Argitxu Esain. Sopranoa: Operak kantatzea oso aberasgarria da, kantu hutsaz gain aktore lana ere egiten ikasi behar baituzu

2009-04-03

ZABALETA, Eneritz

Argitxu 31 urteko koro kantari gaztea da. Kantagintzan berant hasi eta gero, Tolosako Capitoleko koroan dabil egunero kantuan. Musika klasikoa kantatzen dute eta Argitxu sopranoa da. Bere lanbideaz, eta ibilbide atipikoaz aritu gara solasean.

Tolosako Capitoleko koroan soprano gisara ari zara. Nolatan?

Badira hiru urte Tolosako koroan sartu nintzenetik. Rennes-eko musika eskolan diploma atera nuen, eta Tolosan soprano postu bat libratu zen. Frantzian, egia erran, kantu klasikoan aritzeko Parisen daude aukera gehienak, baina nik ez nuen hara joan nahi. Azkenean, ez dut zorte makala izan, Parisekoaren gibeletik, Tolosakoa baita bigarren kororik garrantzitsuena.

Hain koro garrantzitsu batean arituz, nazioarteko solista handiak ezagutuko zenituen.

Horrela da. Europa mailan Tolosako Capitoleko operak izena badu, eta nazioarteko artista handiekin harremanetan egoteko zortea izan dut. Tratua oro har atsegina izaten da beti, nahiz eta koroko kideek gure papera oso definituta izan.

Zenbat kantari zarete koroan?

Orotara 40 bat kantari gara, gizon eta emazte. Emazteei dagokionez, altoak daude alde batetik, eta sopranoak bestetik. Gizonetan, tenoreak eta bajuak. Kantari bakoitzak bere ahotsari egokitzen zaizkion kantuak kantatzen ditu.

Tolosan operak kantatzen dituzue nagusiki.

Bai, egia da. Operak kantatzea oso aberasgarria da, kantu hutsaz gain, istorio baten partaide zarelako, eta nolabaiteko aktore lana ere egiten ikasi behar duzu. Ni arras gustura ari naiz opera horietan.

Erran behar da zure ibilbidea aski originala dela. Duela 10 urte, soprano kantaria izanen zinela usteko al zenuen?

Inondik inora. Aski berant hasi nintzen kantagintzan. Musika munduarekin dudan harremana ere oso pertsonala izan da. Nire familian ez da musikaririk Agian, izatekotan, euskal kanturako afizioa genuen etxean. Ardura kantuz ari ginen.

Hala ere, musika tresna bat jotzen nire gogoz hasi nintzen. Hasieran, saxofoia jo nahi nuen, eta Baionako musika eskolara joatean, irakasleak aholkatu zidan oboa jotzeko. Eta horretan hamar urtez aritu nintzen.

Kantagintzan berandu hasi zinela erran duzu. Noiz izan zen?

Lehen kantu kurtsoak hartzen 21 urterekin hasi nintzen Baionako musika eskolan. Ordurako, ez nuen batere kantari profesional izango nintzen usterik. Euskal filologia ikasketak bukatu nituen Baionako fakultatean.

Noiz erabaki zenuen, bada, kantu klasikotik bizitzen saiatuko zinela?

Erdi kasualitatez gertatu zen. Baionan 21 urterekin hasi nintzen, eta garai batez utzi egin nuen. Nire plazererako, kantu tradizionalean jarraitzen nuen. Orduan, Baionan irakasle izan nuen andre bat etorri zitzaidan. Kantuz berriz hasi behar nintzela erran zidan, eta horretan animatu ninduen. Egia errateko, hasieran ezetz erantzun nion, kantua utzi nuela eta beste bide bat hartu nuela. Baina, pentsatzen jarri nintzen, eta azkenean bere proposamena onartu nuen, eta berriz ekin nion kantu klasikoari.

Orduan Rennes-era joan zinen, musika eskolara.

Bai, lehen aipatu irakasleak erran zidan Rennes-eko eskolan ariko zela hemendik aitzina, eta bertan hautatua izateko probak egitera animatu ninduen. Orduan proba pasatzea erabaki nuen. Eskolan sartzea lortu nuen, eta hiru urteko heziketa jarraitu nuen bertan. 25 urte izango nituen Rennes-en sartzean.

Egoera berezia izango zen, beste ikasleak gazteagoak ziren eta.

Bai, berezia zen. Nik 25 urte nituen, eta kantagintzan ibilbide txikia. Eskolan zeuden gehienak, 18-20 urte ingurukoak ziren, eta umetatik haur koroetan eta horrelakoetan kantuz aritu ziren. Haiekin konparatuz, nire ibilbidea originala zen, bai. Hala ere, oroitzapen onak gordetzen ditut garai horietatik.

Hiru urte dira Tolosako koroan zaudela. Gerora begira zer?

