Fernando Hualde. Etnografoa: Euskara despolitizatu egin behar da, eta Nafarroako ondarearen oinarrizko pieza bat dela ikusarazi

2005-09-23

LARREA, Koldo

GARMENDIA IARTZA, Koro

Polifazetikoa da Fernando Hualde, ikertzailea ez ezik etnografoa eta naturalista ere bada-eta. Bere zaletasun guztiek historia dute oinarrian, eta bi dira nagusiki erakartzen duten alderdiak: Iruña eta bere festak batetik, eta Erronkariko bailara (Nafarroa) bestetik. Bizitza osoa darama azken honen alde lanean, azkenaldian Txuri Beltzean izeneko elkartearen bitartez. 2003an sortu zen Elkarte hau, nafar Pirinioetako ondare historiko, kultural eta dokumentala berreskuratu, babestu eta zabaltzeko xedearekin.

Nola dabil osasunez Txuri Beltzean Elkartea, sortu zenetik bi urte igaro diren honetan?

Bi fase izan ditu. Lehen faseak, debutarena, urtebete inguru hartu digu. Gizartean ezagutzera emateaz gain, jendea dinamizatzeko lanak burutu ditugu tarte horretan, Erronkarin eta Zaraitzun batez ere. Eta, lan horren emaitza modura, bi argazki bilduma argitaratu ditugu, lau mila argazki zahar baino gehiago bildu ditugu-eta, bailara bakoitzeko bi mila. Argazki horiei esker, hamar mila pertsona identifikatu ditugu Erronkarin, eta beste hainbeste Zaraitzun; hogei mila guztira. Argazki guztiak dokumentatu egin ditugu; hau da, bakoitzari zehaztu diogu gutxi gorabehera noiz aterea den, nor izan zen argazkilaria, argazkiaren gaia eta abar. Argazkiak XIX. mendearen azken laurdenetik hasi eta 1960ra bitartekoak dira. Herriz herri eta etxez etxe ibili ginen eskuratu nahian. Behin digitalizatu ondoren, originalak jabeei itzuli dizkiegu, eta kopiak bailaretako artxiboetan utzi ditugu.

Zertan oinarritu da Elkartearen bigarren fasea?

Barruko lana egin dugu batik bat: artxiboetako agiriak identifikatu, agiri horiek transkribatu, ondare historikoa hedabideetan zabaldu, ekintzak antolatu, bailaretako batzarrak berreskuratu, eta inguruko bailarekin kultura egitasmoak prestatu, Pirinioetako gizakiari buruzkoak beti ere, eta, bereziki, nafarrei buruzkoak.

Osasunez bikain zabiltzatela dirudi. Erronkari eta Zaraitzuko ibarretakoak bezain ondo?

Erritmo ezberdina daramate. Erronkarin urte gehiago daramatzate kultura eta ondarea lantzen. Hala eta guztiz ere, gaur egun erritmo bizian ari dira bailara batean zein bestean. Ez dugu ahaztu behar inguru horiek, hiru erreinuren erdibidean egonik, oso aberatsak direla historiaren aldetik. Baina XX. mendean erabateko etena izan zuten beren tradizioekin. Hala eta guztiz ere, osasun bikaina daukate gaur egun. Horren adierazle, euskara-erronkariera hiztegi bat argitaratu da, pertsonaia ezagun batzuk goretsi dira, etab.

Kultura bezain ondo al dabil ekonomia ere?

Alderdi ekonomikoa beste kontu bat da. Bailarak hondoa jota daude. Abeltzaintza eta hiltegiak, besteak beste, krisian daude. Horregatik ari dira bete-betean turismorantz jotzen. Bestalde, autobia egiten ari dira, zaharren egoitza bat eraikitzekotan dabiltza, industrialde bat ere bai, eskiatzeko gune bat... Pentsatzekoa da faktore hauek lagungarriak izango direla ekonomiarentzat. Eta jendeak horretan guztian konfiantza duela erakusten du Erronkariko herrixkek, azken hamar urteotan, alkate berberak eduki izanak.

