Javier Zuriarrain. Bide Azpiegituretarako diputatua: Mugikortasuna, joan-etorrietarako erraztasuna eta komunikazioa funtsezko faktoreak dira bizi-kalitatea neurtzeko

2004-11-12

SALA, Teresa

GARMENDIA IARTZA, Koro

Javier Zuriarrainen ustez, bide-azpiegituren politika bide onetik eramateko, oinarrizkoa da komunikazio-ardatz nagusiak ez ezik herrixkak lotzen dituzten bigarren mailako eta udal mailako errepideak ere gogoan izatea. Datozen urteotan Gipuzkoako bide-sarean ikusiko ditugun aldaketek oihartzun ekonomiko nabaria izango dute diputatu donostiarraren iritzian, euskal enpresa askoren lehiakortasunak hobera egingo baitu. Foru Aldundia, ingurumen eta segurtasun arloetako legeria zorrozki betetzen dela ikuskatzeaz arduratzen da, eta baita eraikuntzarako epeak eta esleipen-aurrekontuak aurreikuspenetara egokitzen direla ziurtatzeaz ere.

Datozen urteotan aldaketa eta hobekuntza azpimarragarriak ikusiko ditugu Gipuzkoako errepideetan: AP-1 (Eibar-Vitoria/Gasteiz) autopista, Irungo Bentetatik Zarautz eta Eibarrera bitarteko A-8 autopistan hirugarren erreia, Beasain-Durango ardatza, Urumeako autobidea, Donostialdeko bigarren ingurabidea... Zein egoeratan dago egitasmo hauetako bakoitza? Aurreikusitako epeetan amaituko al dira lanak?

Argi dago sekulako inbertsioak egiten ari garela Gipuzkoan goi mailako errepide-sarea osatzeko, eta aipatu dituzun egitasmo guztiei oso arreta berezia eskaintzen ari garela. Azter ditzagun banan-banan. AP-1 errepideari dagokionez (Eibar-Vitoria/Gasteiz), Eibar–Bergara iparraldea eta Bergara iparraldea–Bergara hegoaldea tarteak zabalik daude dagoeneko, eta Arrasateraino helduko den zatia 2005eko udan irekiko da. Arrasate–Eskoriatza eta Eskoriatza–Arlaban tarteak, berriz, 2007aren bukaeran egongo dira prest.

A-8 autopistan hirugarren erreia eransteko lanak, pentsatu bezala ari dira aurreratzen. Intxaurrondo–Pasaia tartea laster egongo da bere osotasunean prest; oraingoz tarte bat bakarrik egin da. Oiartzun eta Irungo Benten arteko zatia, berriz, 2005. urtearen amaieran bukatuko dugu. Gero, Orio–Aritzeta arteko zatia egiten hasiko gara, eta, aurrerago, Zarautzera bitartekoa.

Urumeako autobideari dagokionez, uneotan Hernani–Martutene tartea ari gara egiten. Donostiarekin lotuko duen zatia, iparraldekoa alegia, 2005ean hasiko gara eraikitzen. Gero, Urnieta eta Andoaingo saihesbideak egingo ditugu, eta N-1 “berriaren” bidez A-15arekin lotuko duen zatia.

Oso garrantzitsuak dira, baita, Donostialdearen bigarren ingurabidea egiteko lanak, honi esker nabarmen arinduko delako Donostian sartzeko trafikoa. Lan hauei 2005eko lehen seihilabetekoan ekingo diegu. Ahalegin handiak egiten ari gara lan hauek guztiak burutzeko finkatu genituen epeak txukun betetzeko, eta neurri batzuk hartu ditugu horretarako. Adibidez, zigor gogorrak aurreikusi ditugu inolako arrazoibiderik gabe atzeratzen ari diren enpresa eraikitzaileentzat.

Oker ez banago, bigarren mailako errepideetan ere jardungo duzue, segurtasuna bermatzearren bide hauek egoera onean mantentzeko. Zein izan da errepide hauetan hobekuntzak egitearen erabakia hartzeko zio nagusia?

Hurrengo urteetan, gure Saila buru-belarri zuzenduko zaio Gipuzkoako errepide-sarearen egoera zaindu eta hauen segurtasuna sustatzeari. Aurten, lehengo 7.000 milioi pezeta baino gehiago inbertitu ditugu arlo honetan, eta horretarako jo dugu bai Sailaren aurrekontu arruntera, bai Inbertsioetarako Ezohiko Planera. Hurrengo urteetan bide berberetik jo nahiko genuke. Epe laburrean ikusi ahal izango ditugu emaitzak. Onerako, ziur.

