ENE

2015. Associazione Culturale Euskara. Erroma, Italia

2015. Associazione Culturale Euskara. Erroma, Italia

Erromako Associazione Culturale Euskarak jasoko du ENE SARIA 2015. Saria abenduaren 3an ematen die urtero Eusko Ikaskuntzak prestakuntza eta difusio lanean merituak egin dituzten Euskal Herritik kanpoko erakundeei. 

2002an sortutako elkarte erromatarrak euskal kultura eta hizkuntzaren zabalkuntza ditu helburu, Italiako beste hainbat kulturarekin elkarrizketa elkarlanean. Hiru urtez euskarazko ikastaroak eman eta gero, Euskal Hizkuntza eta Kultura Saila sortu zen 2005ean, Erromako Herri Unibertsitatean (UPTER). Elkarteak eta Sailak “Euskanta” proiektua sustatzen ari dira 2010az geroztik, HABEren Euskara Munduan programaren babesarekin. Erromako eskoletako haurrek poesiak idazten dituzte eta horiekin euskarazko kantak konposatzen dira. Konposaketa guztiak www.euskanta.wordpress.com webgunean aurki daitezke. 

Aurretik aipatutakoaz gain, Associazione Culturale Euskarak bilera-aperitiboak antolatzen ditu hilean behin eta Erromako kultur bizitzari bizigarria ematen dio, kontzertu, irakurketa, aurkezpen, erakusketa, workshop eta dastaketekin. 2013ko abenduan Euskal Aste bat antolatu zuen Erroman. 

2015eko ENE SARIA epaimahaiak, epaian nabarmendu du “molde desberdinak aukeratu dituzte, beren eskaintza italiar gizarte osora zuzendua dago eta euskara eta euskal kultura XXI.mendera egokitzeko bideak erakusten dituzte. Beraiek asmatu zuten egoitzarik gabeko euskal etxe kontzeptua, geroago Berlinen, Zaragozan… praktikan jarri dutena. Hirira guztiz irekia dago, argitaletxe bat martxan jarri du eta hainbat euskal lan Italierara itzuli. Hiztegia on-line martxan du eta unibertsitatean, euskara ikastaroengatik 3 kreditu ematea lortu du. Euskantarena esperientzia bitxia eta bakarra da gainera”. 

ENE SARIAren hamargarren edizio honetan, aurreko urteetako partaidetza gainditu da. Argentina, Kanada, Kolonbia, Frantzia, Espainia, Italia eta Uruguaiko proposamenak iritsi dira. Eusko Ikaskuntzak eskerrak eman nahi dizkie parte hartu duten entitateei eta kanpoko erakunde guztiak animatu nahi ditu, beren jardueraren berri ematera, urteroko ekimen honen bitartez. 

ENE SARIAren garaikurra Nestor Basterretxea artistak diseinatutako anagrama eskultoriko baten erreprodukzio bat da. Ekitaldi publiko batean entregatuko da, oraindik zehaztu gabeko datan.