Iñaki Perurena. Harrijasotzailea: Harriak jarri nau Euskal Herriaz jabetzearen bidean

2011-12-23

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

Iñaki Perurena izena aipatzeaz batera entzulearengan gizon indartsu baten irudiak hartzen du forma. Halaxe da, bai. Eta esan liteke hortik hasi zela dena... Baina Iñaki Perurena harrijasotzailea izateaz gain beste gauza asko ere bada, eta egun —euskal gizartean galdetuko bagenu Iñakiren nortasunaz— auskalo zer aterako litzaigukeen, izan ere leitzarraren mugaketa burutzea ez da bat ere erraza. Iñaki Perurena, dena den, harriarekin erlazionatu behar dugu, derrigorrez. Iñaki eta harria. Iñaki, harria eta herria. Harrizko Iñaki eta Euskal Herria.

Behin izan zen herri txiki bat, harkaitzez inguratua bere osotasunean, zerurako bidean ezik... Eta han munduratu zen harria mederatzera ailegatuko zen mutikotxo bat. Jaiotzeaz bat harrizkoa ote zen itaundu zuen batek baino gehiagok...

Leitzan gaude, Nafarroako mendialdeko herritxo honetan. Esan genezake aizkolari herria ere badela. Osaba bat aizkolari txapelduna izan zen bere garaian. Izan nuen zortetxo apur bat, aitonarekin nik hamar urte bete arte harreman polita izatekoa. Aitonak bere kontutxoak azaltzen zizkidan, baserri lanetan astotxo batekin ibiltzen zen garaikoak. Eta uste dut aitonaren ipuin haietatik txertatutako zerbait dela harriekiko nire harremana eta harreman hori izateko modua ere. Aitonari ere zor diot bertsolaritza kutsua, munduari behatzeko patxada, bizitza-filosofia bat. Uste dut denoi gertatzen zaigula gurasoak lanean ari direnean aitona-amonekin denbora gehixeago ematea —baita orain ere— eta niri aukera hori bikain egokitu zitzaidan.

Aita zorrotza zen. Aitonak, berriz, begia ixten zuen. Eta pikardia horrek kutsutxoa utzi zidalakoan nago. Aitonak esaten zidan “Hik, Iñaxio izena ez baino akzio behar huen, akzio”. Beraz, ni giro horretan sortu nintzen. Leitza herriko etxe batean jaio arren laborantzan iharduten nuen, baserri lanetan. Eta gogoratzen dut hamar urte inguru nituenean, harria lantzen ari zen Leitzako hargin batengana aitonarekin hurbiltzen nintzela eta harriari heldu eta altxatu nahian ibiltzen nintzela. Gauean oheratzekoan harriak nire bularraldean utzitako arrastoak ikusten nituen harroxko samar. Horiek izan ziren nire hasieratxoak.

Mutikotxo hark harritzarrak jasotzeari ekin zionean ahoa bete hortz uzten zituen denak...

Gertatu zitzaidan aitak ez zuela nik harriak altxatzea nahi. “Urratuko hau, kalte egingo dik” esan ohi zidan. Eta nik barruan neraman harriak jasotzeko grina eta ezkutuan ibiltzen nintzen. Konplizitate punttu bat amarekin nuen. Aitak niri gogoak kentzearren istorio bat kontatzen zidan, lehen ere Leitzan Joxe Mari “Motz Gorria” izeneko gizakume bat harriak jasotzen ibili zela zioena. Oso indartsua bide zen. Lau lagunen artean haren bizkar gainean harri handi bat jarri ondoren, Joxe Marik bizkarrean eraman zuen, baina eginiko esfortzuarekin zainen bat eten egin zitzaion eta hartatik odolustuta hil bide zela zioen aitak. Gerora, aita hil ondoren, pasadizo hura egia ote zen galdezka ibili nintzen eta badirudi baietz, hala jazo zela. Leitzan bere garaian bi harri omen ziren: bat, jasotzen ibiltzeko eta bigarrena lagunen artean handik hona eramateko.

