Nolatan bururatu zitzaizun Arizkunen, Bozate auzoan zehazki, museo bat zabaltzea?
Jendeak jasan behar izan dituen trufen aurrean aldarrikapen bat egiteko, eta konplexuak gainditzeko. Gerra Zibila piztu baino lehen, 30eko hamarkadaren inguruan, nire aitak oposizio batzuetara aurkeztu zuen bere burua, eta emaitzarik onenak berak lortu bazituen ere, agote izateagatik beste bati eman zioten postua. Inguru hauetan inor agoteez galdezka etortzen denean, horiek txorakeriak direla erantzuten du jendeak, egia aitortzeak lotsa emango balie bezala. Gainera, nahiko gai enigmatikoa izan denez, inor ez da benetako funts edo arrazoiak emateko gauza. Horrela, areagotu egiten da agoteekiko interesa: nortzuk ote ziren, zein izan zen beren jatorria, etab. Bozateko museoa oso ondo pentsatuta dago. Agoteek beti landu dute zura, nik eskulturetan bezala. 1998an sortu nuen Museoa, oinordetzan jasotako Gorrienea etxean, eta handik bost urtera zabaldu nuen parkea, 2003an. Bi eskulturen parte bat.
Zer dela-eta du hain egitura berezia museoak, parke eta guzti?
Historialariek inoiz ez dute Bozate auzoaren arkitektura aztertu. Agoteen etxeak elkarri atxikita zeuden, seinaka jarrita. Oso etxe txikiak izaten ziren. Kontuan izan behar dugu etxe bakoitza egiteko ez zietela zuhaitz bat besterik mozten uzten. Gorrienean sei etxe ikus daitezke, elkarren ondoan. Material gutxi zeukatenez, zeukatenari ahalik eta etekinik handiena ateratzen saiatzen ziren. Etxeen lehen solairuak hogeita bost metro karratu ingurukoak izaten ziren, eta goiko solairuak beste horrenbestekoak. Ubidean, Guñekouren, urde bat eta ahate batzuk izaten zituzten. Ez zituzten abereak etxearen barruan izaten; bai, ordea, jende arruntak. Hiritar arruntek etxearen azpialdean izaten zuten ukuilua. Beraz, ez du inolako funtsik agoteak jende zikin eta kirastua zirela esateak. Abereak gordetzen diren lekuetan, hor bai izaten dela zikinkeria, eta infekzio edo gaixotasunak hartzeko arriskua.
Oreka eta eraginak Erdialdean, parkeko auditorioa.
Museoa behatzean, eta parkea batez ere, izadiarekin harmonia eta orekan dagoela ikus daiteke. Hori ote zure bizitzaren filosofia?
Bai, noski. Frantsesek aspaldian esaten zuten agoteak basoko gizakiak zirela. Agoteek erabat errespetatzen zuten izadia. Pentsa zenbateraino, zuhaitz bat ebaki behar zutenean barkamena eta guzti eskatzen ziotela. Ni neu organizista naiz, izadiak erakusten dizkigun formak aprobetxatzen ditudalako. Parkean dauden zortzi bordetan, bostehun urte baino gehiagoko arteak ikusiko dituzu. Izadiaren hostoak, fosilizatutakoan, eskultura bihurtzen dira.
Ez al duzu zure maisu izandako Jorge Oteizarekiko menpekotasun edo eragin handiegirik sumatzen?
1969an ezagutu nuen Jorge. Arantzazuko estatuak prestatzen ari zen, eta nik Arantzazu izeneko jatetxe bat neukan. Egun batean, jatetxearen izenak atentzioa eman, eta barrura sartu zen. Han nik egindako tailu batzuk ikusi zituen, eta berriketan hasi ginen. Ezagutzen zituen Bozate inguruak. Museo bat zabaldu behar nuela esan zidan. Eta hala egin nuen. Hogeita hamar urte eman ditut bere babespean. Baina, artista bezala, ez daukagu zerikusirik: ni organizista banaiz, bera arrazionala da, geometrikoa. Hutsaren kontzeptua berarengandik hartu dut, hori bai. Eta guk biok euskarazko ahozko literatura eta kondairak islatu ditugu gure obretan. Alderdi horretan ere suma daiteke Jorgeren eragina. Eguzkilore.