Besteak beste beren kokapenaren eta komunikazio eskasaren harian, Erronkari eta Zaraitzu Nafarroan apur bat ahaztuta daudela iruditzen al zaizu?

Badirudi artzaintzaren, gaztaren eta almadien bidez, Nafarroaren irudi folklorikoa ematen dugula. Baina faktore horiek osatu egin behar dira, oso gogorra delako bailarako eguneroko bizimodua. Abeltzaintza oso sakrifikatua da, eta zurgintza ere bai. Gazteak joan egin zaizkigu, eta zaharrak bakarrik gelditu dira. Funtsezkoa da errepideen egoera hobetzea, bereziki Zaraitzuko ibarra oso gaizki komunikatuta dagoelako. Azken batean, iruditzen zait jende gutxi garenez, gure botoek ere balio gutxi daukatela politikarientzat.

Zeintzuk dira zuen behar nagusiak?

Bailaretako joan-etorria errazteko, komunikabide onak jarri eta kontsolidatzea. Bestela, zertarako gabiltza turismoa bultzatu nahian? Bestalde, beharrezkoa da enpresak sortzea ere. Gizarte zerbitzuei dagokienez, zaharren egoitza bat eraiki beharko litzateke.

Zure ustez, Memoriaren Etxea delakoa izan al daiteke berpizkunde horren zutabeetako bat?

Beharko. Oraingoz enbrioi bat besterik ez den arren, azken ukituak ematen ari dira. Aldatu egingo da orain arte Erronkariarren Museo deitzen zenaren irudia, eta aurrerantzean Memoriaren Etxea deituko zaio. Horretarako, eraikina ekipatu behar da, eta ondarearen gaineko proiektu bat prestatu. Aurrekontu orokorra 703.897 eurokoa da. Nafarroako Gobernuak 215.000 euro baino gehixeagoko diru-laguntza emango du; Izabako Udalak 180.000 ipiniko ditu, eta Interreg bidezko laguntza europarrak 262.000 euro ingurukoak izango dira.

Zein izango da Memoriaren Etxearen erakargarritasun nagusia? Zein ezberdintasun izango du beste museoekin alderatuz gero?

Museo etnologiko moderno bat izango da, zentzuekin jolasteko aukera emango duena. Izaban egongo da kokatua, eta erreferentzia puntu bat izango da Nafarroan, ondare guztia dinamizatuko duelako. Gainera, balio erantsia izango du, ekomuseo bihurtu nahi dugu-eta. Museo berritzaile bat eraiki nahi dugu, pieza etnologikoak eta teknologia uztartuko dituena. Hasiera batean bederen, datorren urtearen amaieran zabalduko ditu bere ateak. Bisitariek museotan ohikoak ez diren sentipenak nabarituko dituzte, usainak adibidez, zentzuek oso paper garrantzitsua jokatuko baitute.

Zure beste zaletasun bat utzi duzu hor agerian, naturalistarena alegia. Zein egoeratan dago Pirinioetako hartz arrea inguruotan?

