María Elósegui Itxaso. Zuzenbidearen Filosofian Katedraduna: Eskolak partaidetza eta politikarako baloreak landu beharko lituzke

2016-02-03

AGUIRRE SORONDO, Juan

ZURUTUZA ZAPIRAIN, Juanmari



Azken hezkuntza aldaketan irakaskuntza egitasmoetan filosofia ezabatu egin den heinean nolabaiteko eztabaida sortu da. Zer iritzi duzu gai horren inguruan?

Egia da Filosofia kentzen ari direla DBH edota Batxilergoko ikasketa egitasmoetan. Baina kontua da zera sumatzen ari garela hainbat zalantza etikoak atzeko atetik sartzen ari direla, berez jendearentzat guztiz kezkagarriak diren gaiak alegia. Zuzenbide Fakultatean Zuzenbidearen Filosofia irakasten dudan heinean, gaietako bat Zuzenbidea eta Etika da. Eta nire ikasleak benetan interesatuta daude. Gaur egungo hainbat gai jorratzen ditugu, esaterako, zenbait lanbideen kode deontologikoa, besteak beste, epaileak, abokatuak, politikariak, funtzionarioak, medikuak, ... Eta ikasleek ikusten dute, eta gaur egun edonork sumatzen du, denok gai horietan interesatuta gaudela, politikarien arteko ustelkeria benetan kezkagarria dela, baita gardentasunik gabeko kontratuen esleipena ere, edota paziente edo gaixoen eskubideak.

Horrekin batera sare sozialak ere aipatu nahiko nituzke. Guztioi kezkatzen gaitu sare sozialen erabilera zuzena, pribatutasun eskubidea, intimitatea, ... Horiek guztiak legeztatzea Zuzenbidea bakarrik erabiliz oso zaila izango da, norbanakoaren eduki etikoa behar izango da, nolabaiteko heziketa ere bideratuz, pertsonen irudia errespetatu ahal izateko, euren intimitatea, eta horretan denok trebakuntza behar dugu.

Etika publikoaren bitartez Filosofia berriro heltzen ari gara, guztiona den eremu horien erabilera: gizarte zerbitzuak, etekinen banaketa, justizia distributiboa. Aldi berean nolabaiteko eztabaida sortu da bertakoak eta kanpoak aurre jarriz: etorkinei laguntza eskaintzea, hiritarren eskubide eta betebeharrak, eta etekinen banaketa kanpotik datozen lagunekin. Gai horien guztien inguruan etengabeko eztabaida sortu da eta horrelakoetan zentzuzko irizpide etikoak erabili behar dira.

Giza Eskubideak eta Hiritarrentzako Hezkuntzaren gaineko gidaliburua prestatzeko batzordean esku hartu zenuen. Berau gure hezkuntza sisteman “gainditu beharreko gaia” al da oraindik?

Nire mezua zera litzateke, hezkuntzan bertan balore politikoak lantzea oso garrantzitsua dela, eskoletan Hiritarrentzako Hezkuntza bezalako gaien bitartez —edozein izen duela ere— benetako partaidetza politikoa landuz (hemen alde batetik eta bestetik gai hori manipulatu egin baitzuten). Frantzian edo Alemanian balore demokratikoak jorratzen dituzten gaiak dituzte. Berez, gaur egun bizi duguna gaitzustea litzateke: jendeak ez du botorik ematen, gazte jendeak ez du bozkatzen, ez gure herrialdean bertan, ezta Europa mailan ere. Botoa emateko eskubidea erabili egin behar da. Eta kanpotik etorri diren lagunen kasuan, hiritar berrien kasuan, garrantzizkoa iruditzen zait herritartasuna eskuratu bezain laster —adibidez, gure artean Hegoamerikako lagun asko ditugu—, botoa eman dezatela, euren eskubidea da eta, euren ahotsa ezagutzera eman dezatela partaidetza politikoa bideratzeko baliabide formalak erabiliz. Nik eremu horri garrantzi handia ematen diot, elkarteak sortzeko joerari baino askoz gehiago alegia. Elkarteak sortzea ondo dago baina askotan iruzur hutsa besterik ez dira izaten, legeak sortzarren demokraziaren baliabide formalak erabili behar direlako, eta berez legeak legebiltzarrean bozkatzen dira. Elkarte bateko kidea izan naiteke, sozietatera joan, bazkaldu, futbolean jokatu, ... baina politika ere egin behar dut eta horretarako botoa eman behar dut, alderdi politikoetan sartu, hautagaia bilakatu eta alderdi politikoetan parte hartu, ustelkeria ekiditeko. Eta horrek guztiak heziketa politikoa eskatzen du, hiritartasuna eta gizabidezko etika beharrezkoak dira. Ezinbestekoa da.

