Jean Fagoaga: "Iparralde honetan euskal kulturak bizirik iraun dezan oraindik ere lan izugarria egiteko dago"

2002-04-12

BUTRÓN, Ainize

Elkarrizketa: Jean Fagoaga Jean Fagoaga, medikua eta Eusko Ikaskuntzako lehendakaria Iparraldean "Iparralde honetan euskal kulturak bizirik iraun dezan oraindik ere lan izugarria egiteko dago" * Ainize Butron Duela hamar urte ireki zuen Eusko Ikaskuntzak lehen bulegoa Iparraldean. Hastapenetik euskal kultur ikerketa bultzatzeko lanean arituz, gaur egun erakunde hau lekuko herriko etxe eta ikasleekin sortu harremanei esker sendotuz joan da. Sendotze honek, Iparraldeko euskal kulturaren berreskuratzea lagundu badu ere, oraindik ere lan handia egiteko zegoela nabarmendu zuen Jean Fagoagak elkarteko lehendakariak. Honela, orain arte eraman dituzten ekimenak oroituz, lehendakariak geroari begira egitekoak diren ekintzak aipatu egin zituen. Ikerketa hauen artean toponimia zuen bereziki nabarmendu. Eusko Ikaskuntza Iparraldean bultzatu zenutenetik, zein izan zuen lehendabiziko helburua? Hasieran, gure lehentasuna Eusko Ikaskuntza Iparralde honetan ezagutaraztea izan zen. Lan hau egitea ezinbestekoa zen jende anitzen buruan erakunde hau alderdi politiko bat zela uste baitzuten. Fakultatean kokatu dugu gure egoitza eta, ezagutarazteko eraman genuen lehen ekintza, ikasle edo ikerketa lan bat egiten zuen bakoitzari diru laguntza bat ematea izan zen. Eta, hamar urtez, urtero 100.000 libera ematen dizkiegu euskara edo euskal kulturari buruzko ikerketa hauek eramaten dituzten ikasleei. Ikerketa frantsesez idazten ahal dute baina, euskal kulturari buruzko lan bat izan behar du. Sari hau urtero ematen dugu. Gure egoitza fakultatean dugunez, diru laguntza hau emanez, aukera bat izan da gure elkartea ezagutarazteko, eta bereziki ohartarazteko euskal kulturaren inguruan lana egiten dela. Batzuek besteei mezua pasarazi diete eta Eusko Ikaskuntzaren presentzia eta ezagupena sendotuz joan da. Horretaz gain, lan sakon bat daramazue Iparraldeko kultura, mendez mende nabarmendu diren pertsonaien inguruan. Jardunaldi anitz egin dugu. Urtero lau edo bost jardunaldi egiten ditugu, esatebaterako, "Le droit coutumier basque" gaiaren inguruan edo "Madeleine de Jauregiberri" edo beste pertsonaien inguruan. Jardunaldi hauetan ikerlari anitz bilduz.Omenaldi bat egiten dugularik beti liburu bat plazaratzen dugu. Hala ere, gure gaur eguneko erronka Iparraldeko barnealde horretan sartzea da. Horretarako, hitzarmenak egin ditugu herriko etxeekin. Dagoeneko hamar ditugu: Mauleko hiriarekin, Barkoxerekin... Nafarroa Beherean ez dugu batere eta Lapurdin gehiengoa: Sara, Ezpeleta, Kanbo, Baiona, Hendaia, Donibane Lohizune. Baionako hiriarekin, hitzarmen honi esker, urtero 80.000 liberako aurrekontua dugu. Baionak 40.000 ekartzen ditu eta guk beste 40.000 libera ekintzak bideratzeko. Mintzaldiak egiten ditugu eta ohorezko sari bat banatzen dugu euskal kulturaren alde lan egin duen pertsona bati. Beste 20.000 libera gazte bati ematen diogu tesia edo lan ezaugarri bat egiteagatik. Eusko Ikaskuntzak urteak daramatza hemen eta nolabait ezagupena lortu du Iparralde mailan. Zein jarrera somatzen