Lehenik eta behin, Pirinioetako hartz arrea, autoktonoa, eta Esloveniatik ekarritakoa ezberdindu behar ditugu. Gaur egun, Pirinioetan hamabost hartz bizi direla kalkulatzen da. Hamar urtetan, Pirinioetako hartz arreak hamabost izatetik hiru izatera igaro dira. Ehiztari batek Canela hartz emea tiroka hil zuenetik, Pirinioetako bi hartz ar autoktono heldu gelditzen dira: batetik Camille, 20 eta 22 urte artean dituena. 1997az geroztik Erronkarin bizi da, eta noizbehinka Ansó eta Hechora joaten da (Aragoi), eta Frantziara ere bai. Bestetik, Aspe-Oeste hartza daukagu, 1995 eta 1998 artean jaio zena. Aspeko bailara frantseseko mendebaldean bizi da. Zerrenda labur honi Canela-ren kumea gehitu beharko genioke, baina, aita eslaviar jatorrikoa duenez, ezin dugu esan hartz autoktono garbia denik. Hartz autoktonoetako azken emea desagertu zenetik, aditu askoren iritzian desagertze bidean jarri da arraza hau, baina badute konfiantzarik genetikan. Hala eta guztiz ere, ez dago genetikoki berdin-berdina den talderik. Hurbilena kantabrikoa da, baina ez dago handik hartzik ateratzerik. Esloveniara jo beharko genuke orduan. Litekeena da hartzak prozesu natural baten ondorioz desagertzea, beste espezieetan gertatzen den bezala. Hori ez zait gaizki iruditzen, normala ere bada-eta. Baina bide “artifizialera” jotzen baldin badugu -nolabait deitzearren-, birpopulatzeari ekiten badiogu alegia, badira ondo aztertu beharko genituzkeen hainbat alderdi: zertaz bizi ginen, zertaz bizi gara, eta zertaz bizi nahi dugu? Turismoaren alde egin nahi baldin badugu, oso erakargarria suerta daiteke mendietan hartzak egotea.

Horretarako, baina, funtsezkoa izango da Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea.

Pirinioetako hartza egotea bezain garrantzitsua da Pirinioetako gizakia existitzea. Oreka bilatu behar da bien artean. Zaila da, baina ez ezinezkoa. Nafarroako Gobernuak hartz arrearen habitata babesten du, eta kalte-ordainak ematen ditu animaliak sortutako kalteengatik. Hori Pirinioetako bi aldeetan egiten da, bai Aragoien, bai Frantzian. Ezberdintasun bakarra da Nafarroa eskuzabalagoa dela kalte-ordainak emateko orduan. Baina politika babesle hau ez da nahikoa; berreskuratze politika bat ere behar dugu Pirinioetako hartz arrea garatzeko, bere habitata babesteko, eta populazioa hartz gazteekin eta emeekin indartzeko.

Erronkariko bailararekiko daukazun ardurak bultzatuta, besteak beste bertako dantza tradizional tipikoa berreskuratu duzu, ttun-ttuna. Lortuko al du erronkariarren artean errotzerik?

Erronkariko janzkera berreskuratu genuenean bezala jardun dugu. Aldi hartan, garai bateko jantzi mota guztiak berregin genituen. Bada, ttun-ttunarekin gauza bera egin dugu. Egia esateko, ez dakigu dantza honen jatorria zein den, baina jakin badakigu bailarako zazpi herrietan dantzatzen zutela, eta Uztarroz izan zela galdu zuen azkena, aurreko mendearen hogeiko hamarkadan, gutxi gorabehera. Lan talde bat jendeari irakasten aritu izanari esker, 2003an berreskuratu egin zuten, eta Garden dantzatu zuten lehendabizikoz. Oraindik ere dantzatzen dute. Uztarrozen 2004an berreskuratu zuten, baina geroztik ez dute dantzatu. Aurten, berriz, Izaban dantzatu dute, Santiago egunean, eta San Ziprianotan berriro dantzatuko dute, irailaren erdialdera. Hala ere, gizarte lana da garrantzitsuena. Aipatu dizudan lan taldea ondarea berreskuratzeko asmoz aritu da lanean. Jarduera hauek oso begi onez ikusten ditu jendeak, eta orain bertan, adibidez, jende asko ari da bailarako jantzi tipikoak egiten. Hemendik aurrera, jantzi horiek erakusteko aukera emango dieten ekintzak antolatu nahi ditugu. Eta gauza bera egingo dugu dantza honekin ere: dantzatzeko aukera emango dieten ekitaldiak antolatuko ditugu.

Berreskuraezina dirudiena, “Erronkariko euskararen” altxorra dugu.