Zer ekarpen egin dezake mundu akademikoak eta intelektualak eginkizun politikoak bideratzerakoan?

Azken bi urteotan tolerantziarik eza eta arrazakeriaren aurkako Europako Kontseiluko batzordean aditu lanetan aritu naiz. Guztira 47 lagun gara, ia denak legelariak edota politika zientzietako pertsona independenteak. Ezin dugu inolako alderdi politikoan esku hartu, eta ez gara gure Estatuen ordezkariak. Aholkua eskaintzen dugu. Berez, independenteak gara ez digutelako ezer ordaintzen, norberak bere aparteko lanbidea duelako. Estrasburgora urtean hiru aldiz joaten gara. Eta nik esango nuke nahiago dudala partaidetza mota hau, baina alderdi politikoetan esku hartzen dutenen bestelako partaidetza bidea ere errespetatzen dut. Nire kasuan, independentea izatea nahiago dut, neutraltasun handiagoa eskaintzen du, eta beste aukera ere existitu egin behar da, azken finean norberak egindako aukeraketa baita. Nik garatu dudan funtzioa, beharrezkoa izateaz gain, teknikoagoa izan da. Adibidez, Estatuko gizonezko eta emakumezkoen Berdintasunerako Lege Organikoa lantzeko aukera eman dit edota Kanpo Arazoetarako Ministerioan laguntza eskaini izan dut garapenerako lankidetza bideak zehaztuz. Eremu ezberdinak dira. Gai zehatz batzuk jorratzerakoan hainbat alderdirekin lanean aritu naiz, nire ideiak edo kontzientziaren aurka ez doan heinean alegia ... Horrela neure buruarekin ondo sentitu naiz. “Etika publikoaren bitartez Filosofia berriro heltzen ari gara, guztiona den eremu horien erabilera: gizarte zerbitzuak, etekinen banaketa, justizia distributiboa”.

Mugaldetako krisialdia, arazo ekonomikoak, erakundeen ahulezia, ... Europako proiektuak bizirik iraungo du?

Nik uste dut gaur egun oraindik zentzua badaukala, krisi ekonomikoa bizi dugun arren, eta bai, bizirik iraungo du, balore demokratikoetan oinarritutako Europa baita. Zentzu horretan Europako Batasunak, fundatzaileen ideiarekin bat eginik, demokrazia zuen oinarritzat, eta ez gerra, bakezaletasuna eta hiritartasun europarra ... Schengen-eko ituna zalantzan jarri badute ere ... horrek guztiak lagundu egin du elkartuagoak sentitzeko, baita ikasleen Erasmus proiektuetan ere. Horrek guztiak gure pentsamoldea ireki egin du, elkartasuna eta Europar sena areagotu ditu. Nik uste dut hori positiboa dela guztiontzat, krisialdiaren nekaldi guztiez gain eta hitz jarioak ere alde batera utzita. Bai, etorkizuna baduela esango nuke eta ez dut uste Europar Batasuna puskatuko dugunik. Are gehiago, uste dut Erresuma Batua ere Batasunaren baitan geratuko dela.

Beste puntu bat aipatu nahiko nuke, Europako Kontseiluaren Arrazakeriaren aurkako Batzordean kezkatzen gaituen puntua alegia, hau da, arrazakeria eta xenofobiaren areagotzea. Ez da egun sortu den arazoa, baina egia da gaur egun ezaugarri ezberdinak hartu dituela Europaren etorkizunari begira batez ere eta demokraziaren kasuan ... Hortxe dugu eskuin aldeko alderdi politikoen gorakada, herrialde guztietan muturreko alderdiak izanik, eta askotan oso lotura bitxiak gertatzen dira bestelako alderdi edota pertsonekin, sistemaren aurkako lagunekin edota ezker inguruko lagunekin bat eginik alegia. Gero, hainbat ikuskizunei so eginez gero, gazte jendea pilatzen duen futbola bezala, gazte horiek ez dakite zer den judua izatea, ez dute inoiz hebrear pertsona bat ikusi, eta hala eta guztiz ere euren burua antisemitatzat jotzen dute, estetika, musika bateratuz, ... Hori bai dela kezkatzen nauen fenomenoa, horrek Europako demokrazia deuseztatu baitezake.

