Museoan Euskal Herriaren historiaz inguratuta gaude. Noiz erabaki zen berau sortzea?
Euskal Herria Museoaren historia 1982an hasi zela esan daiteke, Foru Aldundiak lurrak erosi zituenean. Lurren eremuan zeuden Jauregia, lorategiak, baratza... guztia azken finean. Museoaren egoitza Alegria edo Montefuerte jauregi barrokoa da, XVIII. mendean eraiki zutena, 1733an, hain zuzen. Inguruan ditu Gernikako Batzar Etxea, Europako Herrien parkea, Santa Klara komentua, hiriko Artxibategia edota Santa Maria eliza gotikoa. Lorategiak, esaterako, ingeles lorategi handi bilakatu zituzten eta bertan Euskal Herriko ekosistema guztien lagina jarri zuten. Inguruan errekasto artifiziala ere badago. Gu gauden etxe hau ere, Museoa, goitik behera hustu eta birmoldatu zuten. Museoa eraberritu zuen arkitektoa oso ospetsua da, Alvaro Libano. Bederatzi urte iraun zituzten eraberritze-lanek, 1982tik 1991ra, eta azken urte horretan inauguratu zen Museoa. Gernikako Batzar Etxea ikustera datozen bisitariei testuingurua eskaini nahi zitzaien, Euskal Herria ikusteko ispilua. Momentu horretan El Prado museoko zuzendari zen Leopoldo Zugaza aukeratu zuen Diputazioak lan hori burutzeko. Zugazak bilduma nahiko interesgarria osatzea lortu zuen. Batez ere Bilboko gizartearen dohaintzei esker lan bikainak eskuratu ziren. Izan ere, Bizkaiko kartografia-bilduma onenetakoa dugu. Gerra Zibilaren aurreko euskal artisten lanak ere baditugu. Azkenik Museoa 1991an inauguratu zen, Espainiako Errege-erreginen etorrerarekin.
Noiz bihurtu zen Felícitas Lorenzo Euskal Herria Museoko partaide?
Ba 1997an sartu nintzen. Aurretik, Museoaren kudeaketa-proiektua landu nuen ikaskide batekin unibertsitate-proiektu baterako. Lana entregatu nuenean Bizkaiko Foru Aldunditik deitu ninduten eta proiektua indarrean jartzea eskaini zidaten. Orduan Euskal Herria Museo oso estatikoa aurkitu nuen: areto batetik bestera ez zegoen alderik, gune guztiak berdinak ziren lanak erakusteko orduan eta apur bat zaharkituta zegoela esan dezakegu. Hori bai, artelan handiak zituen. Beraz, proiektuarekin ia zerotik ekin genion Museoaren aurpegia garbitzeari. Etnografía aretoa, bigarren solairua, berriztapenaren aurretik.
Nolakoa izan zen pinakotekan egin zenuten aldaketa?
Praktiketako jendearen laguntzarekin azterlanak egin genituen Museora etortzen ziren bisitarien ezaugarriak ezagutzeko. Gure bisitariak nortzuk ziren jakin nahi genuen. Azterlan haiek informazio ugari ekarri ziguten; adibidez, horrela jakin genuen udaran kanpoko kultur turistak etortzen direla eta Batzar Etxea dela orokorrean jendea Museora erakartzen duena. Izan ere, Gernikako Batzar Etxean ikusten denaren osagarri izateko eta testuinguru gisa sortu zen Museoa. Azken finean, bisitariek zer nahi zuten jakin nahi izan genuen. Azterketek erakutsi ziguten jendeak ikus-entzunezko baliabide gehiago nahi zituela, esaterako. Horrenbestez, geure bisitarien eskarien arabera birdiseinatu egin behar izan genuen Museoa. Era berean konturatu ginen duela hamar urte bisitarien artean bakarrik %10 zirela haurrak. Bisitari-taldeak ere erakarri beharreko beste publiko-mota bat ziren. Gainera erakusketarekin harritzen badituzu, zure ondoan izango dituzu. Beraz, bilduma osoari beste ikuspegi bat eman behar izan genion. Lehen urratsa erakusteko modua aldatzea izan zen, museografia aldatzea. Museoko ibilbidean gai berriak sartzea ere erabaki genuen.
