Juan Vidal Abarca: "Bere hasieran, Nafarroako armarrian ez ziren kateak"

2002-07-19

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

Elkarrizketa: Juan Vidal Abarca Juan Vidal Abarca, genealogia eta heraldika zale amorratua "Bere hasieran, Nafarroako armarrian ez ziren kateak" * Ismael Diaz de Mendibil Inoiz edo behin, guztiok galdetu diogu gure buruari gure abizenek zer esan nahi ote duten edo nondik ote datozen. Batzuek familiaren ondasunen berri ematen dute, beste batzuek lanbidea edo jatorria adierazten dute, baina guztiek, bakunak edo konposatuak, ezagunak edo ahoskaezinak izan, pertsona batzuk besteengandik bereizteko erabili ditugu azken mendeetan zehar. Iragana zertxobait hobeto ezagutzeko irrikan, agiri, artxibo eta paperen artean topatu dugu Juan Vidal Abarca. Nondik datorkizu heraldika eta genealogiarako zaletasuna? Nire gurasoen etxean, eta nire emaztearen gurasoen etxean ere bai, familiaren paperak zeuzkaten jasota, eta egun batean horiek guztiak begiratzen hasi nintzen. Lehendabizi nire genealogia, nire abizenak, arakatzen hasi nintzen, eta pozoitu egin nintzen. Berehala, heraldikaren eta genealogiaren inguruan idatzi diren gauza asko gaizki, osatu gabe eta zehaztu gabe daudela konturatu nintzen, batez ere Arabako abizen eta ezkutuen kasuan, lurralde honetan ez zegoelako heraldikan eta genealogian aditurik, eta gai hauen inguruko azterketa sakonik ere ez. Eta, hori, genealogia berez oso arlo zehatza izanik, zeren pertsona guztiok dauzkagu gurasoak eta aiton amonak, bakoitza bere abizenekin. Hor ez dago misteriorik. Baten bat aipatzekotan, Juan Carlos Guerra ikerlari gipuzkoarra aipatuko nuke, XX. mende hasierakoa: luze eta zabal hitz egiten du Arabako heraldikari buruz, baina ez du bat asmatzen. Noiz sortu zen heraldika, eta zergatik? Ezkutuak garai bateko torneo ezagun haietan hasi ziren erabiltzen, borrokalariak elkarrengandik bereizteko. Ezkutu horiek indibidualak izaten ziren, ez familiarrak; zaldun eta militar bakoitzak berea izaten zuen. Geroago, XII. mendean, eta ez lehenago, batzuek dioten moduan, Alemania eta Europa Erdialdeko errege etxeak beren ezkutuak sortzen hasiziren, eta ohitura hori zabaltzen joan zen, orokorra bihurtu arte. Zure esanetan, Nafarroako ezkutuak berez ez darama katerik. Hori da Faustino Menéndez Pidal Historiako Akademikoak dioena, eta ni ados nago berarekin. Kate horiek, bere hasieran ezkutua erreforzatzeko nerbioak ziren, kolpeen aurrean babesteko. Esan berri dudan bezala, ezkutuak torneoetan hasi ziren erabiltzen. Gai honen inguruan kondaira asko daude. Esate baterako, Arabako ezkutuan gaztelu bat, ezpata bat daraman esku bat, eta lehoi bat agertzen dira, eta batzuek, elementu horiek hartuta, eszena bereziak sortzen dituzte: "lehoia erasotzera doa, eta ezpata defendatzen ari da...". Ez, ez, ez! Ez da interpretazio arrarorik asmatu behar. Noiz kontsolidatu ziren abizenak? Beranduago. Agiri batzuek erakusten dutenez, VII. menderako jada existitzen ziren, baina kontsolidatzeko denbora gehiago behar izan zuten. Jendeak hasieran izena besterik ez zuen erabiltzen, izen latinizatua, baina, denborarekin, askok izen berbera zutela ikusita (Antonius, Alfonso, Alonso), patronimikoa erabiltzen hasi ziren. Horrela, aitaren izena Martín baldin bazen, semearen abizena Martínez izango zen, eta aita Pedro baldin bazen, semea Pérez. Patronimiko batzuk oso bitxiak dira; adibidez Fandrobindez. Fandrobindo izen bisigodotik dator, eta oraindik existitzen da. Horrela, XII. mendera arte. Patronimikoen kontu hori Errusian ere gertatzen da: bukaeran "vic" daramaten abizenek " ren semea" esan nahi dute. Ivanovic, adibidez, Ivanen semea izango da. Baina horrela ere nahasketak sortzen zirenez, klase aberatsak hirugarren izen bat erabiltzen hasi ziren, erromatarrak bezala. Hirugarren izen horrek beren jatorria adierazten zuen. Herritar xumeak ere abizen patronimikoa baztertu eta bestelakoak erabiltzen hasi ziren, adibidez beren lanbidearekin edo ezaugarri fisikoekin lotuta zeudenak. Familiako norbait ezkutaria baldin bazen, Escudero abizena hartuko zuen, eta sei hatz baldin bazeuzkan, Seis dedos. Dena den, abizenak ezkutuak baino beranduagokontsolidatu ziren. Denborarekin, jende guztiak hartu zuen abizen bat, baina oso gutxik mantendu zuten ezkutua. Beraz, norbait familiaren ezkutua izatearekin itsututa baldin badago, baina bere familiak inoiz ez baldin badu bat izan, berri bat asmatu beharko du. Noiz erregistratu ziren abizenak datu base batean? Erregistro Zibila XIX. mendean sortu zen. Ordura arte, abizena ahoz aho pasatzen zen gurasoengandik seme alabengana, eta askok aldatu egiten zuten berea. Beste batzuek nahiago zuten amaren edo aitona baten abizena erabili, aitarena baino gehiago gustatzen zitzaielako, edo entzunegia zelako. Kontuan izan behar da garai hartan ez zegoela araudirik, eta beraz Erregistro Zibila iraultza txiki bat izan zen. Bitxiak dira benetan Arabako abizen konposatuak, eta oso zabalduta daude gainera. Bai, adibide asko eta asko ipin genitzake: Martínez de Mandojana, López de Ipiña, Ortiz de Zárate... Lehen iparralde guztian erabiltzen ziren, Gipuzkoan, Nafarroan, Sorian, Logroñon eta abar, baina Araban bakarrik gorde dira. Zergatik? Oso kasu bitxia da. Abizen konposatuak Araban sortu ziren, eta hortik beste lekuetara zabaldu ziren. Arabarrek erromatarrengandik hartu zuten hirugarren izena ipintzeko ohitura, eta mendez mende mantendu da, gaur arte. Ba al dute Euskal Herriko gainerako lurraldeekiko beste berezitasunik? Nafarroan abizen konposatu asko daude. Bizkaian eta Gipuzkoan, baserriaren izenak ematen dio abizena familiari. "Iturribitarte" abizena, adibidez, ez da hutsetik sortua, baizik eta baserria bi iturriren tartean kokatuta egotetik etorri da. Hala ere, matizazio garrantzitsu bat egin behar da: baserriko emakumezko oinordea ezkontzen denean, senarrak bere abizena galdu eta emaztearena hartuko du, baserriarena. Zenbat abizen pasa dira zure eskuetatik? Prestatzen ari naizen datu basean 225.000 fitxa erregistratu ditut. Fitxa bakoitza pertsona baten abizenek osatzen dute, eta munduko mutur desberdinetako izen abizenak topa daitezke. Beste alde batetik, Arabako herrietakoezkutuei buruzko bilduma bat egiten ari omen zara. Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Ikaskuntzaren ekimen bateratu bat da, Arabako 51 udal eta 350 batzar administratiboren ezkutuak ezagutzera emateko. Oso herri gutxik daukate ezkutua; gehienentzat berri bat asmatu behar dut. Arabako Foru Aldundiarentzat oso garrantzitsua da herri bakoitzak bere zeinua izatea, bere barne zein kanpo harremanetan erabiltzeko. Hiru urteko epea daukat lana amaitzeko. Nolako etorkizuna ikusten diezu heraldikari eta genealogiari? Nik uste dut tradizio hauek asko iraungo dutela. Ez dago galzorian daudela pentsatzeko arrazoirik; alderantziz. Jendeak gero eta interes handiagoa du bere arbasoak, bere familiaren historia, bere jatorria ezagutzeko. Zenbaterainokoa da abizen eta ezkutuekiko duzun zaletasuna? Datu bat eskuratzeko, egun bakar batean ehunka kilometro egiteko gai naiz... Eta izugarri gustatzen zait bidaiatan telefono gidak arakatzen ibiltzea. Ikaragarria da Hegoameriketako herrialdetako gidetan zenbat abizen euskaldun agertzen diren! Beste alde batetik, asko gustatuko litzaidake Álava familiari buruz lan sakon bat egitea. Urte asko daramatzat horren inguruan dagoen informazioa biltzen. Familia horretan oso pertsonaia entzutetsuak izan dira. Foru Aldundia lehenbailehen argitaratzeko prest dago, baina ez daukat denborarik. Lan hau prestatzeko orduak eta orduak eman behar dira artxiboetan: elizaren artxiboetan, administrazio desberdinenetan, familiarenetan, artxibo militarretan, judizialetan... Protokolo notarialak ere oso garrantzitsuak dira. Baina garrantzitsuena denbora da, eta hori bai ez daukadala. Ez dugu ahaztu behar jaten ematen didana bide ingeniaritza dela, nire beste pasioa. Besteen abizenez mintzatu gara. Ostera, zer esan diezagukezu zureari buruz (Vidal Abarca)? Jatorriz Murtziakoa da nire abizena, hara. Nire birraitona militarra zen, eta hona destinatu zutenean hemen gelditzea erabaki zuen. Vidal Abarcatarrok dagoeneko lau belaunaldi daramatzagu Vitoria Gasteizen. JuanVidal Abarca Duela 58 urte jaio zen Arabako hiriburuan. Lanbidez bide ingeniaria izaki, bere lanaz gain beste bi zaletasun handi ditu: heraldika eta genealogia, eta hauei eskaintzen die bere aisialdia; ez nahi beste denbora, baina bai behintzat dagoeneko milaka abizen aztertzeko adina. Agiri eta liburu historikoz beteta dauzka etxeko apalak, eta ez da batere harritzekoa haien artean telefono gidaren bat aurkitzea, Hegoameriketakoa ahal izanez gero, ikaragarri gustatzen baitzaio horrelakoak begiratzea ere. Argazkiak: Ismael Diaz de Mendibil Euskonews & Media 176.zbk (2002 / 7 / 19 26) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Julia Otxoa: "Neure burua eta inguratzen nauena ulertzeko idazten dut, munduak osatzen duen enigma itzulpen sinbolikoaren bidez adierazteko"

 

Irakurri

María Bayo: "Oso ahots onak daude, eta bultzatu eta zaindu egin behar ditugu"

 

Irakurri

Marino Lejarreta: "Orain txirrindularitzan abentura gutxiago dago, dena planifikatzeko joera gailendu delako"

 

Irakurri

Xabier Usabiaga: "Kazetaritzan lan bikoitza daukat. Batetik kirol albisteen aurkezlea, eta bestetik txirrindularitzako emankizunetan iritzi-emaile"

 

Irakurri

Edurne Ormazabal: "Esaten edo aurkezten ari zarena sinestea premiazkoa iruditzen zait kalitatezko lan bat egiteko"

 

Irakurri