Familiari garrantzi handia ematen diozu. Hainbestekoa, ezen zeure obra bera ere familietan sailkatuta dagoela. Sormen lanetan zure subkontzientea mintzatzen ote da? Zein lotura daukate bi familiek, zeureak eta zeure obran ikus daitekeenak?
Bat ere ez. Eskultura ez da pieza batekin amaitzen. Pieza baten ondotik beste bat etortzen da, irakurketa gehiago dituena. Zerbait eransten edo kentzen du, zeren kentzean ere sortu egiten da. Obrak sormenaren gaineko sormenak dira. Horrela sortzen ditut obren familiak nire laborategian, tailerrean. Zirriborroz beteta daukat, ordu asko ematen ditut han. Auzoaren alde aritzen naiz lanean, agote izateagatik lotsatuta egon beharrean, harro sentitzeko.
Enigma poetikoa
Eskultore bakarrik ez, olerkaria era bazara. Harremanik ikusten al duzu bi eremuen artean?
Bai, oso handia. Eskulturak olerkigintzan sakontzera eraman nau. Azken batean, eskulturak ere olerkiak dira. Har dezagun pertsonaia mitologiko bat, Eguzkilore adibidez, espiritu gaiztoak uxatzen dituena. Lorea eta bere arantzak islatu behar dituzu, etxeen sarrerako ateburuetan nola zintzilikatzen ziren... Subkontzientearekin izaten dugun elkarrizketarekin, olerki bat edo batzuk sor ditzakegu. Museora etortzen diren bisitariei azalpenak ematen hasten naizenean ere, olerkiak egiten aritzen naiz. Hor ere Oteiza agertzen zaigu berriro. Jorgek olerkigintzarako joera handia zeukan. Askotan galdetzen zidan zergatik ez nuen olerkirik idazten. Senitarteko bat istripuz hildakoan hasi nintzen idazten. Olerki bat idatzi nuen, bere hiletan irakurtzeko. Horrelaxe hasi nintzen idazten. Orain ehunka olerki dauzkat. Gogoz ondo ibiltzea oso garrantzitsua da.
Agoteak ere olerkariak al ziren?
Inolako zalantzarik gabe. Agoteek lotura handia daukate kataroekin. Lanbide guztietan oso trebea zen jende hau, eta koblakariak ziren gainera. Agoteak ere musikariak dira. Gogoan dut Gerra Zibila amaitutakoan hiru soinujole paregabe zeudela Bozaten, eta erromeria zoragarriak antolatzen zirela beren soinuarekin. Sentiberatasun horrek erakusten digu agoteak bazirela olerkari. Eta ez ditzagun ahantzi zurarekin egiten zituzten lanak... Begientzat bakarrik ez, belarrientzat ere poesia ziren: sehaskek kulunkatzean ateratzen zuten soinua, haiek egindako gurdien gurpilen karrankak... Basoko erotika.
Aurrera jo baino lehen, azaldu beharko genuke nortzuk ziren zehazki agoteak.
Enigmatiko samarra da historia. “Agote” hitza, “le cagot”, Frantzian azaldu zen lehenbizikoz, 990-1000 urte inguruko kartografia batean. Aldi hartan erromanikoa bere loraldian zegoen; gogoratu Clunytarren ordenak mila monasterio eta eliza baino gehiago eraiki zituela. Dirudienez, agoteak baztertuta zeuden, madarikatuta bezala. XIII. mendera arte ez zitzaien beste aipamenik egin. Pirinio guztietan barna, Okzitaniatik hasi eta Baionara bitartean, “kagoteriak” zeuden, legenardun, ijitu, agote, judutar, iheslari eta gaizkileentzako ghetto modukoak. Bazeukaten kataroen loturarik, azken batean Erromako Elizak bi taldeak jo baitzituen heretikotzat.
Hori guztia, baina, Frantzian jazo zen. Ez du gure lurrarekin zerikusi handiegirik.