Bisitarien nahiak ezagutzeko egindako azterlanetan, zer nolako eskakizunak aurkitu zenituzten?
Ba al dakizu zer eskatzen zuten askok? Diasporaren gaiari ere heltzeko, ez zela oraino Museoaren ibilbidean azaltzen. Turistek gauza garrantzitsua eskatzen ziguten: erakusketan Euskal Herriko gastronomia ere kontuan hartzea. Lehen esan dugunez, ikus-entzunezko baliabideak sartzea erabaki genuen, eta oso garrantzitsua den beste zerbait: objektuak. Ordura arte ez zen objekturik erakusten, koadroak edo kartografia bakarrik zeuden ikusgai... Museoaren hiru solairuek, beraz, goitik behera aldatu zuten euren itxura: beheko solairuan Euskal Herriko habitata sartu nahi izan genuen. Eskura geneukan kartografia, maketak, ikus-entzunezkoa... Lehen solairuan Euskal Herriaren historia erakusten da lurraldeka (Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Iparraldea). Agian hori da alderik sakonena, zorroztasun historiko handiena duena. Bertan, adibidez, Foraltasunaz hitz egiten da. Batez ere Euskal Herriko lurralde guztiak batzen dituzten ezaugarriak azaltzen dira, eta ez euren arteko ezberdintasunak. Eta azken solairuak gure herriko kulturarekin zerikusia duen guztia biltzen du: herri-kirolak, sineskerak, gastronomia, musika... Hemen sartu ditugu lehen aipatu dizkizudan objektuak: musika-tresnak, Euskal Herriko kirol tradizionalekin lotura duten objektuak...
Turistek gastronomia erakusketan sartzea eskatu zutela esan duzunez, jakirik dastatu al daiteke Museoan?
Jaki tipikoak eskaintzeko aukera aztertu genuen, baina azkenean ideia atzera bota genuen. Serioago aztertu genuen usainak sartzearen egitasmoa. Bisitariek zenbait usain hartzeko aukera izatea nahi genuen, esaterako babarrun-azen usaina... baina oso garesti ateratzen zen. Gastronomiaren atalean batez ere azoka eta merkatuetaz hitz egiten da eta euskal produktuak kalitatearen ikuspegitik lantzen direla azaltzen da. Euskal sukaldaritzaren historia ere adierazten da, eta adibidez, kabratxo-pastela Juan Mari Arzak sukaldariak asmatu zuela kontatzen da. Lehenago ez zegoen halakorik, askok uste badute ere.
Eta zeintzuk izan dira Museoaren aurpegi-garbiketa sakonaren emaitzak?
Bisitariek Museoan ikasi egiten dutela. Guk gizarte-errentagarritasuna bilatzen dugu eta Museoak jendea erakartzea lortu dezala. Begira, lehen gure Museora egindako bisitaldiak 30 eta 45 minutu bitartean irauten zuen. Orain batez bestekoa 90 minutura igo da. Museoaren birmoldaketa oso garrantzitsua izan da, kolore gehiago dago, sorpresa-faktorea sartu dugu pasabide-labirinto itxurako erakusketarekin... Gastronomia aretoa, bigarren solairua, berriztapenaren ondoren.
Zer da bisitariak gehien entretenitzen dituena?
Kulturari eskainitako tarteak, zalantzarik gabe. Arriaga edo Ravel musikagile handien lanak entzuteko aukera ere eskaintzen diegu eta!
Behin-behineko erakusketetarako ere toki garrantzitsua gordetzen du pinakotekak, ez da hala?
