Urteko galdera

Ula Iruretagoiena / Arkitekto doktorea, Hiria-Hezkuntza ikerketaren kide

01/10/2020

Ula Iruretagoiena / Arkitekto doktorea, Hiria-Hezkuntza ikerketaren kide

Nago Euskal Herriko eskola eta ikastetxeetako espazioei begira, XXI.mendeko Hezkuntza Sistemaren eraldaketarako zenbait klabe identifika genitzakeela. Harrigarria bada ere, gure lurraldeko hezkuntza-eraikin askok XIX.mendeko Hezkuntza Sistemaren espazio-eredua darraite. Eraikin hauen arkitektura kartzela eta psikiatrikoen logiketan oinarritzen da, honek esan nahi du, kontrol eta autoritatearen mesederako pentsaturiko espazio egituraketa bat jarraitzen duela. Baina are txundigarriagoa da, eskola berriak eraikitzen direnean, hauek jarraitu beharreko arau garaikideek eredu aldaketarik ez ekartzea eta aldaketarako aukera murritza uztea —eredu jarraipena baita—. Horregatik, hezkuntza-espazioen parke eraikiari begira, eskola eredu bakar bat nagusitzen da, irakasteko espazioak errepikatzen dira eta homogeneizazioa nabari da, gaur eguneko beharrekin bat egiten ez duen ereduA jarraituz. Hau da, arkitekturak ez dio hezkuntza komunitatearen lan beharrei eta pedagogiaren helburu garaikideei erantzuten. (Esan gabe doa, hemen egiten diren hainbat baieztapen egoera orokor baten diagnosiari begira egina dela, salbuespenak salbuespen).

Hezkuntza-eraikinen eredu estandar bat nagusitzen bada ere, eskola eta ikastetxeetako espazioen eraldaketaren boom-a bizi dugu, bai gure lurraldean eta baita gure mugetatik at ere. Hiru arrazoi nagusi azpimarratu daitezke gertakizun honen zergatiak azaltzeko: Lehena, hezkuntza-eraikinen azpiegituren edadea, mantentze eta berrikuntza beharrak nabariak eginaz. Bigarrena, jaiotze tasen jaitsiera dela eta, hezkuntza-zentroen arteko lehia errealitate bat da, eta espazioen aldaketa hartu da ezberdinketarako irudi gisa matrikulazioak erakartzeko bidean. Azkenik, pedagogia garaikideak espazioaren egokitzapen eskakizunak azaleratu ditu, haurraren behar pedagogikoak erdigunean jartzea aldarrikatu duenean, espazioen esperientzia aberatsa irakas-euskarri izan daitekeela onartzen duenean eta irakaskuntza zentzu zabal batean praktikara eraman nahi duenean —ikasgeletako paretatik haratago irakas-bideak esploratzeke daudelako—. Tamalez kasu askotan, espazio berrikuntza ez da pedagogia-ereduaren hausnarketarekin bat egiten eta beraz pedagogiak ez ditu arkitekturaren baliabideak probesten. Espazioa soilik aldatuz ez da pedagogia berritzailerik lortzen eta alderantziz, pedagogia berritzaileak espazioaren konpainia behar du. Dena dela, hezkuntza espazioetan gertatzen ari den eraikuntza-fenomeno honen gainean hezkuntza komunitateak berak sakondu beharko du zeintzuk izan diren inbestitutako espazio-aldaketen ondorio pedagogikoak.

Egoerak egoera, hiru lirateke XXI.mendeko Hezkuntza Sistemaren espazio-ereduak jaso beharreko eraldaketa nagusiak: egitura malguagoak eraiki, testuinguruarekin loturak saretu eta eragile ezberdinen arteko lan-mahaien sorrera suspertu. Espazioen antolaketa eta espazioen izaerak egoera eta pedagogia ezberdinei egokitzeko gaitasuna jaso behar dute, eskola eta ikastetxe bakoitzak bere baliabide, identitate eta testuinguruaren arabera bere eskolaren ezaugarri propioak egokitzeko aukera izateko. Bestalde, hezkuntza-komunitatea hiriaren parte izatera itzuli behar da, gizarte-kolektiboaren lokarri bezala ulertuz, eta horretarako izaera irekiagoa berreskuratu behar du auzoarekin. Azkenik, espazioen eraldaketak etengabeko lan-prozesuak izan beharko lukete, hezkuntza komunitatearen partehartzaile guztien ahotsekin burutua: ikastetxe barneko eragile ezberdinen artean eta ikastetxeaz gaineko beste eragileekin. Espazioaren aferean administralgoko sail ezberdin —azpiegitura, hezkuntza eta berrikuntza sailak— eta hezkuntza-komunitatearen artean komunikazio mahai baten falta nabarmena da. Bide batez, komunikazio eta lan bide hauek, hezkuntza gizartearen elkarlan eraikuntza bat dela errepresentatuko lukete.


Eusko Jaurlaritza

Share:
Facebook Twitter Whatsapp

OTHER ANSWERS IN 2020