Ramon Saizarbitoria: "Agian, kultura txiki batean jaio izan ez banintz ez nuke sekula idatziko"

2002-04-26

SALA, Teresa

Elkarrizketa: Ramon Saizarbitoria Ramon Saizarbitoria, idazlea "Agian, kultura txiki batean jaio izan ez banintz ez nuke sekula idatziko" * Teresa Sala "Gorde nazazu lurpean" da bere azken lana, Euskadi Literatur Saria irabazi duena. Kritika Saria eta Beterriko Liburua. Espainiako Sari Nazionalerako finalista ere izan da eta kalean dago jada gaztelerazko itzulpena. Eta, hala ere, ezinezkoa da Ramon Saizarbitoria azken honegatik sailkatzea, ez baitago bere ibilbidea laburtzeko gai den lerrorik, ezta bere liburuen osotasuna deskribatzeko gai den hitzik. "Egunero hasten delako", "Ehun metro" edo "Hamaika pauso" bezalako izenburuak, kritikaren hainbat sariren adiskideak dira. Eta bera apaltasunez mintzo da, bizitzaz, euskal kulturaz eta literaturaz, barnean daraman kezka handi horretaz, Donostiako bere bulegotik "jolasa" deritzon arteaz. Urte bete baino gehiago pasa da "Gorde nazazu lurpean" argitaratu zenetik, gero sariak heldu ziren eta orain, aldiz, gaztelerara itzulpena. Zein da nobelaren xarma? Iruditzen zait darabilzkidan gaiak arruntak izanik, gizakioi interesatzen zaizkigun gai bitalak direla: giza harremanak, sexu harremanak, euskal herritarrok daramagun zama historikoa, horren eragina eta horrek dakarzkigun arazoak... Kontaketaren arazoa ere azpimarratuko nuke, maiz azaltzen baita nire literaturan, eta uste dut irakurleak hori estimatzen duela, berak ere konplizitate bat bilatzen duelako. Egia esan, ez dakit zein meritu ikusi dizkion jendeak. Nirea estilo xumea da, pertsonaien alderdi miserableak erakusten ditut eta horren ondorioz jendeak lana gutxiesteko joera izan dezake, baina kritikak ikusi du azalpen sinple eta xume horren atzean doitasun bat dagoela, esaten ditudan gauzak neurtzen ditudala, dokumentatzen naizela, ez dela hanpatua izan beharrik gauza garrantzitsuak esateko. Max Frisch idazlearen eskua heldu zeniola aipatu zenuen duela hilabete batzuk. Bere inguruko lan batekin ari zinela... Egia esan, erabat baikor nengoen garai hartan. Gaia nolabaitbideratuta neukan, ideia bat daukazuenean ez dakizu noiz gauzatuko den istorio, noiz bilakatuko den nobela. Ideia bat izan nuen eta hori zerbait esateko bidea izan zitekeela otu zitzaidan baina gero "Gorde nazazu lurpean" nobelaren gora beherak heldu ziren eta horretan eman dut denbora. Idazle izatearen inguruan suertatu daitezkeen gauza guzti horiek kezkatzen naute. Saria irabazteaz eta nobela itzultzeaz ari zara orduan? Bai, idazteak nik uste baino gauza gehiago dakartza, idazketatik nolabait ateratzen zaituztenak. "Gorde nazazu lurpean" gehiegi ari da irauten, beste gauza batzuk idaztea gustatuko litzaidake, momentuz bi ipuinekin lanean nabil. Zer deritzozu euskal literatura beste hizkuntza batzuetan ikusteari? Gauza gehienak bezala errealitate hau alderdi askotatik ikus daiteke eta alderdi batzuk gehiago gustatzen zaizkit. Alderdi bat, zalantzarik gabe, erabat baikorra da. Orain nahiko naturaltasunez argitaratzen dira gureak gazteleraz, horrek esan nahi du gure literatura Espainia mailan lotsarik gabe egoteko modukoa dela eta hori da, nire eritziz, notiziarik hoberena. Bestalde, iruditzen zait itzulpena beti datorrela gazteleraren bidetik eta arrisku bat du horrek: ez ote gaituen jarriko gaztelerazko merkatuari begira, ez ote duen, gurea hain txikia izanik, gaztelerazko merkatuak pisu gehiegi hartuko. Gainera, "Gorde nazazu lurpean" liburua Espainiako Sari Nazionalerako finalista ere izan da. Euskal literaturaren osasunaren adierazgarri dela uste duzu? Erreala Espainiako finalista geldituko balitz pozik egongo ginateke. Euskal literatura Espainian dabil eta modu duin batean gainera, irakurketa hori du finalista izateak, nire kasuan behintzat. Dena den itzulpenak morrontza ekar dezake. Nire beldurra da zein neurritan baldintzatuko duen gazteleraz ateratze horrek gure produkzioa, ez ote dugun horri begira idazteko arriskua izango, gaiak edo estiloak aukeratzerakoan, adibidez. Eta