Hala da, ez dago berreskuratzerik. Ezinezkoa da. Aukera badago jendeak euskaraz hitz egiteko, baina Erronkariko euskaraz aritzea ezinezkoa da, batez ere ez delako mintzatzen dakienik gelditzen. Hizkuntzalari bi baino ez daude, nahiko ondo ezagutzen dutenak. Edonola ere, ia osotasunean berreskuratu dira Erronkariko euskararen hiztegia, esaera zaharrak, atsotitzak, abestiak, etab. Zorionekoa izan da Estornés sendiaren ekarpena, hirurogeita hamar urte baino gehiago baitaramatzate erronkariera ikertzen. Erabileraren aldetik hila dagoen arren, aipaturiko alderdi horietan nabarmen berreskuratu dute.

Gaztelaniaren nagusitza izan zen erronkarieraren biziraupenerako etsai nagusietako bat. Euskara batua ere bai akaso, nolabait xurgatu egin zuelako?

Oso zaila da gai honi buruz mintzatzea. Euskara batua, euskarak bizirauteko sortutako maniobra bat bailitzan ikusi behar dugu, ez gauza negatibo bat bezala. Egia da euskalkiak hilzorian zeudela, eta desagertze bidean jarri zituela. Baina hizkera horietako bakoitzera jo du ele batzuk jasotzeko, eta gaztelaniara ere jo beharra izan du, euskaraz existitzen ez ziren kontzeptuak adierazteko. Gainera, arau batzuk ere baditu ortografiari begira. Hori guztia positiboa da. Kontua da bailara batean euskara berreskuratzen denean, euskara batua dela berreskuratzen dena. Eta, tamalez, hori gertatu den bitartean, eten bat gertatu da belaunaldien artean, bilobak ez baitziren aiton-amonen hizkuntza ulertzeko gauza.

Zein egoeratan da euskara Erronkari eta Zaraitzuko bailaretan?

Belaunaldien arteko eten horren ondoren, euskara eskolen bitartez ari da berreskuratzen. Dena den, jendeak gaztelania erabiltzen jarraitzen du. Duela zenbait urte, euskara ia existitu ere ez zen egiten. Erronkariko bailarako aspaldiko ordenantzek, euskara normalizatzeari eskaintzen zioten atal bat. Gauza guztiek bere denbora eskatzen dute. Modu asko daude euskarari mina egiteko. Ez da ona sektore ideologiko batzuek darabilten politizazioa, euskara arma bat bailitzan. Alde bateko zein besteko jarrera horiek guztiak negatiboak dira. Euskarak %100ean normalizatu behar du, arlo guztietan. Ni ondarearen arloan aritzen naizenez, jendeari ikusarazi nahi diot beti egin dela euskaraz, eta gure ondarearen zati dela.

Eta zer irizten zaizu euskarak Nafarroako gainerakoan bizi duen egoera?

Erronkariko bailarari buruz esandako gauza bera aplika diezaiokegu. Gaur egun, abertzaletasunarekin edo ezkerrarekin lotzen dute euskaraz egiten duena. Joera hori baztertu egin behar dugu. Euskara guztion ondarea da, eta denen errespetua merezi du. Despolitizatu egin behar da, eta nafar ondarean funtsezkoa dela ikusarazi. Zentzugabea da legeek euskara kategoriatan banatzea. Dena den, kontzeptu politiko globalaren baitan ulertu behar dugu. Hausnarketa sakon bat egin beharko genuke nafar guztiok.

Zein konponbide iradokiko zenuke normalizazioaren bidean aurrera egiteko?

Nire lana ondarea berreskuratzea da: jantziak, almadiak, festak... Hizkuntzarekin ere gauza bera egiten ari naiz, ohorezko lekua bete beharko lukeelako ondarea osatzen duten elementuen artean. Euskarari balio hori ematen diogun heinean, despolitizatzen joango gara. Horrek behar du izan abiapuntua; gainerako guztia bere kabuz etorriko da. Cortesko nafarrak zein Luzaidekoak ikusiko dute euskara eurena ere badela. Eta, halaber, juduen kulturan, gaztelar kulturan eta abarren ere badutela beraiena denik. Gure kultura mosaiko baten tankerakoa dela ikusiko dute.