Bai, gure politika ildo horretan askotarikoa da. Argazkigintzarekin lotutako gaiak sarri ekartzen ditugu gurera. Mota horretako erakusketak izaten ditugu. Oso arte demokratikoa da, edozeinek ateratzen ditu argazkiak eta jendeak hurbil duen zerbait da. Oraintxe bertan areto horretan Mabi Revueltaren lanen erakusketa daukagu. Bilboko Guggenheimen ere erakutsi izan du bere lana artista horrek. Berea emakume-artea da. Erakusketa horrekin Museoak birmoldatu aurretik zuen programa bat berreskuratu dugu, hau da, urtean behin emakumezko artista baten lanen erakusketa antolatzea. Modu horretan artistaren lana ezagutarazten da eta Bizkaiko Foru Aldundiko Genero Politiken arloak bultzatzen duen ekintza positiboko Planaren ildoa jarraitzen du Museoak. Hau da, EAEko Emakumeen aldeko ekintza positiboko planean jasotzen diren ekintzak betetzen dira. Kontuan izan behar dugu biztanleriaren %52 emakumezkoak garela, baina oso gutxi erakusten dela emakumeok egindako artea. Adibidez, arte-kritikariek idatzitako hamar artikulutik bakar batek bakarrik hitz egiten du emakumezko artista baten lanaz.
Nolakoa da erakusketa?
Ba ohikoa baino tamaina handiagoa duten hamalau kopekin osatutako instalazioa da. Kopa bakoitza moketa argi batekin forratutako idulki zilindrikoaren gainean jarrita dago. Hamahiru piezatan artistak kristalaren gainean esaldiak serigrafiatu ditu zirkulu forman. Horregatik, ikusleak ibilbide berbera egin beharko du testu bakoitza ulertu ahal izateko. Idulkien kokapena dela-eta ezin izango du testu osoa irakurri.
Birmoldaketaren beste helburuetako bat haurrak erakartzea izan da. Zein emaitza lortu duzue?
Haurrentzako tailerrek sekulako arrakasta dute. Aurtengorako 1.400 erreserba ditugu, eta hori zen erakarri nahi genuen publikoa, eskola-umeena. Haurren erantzuna oso ona izaten ari da. Baditugu asteburuko tailerrak ere, eta astegunetan bertan izan diren umeek berriro etorri nahi izaten dute.
Gauza bat da turistak eta kanpoko jendea erakartzea, baina ingurura begiratuta, ba al datoz Urdaibaiko bizilagunak Museoa ikustera?
Foru Aldundiak Museoaren aldeko apustu sendoa egin du, diru asko inbertitu du langileak ekarri eta birmoldaketa egiten, eta beraz, aurreko urtean Urdaibai osoa etorri zen gu ikustera. Bilbotik eta Donostiatik jende asko etortzen da, noski, baina Urdaibaiko ikusleak ere erantzuten ari dira. Guretzako publiko zaila da, Museoa bere kokalekuari bizkarra emanda bizi izan da eta.
Etortzen direnetako askok Euskal Herriko historia diseinatzen parte hartuko du, ezta? Ikusleak datuak eztabaidatzera etortzen zaizkigu, eta hori ederki dago. Feedback handia daukagu gure publikoarekin. Izan ere, urtero erabiltzaileen gogobetetasuna neurtzen dugu. Katalogoa egiteko ere eskatu digute, eta lehenago edo beranduago egin beharko dugu. Gainera, Suediako teknologia moderno baten bidez, audiogidak eskaintzen ditugu ingelesez, frantsesez, euskaraz eta gazteleraz. Felícitas Lorenzo (Bilbo, 1960) Deustuko Unibertsitatean Historian lizentziatu eta gero, Felícitas Lorenzok doktoretza-ikastaroak (Deustu), Museologian Master (UPV) bat eta Kudeaketa eta Politika Kulturaletan graduondoko ikastaroak burutu zituen Bartzelonako Unibertsitatean. Gaur egun Euskal Herria Museoko zuzendaria da, 1997tik dabil karguan. Aurretik Eusko Jaurlaritzan aritu zen Ondare historiko eta artistikoaren arloan, era berean ikerketa-lanak egin zituen Bizkaiko Foru Aldundiarentzat.