Aitak amore eman behar izan zuen eta nik urteak eman ditut harriekin. Orain, aldiz, ajeak hasi zaizkit. Eta zalantzan nago, harriarenak izango ote diren ala urteenak. Oraindik ere segitzen dut harri txikiak jasotzen baina nolabait mendira igotzea bezalaxe da: goraka goazela gailurraren bila ari gara; behin erpinera helduz gero beherantz egin behar dugu derrigorrez, han geratzerik ez dagoelako. Eta ni aspaldi hasi nintzen gailurretik beherantz etortzen. Behin esan nuen harriak jasoz zahartu nahi nuela. Eta momentuz biak egiten ari naiz, jaso eta zahartu, hain zuzen.

Harriak maitatu egiten zituen mutilak eta harriek ere begirunea zioten, euren arteko erlazioetan elkarrekiko zintzotasuna baitzen nagusi...

Nik banekien harriak nire bizitzan tokitxo bat izango zuela. Umetatik jakin nuen harrijasotzaile izango nintzela, ziur nengoen horretaz. Beraz, harrijasotzaile izatera abiatu nintzen eta egindakoak hortxe daude, gaizki ala ongi. Alde batetik emaitzak ditugu; beste batetik, berriz, egiteko moduak. Eta une honetan gauden baserri hau bisitatzera etortzen den jendeari adierazten diot, hau dena egin dudala harrijasotzaile baten argazkian antzematen ez diren xehetasunak aurkezteko. Argazkian harrijasotzailearen alderdi fisikoa ikusten da, mutil sendoa, harritzarra jasotzen ari. Eta hortik topikoak sortzen dira. Eta horiek uxatzeko, hau da argazkian ikusten ez den mundua azaltzeko, harrijasotzailearen bilakaera adierazten ahalegintzen naiz. Harriari heldu aurretik pertsonaren baitan diren kezkak zeintzuk diren. Sarritan bi aingeru tipo azaltzen zaizkigu: ona eta gaiztoa. Onak xuxurlatzen dizu lasai egoteko, harria erraz jasoko duzula. Eta berehala datorkizu gaiztoa, ezetz esaten, ez duzula inondik ere altxatuko. Zailena ez da harriarengana joan eta hura goraino eramatea. Harengana abiatzea erabakitzea da konplikatuena. Aingeru gaiztoa baztertu nahian daramazun borroka hori ez da samurra, zure buruan harria altxatu duzuneko irudia gorpuztu behar baituzu, gai zarela sinestu ondoren.

“Nik mundua harriaren bidetik ikusi dut eta nire mundua harrizkoa da. Eta harriak lagundu dit herria ezagutzen ere.”

Harri eta herri oihukatzen zuen kozkortzen hasia zen mutilak. Euskaldunon nobelaren goiburu litekeena zirudien haren eztarritik ateratzen zena...

Nire baserri honetan esaldi bat daukat jarrita, “Harria leiho eta kabi” dioena. Joxerra Gartziarekin batera liburuxka bat egin nuen nire bertsotxo batzuekin. Eta titulua “Harria mundu, mundua harri” jarri genion. Nik mundua harriaren bidetik ikusi dut eta nire mundua harrizkoa da. Eta harriak lagundu dit herria ezagutzen ere. Ba al dakizu zer den goizean etxetik harriekin ateratzea, adibidez, Erriberarantz bertan saio bat egiteko eta hura amaituta arratsaldean Elantxobera joatea beste erakustaldi bat duzulako? Gure herria aldez alde zeharkatu dut hamaika aldiz, jaia bertatik bertara bizi izanez eta toki bakoitzeko ospakizunetaz jabetuz. Euskal Herria Iparramerika eta Hegoamerikan ere ezagutu dut. Emigrazioko euskaldun horiek nola bizi duten euren herria ikusi ahal izan dut, eta baita ere zer premiak dituzten amerikarrak ditugun euskaldun haiek.