Zenbaterainoko aldaketa ekarriko dute ekintza hauek guztiek gipuzkoarren bizitzaren kalitatean?

Honez gero denok ondotxo dakigu mugikortasuna, joan-etorrietarako erraztasuna eta komunikazioa funtsezko faktoreak direla bizi-kalitatea neurtzeko. Eta aipatu dizkizudan hobekuntzek oso eragin baikorra izango dute eremu honetan.

Eta nola eragingo diote lurraldearen garapen ekonomikoari?

Eragin ekonomikoa handia izango da oso. Alde batetik, datozen zortzi urteetarako 2.000 milioi euro inguruko inbertsio-programa ekarriko digulako, eta, bestetik, gure komunikazio-sareak hobetzean, bertako enpresa askoren lehiakortasuna ere nabarmen hantiduko delako.

Zein irizpide jarraitu behar dira herri-lanak kudeatzeko orduan, eta zein alderdi lehenetsi beharko lirateke esleipenak egiterakoan?

Ez daukat inolako zalantzarik: nahitaezkoa da ingurumen eta segurtasun arloko legeriak zorrozki betetzea, eta lanak burutzeko finkatutako epeetara eta esleipen aurrekontuetara egokitzea. Guri dagokigu alderdi horiek guztiak behar bezala betetzen direla ziurtatzea, eta, behar izanez gero, eskura dauzkagun zuzenketa-mekanismoak aplikatzea.

Nola jarduten duzue obrek lurralde bat baino gehiago hartzen dituzten kasuetan?

Askotan gertatzen da hori. Eta esan beharra daukat beti lankidetzarako giro paregabea izan dugula erakundeen artean: Nafarroako Gobernuarekin, Endarlatzako errepidea berritzeko lanetan; Arabako Foru Aldundiarekin, AP-1 eraikitzeko lanetan; eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin Beasain–Durango ardatza eraikitzean. Egitasmo hauetako bakoitzak bere berezitasunak izaten dituenez, kasuz kasu aukeratzen ditugu elementuak.

Zein da zure jarrera Pirinioetan barna pasabide gehiago irekitzeari dagokionez?

Kontu hori bere osotasunean aztertu beharra dago. Bide Azpiegituren arduradun naizen aldetik, alde nagoela esan beharko nuke, Iberiar Penintsularako bi sarbide bakarrik egoteak (La Jonquera eta Irun) arazo handiak sortzen dizkigulako nazioarteko trafikoan. Beraz, “neurekoikeriaz” jokatuz, baietz erantzungo nizuke, beharrezkoa dela pasabide gehiago irekitzea. Baina ez dugu ahaztu behar nolako eragin ekonomikoa izango lukeen erabaki horrek garraioari lotuta dauden jardueretan. Hor dugu, esaterako, aduanak kendu zirenez geroztik Irunen gertatu dena.

Zertan datza zehazki Foru Aldundiak bide-azpiegituren eremuan daukan ahalmen exekutiboa?

Gure ardura nagusia da Gipuzkoako errepide-sarea osatzen duten 1.200 kilometroetan behar diren konponketa-lan eta tarte berriak egitea.

Nola jokatu behar da trafiko-istripu bat gertatutakoan?

Kasu horietan jardun behar dutenak Ertzaintza eta larrialdietarako zerbitzuak dira. Azken hauek izan daitezke osasun-laguntza ematen dutenak, edo laguntza teknikoa ematen dutenak. Gure egitekoa, dena den, azpiegituretan sortutako kalteak konpontzera mugatzen da: uhinbiko konkatuak eta seinaleak berrezartzea, galtzadan gelditu diren arrastoak garbitzea, etab. Hori guztia egiten dugu istripuko protagonistak (automobilak eta pertsonak) eraman direnean.

Duela gutxi egin zizuten elkarrizketa batean adierazi zenuen gure errepideetan jazotzen diren trafiko-istripuak eta auto-ilarak gaizki gidatzeagatik sortzen direla batik bat. Hain gaizki gidatzen al dugu gipuzkoarrok?

