Matilde Elexpuru. Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Elkarteko lehendakaria: Gure gizarteak kultura-aldaketa onartu behar du

2009-11-27

GONZÁLEZ RODRÍGUEZ, Iker

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Matilde Elexpuru Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Elkarteko lehendakaria da duela 14 urtetik. Enpresa alorrean emakumearen zeregina bultzatu eta sustatzen laguntzeko gunea eratzea du xede elkarteak. Egungo egoera ez da txarra, baina emakumearen berdintasunaren eta gure enpresen garapen hobearen aldeko konpromisoa bere egin duenez, gure gizartean indarrean dirauten mitoak, oztopoak eta mesfidantza erabat desagerrarazteko lanean ari da. 100 enpresatik gora biltzen ditu elkarteak, eta nazioartean eramaten du aurrera bere jarduna.

Nola sortu zen elkartea sortzeko asmoa?

Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Elkartea (AED) 1995ean eratu zen, enpresaren alorrean emakumearen zeregina zabalduko duten egiturak sortzea sustatzeko. Elkartea batzeko eta komunikatzeko gunea da, garapen ekonomiko eta sozialari erantzunak eta bestelako aukerak emateko sortu zen, emakume enpresarien kolektiboari eragiten dioten gai garrantzitsuen aurrean iritzia sorrarazteko. Eratu zenetik gaur egunera arte, AEDk lan asko egin du, horrek gizartean ondorioak dituelakoan.

Gaur egun, zalantzarik gabe, gizartea konturatzen ari da emakumeek desberdintasuna pairatu dutela eta oraindik ere pairatzen dutela. Baina nola izan ziren elkartearen hastapenak horren kontzientziatua ez zegoen gizartean?

Hasiera oso zaila izan zen. Betidanik enpresariak izan arren, emakumeek ez dute euren jarduera aurrera eramateko beharrezkoa den errekonozimendurik izan, are gehiago, etxearen eta familiaren eremura mugatu nahi izan dituzte, etxea eta pertsonak zaintzeko ardura guztiak haiengan utziz. Egoera horretan, hasiera oso zaila izan zen enpresa-egitasmoari ekin nahi izan zioten emakumeentzat.

Zer iruditzen zaizu emakumeak lan-merkatuan bizi duen bilakaera?

Prozesua poliki baina sendo doa aurrera. Zalantzarik gabe esanguratsuak izan diren aurrerapausoak ez dira berdinak sektore, gune geografiko, adin eta bestelako faktore erabakigarriei erreparatzen badiegu.

Zerk bultzatu zintuen AEDren lehendakaritzara?

Batez ere, gure herriko ehun sozioekonomikoan emakumeak berdintasunez eta erabat sar daitezen lanean ari diren emakumeekiko konpromisoak, eta Bizkaiko ehundik gora emakume enpresarik eta zuzendarik gure enpresak eta emakumeek zuzendutako enpresak hobetzeko aurrera daramaten ganorazko proiektuaren buru izateko aukerak.

Aurrera daramazun lana atsegingarria ala etsigarria al da?

Balantzea ona da, ezin da bestelakoa izan. AEDren ospea eta eginkizuna gorantz doaz, eta uste dut poliki-poliki gure ahotsa entzunarazten ari garela. Barne funtzionamenduari begira, dinamikoagoak garelakoan nago: hainbat jarduera antolatzen ditugu (burutu berri dugu Euskadiko Emakumezko Enpresari, Zuzendari eta Profesionalen Federazioak antolatu ohi duen Emakume Enpresarien Iberoamerikako Biltzarra, eta uneotan AEDren esku dago federazio horren lehendakaritza), eta gure elkarteko kideek ekimen horietan hartzen dute parte, lan-batzordeetan jarduteaz gain. Oraindik ere lan asko dugu aurrean, baina egindakoarekin pozik nago.

Esperientzia txarren bat izan al duzu lanean emakume izateagatik?

Nire egoera medio, ez dut halakorik bizi. Izan ere, beti izan naiz ekintzailea, lanean hasi nintzenetik neure enpresan aritu naiz. Baina badakit hainbat emakumek halako esperientziak bizi izan dituztela eta gaur egun ere bizi dituztela, eta hori desagerrarazi egin behar da.