Gerora harri gehiago aurkitu ditut. Aztarnak, gazteluak, ... Zer dela-eta eraiki zituzten gure arbasoek gaztelu-sareak? Babes premia zuten, nortasun bati eutsi nahia... Eta bazirudien gaztelu horien sare urratzeak nortasunaren desegitea ekarriko zuela. Zirrikituak sortu ziren eta haietatik berezko nortasunak alde egin zuen eta arrotza sartu... Harrizko aizkora bat aurkitu nuen baserriko terrenoetan eta galdera asko egin nizkion nire buruari... duela 6.000 urteko gizakiaren erroetaraino eraman nindutenak. Badirudi, nahiz eta jakin bideak nolakoa izan behar duen, beti gabiltzala galdezka nondik gatozen eta nora joan behar dugun... Badirudi ere behartzen gaituztela, zoritxarrez, ageria den zerbait etengabe arrazoitzera. Ezagutza horiek harriaren bideak eman dizkit.

Eta euskal harria iritsi zen azkenik mutil sendo eta osatuaren eskuetara...

Nik uste dut Euskal Herrian badagoela herritar —ala hiritar?— asko, zorigaiztoz, Euskal Herria zer den ez dakiena. Eta lasai bizi dela. Ez du inork derrigortzen Euskal Herriaren nortasunaz jabetzera eta, beraz, kanpo edota bertako arrotz batek ez du horren beharrik. Nik uste dut ni harriak jarri nauela jabetze horren bidean. Harrotasun eta poztasunez aitor dezaket hori. Bakoitzak bere modua izango du eta nirea harria izan da.

“Nik banekien harriak nire bizitzan tokitxo bat izango zuela. Umetatik jakin nuen harrijasotzaile izango nintzela, ziur nengoen horretaz.”

Harrizko herri hau nirea da adierazi zion gizon bilakatutako mutilak behin bere buruari, ordurarteko harrienganako grina herriarenganakoa ere bilakatuz...

Ni harrijasotzailea naiz. Ohiko kontzepzioak astakilo puntu bat ere jarri dio harrijasotzaileari. Eta lehen esan dizudan bezala, ni kontziente nintzen topikoak hautsi behar nituela. Baina banekien ere, beste alderdi batzuetan arituz gero oihartzuna nabarmen handiagoa eragin zezakeela nire iharduerak. Harrijasotzaile batek herriari buruzko ideiak plazaratzen dituenean... bihur daiteke herri-jasotzaile. Idazle batek bere artikuluekin zirikatzea normaltzat jotzen da, baina harrijasotzaile batek idazten duenean... zerbait arraro gertatzen ari bide da. Eta irakurlearen arreta pizten du. Horregatik une batean nire oihutxoa egin nuen, artikuluak harriekin idazten jarraituko nuela azpimarratuz. Eta Peru-Harri egitasmoari ekin nion, oraindik bukatu gabe dagoen artikulua idazten ipini nintzelarik.

Herri haren azken harria jartzea zuten batzuek helburua, baina harrietako gizon hark biziki maite zituen bere sustraiak eta azkena amaiera —heriotza— dela protesta egiten zuen, herriaren suspertzaile sutsua bihurtzeraino...

Aurten Manuel Irujo Saria jaso dut, euskara eta euskal kultura zabaltzeagatik. Sari bat jasotzeak normalean beterano izatea adierazten du. Eta nik urte mordoxka daramat lantegi berdinean, gertuko eremuan. Horrexegatik ez da hain zaila ni ezagun bihurtzea, berez jorratu dudan esparruan. Bitxikeria batzuk ere gertatu dira. Bizitzak aukerak eman dizkit, harriaren bidetik joan ei direnak. Kirolari bezala nire mugetara iritsi nintzenean, berriz, telebistan aritzeko atea ireki zidaten. Eta badirudi ageriko beste etapa batean hasten naizela, irudien bidez euskal etxeetara sartzen naizeneko etapa. Lehen igande eguerdietan ikusten ninduten marka bat hautsi nahian eta orain astelehen iluntzean, afaltzeko garaian, aktore lanetan. Eta batzuetan lotzen ditut harriak eta telebista.