Immigrazioa, arazoa edota aukera zaharkituta dagoen XXI. mendeko Europarentzat?

Zalantzarik gabe uste dut aukera berria dela. Ni oso positiboa eta baikorra naiz, baina aldi berean nik uste dut immigrazioa arautu eta antolatu egin behar dela. Ni ez nago mugak deuseztatzearen alde, Zuzenbideko hainbat filosofo lagunek dioten bezala alegia. Ez dut uste toperik gabe etorkinak besterik gabe har ditzakegunik (gaur egun Siria eta Eritreatik datoz, eta gatazkaren bat bizi duten herrialdetatik). Hori ezinezkoa da, bihozberak izan nahi badugu ere, horrek Europa bera deuseztatuko bailuke. Kontua ez da berekoiak izatea edo ez, berez materialki ezinezkoa dela. Hori guztia modu antolatuan eta txukunean gauzatu behar da. Eta gainera jada bertan ditugun etorkinak ere aintzat hartu behar dira. Argi dago herritartasuna eskuratzearren immigrazio, integrazio eta hizkuntza azterketa burutu behar dutela —berez, jada Europar Batasuneko 11 herrialdetan egiten den bezala—. Nik uste dut Konstituzioa eta Zuzenbide Estatua ezagutzeko balore horiek direla eskatu behar ditugunak. Horixe litzateke kultura arteko eredua. Baina ez Frantzian gertatu den parekatze prozesua, ezta EEBB-etako meltingpot esate dioten anabasa, hau da, norbera bere auzoan gera dadila bizitza paraleloak garatuz. Hau da, bateratzen gaituen zera hori topatu behar dugu: nik uste dut ez dela arraza, ezta kultura ere, edota etnia. Tira, kultura hortxe dago, baina Zuzenbide Estatua da eta oinarrizko Giza eskubideak. Argi dago Zuzenbidea bera Europako kulturaren zati bat dela. Eta botoa emateko eskubidea, eta demokrazian hezkuntza bideratzea, horixe de gure eginkizuna, partaidetza politikoan heztea, oinarri etnikoari heldu gabe alegia.

Frantziako Errepublikaren eredua aipatu duzu, baina gaur egun berau bidegurutzean dago, horren ordezko gisa, zer eredu aurkez daiteke?

Nik uste dut Frantzian osatu duten hiritartasun eredua ez dela oso homogeneoa, kultura identitateen gainetik errepublikaren aldeko baloreak sustatuz. Errespetu osoz, ikuspegi antropologikoari helduz, eta filosofo legegilea naizen heinean, nik uste dut eredu horrek akats ugari ditu, Frantzian gaur egun bizi diren arazoek argi erakusten duten bezala. Charles Taylor-en ideia gehiago gustatzen zait, berau kanadarra da eta identitate horiek aipatzen ditu: gizarte identitatea, kultura propioan sustraitutako pertsonaren identitatea.

Ulertzen dudanez, eta egia da, Frantziak beldurra die komunitateetan oinarritzen diren ereduei, ghettoak alegia. Baina halako egoerara ailegatu gabe, argi dago hiritarrak, Estatua bera neutrala bada ere, kulturaz hornituta egon behar dutela, eta ezin da kultura bizitza publikotik at utzi, esparru publikotik kanpo alegia. Eta agian Europa osoan horixe da halako eredu bakarra, Frantziakoa, eta oso gertu daukagu. Batzuetan gogoko jotzen dugu, baina ez du ezer konpontzen. Nik uste dut askoz hobea dela kultura gertaerak begi-bistakoak izatea, kultura ezberdintasunak sumatzea alegia: janzkera, erlijioa, janaria, bizitza publikoa, gizarte zerbitzuak, aniztasun hori aintzat hartzea, neutraltasuna eskatu gabe, ezinezkoa baita pertsona erdibitzea, errepublikaren baloreekin bat egiten badu ere. Nire ustez, Zuzenbide Estatua eta Konstituzioa eta halako baloreak dira elkartzen gaituena, baina nire nortasunari eutsiz, nire sustraiei helduz.

