Urteko galdera

Arantzazu Loidi Garitano / PRH Psikopedagogia Eskolako hezitzailea

2017/06/28

Arantzazu Loidi Garitano / PRH Psikopedagogia Eskolako hezitzailea

Gogoetarako aukera ematen duen galdera. Personalidad y Relaciones Humanas-PRH helduen formazio eskolan, pertsonari buruzko ikuspegi baikor eta ebolutibo bat daukagu. Hazten dagoen izaki gisa deskribatzen dugu pertsona eta pertsonaren izatean eta pertsonak berez dakartzan gaitasun eta potentzialitateetan sinesten dugu; eta izate hori bizi guztian zehar bilakaeran eta garapenean dagoela, pertsona gizatearen bilakaeraren edozein garaitan bizi dela ere. Pertsona izatea zer den esaldi batean laburbiltzeko, beraz, nork bere izatea garatu eta horren arabera bizi izatea dela esango nuke; izate horrek bere baitan biltzen dituen lau dimentsioak jokoan jartzea. Alde batetik, norbere identitatea, nortasuna, gure gaitasun, indar, balore eta aspirazioak ezagutu eta bizitzea. Bestalde, gaitasun horiek bizitzan eginkizun jakin baterako gaitzen gaituzte: lanbide edo bokazio baterako, baina baita konpromiso sozial baterako, edo bikote edo familia bokazio baterako ere. Hirugarrenik, eginkizun edo jarduera horretan emankor izaten laguntzen diguten lotura batzuk ere baditugu, misio edo gizarte-ekintzako arlo berean konpromisoa partekatzen duten pertsonekiko barne-atxikimenduak. Eta azkenik, pertsonak berez, bera baino harago dagoen eta handiagoa den dimentsio baterako irekitasun ere badu bere baitan, transzendentzia baterako irekitasuna. Hau guztia, jakina, bilatu eta landu beharreko zerbait izango da, bizitza osorako eginkizuna eta pertsona izatera eraman eta emankor egingo gaituena. Pertsona izatea bilakaera da, hazten eta garatzen jarraitzea, etengabeko ibilia. Baina pertsona, ezer bada, harremana da. Harremanerako sortua eta harremanean egiten eta aberasten den izakia da. Harremanetan eta binkuluetan ernaltzen eta egituratzen da pertsonaren nortasuna. Harremanak egiten gaitu, eta baita "desegiten" edo kaltetzen ere... harremanean gertatzen diren beharrek, begiradak, edo maila eta sakontasun ezberdineko lotura edo binkuluek egiten gaituzte. Gure garaiko krisi guztiak, zibilizazioaren maila guztietan, binkulu-krisiak direla esan daiteke, gaur egun autore eta pentsalari askok azpimarratzen duten moduan. Krisian daude geure buruarekiko binkulu edo lotura, garena entzuten uzten diguna; baina sekula baino behar eta egarri handiagoa dago horretan. Nork bere aspiraziorik sakonenak sakon bizitzeko gose-egarri itzela dago, eta jendea bila ari da. Edo besteekiko binkulua, hainbat bidetatik asetzen saiatzen garen elkartasuna, konpasioa, anaitasuna edo partekatzeko premia asetzeko ehuntzen diren loturak, aurrez aurreko zein birtualak. Edo naturarekiko lotura, munduko kide sentiarazten gaituena, edo hausten denean sekula izan denik eta krisi eta desorekarik handiena izateko arriskuan jartzen gaituena. Pertsonak, beraz, osasun fisiko, psikologiko, espiritual... onean biziko bada, binkulu hirukoitza behar du: bere barnetasunarekin, gizateriarekin eta unibertsoarekin ondo loturik eta erroturik egotea. Eta esango nuke hortik etorriko dela, gaurko garaiotan ere, pertsona bakoitzak bere garaiera osoa, bere berezitasuna eta sormena atera ditzan benetako modua.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

2017-ko BESTE ERANTZUNAK