Juan Luis Mendizabal 'Mendi': "Berdeak beti ditu ongi islatzeko zailtasunak; orixka baino zailagoa da"

2000-11-10

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Elkarrizketa: Juan Luis Mendizabal "Mendi" Juan Luis Mendizabal "Mendi", margolaria "Berdeak beti ditu ongi islatzeko zailtasunak; orixka baino zailagoa da" * Zuriñe Velez de Mendizabal Hitzordua Zarautzeko Karlos Argiñano jatetxean genuen arren, bere etxe aurreko banku batean eserita aurkitu genuen, egunkariak irakurtzen ari zela. Abuztuko goizeko eguzki goxoak ordu beroagoak iragartzen zizkigun. Hemingway gogorarazi zigun bere itxura sotilak, eta hori bera esan genion, batere orijinala ez ginela izango bagenekiela gehituz. Elkarrizketa atsegina izan genuen, Lekeition jaiotako zarauztar honekin, solasaldiaren mamia burutzea gehien bat berari egokitu bazitzaion ere. Jaiotzez Jon Koldobika, euskal artearen espektruan asko ezagunagoa dugu Juan Luis Mendizabal "Mendi" bezala margolari aparta, euskal itsas zein mendi bazterrak maisuki islatu ditu. Regoyos eta Vazquez Diaz miresten ditu, pinturaren munduan izen bat egiten lagundu zion Ascensio Martiarena ahaztu gabe. Langile nekaezina, formato txikia nahiago du bere margoetarako. Zergatik kartoi txikiak? Kartoi txikietan marrazten dut, nire lana hasi eta bukatzea atsegin baitut. Horrela jardunez gero uneko sentsazioa islatzea lortzen da. Gainera egunero eguraldi ezberdina izaten denez, ez zait margo bat ere berdina irteten. Zer du Getariako Saguak erreferentzia bezala hartzeko? Jorge Oteizak dioen bezala, lur mutur horrek sagu itxura gehiago du Zumaiatik Getariara joatean; Zarautzetik hara berriz, balea bat dirudi. Egunaren aldaketak direla eta, kolore aldaketak ere jasaten ditu, eta gorabehera hau erakargarria suertatzen zaio edozein artistari. Zure maisuak Cobreros Uranga eta Ascensio Martiarena izan ziren. Nik Martiarenaren akademian ikasi nuen, eta nire estilo propioan barrena gidatu ninduen. Bera inpresionista zen, baina abstraktoa egiten ere uzten zien bere ikasleei. Nik, dena den, inpresionismora jo nuen. Martiarenari esker Tellaetxe artista ezagutu zenuen. Bai. Lehenengo harremana nik hilabete batzuk nituelaizan genuen Lekeition. Nire gurasoak indianoak ziren, eta beste zenbaitzuekin tertuliak eratzen zituzten Lekeition. Tellaetxe ere tertulietara azaltzen zen. Gerra etorri eta Tellaetxek erbestera joan behar izan zuen. Ni 1959an Perura joan nintzen, eta nirekin neraman Martiarenak Tellaetxerentzat eman zidan eskutitz bat. Hara iristean berarekin hitz egin ahal izan nuen, eta hemengo berri eman nion. Elkarrekin egon eta egun gutxiren buruan hil zen. Jorge Oteiza ere Liman ezagutu zenuen. Bai. Jorgek Sao Pauloko V.Bienala irabazi ondoren, Limatik igaro zen 1960an, eta César Vallejo poeta peruarraren omenaldian esku hartu zuen. Limako ANEA n hitz egin zuen Jorgek, jendez bete betea zegoen areto batean, eta hari eskainitako eskulturaren maketa aurkeztu zuen ekitaldian. Nik ordurako banuen Oteizaren berri, bere anaia nire ikaskidea izan baizen Zarautzen, txikitan. Areto hartan nengoen arren ez nintzaion hurbildu, eta orain barre egiten dugu Jorge eta biok anekdota hura gogoratzean. Zure familian indiano ugari izan dira; zu ere hori izateko sortu zintuzten? Ez. Nire belaunaldira arte familiako gizakume bat Perura joan ohi zen konkretuki El Callao ra, han ferreteria bat baigenuen. Bertan aberastu edo diru apur bat egin ondoren Euskal Herrira itzultzen zen. Haren lekua beste senitarte batek betetzen zuen, eta horrela belaunaldiz belaunaldi egin zen. Baina ni ez nintzen indiano izateko jaio. Hala ere aurreko inor ez bezala, peruar emakume batekin ezkondu nintzen. Ezin uka peruar bazterrak ederki jaso dituzula zure margoetan. Bai. Leku haietako paisajeak islatu ditut nire lanetan, bertako kolore ugariak... Izugarri ditut gogoko hango bazterrak. Zein duzu gogokoen, baserri paisajea ala hiri paisajea? Baserrikoa atsegin dut gehien. Ahal izanez gero kalea utzi eta baserri batetara joango nintzateke bizitzera. Margotzeko zaletasuna duen edonork, edozer pintatzen du. Baina kolorea bilatzen den neurrian argia bilatzen da, lurra eta zerua. Baserri giroan opera da nagusi, baserriakkatedralak dira, eta bertan lasai egon zaitezke. Honek ez du esan nahi hiri paisajea baztertzen dudanik. Beraz, berdea menderatzen al duzu? Ez. Berdeak beti ditu ongi islatzeko zailtasunak; orixka baino zailagoa da. Zein eguraldirekin identifikatzen zara? Behelainoak eta euriak nire izaerarekin bat egiten dutela uste dut. Gustura aritzen naiz euripean lanean, esku batean pintzela eta bestean euritakoa. Regoyosek "gorroto dut zeru urdina" ohi zioen. Antzerako zerbait gertatzen zait niri ere. MENDI ri buruzko erreferentzia bibliografikoak JON KOLDOBIKA MENDIZABAL ekin Aurrezki Kutxa Munizipala (Donostia) 1990 NIRE SANTIAGORAKO BIDEA (Apuntes de un peregrino) Kutxa (Donostia) 1991 Argazkiak: Zuriñe Velez de Mendizabal Euskonews & Media 99.zbk (2000 / 11 / 10 17) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Mariasun Landa: "Haur eta gazte literatura onak ez du heldua aspertzen"

 

Irakurri

Armando Llanos: "Turismoa Araban leundu gabeko diamantea bezalakoa da"

 

Irakurri

Juan Plazaola Artola: "Etorkizuneko arteak gizakiaren gairik sakonenak lantzea gustatuko litzaidake"

 

Irakurri

Amalio Garcia: "Herrialde behartsuak, garatu beharrean, txirotzen ari dira"

 

Irakurri

Vincent Ducourau: "Gogoa nuen iraganeko gauzak bizirik segi zezaten. Neretzat ez dira sekulan egon orainetik kanpo, hortan sinesten dut eta bizirik garrantzisua da niretzat; ez naiz sekulan aspertzen gauza zaharrak ikusteaz".

 

Irakurri