Eta halako kasuan Frantzia ezinezkoa den zerbait lortu nahi dutela esango nuke. Berez, “Charlie Hebdo” aldizkariaren gertakariaren ostean, Presidenteak zera esan zuen: “Errepublikaren balore gehiago eskoletara!”. Orain jada “Éthique civique et politique” ikasten dute eskoletan, eta halako gaia irakatsi egin behar da, horretan ados nago, baina nik uste dut eskoletan bestelako ezaugarriek ere, erlijioa barne, agerian egon behar dutela, hau da, ez daitezela bizitza pribatuan geratu, banlieu esaten dioten horretan. Aljeria, Maroko edota Tunisiako bigarren eta hirugarren belaunaldiko gurasoak dauzkaten ikasleek eskolan bertan euren sustraien inguruan hitz egiteko aukera izan behar dute, eta ez Frantziaren gainean bakarrik, horien erroak nahasiak baitira, nahiz eta errepublikaren baloreak gehitu. “Nik uste dut gaur egun oraindik zentzua badaukala, krisi ekonomikoa bizi dugun arren, eta bai, bizirik iraungo du, balore demokratikoetan oinarritutako Europa baita”.

Ontzat har ditzakegun eredu edota jokabideei dagokionez, zentzu positiboan alegia, nik bost urte eman ditut hemendik kanpo bizitzen, Eskozian, Belgikan, Alemanian eta herrialde horietako egoera zertxobait aztertu dut, esaterako etorkinen baldintzak Belgika eta Alemanian. Kultura arteko aniztasuna bereganatu duten eredu aproposak dira, Alemaniarren nortasuna errespetatzen baitu, baita Konstituzioa eta oinarrizko eskubideak ere. Baina aldi berean, kontrakoa esaten badute ere, Turkiako hiru milioi lagun integratu dituzte, eta hori hala da. Alemanian arazo zehatz batzuk gertatzen dira noizean behin, egunkarietan ageri direnak alegia, baina oro har elkarbizitza ona da.

Belgikan gauza bera gertatzen da, flandestar eta waloien arteko arazoak alde batera utzita, norberaren identitate arazoez gain, integrazioa gertatu da. Edota Italian, duela gutxi bertan izan naiz, duela hiru aste Tolerantzia eza eta Arrazakeriaren aurkako Batzordearen txostena prestatzen alegia. Italiak bost milioi etorkin dauzka. Eta Italiaz ez dugu inoiz hitz egiten, ez dutelako arrazoirik ematen hitz egiteko. Eta bost milioi etorkin horiek —ez orain heltzen ari direnak—, jada integratuta daude. Errealitatea hori da. Beraz, nik uste dut herrialde horietan gauza positibo asko daudela, immigrazioarekin 30 eta 40 bat urte ibili ostean. Eta ez diogu arreta berezia eskaini behar egunkarietan azaltzen denari, berriak sentsazionalistak baitira, aitzitik eguneroko bizitzari garrantzia eman behar diogu. Hainbat eta hainbat ezkontza mistoak daude, bertan jaio diren lagunak ditugu, hizkuntza ezin hobeto hitz egiten dutelarik, botoa ere ematen dute, ... Horixe da lorpen nagusia.

Herritartasunaren kontua Tolerantzia eza eta Arrazakeriaren aurkako Batzordearen gai-zerrendan dago. Nola ikusten duzue?

Esan dudan bezalaxe, Europako Kontseiluko Tolerantzia eza eta Arrazakeriaren aurkako Batzordean esku hartzeak Europako Batasunak bizi duen benetako egoera ezagutzeko aukera eman dit, baita ekialdeko Europan gertatzen dena era. Kontseiluan guztira 47 herrialde gara, besteak beste, Georgia, Armenia, Azerbaijan, Baltikoko Herrialdea, Turkia, Errusia, ... Eta horrela gaur egun gutxiengoek bizi duten egoera zein den ikusteko aukera izan dugu, Europako gutxiengo zaharrak, hau da, “old minorities” esaten dieten horiek. Agian honako gai hau ez da hain ezaguna mugaren alde honetan ez dugulako Bi Mundu Gerretan part hartu, eta horrek bere abantailak izan zituen, baina Europa Erdialdean gai hori bizirik dago batez ere Nazio-estatu berriak sortu direnez geroztik, hizkuntza edota konstituzio berriak bezalako kontuak berriro aztertuz ... Beraz, ez da kanpotik etorritako lagunen zerbait, etorkinena alegia, guk geuk hori guzti aurretik bageneukan.