Nola eragiten du famili inguruak emakumearen garapen pertsonalean eta lanekoan? Gainditzeko moduko oztopoa da ala betiko baldintzatuko du emakumearen jarduna?

Lanean eraginkorrak izatea eta aldi berean famili inguruan eta maila pertsonalean garatzea izan behar da gure helburua. Dena den, lana eta familia bateragarri egitearen helburua edo beharra ez dagokie emakumeei bakarrik. Gizartearen, gizonen eta emakumeen ardura da.

Gizonek ere euren familia zaintzeko eskubidea edo norbere garapenerako denbora errebindikatu behar dituzte. Emakumeek ez lukete bizitza profesionalaren ala bizitza pertsonalaren arteko hauturik egin behar.

Erakundeen aldetik zer nolako erreakzioa nabaritu duzue?

Erreakzioa oso positiboa da; bizitza sozioekonomikoan eta lanekoan zutik dirauten oztopoak astintzera bideratutako prozesuak eta ekimenak jartzen ari dira abian. Izan ere, oztopo horiek benetako berdintasuna eragozten dute, eta horrekin batera ezinezko egiten dute emakumea ehun sozioekonomikoan benetan eta erabat integratzea.

Ekintza horiei guztiei esker egoera aldatu beharraz jabetu da gizartea, baina hurrengo urratsa falta da, hau da, eremu publikoan eta pribatuan beharrezko neurriak hartzea helburua bete dadin eta benetako berdintasunezko gizartea lor dezagun.

Zein da elkartearen eguneroko jarduna?

Elkartekideen kezkei eta beharrei erantzuteaz gain, elkarteak garapena lantzen du. Ildo horretan, Zuzendaritza Batzordearen eta Lan-batzordeen bitartez, ekintza-planaren arabera abian jarritako proiektuak bultzatzen ditu.

Aholkularitza eta prestakuntza arloko zerbitzuak eskaintzen dituzue. Nola kudeatzen dituzue?

Eurentzat baliagarri izan daitezkeen ikastaroei edo jardunaldiei buruzko informazioa eskaintzen die AEDk elkarteko kideei. Gainera, aldizka, elkarrizketarako gosariak edo bazkariak antolatzen ditu, eta horietara ekartzen ditugun gonbidatuek gai jakinei buruzko informazioa eskaini edo zalantzak argitzen laguntzen digute.

Zer emaitza izan du AEDren topaketetan nazioarteko harremanak lantzeak?

AEDk, nazioarteko topaketetara joateaz gain, antolatu ere egiten ditu. Iaz, esaterako, Emakume Enpresarien Iberoamerikako XIX. Biltzarra antolatu genuen. Jardunaldion bidez, emakumeen garapen pertsonal eta profesionalarekin lotutako gaiei buruzko eztabaidarako eta iritzia emateko foroan hartu dugu parte. Gainera, merkataritzako eta enpresa mailako harreman interesgarriak lantzeko ere aproposak dira halako ekimenak.

Zer nolako harremana duzue Estatuko probintzi mailako beste elkarteekin?

AED Euskadiko Emakumezko Enpresari, Zuzendari eta Profesionalen Federazioko kide da, eta baita ere probintzi mailako elkarte guztiak biltzen dituen OMEGA erakundekoa ere (Emakume Enpresarien eta Kudeaketako postuak dituzten Emakumeen Erakundea). Era berean, Emakume Enpresarien Iberoamerikako Federazioko (FIDE) partaide da.

Zein egoeratan daude gainerako elkarteak AEDrekin alderatuta?

Beste autonomia erkidegoetako elkarteek ere guk lantzen ditugun eremu berberak jorratzen dituzte, eta oso erakunde dinamikoak dira. Baliabide gutxirekin elkartekideen interesen alde etengabeko lana daramate aurrera.

Zein herrialdetan bizi dute emakumeek egoerarik onena? Zer falta zaio Bizkaiari egoera horretara iristeko?

Europa iparraldeko herrialdeetan abian jartzen ari diren politika berritzaileek emaitza onak izan dituzte. Bizkaian, Estatuko beste probintzia batzuekin alderatuta, egoera ez da txarra. Baina hala ere, mitoak, oztopoak eta mesfidantza desagerrarazi behar dira. Gure gizarteak kultur aldaketa sakon hori onartu behar du.

