Aitor Furundarena. Musikaria: Ez da munduari zer garen azaltzea lortu nahi duguna baizik eta euskal akordeoilariei, ni barne, mundua nolakoa den erakustea

2009-03-06

SALA, Teresa

Ibilbide sendoko gizon gaztea. Haur bat besterik ez zela akordeoiaz maitemindu zen eta amodio istorioa ez da amaitu, luzerako doa, geroz eta errotuago, geroz eta sendoago. Lanez gainezka igarotzen ditu egunak baina ez dirudi gehiegi inporta zaionik, egiten duena maite du eta hori, “pribilegioa da, zalantzarik gabe”. Musikeneko irakaslea da, Euskal Telebistan musikari gisa egiten du lan eta, beste gauza batzuen artean, Euskal Herriko Akordeoi Elkarteko lehendakariaren aulkian esertzen da. Gainera, bere kabuz eta modu librean konposatu eta beste artista batzuekin ikuskizunak eskaintzen ditu. Donostiako jatetxe batean finkatu dugu hitzordua eta lasai mintzatu gara musikaz, lanaz, bizitzaz...

Nola eta noiz sortu zen Hauspoz, Euskal Herriko Akordeoi Elkartea?

Gipuzkoako Akordeoi Federakundea izan zen bere lehenengo izena. Duela 30 urte inguru sortu zen. Garai hartako euskal akordeoi ikasle eta irakasleak instrumentuaren inguruan lan egiteko elkartu ziren eta horrela jaio zen elkartea. Jende asko zebilen akordeoiaren munduan, eta, maiz gertatzen den legez, indarrak koordinatzeko beharra ikusi zuten ekimenak egin ahal izateko. Denbora pasa da, akordeoiak gizartean toki ezberdinak izan ditu garai ezberdinetan eta orain toki konkretu batean aurkitzen da. Gaur egun orokorrean helburu berak lortzeko asmoz egiten dugu lan, baina badaude ezberdintasun batzuk. Gaur egun, adibidez, Hauspoz musika modernoagoei lotuta ikusten dut. Musika garaikidea gehiago errotu da gizartean orokorrean, eta iruditzen zait Hauspoz ildo berean garatu dela. Lan egiten dugu akordeoiaren inguruan, akordeoi irakasleentzat batik bat, eta akordeoiak leku ona izaten jarrai dezan. Akordeoia, beste edozein instrumentu bezala, norabide askotarantz eraman daiteke. Edozein elkarte bezala bideak aukeratu behar ditugu, garai batean bide klasikoa aukeratu zen, klasiko erromantikoa, zehazki. Gaur egun estilo tradizionalean ibiltzen gara baina baita garaikidean ere. Eta esango nuke musika garaikidearen barne Hauspozek bere tokia aurkitu duela. Hasierako urteetan hasi ziren Gipuzkoako Lehiaketa egiten, eta urtean behin ikastaro bat antolatzen zen, kanpotik profesionalak ekartzen ziren hemengo irakasleei erakusteko. Gipuzkoako Akordeoi Konfederakundeak lan asko egin zuen zentzu honetan; kanpoko jendea Euskal Herrira ekartzen eta hemengo ikasleak beste eskola batzuetara eramaten. Urte askotan lan handia egin zen; besteak beste, ikastaroak antolatu ziren, eta baita kontzertuak atzerriko kontzertistekin. Harrobi lan handia ere egin zela esango nuke, izan ere, euskal ikasleei bidea ireki zitzaien beren ikasketak atzerrian egin ahal izateko.

Urte hauetan elkarteak izan dituen aldaketa eta garapenen artean, zein nabarmenduko zenuke?

Izen aldaketatxo bat egon da baina filosofiak ildo beretik jarraitu du beti.

Eta, gaur egun, nola funtzionatzen du elkarteak?