duzue lekuko auzapez eta biztanleengandik? Oso ona. Horrek nolabait kuraia ematen digu aitzinera jarraitzeko. Kultura ematen baduzu beti aitzinetik argi ikusten da ate guztiak irekitzen zaizkizula. Eta auzapez eta kontseilariak beti ados izaten dira ekimen bat bideratzeko. Gero dirua emateko beti murritz izaten dira, herriko etxeen kultur aurrekontua beti txikia izaten baita. Aldiz, omenaldi jardunaldi bat egiten delarik segidan 15.000 liberako aurrekontua behartzen gaitu ematea. Erdiz erdi egin behar badu segidan arazoak azaltzen ditu. Nolabait zentzu horretan eraman duzuen lanari esker, Ipar Euskal Herrian garrantzia izan duen pertsonai edo ikerlari bat ezagutzera eman duzue. Sentitzen da beharra jendeengandik euskal kultura berreskuratzeko.Duela bi hilabete Harristoi jaunari buruzko jardunaldi bat antolatu genuen. Berak lan izugarria egina zuen eta ez zen batere ezaguna. Egun oso bat antolatu dugu Aiherran gai honen inguruan, eta harritu ginen ehun pertsona bildu baitzirenbertan. Arrakasta hau bildurik ohartu gara eskualde honi begira lana handiagotu behar genuela. Beste jende anitzek lan handia egin du euskal kulturaren inguruan eta hauek anitz ahantzi egin dira. Gazteak behar dira mugiarazi, interesatu eta ekonomikoki lagundu kultur hau berreskuratzeko. Gure helburu nagusia hau da: ikerketak egitea, gazteak laguntzea eta ahantzi diren pertsona horiei gaurkotasuna ematea. Nahiz lana abiatu zenbait pertsonaien inguruan, oraindik lan handia egiteko dagoela ohartzen gara. Hala ere, Iparralde honetan usu aipatzen da gazteen lanak eskas direla literatur eta ikerketa mailan. Ez dut uste. Baina, guk egiten duguna baino anitz gehiago egiten ahalko zen. Eusko Ikaskuntzak baliabideak baditu, baina lan hori egiten laguntzeko ez dugu aski. Gure azken ikerlana Jakes Casaubonek egin du, "iri" hitza zer den azterketaren inguruan. Laster aterako du liburua. Bestalde ere, jakinez Iparralde honetan euskal izen anitz galtzen ari direla, toponimiari buruzko ikerketa bat egiten dugu. Horretarako, artzainak galdekatu behar dira. Casabonnek lan hori hasia du egiten Ezterenzubiko herrian. Lehenik hor eginen dugu eta gero Zuberoan arituko gara ere. Lan anitz egitekoa dago gai horren inguruan. Baina beharrezkoa da, bestenaz adineko jendeak hiltzen delarik beraiekin eramaten dute beren ezagupen eta aberastasun guztia. Baliabideak eskas dituzuenez, toponimiari buruzko ikerketa bideratzeko, zer egin beharko litzateke zure irudiko ikerketa hau indartzeko? Lan hori herri bakoitzak hartu beharko luke bere gain. Herri bakoitzean ikasle bat interesatua balitz ikerketa bat bideratzeko herriko etxeak lagundu beharko lioke. Gu prest gintezke hitzarmen bat herri bakoitzarekin egiteko eta ekonomikoki laguntzeko gure esperientzia eta metodologia emanez. Baina, herriko etxeek ere lan egin behar dute zentzu horretan. Duela zazpi urte Eusko Ikaskuntzako lehendakari zarela. Zure ustez izan da bilakaera bat gizarteak kulturarekiko daukan atxikimenduari begira? Guk egin dugunlanak ez dut uste horretan eragina izan duenik. Baina, egia da jende guztiak, bai gizarte mailan eta bai eta hautetsiek, interes handiago daukatela