Elkarteak AED Enpresa-saria ematea erabaki du. Zer hartuko duzue kontuan sariduna erabakitzeko orduan?

Batetik, enpresan edo erakundean emakumeak modu esanguratsuan partaide direla, batez ere ardura-lanpostuetan. Bestetik, berrikuntzaren aldeko apustu sendoa ere aintzat hartuko dugu, berrikuntza zentzu zabalean ulertuta: kudeaketarako metodo eta tresna berriak erabiltzea, produktu edota zerbitzu berriak eskaintzea eta teknologia berriak erabili eta garatzea, baita nagusi diren ereduak hobetu edota aldatu izana ere.

Beraz, gure enpresa-ehunaren lehiakortasuna eta gizartearen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten antolaketa- eta gizarte-ereduak abian jartzera bideratutako politika eta estrategia berriak aplikatzeari emango diogu garrantzia. Era berean, kontuan hartuko dugu enpresen gizarte-ardurarekin lotutako ekimenak abian jartzea, enpresa edo erakundearen barrura eta kanpora begira.

Elkartea helburu guztiak betetzera iritsiko al da inoiz?

Zergatik ez? Baiezkoan gaude, baina egun hori oso urruti dago oraindik.

Emakume enpresari batek zein urrats eman behar ditu zuen elkarteko kide izateko?

Posta elektronikoz harremanetan jartzea da egokiena (aed@euskalnet.net), edo bestela telefonoz deitzea (944168114), eta horrela, elkarteari eta aurrera daramatzan jarduerei buruzko informazioa eska dezake. Hurrengo urratsa erraza da, izena emateko eskaera-orria bete besterik ez du egin behar.

Noiz amaituko da zure lana AEDn?

Gure helburuen alde lan egitea izan da beti elkartearekiko nire konpromisoa, zuzendaritzatik edo oinarritik. Horregatik, elkartearen helburuak goitik behera betetzean joko dut amaitutzat nire lana. Matilde Elexpuru “Deustuko Unibertsitateko Turismo Eskolako lehen promoziokoa naiz. Deustuko Unibertsitatean ikasketak amaitu ostean ia bi urte eman nituen Frantzian eta Bretainia Handian, ikasten eta lanean. Lehen lana Bilboko Film Laburren Jaialdian egin nuen, unibertsitateko beste kide batzuekin batera, lehenengo azafata moduan, eta gero interprete-lanetan. Ondo aritu ginen, antza, ordutik aurrera hainbat enpresetatik eta erakundeetatik deitu baikintuzten. 1975ean TISA, Traductores e Intérpretes S.A. enpresa sortu genuen. Talde hartatik, hainbat arrazoi medio, TISAn lanean jarraitzen duen bazkide-sortzaile bakarra naiz, eta apoderatu-kudeatzailea naiz. 90eko hamarkadaren hasieran TISA CONGRESOS S.L. enpresa sortu nuen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldetan ditugu bulegoak: Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Lanak bidaiatzeko aukera eman dit, 5 kontinenteak eta askotariko pertsonak ezagutu ahal izan ditut, eta horrek ekarri didan ezagutzari esker ikuspegi zabal eta anitzarekin begiratzen diot nire jardunaren inguruko enpresa-munduari, eta oso gustura nago bertan”.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Mila Beldarrain. Idazlea: Ez dut idazten errebindikatzeko, idazten dudalako errebindikatzen dut

 

Irakurri

Teresa del Valle. Eusko Ikaskuntzaren XVII. Kongresuko Lehendakaria: Eusko Ikaskuntzaren XVII Kongresua orainaldian lan egitea da etorkizunera begira jardunbideak abiatzeko

 

Irakurri

Giuseppe Traverso. Euskadiko Biodibertsitatearen Zentroko zuzendaria: Dugun aberastasunik handiena ekosistemak ematen dizkigun zerbitzuak dira, izan ere jarduera guztietarako elikatze-iturri dira

 

Irakurri

Iñaki Martinez de Luna Perez de Arriba. Soziolinguista: Hizkuntza berdintasunaz gehiegi hitz egiten da, horrekin euskara ez dela gazteleraren aurretik lehenetsi behar adierazi nahirik

 

Irakurri

Rosa Ayerbe Iribar. Historialaria: Denborak ez du guztia sendatzen, eta arazoak betikotu egin daitezke

 

Irakurri