Hiru ekimen nagusi bultzatzen ditugu: ekaina amaiera aldera Zarautzen Akordeoiaren Aste Kulturala antolatzen dugu. Lehen ikastaroak egiten ziren gehienbat, baina gaur egun ikuskizunak ere egiten ditugu. Honetaz gain, Konposizio Sariketa sortu berri dugu, hori sormen lana indartzeko egin dugu eta gure ustez oso garrantzitsua da. Naturala den bezala, honek akordeoia musika orokorraren munduan sartzen du, eta hala nahi genuke guk izatea, bestela ghetto bihurtzen da eta hori ez litzaiguke gustatuko. Azkenik, Arrasateko Akordeoi Lehiaketak egiten ditugu urtero abenduan, eta hau izango litzateke, zalantzarik gabe, antolatzen ditugun ekimenen artean garrantzitsuena. Bertan mota askotako lehiaketak egiten ditugu eta arlo profesionalaz gain, pedagogikoa lantzen ahalegintzen gara.

Zeintzuk osatzen duzue elkartea eta nola egiten duzue lan?

Urte osoan zehar lan egiten dugun pertsona batzuk gaude elkartean eta, momentu konkretu batzuetan beste batzuk jartzen ditugu lanean pentsatutako ekimenak aurrera atera daitezen. Gaur egun ez dugu urte osoko mugimendua edo lana sortzen. Urteko momentu konkretu batzuetan, ordea, lan eta mugimendu izugarriak pilatzen zaizkigu. Azken hamabost urteotan aldaketa nabarmenak bizitu ditugu. Besteak beste, Arrasateko Lehiaketaren garapenak honetan arlo gehiago jorratzea eskatu digu eta arlo ez konpetitibo bat martxan jarri genuen duela urte batzuk. Ikastaroei dagokionez, hauek logika handirik ez zutela ohartu ginen, eta ikastaro magistralak eskaini ordez, beste instrumentu batzuk jotzeko aukera eskaintzen zuten eskolak abiarazi genituen. Azkenik, musika orokorraren esparruan murgiltzea helburu bilakatu zen une konkretu batean eta nolabait akordeoia “normalizatzeko” momentua heldu zen. Beste instrumentu batzuk jotzen zituzten musikariek ikastaroak eskaini zituzten, baita konpositoreak ere, eta hau oso garrantzitsua izan da ikuspegiak zabaltzeko. Azken urtean kontzertuak antolatzen saiatu gara, gaur egun akordeoiaren eskaintza zabala ezagutzera emateko.

Zentzu pedagogikoa izateaz gain, Arrasateko Akordeoi Lehiaketak erreferente bilakatu dira, gaur eguneko akordeoilari hoberenen erakusleiho garrantzitsua.

Gure ikuspegitik, gauza berberaren bi parte dira, bi alderdi. Eta gauza berbera esaten dudanean, alde pedagogikoaz ari naiz. Saiatzen gara nazioarteko goi mailako soinujoleak ekartzen baina hemengo jendeari kanpoan dagoen ikuspegi bat eman, hori da lortu nahi duguna eta hori, azkenean, pedagogia da. Ni gogoratzen naiz hasi nintzenean oso garrantzitsua zela lehiaketetan parte hartzea kanpoan zein jende mota zegoen ikusteko, erreferentzia batzuk hartzen dira, bai maila altu samarrean lan egiten edo ikasten ari den jendearentzat, eta baita hasiberrientzat ere. Guk guzti hori maila pedagogikoan ulertzen dugu.

Jende gaztearen partaidetza ere nabarmena da. Azken edizioko irabazleak, oker ez banago, 18 urte besterik ez zituen.

Bai, hala da, eta horrek baikortasuna adierazten du. Zera esan nahi du, gazteak indartsu datozela eta aurreko urteetan bideratu duten lanarekin aurrera jarraitzen dutela. Horrek zentzu batean zera adierazten digu, egiten saiatzen garen harrobi lana momentuz ongi egiten ari garela. Guri behintzat horrela iruditzen zaigu. Partaidetza eta maila gorantz doaz, hori harrobi lanaren erakusgarri da eta pozgarria da guretzat. Egiten dugun lana eta erabaki ditugun bideak ez dira beti jendeari gehien gustatzen zaion musikaren aldekoak. Musikan ere, beste esparru guztietan bezala, erabakiak hartu behar dira eta gu saiatzen gara irizpide komertzial hutsei gidatzen ez uztea. Eta badirudi modu honetan ongi jokatzen ari garela. Bizitzan orokorrean, ikusten dudanean norbait ari dela saiatzen ez irizpide komertzial hutsekin funtzionatzen, eta ikusten baldin badut nahiko ongi dihoakiola poz handia sentitzen dut. Bestela, badirudi maneiatzen gaituztela eta horrelakoekin esperantza izpi bat pizten zait niri.