kulturari begira. Interes honen adibidea da berriki Senperekin ukan dugun harremana. Herri honekin hitzarmen bat izenpetu dugu eta berriki beren dei bat izan dut jakiteko heldu den urterako zer motako lana egiten ahal dugun elkarrekin. Nolabait, guk kontzientzia iratzartzen dugularik segidan erantzun bat izaten dugula ikusten dugu. Orduan jendea animatzen da eta hori da egin behar den lana. Anitz denboraz euskalgintza lo bezala egon da. Eta gaur egun geroz eta gehiago azkartzen ari da. Orain anitz gauza badira ez direnak ezagutuak, baina salbatuak direnak, anitz idazki, esate baterako Euskal Museoan. Lana izugarria egitekoa dago. Horiek salbatuak dira, lo dira baina ez dira desagertuko. Baina, pertsonak badira bizi direnak eta idatzi ez dutenak,eta beren baitan dute aberastasun eta ezagupen guztia. Eta hori galdu egiten da hiltzen direlarik. Memoriaren behar handia dago eta zentzu horretan irratiek eramaten duten lana oso garrantzitsua da. Guretako, zer nahi gisaz artxiboak Baionan baziren erraztasunak izanen genituzke. Nire irudiko bada benetako hizkuntz politika baten beharra ditugun zailtasun guztiei aurre egiteko. Gazte anitzek ikasketak Frantses estatuan eramaten dituzte. Horrek ez al du nolabait lekuko ikerketa lanak bideratzeko zailtasunik ekartzen? Nire irudiko frantses eta euskal kultura elkarrekin ukatea aberastasun bat da. Ikasle batek frantses kultura izatu du bere ikasketetan, berak du kultura horren neurria. Horretaz gain, bere kultura ezagutzeko gogoa dauka eta ez da dudarik, gai horretan pertsona horrek aberastasun bat gehiago duela. Iparraldeko berezitasuna kultura eta hizkuntzak egiten dute eta, honekin batera, bizitzeko erak badu ere eragin zerbait. Kulturaren barnean sartzen zirelarik, frantses kultura eta euskalduna elkarrekin eramaten ahal dira. Baina, ez genuke belaunaldi berri baten beharra? Aridira gazte anitz agertzen. Baina, beharbada interesatuagoak dira politikan. Laster nahi lukete konpondu Euskal Herriko gatazka eta horregatik, beharbada, sartzen dira politikan. Geroago heldu zaie euskal kulturaren inguruan ikerketak bideratzeko nahia. Jean Fagoaga Jean Fagoaga 1928ko urriaren 20an sortu zen Saran. Sendagilea da eta gaur egun jubilatuta dago. Sarako auzapeza izan zen. Pilotari ohia. Hiru semeren aita da. Eusko Ikaskuntzako Iparraldeko lehendakariordea da 1995 geroztik. Euskonews & Media 162.zbk (2002 / 4 / 12 19) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Javier Aguirresarobe: "Secretos del Corazón filmak bereziki hunkitzen nau. Filme biribila da eta nik guztia eman nuen"

 

Irakurri

José María Bastero: "Terrorismoa desagertzea, aurrerapen ekonomikoa solidarioa izatea eta egonkortasun politikoa lortzearekin batera, morala berrindartzea gustatuko litzaidake"

 

Irakurri

Javier González de Durana: "Artium eta Guggenheim alderatuz, lehena delicatessen bat litzateke eta merkataritza gunea bestea"

 

Irakurri

Juan Mari Beltran: "Fusioa ere etxean dago: Aralarko artzainen doinu zaharrek arabiar musika dirudite"

 

Irakurri

Jose Mari Muxika: "Topagunean biltzen diren jarduerak euskal gizarteak eskatzen dituen jarduerak dira"

 

Irakurri