Lasai, lasai. Agote eta kataroen aurka oso jazarpen odoltsuak izan ziren 1208an, eta, horren aurrean, ulertzekoa den bezala, askok eta askok Pirineoak zeharkatzea erabaki zuten, beste aldera joatea, gure aldera alegia. Noiz, eta hain zuzen ere tenplarioak Done Jakue bidean erromanikoa eraikitzen ari ziren garaian. Agoteak trebeak zirenez zura lantzen, lan asko topatu zuten. Leku ugaritan ikus dezakegu beren arrastoa: Eunaten, Leiren, Oliteko gazteluan, Armentian, Zumarragako Antigua katedral erromanikoan, etab. Horrela, azkenean lur hauetan gelditzea erabaki zuten. Nolatan etorri ziren Arizkuna? Ba kontuan izan behar dugu aldi hartan Pedro de Ursua zegoela inguruotan agintean, eta gotorleku bat eraiki zuela. Bera zen orduko jauntxoa (1200-1300). Eta agoteen babesle eta ustiatzaile bihurtu zen, bi gauzak, zertarako, eta bere burua hornitzeko. Agoteek egiten zuten lanari esker beti hornituta egotea zen bere helburua, berekoia erabat. Amona ama.
Zergatik zen jende madarikatu eta baztertua?
Oso erraza. Frantzian dokumentatuta dago. Paganoak zirenez, beste erlijio eta ohiturak zeuzkaten, eta horregatik zeuden baztertuta: elizetara bigarren mailako ateetatik sartu behar izaten zuten, bazter batean egon behar izaten zuten, ur bedeinkatua eta bataiarri ezberdinak erabili behar zituzten... Beste alde batetik, agoteek, kataroek bezalaxe, erraustu egiten zituzten beren hildakoak, suak garbitu egiten zituela pentsatzen zutelako, eta monumentu megalitikoetan lurperatzen zituzten errautsak. Eta Erromako Elizak ez zituen sinesmen eta errito horiek onartzen. Baina, gainera, bazen baztertuta egoteko bigarren arrazoi bat: ez zeukaten baliabiderik. Lurrak nobleenak zirenez, Ursuaren esanetara bizi ziren. Agoteek ezin zuten lurrik eduki. Ez zeukaten kargu zibil, militar, edo elizatarrik izateko eskubiderik. Ez zeukaten deus ere. Gizarte hartako pariak ziren, artisauak, inolako kategoriarik gabeak. Egoera aldatzen hasiko zen XVII. mendean lurrak erosten hasi zirenean.
Kataroek eta agoteek antzekotasun handiak zeuzkatela ikusi dugu. Funtsean jende berbera zela esan daiteke?
Inguru berdintsuetan ibili zirenez, artisauak zirenez, eta jazarpena jasan zutenez, oso harremana handia zegoen euren artean, eta, beraz, litekeena da jende berbera izatea. Baina uste hori ziurtatzeko, Clunytarren ordenari buruzko azterketa sakon bat egin beharko litzateke.
Baztango bihotzean
Zeure lurraldera itzuliz, zer dela-eta zeukaten agoteek horrenbesteko oihartzuna Nafarroan, eta ez beste eskualdeetan?
Okzitaniatik alde egin zutenean Nafarroarantz jo zutelako. Nafarroako erresuman puri-purian zegoen erromanikoa, eta gainera oso baso ederrak zeuden. Erronkariko almadiazainak, adibidez, agoteak ziren, nahiz eta ezer gutxi dakigun horri buruz. Bozatekoek entzute handiagoa lortu zuten. Hortxe gelditu zen misterioa.
Eta misterio horrek hortxe jarraitzen du, Arizkungo jendeari gaur egun ezerosoa egiten baitzaio agoteei buruz mintzatzea.
Egia da. Baina ezjakintasunagatik gertatzen da hori. Agoteei buruz idatzi diren liburuek gutxiespen tonua darabilte, iseka egiten dute ia. Hori gertatu da Barojatarrekin -gertu egon arren, ez zuten inolako ekarpenik egin-, edo Sánchez Dragórekin. Agoteen inguruan mamuak daude oraindik ere; horregatik ez zaio gustatzen jendeari haiei buruz hitz egitea. Egia jakinez gero, ez litzateke horrelakorik gertatuko, ez lukete besteak baino gutxiago izatearen uste edo konplexurik izango.
