan munduan ere gauzak egiten ari dira, beraz, aurretik pausoak eman dituztenek pauso berriak eman beharko dituzte, baina aurrez ezer egin ez dutenek hasi beharko dute, beharbada, rotulazioa aldatzetik. Neurri asko izango da, eta lehenengo aztertu beharko da enpresa hori zein moetatakoa den, zer egiten duen, norentzat egiten duen lan... analisia egin beharko da hizkuntzaren erabilera non dagoen ikusteko. Neurri mordo bat sortuko da eta enpresa bakoitzak esan beharko du zenbaterainoko konpromisoa hartzen duen, eta zenbateko denboran emango dituen pauso horiek. Abian jarriko duzuen plan estrategikoak non izango du abiadura handiagoa, Iparraldean ala Hegoaldean? Leku bakoitzeko egoera desberdina denez, bakoitzak bere plangintza izango du. Era berean, komeni da lurraldetasuna ez ahaztea. Euskal Herria geografikoki eremu txikia da, eta zatikatuak gaude. Beraz, batasuna beharrezkoa da euskarak indarra hartzeko. Hegoaldekook kontuan izan behar dugu Iparraldekoakhor daudela. Iparraldekoek, ostera, jakin behar dute, indarra batez ere hegoaldean dagoela eta horrek markatuko duela etorkizuna. Denok salbatzen gara edo ez gara salbatzen. Gero eta garbiago izan behar dugu euskara bat dela, eta euskararen etorkizuna guztion esku dagoela. Euskal kulturaz ari bagara Euskal Herri guztiak parte hartu behar du. Errealitatea bakarra da, hau da, euskaldunok bakarrak gara nahiz eta hiru edo bost administrazio desberdinetan egon. Nire iritziz, euskaldunak herri bat gara, nazio bat, hizkuntza bat dugu, eta hizkuntza hori guztion artean bultzatu behar dugu. Horretaz gain, gogoratu nahi nuke, euskararen mundurako ez dela garrantzitsua euskalduna bakarrik, euskaltzalea den erdalduna ere garrantzitsua da. Beraz, hizkuntzari dagokionez ez dago euskalduna eta erdalduna kontrajartzerik. Orduan, posible da Euskal Herri bat non urte batzuk barru, euskara frantsesesa eta gaztelera hainakoa izango den? Eta hiru hizkuntza horiek elkarrekin bizi daitezke batak besteari oztoporik jarri barik? Ondo planifikatuz gero eta bakoitzak bere bitartekoak baditu, bai. Gainera, beste leku batzuetan ere hiru hizkuntza elkarrekin bizi dira. Hor dugu Txekiarren kasua, Islandiarrena edo Israeldarrena, besteak beste. Ezin daitekeena egin da, hiru hizkuntza zeharo proportzio desberdinetakoak egon eta aukera berdintasunaren izenean besterik gabe horrela utzi. Kasu horretan diskriminazio positiboa beharrezkoa da, eta laguntza bereziak eman behar dira. Ideala litzateke, nahiz eta bakoitzak bere hizkuntza nagusia eduki, bigarren edo hirugarren hizkuntza bat ere jakitea, behintzat erdibidera irteteko. Erdaldunei ez diegu behartu nahi euskaraz hitz egitera, baina euskaldunekin berba egiteko ahalegin bat egin behar dute, euskaldunok eurekin egunero ahalegina egiten dugun moduan. Bakoitzak nahi duen hizkuntzarekin jarrai dezala, baina nahikoa euskara jakinez, edozein unetan edo taldetan euren presentzia eragozpen bat izan ez dadin. Ni euskalduna naiz, baina horrek ez dit eragoztengazteleraz egitea edo frantsesez irakurtzea. Hizkuntz komunitate bakoitzak bere funtzionamendua ahalik eta normalen egitea segurtatu behar da, eta ondoren, banakoek erabakiko dute zein erabili. Atzerriko herrialdeekin harremanetan jartzeko asmorik badu Kontseiluak? Gaur egun, ezinbestekoa da nazioarte mailan harremanak edukitzea, informazioa banatu eta antzeko egoeran daudenekin harremanetan jarri... Une honetan harremanetan gaude UNESCOrekin, zeintzuek nazioarteko proiektu bat baino gehiago duten eskuartean, eta proposatu digute horietako batean parte hartzea. Nazioarteak pisu handia du, eta horregatik, Kontseiluak hainbat gauza lau hizkuntzatan argitaratu ditu. Bestalde, komunikabideek zabaltzen duten informazioa zaindu eta kontrolatzea ere garrantzitsua da, zeren askotan atzerritarrek gutaz duten iritzia ez da errealitatearei dagokiona. Gainera, euskaldunok gaztelerazko eta frantsesezko egunkariak irakurtzen ditugu baina alderantziz ez da gertatzen. Gu horiendako ezezagun batzuk gara, ez gara existitzen. Alde horretatik, gure presentzia ziurtatzeko lan egin behar dugu. Zer esango zenieke kanpoan bizi diren euskaldunei? Esango nieke, kanpoan bizi izateak ez duela esan nahi hizkuntz komunitatetik at egon behar dutenik. Hizkuntz komunitate batekiko atxikimendua, gaur egun, neurri handi batean aukera pertsonala da. Ameriketan bizi izan arren, lagun batek euskal gaiekin lotura izan dezake. Diaspora deitzen den hori euskaldunoi oso interesgarri zaigu, zeren horiek dira gure enbaxadoreak. Egun bitartekoak daude Ameriketan ere euskaldun izateko eta euskalduntasuna garatzeko. Horregatik, guk ere ahalegina egin behar dugu pertsona horiei erreztasunak ipintzen. Nire iritziz, munduan zehar altxor izugarria dugu. Argazkiak: Maria Agirre
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Leire Ortueta: "Publikoaren aurrean dantzatzea guztiz pozgarria da niretzat"

 

Irakurri

Juan Garmendia Larrañaga: "Nire ustez, Olentzero enborra Olentzero pertsonaia baino zaharragoa da"

 

Irakurri

Bernardo Atxaga: "Idazleon lanbidea basati eta arriskutsua da."

 

Irakurri

André Luberriaga: "Euskal departamentuaren alde borroka egin dut lehen orenetik aintzinat"

 

Irakurri

Juan José Agirre: "Ustegabeko altxorrak bildu ditut"

 

Irakurri