Gure herri honetan jaio izatearen zortetxoa da hori. Balde bat uretan kolore tanta bat botatzen baduzu eragina egiten du... baina tanta berdina putzu handi batean ez du inork antzemango. Tanta hori ni naiz eta baldea Euskal Herria.

Eta Peru-Harri bezala ezagun bihurtu zen bihotz handiko gizona Harria maitatuz Herria altxatzen ahalegintzen zen, etengabe, itxaropenean...

Munduan milaka hizkuntza eta herri hil zorian daude. Euskaldunok, poliki bada ere, hemen goaz. Gauzak egiten ari dira eta baldintzak aldatzen doaz. Oihartzun txikia zuten hainbat gai eztanda egiteko bidean daudela pentsatu nahi nuke. Atzo beltz zena gaur gris bihurtzen ari ote den. Animoak desberdinak dira. Horrela gabiltzan bitartean itxaropenari helduko diogu.

“Idazle batek bere artikuluekin zirikatzea normaltzat jotzen da, baina harrijasotzaile batek idazten duenean... zerbait arraro gertatzen ari bide da.”

Ipuinari ez diogu amaierarik jarri nahi —amaierak muga adierazten baitu— baina protagonistak “puntu eta beste lerrora” agindu ostean, istorioa nola segituko lukeen idazten geratzen gara jakin min...

Titulu batek adierazten du liburuaren barruan aurki dezakeguna. Gauza berdina gertatzen da pelikularekin. Eta nik horixe nahi nuke, titulu bat edukitzea, alegia. Noan tokira joan, urrutira joanda ere, niri tituluak balio izatea nahi nuke nik, edozein tokitan agertzeko. Gaur erabiltzen dugun tituluak ez digu balio. Guk badugu gurea eta hori azaleratzea nahiago nuke. Nahiz eta gure barrurako tituluaren premiarik ez izan, zenbait egoeratan beharrezkoa zaigu. Zergatik jarri behar digute, ez dagokigun titulua? Lehen lerroko titulua badugu, eta horixe da gure etorkizuna. Iñaki Perurena (Leitza, 1956)Harrijasotzaile. Aktore lanak egiten ditu eta horrez gain, bertsolari, poeta eta eskultore ere ibili da. Harakina lanbidez, eta ezagun egin duten aipatutako beste jardun horietaz gain, historiazalea ere bada. Ezkonduta dago eta hiru seme-alaba ditu.Esku batekin 250 kiloko harria hirutan altxatzeko gai da, eta 200 kilokoarekin, berriz, lautan. Esku batez altxatu duen harririk handiena 267 kilokoa da, bi eskuz, aldiz, 320 kilokoa. 1990ean, harri jasotzearen munduko marka hautsi zuen 315 kiloko harria altxatu zuenean.Telebistan ere aritu da, aktore eta aurkezle, baina batez ere Goenkalen Imanolen papera egiteagatik da ezaguna. Ondorengo saio hauetan parte hartu du: Euskal Herrian Barrena, Goenkale, Herriko Plaza, Piratak. Iñaki Perurenaren seme Iñaxio ere harri-jasotzailea da, eta Iñaki hari laguntzen aritzen zaio harri-jasotze saioetan.Peru-Harri Iñaki Perurenak Leitzan harriari eskainitako museoa da.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Jesus Altuna. Arkeologoa: On Jose Migelek gauza ugari lapurtu zion heriotzari

 

Irakurri

Mª José Ibáñez. ADDENEko lehendakaria: Obesitatea epe luzerako tratamendua eskatzen duen gaixotasuna da

 

Irakurri

María Bayo. Sopranoa: Gehiago hartu beharko genuke kontuan opera gure eguneroko bizitzan

 

Irakurri

Mikel Bujanda. Euskalerria Irratiko zuzendaria: 24 urteren bueltan uhinetako okupak gara oraindik

 

Irakurri

Maria Carmen Gallastegui. Teoria Ekonomikoan Katedraduna: Etorkizuneko ongizatea orainaldira ekarri dugu eta geure aukeren gainetik bizi izan gara

 

Irakurri