Begi-bistako lotura dago istripuen eta auto-ilaren artean. Eta istripuen %90 gaizki gidatzeagatik sortzen dira. Esan beharrik ez dago gaur egun errepidera ateratzea “abentura” bat dela, gehiegizkoa izaten baita trafikoaren dentsitatea. Autopista eta autobideak, garai batean, “bide lasterrak” izaten ziren, baina, orain, soil-soilik bermatzen dizute ez zaizula parean inor etorriko. Burua lepo gainean daramagula gidatu behar dugu, kontzentratuta, eta ez aldamenean egunkaria daramagula, esku batean sakeleko telefonoa edo zigarroa, eta musika behar baino dezibelio gehiagotan. Horrela gidatzeari deitzen diot nik gaizki gidatzea. Eta nahi baino askoz ere jende gehiagok gidatzen du horrela. Ez turismoetan bakarrik; kamioilari batzuek ez dute beren zama behar bezala aseguratzen, edo kamioia egoera onean zaintzen, eta horrela gertatzen dira gertatzen direnak: guraizearena egin dutela, edo sua hartu dutela, eta auto-ilarak sortzen dituzte. Horrelako egoerak ere oso maiz ikusten ditugu gure errepideetan. Garrantzitsua da gauza hauek behin eta berriro errepikatzea. Ea denon artean kontzientziazioa handitzen dugun.

Estatu espainiarreko gainerako autonomia erkidegoekin alderatuz, nolakoa da Euskadiko bideen azpiegituren egoera?

Ni ez naiz alderaketak egitearen oso aldekoa. Objektiboki ikusita, esango nuke euskal errepideak egoera onean daudela. Administrazio eskudunek sekulako ahaleginak egiten dituzte inbertsioetan.

Zein da, zure iritzian, gure errepideen kualitaterik onena? Eta akatsik handiena?

Gipuzkoako bidesareak duen kualitaterik onena, nire ustez, oreka da. Izan ere, komunikazio ardatz nagusiak ez ezik, herrixka txikiak lotzen dituzten bigarren mailako eta udal mailako errepideen guztiak hartzen ditu kontuan. Akatsik handiena, berriz, ez nuke esango gure errepideekin lotuta dagoenik, baizik eta hemen daukagun orografia malkartsuarekin. Hemen, errepide bat egitea, beste leku lauagoetan baino bi edo hiru bider gehiago kostatzen zaigu, horrenbeste tunel eta zubi egin behar ditugu-eta...

Zein egoeran egongo dira Gipuzkoako bidesareak hamar urte barru?

Elkarrizketaren hasieran azaldu dizkizudan egitasmoak burututakoan, goi-mailako errepide-sarea izango dugu, eta, nik uste orduan itxiko dugula errepideak egiteko inbertsio handien zikloa.

Ba al da bere bidesareen kalitatea dela-eta eredugarria iruditzen zaizun lurralde, erkidego edo herrialderik? Osotasunean eta erabat eredugarria den eredurik ez daukagu. Guk egin behar duguna da Gipuzkoak dituen beharrei erantzungo dien errepide-sare bat sortu, betiere gure lurraldeak daukan ahalmen finantzieroaren barruan. Javier Zuriarrain (Donostia 1942) - Gipuzkoako Bide Azpiegituretarako diputatua. - Zientzia Fisikoetan lizentziaduna. - Bigarren mailako Hezkuntzako hainbat institututako irakasle izana da. - Beti egon da kirolari lotuta, batez ere eskubaloiari. Bidasoa taldeko zuzendari, Eskubaloiko Euskal Federazioko presidente (1996-2003) eta Euskal Kirol Federazioen Batasuneko presidente izan da (2003). - EAJko kidea , eta 1999-2003 urteen artean Gipuzkoako Buru Batzarreko exekutiboko kidea izan da. - Donostiako Udaleko zinegotzia 83ko legegintzaldian. - Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzako zuzendaria (1984-87), eta Gazteria eta Kiroletako sailburuordea (1987-95).
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Laura Mintegi. Idazlea: Askotan, sufritu egiten da idaztean, norberaren barnea arakatu behar delako eta gauza mingarriak topatzen direlako

 

Irakurri

Oscar Álvarez Gila. Historian doktorea eta Ameriketako Historiako irakasle titularra Euskal Herriko Unibertsitatean: Diasporarena, ezezaguna zaigunaren exotismoa eta ondo ezagutzen dugunak ematen digun ziurtasuna konbinatzeko aukera ematen digun gai gutxietako bat dugu

 

Irakurri

Agustín Azkarate Garai-Olaun. Arkeologian katedraduna Euskal Herriko Unibertsitatean: Vitoria/Gasteizko hirigune historikoaren etsairik handiena gasteiztarra bera da

 

Irakurri

Txomin Badiola. Eskultorea: Pentsatzen dut arteak helburu bat edukiko duela, pertsonen betebehar bat asetzen duen heinean

 

Irakurri

Mikel Navarro Arancegui. Deustuko Unibertsitateko Zientzia-Ekonomikoetan Katedraduna: Zientzia da bultzatu behar duguna: unibertsitateak berritu, abangoardiako taldeak sortu, zentro teknologikoen egitura aberastu

 

Irakurri