Zeintzuk dira egun akordeoiaren inguruan dauden gabezi nabarmenenak?

Esan daiteke gaur egun ez daudela ikuskizun gehiegi: ez akordeoilarientzat eta ezta akordeoia ikusi eta entzun nahi dutenentzat ere. Saiatzen gara dagoen eskaintzaren adibide bat Zarautzen erakusten. Iruditzen zaigu gaur egun garrantzitsua dela hori egitea.

Norantz begiratzen dute Hauspozen xedeak?

Hauspoz-en helburuak barrura begira daudela esango nuke. Barrura begira ikuspegiak zabaltzea; “etxekoei” mundua gehiago ikusten laguntzea. Ez da hainbeste munduari zer garen erakustea baizik eta kontrakoa. Akordeoilariei, ni barne, mundua erakustea.

Nola deskribatuko zenuke gaur eguneko euskal akordeoilariek bizi duten egoera?

Kopuru aldetik ez gaude duela 20 edo 30 urte bezain ongi, baina kalitate aldetik garapen handia bizitu dugula esango nuke. Gaur egun badauzkagu nazioarte mailan kalitatezko kontzertuak eman dituzten musikariak, beren izenek pisua daukate hemen eta hemendik kanpo. Ez dago izenburu handirik jarri beharrik. Nor garen esatearekin nahikoa da. Horrek, berez, pisua dauka.

Nola ikusten duzu Hauspoz etorkizunean? Zer espero duzu?

Bidea egiten goaz. Nik nire bizitzan horrela funtzionatzen dut. Orokorrean zein mundu nahi dudan eta nire bizitza nolakoa nahi dudan badakidala uste dut. Ez ditut helburu konkretu batzuk lortu nahi. Bizitzak agintzen du. Egunerokotasunak erakusten dit niri bidea, horrela funtzionatzen dut nik eta Hauspoz elkartea ere horrela ulertzen dut.

Euskal erakundeek musikari eskaintzen dioten laguntza aztertu beharko bazenu, zer esango zenuke?

Hobeto eta okerrago egoteko aukera beti dago. Nik uste dut oso ezberdin ikusten dudala egoera ikasketa aldetik gaur egun eta duela 20 bat urte, oso oso ezberdin. Gaur egun unibertsitate ikasketak daude eta lehen musikariarena karrera guztiz amateurra zen. Edonork egin zezakeen, eta gaur egun hori ez da horrela. Horri horrelako seriotasun bat eman zaiola iruditzen zait. Hartzen baldin badugu musika oinarria eta elitea dituen piramide bat moduan, piramidearen goiko zatia asko indartu dela esango nuke baina oinarria, argi eta garbi, lehen baino askoz ahulagoa da. Oso zaila zait honen diagnosia egitea eta honen konponbidea aurkeztea. Iruditzen zait hau ez dela musikari baten lana, beharbada soziologo baten lana izan daiteke. Egia da guztiok garela pixka bat soziologo, baina pixka bat soilik. Eta nire soziologo alderdiak esaten dit bizi garela gizarte batean non benetako kulturari ez zaion garrantzi handirik ematen, bai ordea ikuskizun handiei. Eta hori guztiz elitista da. Musikaren arloan badaude ikuskizun asko ikuskizun edo kontzertu bat baino, su artifizialak direnak, eta sinpleki jende asko bildu eta diru asko irabazteko industriaz ari naiz, besterik ez. Horrek funtzionatzen du baina hori guztiz elitista da. Piramidearen oinarria ahul dago. Guztia ziklikoa da eta gaur eguneko egoera aldatuko delakoan nago. Urte batzuen buruan gizartea konturatuko da herri kultura, herriak egiten duen kultura, oso garrantzitsua dela. Gaur egun garrantzi izugarria dauka diruak gizartean eta nik uste honi buelta etorriko zaiola, denbora kontua da. Baina ildo honetan, kulturak eta arteak ez dute irabazten. Piramidearen eliteak dirua sortu dezake baina oinarria, oinarri den partetik, ezin du dirua sortu. Dena den, buelta etorriko zaiola sentitzen dut.