Amaitzeko, esan dezagun Ernest Hemingwayren figura aztertu duten ikertzaileetako bat ere bazaitugula. Plazaratu al zuen idazle ezagun honek euskarari buruzko iritzirik? Izan al zuen inolako harremanik euskararekin? Iritzirik ez zuen eman, baina, segur aski, izango zuen harremanik euskararekin. Nafarroara, Iruñara, 1923an lehendabizikoz etorri zenetik, bere ikustaldi guztietan, Sanferminetara joan aurretik edo ondoren, Iratira joateko ohitura hartu zuen, arrantza egitera. Eta, aldi hartan, Aribe eta Auritzeko jendeak euskaraz egiten zuenez, entzun behintzat egingo zuen. Dena den, ia segurtasun osoz esan diezazuket bere obran ez ziola euskarari inolako aipamenik egin. Fernando Hualde (Iruña, 1961) Fernando Hualde Gállego, ezkondua eta lau seme-alabaren aita, 1961eko irailaren 27an jaio zen, Nafarroako hiriburuan. Erronkarikoak dira bere arbasoak, eta iruinseme bezain erronkariarra sentitzen da bera. Bizitzaren gorabeherak tarteko, ikasketak utzi eta lanean hasi behar izan zuen. Eta, horrela, dagoeneko 28 urte bete ditu La Perla Hotel ederrean, harreragile lanetan. Hotel hau, XIX. mendean sortua, penintsulako zaharrena izango da segur aski. Bien bitartean, Iruñako, Erronkariko bailarako eta Pirinio inguruetako historia eta festetan sakontzeko grina sortu zitzaion. Eta, ikerketa lan horretatik abiatuta, gero eta elkarte gehiagotako lankide bihurtzen joan da; besteak beste hauetakoa: Txuri Beltzean elkartea, 2003an Nafarroako Pirinioetako ondare historiko-kulturala berreskuratu, babestu eta zabaltzeko asmoz sortua; La Favorita kultur elkartea, Julián Gayarreren irudia sustatzen duena; eta Txaranbil elkartea, Erronkariko bailara promozionatzera zuzendua. Beste hainbat kultur elkartetako lankidea ere bada; hala nola, almadiazainen eta Lodosako zezenaren elkarteetakoa. Liburuxka ugari idatzi ditu, eta hainbat libururen egilekidea da. Bakarka ere idatzi eta argitaratu ditu batzuk: “Hemingway. Cien años y una huella” (1999), “Hemingway. Centennial font prints” (1999), “Historia y carteles de San Fermín. Siglo XX”. I. liburukia 1900-1950; II. liburukia 1951-2000 (2000 eta 2002), “Ura txuri beltzean” (2002), “El valle de Roncal y sus gentes” (2003) eta “El valle de Salazar y sus gentes” (2003).
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Asier Altuna eta Telmo Esnal. Zinemagileak: Euskaraz lan egitea naturala da guretzat

 

Irakurri

Iñaki Igon Garitaonaindia Murgiondo “Gari”. Musikagilea eta Hertzainak taldearen abeslari ohia: Dena galtzear egon naiz

 

Irakurri

Bernhard Franz Hurch. Hizkuntzalaritza Orokor eta Aplikatuan katedraduna: Hizkuntzalari espainiarrek oso interes txikia agertu dute euskararen inguruan

 

Irakurri

Belen Greaves. Bizkaiko Kultur Foru Alduna: Ez digu ezertarako balio barrualdea guztiz modu zoragarrian berriztatu duten elizak edukitzeak, eliza horiek beti itxita badaude

 

Irakurri

Igor Yebra. Dantzaria: Antzeztokian egotea adrenalina betekada da, emozio guztiak maila gorenera eramatea

 

Irakurri