zuk, nobela idazten ari zinela pentsatzen al zenuen gazteleraz argitaratzeko aukeraizango zenuenik? Egia esan, ez naiz itzulpenaren harro sentitzen, euskal literaturak urrats hori eman duelako jada. Nobela batek euskaraz kritika ona baldin badu, eta nireak izan du, ez dut uste gazteleraz horrenbesteko kritika egingo zaionik. Gazteleraz argitaratzea irabazten dut itzulpenarekin, baina kritika onarekin ateratzea zaila iruditzen zait, gainera promozioa ere kontuan hartu beharreko zerbait da. Nire liburuak Espainian pare bat kritika jaso ditzake eta Euskal Herrian asko jaso ditu jada. Kultura txiki batekoa izateak niretzat garrantzi handiagoa du, zeren hor aurkituko baitut corpus kritiko bat, hor jolastuko dute nire nobelarekin eta birsortze bat etorriko da. Gazteleraz argitaratzeko gai naizela nolabait frogatuta dago eta horrek ez dit poz gehiegirik ematen. Nik uste dut euskal idazleoi euskal testuinguruak ematen digula bermea, euskaraz idazteko indarra eta ahalmena. Ez dut gazteleraz lortuko euskaraz lortu dudana, baina guzti honek despistatzen nau, duela urte bat argitaratu nuen "Gorde nazazu lurpean" eta oraindik gauza berarekin bueltaka jarraitzen dut. Gauza berriekin jolastea gustatuko litzaidake, guzti hau jolasa baita azken finean. Beraz, idazketa jolasa da zuretzat... Bai, noski. Jolas sendoa agian, baina jolasa. Jolas hau nire bizitzan garrantzitsua bihurtzen ari da, egia baita esperientzia batzuk literaturaren galbahetik pasatzen ditudala. Hausnarketa bat dago hor, gauzak bi aldiz bizitzeko modu bat eta baita irudimenean babesteko era bat ere. Gero eta argiago ikusten dut beste mundu bat muntatzen ari naizela... Bertan sartzen naizenean errealitatetik ihes egiteko modu bat aurkitzen dut, errealitateaz hitz egiten dudan era berean. Kritikak, sariak eta itzulpenak alde batera utzita. Zein da idazketak idazleari ematen dion poza edo plazerra? Zure bizitzari helburu bat jartzen diozunean eta helburu hori lortzen duzunean poz bat sentitzen duzu. Nik ideia bat izaten dudanean eta horren inguruan errealitate zatiak dituen fikziozko mundu bat sortzekogai naizela ikusteak, ez dakit zergatik, barne poz bat ematen dit. Gizakumeak gero eta gutxiago errealizatzen gara eta niri literaturak hori ematen dit; ezer ez zen ideia batetik paperean mundu bat lortzea, zeinen inguruan beste batzuk idatziko duten, hausnarketa bat izango duten eta zerbait sentituko duten. Literaturak pertsona bezala laguntzen dit, munduan nire lekua bilatzen eta nire burua hobeto ezagutzen. Beste batzuei nolabait laguntzen diedalakoan nago, nire pertsonaia horien arteko harremanetan dauden ezintasunak eta gora beherak ikusterakoan iruditzen zait norbaitek bereak ikusten dituela eta bere buruaz barre egiteko bidea aurkitzen duela. Hori guztia interesgarria iruditzen zait, baina azken finean jolasa da, ez da kontua serioegi hartu behar. Noiz jakin zenuen idazle izan nahi zenuela? Haurra edo nerabea nintzenean idazten nuela gogoratzen dut, Baroja imitatuz zehazki, Donostiako estanpak eta horrelakoak egiten nituen. Gero "Egunero hasten delako" heldu zen, nire lehenengo nobela, eta idatzi nuen ikusten nuelako nire inguruan idazten zena eta argitaratuta zegoena ez zuela nire mundurik islatzen. Orduan iruditu zitzaidan idatz nezakeela zerbait, ez literatura ona baina bai nire kideko gazte euskaldunentzat egokia izan zitekeen zerbait. Eta idatzi egin nuen, baina ez idazle sentitzen nintzelako, euskaraz existitzen ez zen zerbait sortzeko baizik. Hortik aurrera idazten jarraitu nuen, idaztera bultzatzen ninduen zerbait banuela iruditzen zait, baina zaila egiten zitzaidan hori neure buruari aitortzea, harroegia nintzelako agian. Nik uste dut abertzaletasunak ere bultzatu ninduela garai haietan, beharbada kultura txiki batean jaio izan ez banintz ez nuke sekula idatziko. Ba al daukazu gauzatu edo lortu ez duzun xede edo proiekturen bat? Nire inguruan "Hamaika pauso" nobelaren bigarren saio bat egiteko eskakizuna somatzen dut, nobela zabalago bat egitekoa, mardula eta konplexua. Baina