Artearen izenean eskandalua sortzen baduzu, kulturari kalte egiten diozu. Eskandaluari arte izena jartzen badiozu diru-laguntzak jasoko dituzu, baina orduan benetako kulturari kalte handia egingo diozu.

Nola ezagutu zenuen zuk musika? Zergatik erabaki zenuen musikari bilakatzea?

Musika hamaika urte besterik ez nituenean hasi nintzen ikasten. Aurreneko urtean solfeo ikasi nuen, eta ez zitzaidan batere gustatu. Utzi nahi nuen baina nire gurasoak bultzatuta beste urte bat jarraitu nuen, akordeoiarekin hasi nintzen orduan eta maitemindu egin nintzen. Garai hartan oso barnerakoia nintzen, eta nire akordeoiarekin bakardadean ordu pila sartu nituen. 17 urte nituenean zein karrera ikasi behar nuen aukeratzeko momentua heldu zitzaidan. Bueltak ematen hasi nintzen eta aukeraketa egin nuen, baina orduan ohartu nintzen nahiz eta profesionalki ez egin, nire bizitza musikarekin lotuta egongo zela eta akordeoia ikastearen erabakia hartu nuen. Nire gurasoak oso langileak dira eta urteetan erakutsi nien aukeraketa serioa egin nuela. Hala, lan izugarria egin dut urte askotan.

Pozik zaude lortu duzunarekin?

Bai, konposatzea eta akordeoia jotzea gozamen handia da. Aitor Furundarena Usabiaga (Ordizia, 1970) Musikako goi mailako irakasle, akordeoijole eta konposatzailea. Donostian, Parisen eta Kopenagen ikasia. Interprete moduan, musika garaikidean, tradizionalean eta dantzako musikan sakondu du nagusiki, grabaketa ugari eginaz. Talde ugaritan aritua (Faltriqueira, Patxi Kaleko, Amaia Zubiria, HF, AIKO, Pantxoa eta Pello, Txomin Artola, Larraitz Ugartemendia klaket dantzariarekin, Garikoitz Mendizábal txistulariarekin...). Moldatzaile eta konposatzaile moduan, ETB (Betizuak, Sorginen Laratza, Triki traka triki tron, Izar gazte bila, Sikofonia, EKO...), antzerkia (Kutsidazu bidea, Ixabel eta Kaukasiar Kreazko Borobila) eta zinemarako (Olentzero, Betizuak izar artean) lanak egina. Egun, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Zentruan (Musikene) da irakasle, Kamara Musika, Transkripzioa, Herri Musika eta Bapateko Irakurketan.

Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Xabier Zabaltza. Historialari eta saiakera-egilea: Onerako eta gaitzerako, gaurko Euskal Herria ez da Sabino Arana gabe konprenitzen ahal

 

Irakurri

Esther Ferrer. Artista: Ziur nago, uste sendoak dituzunean eta ideia batzuen alde egiten duzunean, uste eta ideia horien eragina nolabait nabarmentzen dela zure lanean

 

Irakurri

Xabier Etxebarria Zarrabeitia. Eusko Jaurlaritzako Zigor Betearazpenaren eta Gazte Justiziaren Zuzendaria: Adingabeko arau-hausleen % 72k ez du berriz deliturik egiten

 

Irakurri

Juan Uriagereka. Hizkuntzalaritzan doktorea: Gorroto ditut definizioak

 

Irakurri

Jesús Lizaso. Eskultorea: Sortze-lanetan, etsi gabe aurrera egiten eta sasoi txarrak igaro arren lanean jarraitzen jakin behar da

 

Irakurri