Bestalde, Europan bertan badira inork ezagutzen ez dituen gutxiengoak, esaterako frisiarrak Holanda, edota euren hizkuntza propioan hezkuntza jasotzen duten daniarrak Alemaniako iparraldean, beraz ez dira kapotik etorritako lagunak. Horrek guztiak identitatearen kontua aztertzera eramaten gaitu, pil-pilean baitago. Eta bestalde, zer eskatu behar diegu kapotik datozen pertsona horiei.

Nazio-Estatuaren ideia jendeari ez omen zaio batere gustatzen, eta krisian dagoela diote. Baina nik uste dut ezetz, ez dagoela krisian. Oraindik Nazio-Estatua kontzeptuaren arabera ekiten diogu lanari, mugak aintzat hartuz, eta horrek zentzua badauka. Bestelako kontua Zuzenbidea bera zertxobait modernizatu beharra dagoela esatea da, Nazio-estatua kontzeptua modernizatu egin behar da, herritartasuna eta hiritartasuna erdiesteko irizpideak eguneratu egin behar dira, hiritartasun bateratzaileak sustatuz. Baina ez dut uste guregana ailegatu diren XIX. mendeko tresna horiek eta Frantziako kode zibila bera ezertarako balio ez dutenik. Har ditzagun esaterako nazionalitate bikoitza duten lagunen kasua. Herritartasuna eskuratzeko prozesua bizkorragoa izan beharko luke, baina Zuzenbidearen ikuspegitik indarrean dago: denok pasaportea dugu, edo bi edo hiru, baina pasaportea bat azken finean. Hori sentimenduetatik baino haratago doa. Nik ere euskalduna izanik sentimenduak dauzkat, baina horien inguruan galdetzen didatenean zera esaten diet, zein da zure pasaportea? Hortik abiatuta bestelako identitateak sor ditzakegu maila psikologikoan edo antropologikoan, baina herritartasun eskubidearen gaineko legezko oinarria gaur egun funtsezkoa da. María Elósegui Itxaso (Donostia-San Sebastián, 1957) Zuzenbidearen Filosofian Katedraduna Zaragoza Unibertsitatean. Zuzenbidean eta Filosofian lizentziatua eta Doktorea. Aditu bezala Europako Kontseiluaren Tolerantzia eza eta Arrazakeriaren aurkako Batzordeko kidea da (ECRI).2008an Granadako Legeria eta Jurisprudentziako Espainiako Errege Akademiak eskainitako Giza Eskubideen Luis Portero Saria. Alexander von Humboldt Alemaniako Fundazioan ikerlaria da. Zuzenbidearen Teoriako Europako Akademian Irakaslea da. Besteak beste, honako liburu huek idatzi ditu:- Derechos humanos y pluralismo cultural - El derecho a la identidad cultural en la Europa del siglo XXI - El concepto jurisprudencial de acomodamiento razonable (El Tribunal Supremo de Canadá y el Tribunal Europeo de Derechos Humano ante la gestión de la diversidad cultural y religiosa en el espacio público)1999an geroztik, zera zuzentzen du: - Aequalitas. Revista Jurídica de igualdad de oportunidades entre mujeres y hombres.
Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp

Précédents

Garbiñe Biurrun eta Joxerramon Bengoetxea. Epailea eta Zuzenbidean katedraduna: Oso jende gutxik dauka hiritartasun europarra bere barnean, gehienok jotzen dugu norberaren estatu edo naziora

 

Irakurri

Jesus Altuna Etxabe. Antropologoa: Humanitateak baztertzea oso arazo larria da

 

Irakurri

Teresa del Valle eta Jone Miren Hernandez. Antropologoak: Oraindik hiritar kontzientzia falta zaigu

 

Irakurri

Gurutz Jáuregui. Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna: Humanitateak eta Gizarte Zientziak jorratzen ez dituen mundua gaixorik dagoen gizateria da

 

Irakurri

Daniel Innerarity. Filosofoa: Ona litzateke intelektualek politikan gehiago lagunduko balute

 

Irakurri