Gelditzen al da agoterik Bozaten?
Bai horixe. Han jaiotako guztiak dira agote, baldin eta beren arbasoak hala baziren. Baina aldaketa bat suma daiteke, orain jendea harro baitago agote izateaz. San Joango festetan, adibidez, ehun lagunetik gora biltzen gara. Dena den, askok Ameriketara jo zuten, eta, beraz, kontinente hartan ere agote dezente izanen da. Hori esanda, pasadizo bitxi bat datorkit gogora. Miguel de Unamunori omenaldia.
Bota, bota...
Duela lau urte, bi senar-emazte etorri ziren Arizkuna Amerikatik. Lehendabizi Arizkunen izan ziren, gero Bozaten, eta azkenik Elizondon. Beren erroak bilatzera etorri ziren. Handik bi aste barru, gutun bat jaso genuen, jasotako tratua eskertuz, eta zera galdetzen ziguten: “gu ez gara agoteak, ezta?”. Ziur aski, nire osaba batzuren bilobak izango ziren. Baina zer dela-eta frogatu nahiko ote zuten ez zirela agote? Ez zutela agote izan nahi!
Bukatzeko, azken agotea al zaitugu? Leinuaren azken ordezkaria? Ez, gizona! Urtebeteko biloba dut. Nire odola darama zainetan. Eta agotea izango da. Xabier Santxotena (Arizkun, 1946) Xabier Santxotena Arizkunen jaio zen (Nafarroa), 1946ko urriaren 5ean. Hamahiru urteak bete arte, Hondarribia eta Altsasuko Kaputxinoetan ibili zen ikasten, eta bi urte geroago Frantziako mugan hasi zen lanean. Soldaduska amaitutakoan, Sukaldaritza ikasketak egin, eta Ezkiogara joan zen, ikasitakoak praktikan jartzera. Handik Trebiñora joko zuen, eta ondoren Vitoria/Gasteiza, non jatetxe ospetsu bat baitaukan. 1997. urtea erabakigarria izan zen bere bizitzan. Denari agur esan eta, bere maisu Jorge Oteizak bultzatuta, eskulturgintzan murgiltzea erabaki zuen. Dagoeneko 35 urte daramatza zurezko obrak egiten. Gaur egun, eskulturari, olerkigintzari eta agoteei emana bizi da Artziniegako (Araba) tailerrean.
“Aitonari omenaldia” izeneko aretoko leihoa.
Hona hemen Xabier Santxotenaren azken olerkia. Cociente del saber
Me dicen los escribas que vas hediondo
Seña de identidad tu sufrimiento
Me limito a cuatro razones, escurriéndome el secreto
Cinco pasos por cinco
Fuego, yunque, telar, la viruta del misterio.
Hogar, dulce hogar,
cerrando la grieta del perjuicio ajeno
Náufragos de la nada, con su cociente del saber
Crepitan los lares en la noche infame
Cortando el suspiro con la tos en un dormitorio aciago. Ursuaren ironia.
Seduce tu lágrima agorero
El porqué, con qué razón me hieres sin razón
Misterio del libre pensamiento
Pozo de la ciencia con sus cenizas del olvido
Esperando pasará la maldición
Establo reconvertido
No más preguntas a los ancianos
Riñe la tontería y el destino
Si soy del más allá y el cielo se oscurece
Maldita sombra calcinada de presagios
Hojarasca de interés
Salpicado errante con tu alforja.
Se me anuda al corazón
Pensar que la vejación es orgullo
Entumecidas gramaticales lenguas
Vocablos de interés y risas
Crearé esa atmósfera en relieve
A base de aliento
Estallido blanco con pétalos rojos.
Sonreiré a tu paso
Enigma disfrazado de aventura
Fluye el arroyo con su murmullo
Serás torrente confundiéndote en la marisma
Lejos tu palpitar, mezclado y olvidado
Xabier Santxotena.
2004-XI-15