Urteko galdera

Marie-Andrée Ouret / BIGA BAI buraso elkarteko lehendakaria

02/28/2020

Marie-Andrée Ouret / BIGA BAI buraso elkarteko lehendakaria

Euskal hezkuntza eraiki

Euskal hezkuntza den nozio lausoa kalifikatu nahi bagenu, zer?

Pentsatzen ahal da euskal hezkuntza dela Euskal Herriak, lurralde antolatu bat izanez geroz, bidean ezar lezakeen hezkuntza sistema, eta bere printzipioak. Ondorioz bai, asmatzen ahal da horrelako egoera idealean planta daitekeen hezkuntza sail bat. Bainan, lurraldearen zatikatze administratiboaren errealitate idorra kontutan harturik, hauxe izan daiteke euskal hezkuntza baten izate arrazoia: Euskal Herri entitatea eraikitzeko (amesteko?) bide bat.

 

Euskal hezkuntzaren helburua: euskal komunitatea(k) sortzea

Egitasmo nagusi honetan oinarrituz, euskal hezkuntzak xedetzat luke euskal jendarte bat sortzea. Muga eta antolaketa politikoak, administratiboak, historikoak, fisikoak direnak direla, apustua egiten ahal dugu gai garela, haurren eta gazteen hezkuntzaren medioz, estatu bat ez baina ekosistema euskaldun bat eratzea.

Horretarako, maila desberdinetan komunitateak eraikitzeari genuke. Iparraldea, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoa entitate autonomoen arteko mugak gainditzea eta zubiak eraikitzea da euskal hezkuntzaren helburu nagusia.

Honek bere printzipioetan eta filosofian hau du eraiki nahi:

- Komunitate kulturala

Hizkuntza da komunitate horren oinarri nagusietariko bat, inportanteena ez bada.

Hiztun komunitate bat sortu beharra da, euskara batua izaki komunikatzeko premiazko tresna. Haratago, euskara da euskal identitatearen zementua eta euskal jendarteak duen ontasun amankomuna. Euskara liteke, beraz, euskal hezkuntzaren funtsezko ardatz bat.

Leku zentrala eman behar zaio euskal kulturari, bere aniztasun eta sakontasunean. Euskaldun bakoitzak behar luke adinera heldu Euskal Herriak dituen arte eta kultura ondare baita praktika biziez jabeturik : literatura, historia, artea, musika, ahozko literatura, bertsolaritza, herri kirolak, antzerkia... hauek izaki lurraldearen ezaugarri baita kultura unibertsalaren parte ere.

Kultura eta lurraldea direla aipagai, aniztasuna daukate berez: gehiegizko zentralismo bat saihestu beharrean, beraien tokia zaindu behar zaie historia lokalari eta euskalkiei. Euskal Herriaren geografia zabal bat, lurralde ezberdinen ezagutzera ekarri behar luke hezkuntza sistema horrek.

- Komunitate soziala, ekonomikoa, politikoa

Zein gizarte eraiki nahi dugu XXI. mende hastapen honetan?

Euskal hezkuntza batek oinarrizkoa luke balore humanistak transmititzea, gizarte berdinzalea eraikitzeko, inklusiboa, integratzailea, gaur egun nabarmentzen diren pobrezia, arrazismoa, sexismoa, eta mota guztietako zapalkuntzen aurka joka lezakeena.

Arlo politikoan, partekatu nahi diren baloreetan demokrazia, pluralismoa, ekologia balitezke, elkar bizitza baketsu baten berme. Euskal herritar sentimendua berreraikitzea baluke euskal hezkuntzak, bi estatu menperatzaileek mendeetan ezabatzera eraman ondoan. Gisa guziez, premiazkoak izpiritu kritikoa, jarrera herritarra, erantzukizun kolektiboa, lantzea.

Apustua hauxe da: hizkuntza, eta hainbat balore amankomunean lituzketen belaunaldiek lortuko dutela harremanak eta trukaketak biderkatzea arlo guzietan: lana, kultura, ekonomia, bizimoldea, lurralde osoa saretu arte, molde formal eta informalean.

 

Euskal Herri mailako hezkuntza bat

Ez dago gaur egun Herri mailan euskal hezkuntza sistemarik: erran genezake Euskadi eta Nafarroako autonomiek beraien sistema badutela, eta Iparraldean beste bat badela, Frantziako Hezkuntza Nazionalari lotua.

Zer egin dezakegu sistema bat sortzeko, muga-gaindikoa, eta dauden antolaketa anitzen gainekoa?

Oso desberdinak eta isolatuak diren sistemak zein neurritan ahal dira bateratu? Zenbait bide hemen lerrokaturik:

Lurralde mailan antolatutako formakuntza eskaintza bat, diplomen baliokidetasuna, edozein gunean hasitako ikasketak jarraitzeko aukera, diru edo traba administratiborik gabe.

Irakaskuntza sistemen arteko zubiak biderkatzea dugu: irakasleen arteko elkarlana, ikasmateriala obratze elkarlana, programak hurbiltzea.

XXI. mendeko euskal gizarte baten eraikitzeko aipatu baloreei begira, euskal hezkuntza egitura bat ereduzkoa irudikatzen da noski, filosofia irekian oinarriturik, pedagogia aitzinatu baten bitartez.

Ezen, zein bide dugu, erakundeak, mugak, lurralde antolaketak aldatu ezinean, gogoetan eta mundu-ikuspegietan eragitea baizik?


Eusko Jaurlaritza

Share:
Facebook Twitter Google Whatsapp