Oraindik urtebeterako kontratua daukat Tolosako koroan. Egia erran, koroko jarduna anitz maite badut ere, beste gauzak egiteko gogoa dut. Izan daiteke beste koro batean sartzea, edo bestela ere. Erraterako, azken hiru urte hauetan ez gara Tolosatik mugitu. Nazioartean birarik egiteko aukerarik ez zaigu atera, eta atzerrian kantatu nahiko nuke. Beste errepertorio bat kantatzea atsegina liteke.

Solista gisa aritu nahi zenuke, adibidez?

Bakarrik kantatzeak erakartzen nau. Horretarako, baina, denbora gutxi gelditzen zait. 31 urteko adinarekin, solista moduan hasteko ez da biziki gazte. Horregatik bakarrik kantuan aritu nahi badut, aski fite egin beharko dut.

Erran behar da Euskal Herrian kontzertu batzuk eskaintzen dituzula bakarrik kantatuz.

Bai, abesbatzan eta bakarlari moduan eman ditut kontzertu batzuk. Lapurdiko lagun batzuekin, Ozenki elkartea osatu genuen orain urte batzuk, eta badira 3-4 urte kontzertuak ematen ari garela. Gutxi gora behera 2 hilero eskaintzen dugu kontzertu bat. Musika klasikoan ari gara. Oso esperientzia aberasgarria da, taldeko gehienak, ni ez bezala, ez direlako kantari profesionalak, eta haien lan orduetatik kanpo elkartzen baikara kontzertu horiek emateko.

Arrakasta ere biltzen ari zarete.

Nire ustez bazen behar bat Euskal Herrian operako musika entzuteko. Hasi ginenean, 10 jende guti etortzen zen. Baina denborarekin gure lekua egin dugu. Orain, ia beti gelak beteta egoten dira, eta entzuleak pozik joaten dira etxera. Askok eskerrak ematen dizkigute horrelako musika entzuteko aukera emateagatik.

Musika klasikoa ez dago oso sustraitua Euskal Herrian.

Ez. Gizartearen gehiengoak ez du ezagutzen, eta adibidez musika klasikoa egiten duten abesbatzak arras gutxi dira. Horregatik, Ozenki elkarteko kideekin egiten ditugun kontzertuetan, erraz entzuten diren doinuak kantatzen entseatzen gara. Kontzertu atseginak egitea da gure helburua, eta azkenean arrakasta ere hor dago.

Bakarrik aritzearen eta koroan aritzearen artean sentsazio erabat ezberdinak biziko dituzu, ezta?

Ez du deus ikustekorik. Txikitatik aski herabea izan naiz, eta oboa jotzen nuenean beldurtuta egoten nintzen jendaurrean jo behar nuenean. Kontzertuetan bakarrik aritzean oso sentsazio atseginak bizi izan ditut, baina. Herabetasuna gainditzen laguntzen dizute. Emozioak desberdinak dira, ikusgarriaren protagonista zara, adrenalina gehiago sentitzen duzu. Oso atseginak zaizkit kontzertu horiek.

Bukatzeko, zein dira gustukoen dituzun konpositore edo doinuak?

Italiako konpositoreen doinuak plazer handiz kantatzen ditut. Errusiakoak ere maite ditut. Oro har, XIX. mendeko musika klasikoa kantatzea dut gustukoena. Argitxu Esain (Ziburu, 1977) Argitxu Esain Ziburun sortu da 1977an. 1997an euskal filologiako lizentzia lortu zuen Baionako fakultatean eta ondorioz euskara irakasle izan zen ikastegietan. Zortzi urtez oboa jo du Baionako musika eskolan. 21 urtetan erabaki zuen kantari profesionala izatea. 3 urtez Rennes-eko musika eskolan ikasi zuen eta orain Tolosako Capitoleko orkestran kantari da soprano bezala. Ipar Euskal Herrian solo bezala kantatzen du Ozenki taldeko kantaldietan ardura elizetan ematen dituztenak.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Mari Jose Aranguren Querejeta. Klusterrak, Eskualdeko Garapena eta Berrikuntza arloko zuzendaria Orkestran - Lehiakortasunerako Euskal Institutuan: Lehiakortasuna, berrikuntza eta ideia berrien garapena izango dira datorkigun ekonomiaren oinarria

 

Irakurri

José María Asua. Ingeniaritza Kimikoko katedraduna: Ideiak saltzea da gure negozioa

 

Irakurri

Patxi Juaristi Larrinaga. Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Zuzendaria: Boloniako prozesuak Europan zehar lana aurkitu eta ikasketak egitea ahalbidetuko du

 

Irakurri

Aitor Furundarena. Musikaria: Ez da munduari zer garen azaltzea lortu nahi duguna baizik eta euskal akordeoilariei, ni barne, mundua nolakoa den erakustea

 

Irakurri

Xabier Zabaltza. Historialari eta saiakera-egilea: Onerako eta gaitzerako, gaurko Euskal Herria ez da Sabino Arana gabe konprenitzen ahal

 

Irakurri