nik ez dut horretarako gogo handirik sentitzen. Momentuz iruditzen zait kontuaez dela zerbait nobela baten bidez esatea, baizik eta bidea irekitzea. Dakizun edo daukazun guztia ezin duzu liburu bakar baten bidez esan, liburu askoren bitartez agian bai. Beraz, ez daukat nobela batekin hustutzeko asmorik, ez diot neure buruari eginkizun hori inposatzen. Iruditzen zait oraingoz behintzat gauza xumeagoak egingo ditudala, beti errealitatea partzialki aztertuko dutenak. Agian urte batzuen buruan gauzatuko dut nobela osoago bat, baina ez dakit. Zein neurritan baldintzatzen du Saizarbitoria soziologoak Saizarbitoria idazlearen lana? Nire gauzak eta errealitatea bera erakusteko daukadan modu naturala literatura da. Gehien interesatzen zaidan soziologia behaketaren soziologia da, keinuarena nolabait esateko. Baliteke, beraz, literaturan daukadan zehaztasunerako joerak soziologiaren eragina izatea. Nik ez daukat deskribapen aberatsak eta horrelakoak egiteko joera, gauzak zehaztasunez esaten ahalegintzen naiz. Normalean irakurleari nire armak erakusten ahalegintzen naiz, aldez aurretik nora noan esaten eta tranparik gabe jokatzen, maiz, istorioa nola bukatuko den ere kontatzen diot. Batzuek uste duten lez, nire helburua ez da irakurleari nobela bat irakurtzen ari dela ahaztaraztea, bai egilea eta baita irakurlea ere kanpoan gelditu behar direla uste dut. Irakurleak jolas bat dela jakin behar du eta idazlearen konplize izan behar da. Hori da gehien interesatzen zaidana, irakurle konplize bat izatea premiazkoa da niretzat. Agian norbaitek esango du irakurketa zientifikoa dela baina ni ez nago horrekin ados, horregatik ez zaizkit nobela handi eta mardul horiek interesatzen. Errealitatea errealitatea da eta fikzioak beste errealitate ezberdin bat osatu behar du. Baina errealitatea ulertzeko fikzioa beharrezkoa egiten zaigu batzutan... Zalantzarik gabe. Maiz, errealitatea ulertzeko erabilgarriagoa egiten zaigu fikziozko pertsonaia bat benetako pertsona bat baino. Baina fikziozkoak egiatia izan behar du. Errealitatean gertatzen ez den zerbaiten bidez ezin duzuistorioa muntatu, datu egiatiekin osatu behar duzu nobelan marraztuko duzun errealitatea. Ramon Saizarbitoria (Donostia, 1944) Soziologoa. Gizarte Zerbitzuen arloan liburu ugari argitaratutakoa. SIIS Dokumentazio eta Ikerketa zentruko zuzendaria. Bere ibilbide profesionala dela eta, Eusko Jaurlaritzaren I. Sustatu saria eskuratu zuen 1994an. 60ko urteetatik aurrera euskal hedabide gehienetan hartu du parte. 1967an LUR argitaletxea sortu zuen beste idazle batzuekin batera, eta 70ko urteetan "Oh Euzkadi" literatur aldizkaria. 1992an IV. Rikardo Arregi kazetaritza saria irabazi zuen. 1971n "Kapitaina" ipuin aipagarria argitaratu zuen "Hegatsez" liburuan. Hala ere, nobelagile gisa da ezagunago: "Egunero hasten delako" (1969), "Ehun Metro" (1976), "Ene Jesus" (1982), Kritika Saria, "Hamaika pauso" (1995) Kritika Saria eta "Bihotz bi" (1996) Kritika Saria. "Aberriaren alde (aberriaren kontra)" saio aipagarria 1999koa da. "Gorde nazazu lurpean" (2000) Kritika Saria eta Euskadi Literatura Saria 2001, "Gudari zaharraren gerra galdua" (2000), "Rossetiren obsesioa" (2001) eta "Bi bihotz hilobi bat" (2001) dira egilearen azken liburuak. Argazkiak: Teresa Sala Euskonews & Media 164.zbk (2002 / 4 26 / 5 3) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Tere Irastorza: "Euskal literatura lo dagoen sorgin liluragarria da"

 

Irakurri

Jean Fagoaga: "Iparralde honetan euskal kulturak bizirik iraun dezan oraindik ere lan izugarria egiteko dago"

 

Irakurri

Javier Aguirresarobe: "Secretos del Corazón filmak bereziki hunkitzen nau. Filme biribila da eta nik guztia eman nuen"

 

Irakurri

José María Bastero: "Terrorismoa desagertzea, aurrerapen ekonomikoa solidarioa izatea eta egonkortasun politikoa lortzearekin batera, morala berrindartzea gustatuko litzaidake"

 

Irakurri

Javier González de Durana: "Artium eta Guggenheim alderatuz, lehena delicatessen bat litzateke eta merkataritza gunea bestea"

 

Irakurri