Iñaki Mujika. Lanbide Heziketako eta Etengabeko Heziketako Sailburuordea: Guk daukagun eredua industriala da, eta ikasleek eta familiek jakin behar dute lanpostuak non dauden

2006-10-06

BREA, Unai

Gaztetatik, Lanbide Heziketari lotuta egon da Iñaki Mujika usurbildarraren bizitza. Ikasle lehenengo, irakasle gero, Sailburuorde gaur egun. Lakuako bulegoan hartu gaitu, eta ordubetez Lanbide Heziketak Euskadin bizi duen egoeraz jardun dugu. Pozik agertu da Mujika, aurrerapausuak azpimarratuz baina hutsuneak estali gabe. Oraindik iraganeko estigma batzuk jasan beharrean dago Lanbide Heziketa, baina apurka-apurka gaindituz doaz horiek ere.

Urtebete daramazu karguan. Balantzea egiteko unea izan ohi da...

Gustura gaude. Alde batetik, lan-talde bikaina dudalako. Bigarrenik, gure hausnarketa estrategikoa egin dugulako Sailburuordetzan, eta hemendik 2010era arteko ikuspegi bat lantzen saiatu gara. Ikuspegi interesgarria, nire ustez. Edonola ere, Lanbide Heziketako Planari oso lotuta gaude. Alegia, guk aurretik geneukan 2004-08 Lanbide Heziketa Euskal Plana; Jaurlaritzak onartu egin zuen, eta gauzatu beharra daukagu.

Eta zeintzuk dira 2004-08 Plan horren ildo nagusiak?

Lau atal ditu. Lehenbizikoa, aurreko Lanbide Heziketako Euskal Planak sortu zituen egiturak –Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua, Koalifikazioen Euskal Insittutua…- sendotzea; horretarako, gure lehenbiziko erronka Lanbide Heziketako euskal legea egitea da. Eta horretan ari gara. Lege horren zirriborro bat prestatzen gabiltza, eta laster hasiko gara Lanbide Heziketa munduan dauden eragileekin bilerak egiten, zirriborro hori lantzeko.

Bigarren atala kalitatea da, eta horren inguruan oso pausu interesgarriak egin ditugu azkeneko urteetan. Gure ikastetxeen %95ak lortu du ISO 9001 ziurtagiria, edo bestela FQM ereduan oso maila interesgariak, 400 eta are 500 puntutik gora. Gure inguruko enpresekin alderatuta, geu izan gara hainbat ziurtagiri lortu ditugun lehenengoak. Eta beraz, lasai-lasai hitz egin dezakegu gure enpresekin kalitate kontuez. Uste dut aitzindariak garela estatu zein Europa mailan.

Beste atal bi geratzen zaizkigu aipatzeke...

Hirugarren esparrua berrikuntza teknologikoa da. Alde batetik, uste dut gure ikastetxeak nahiko ondo hornituta daudela alor horretan. Baina teknologia oso azkar aurreratzen da, eta guk eutsi egin behar diogu. Horrek diru gastu handi samarrak ekartzen ditu. Baina ikastetxeek ikasi egin dute Eusko Jaurlaritzatik doazen laguntzetatik ez ezik, inguruko enpresetatik eta beste iturri batzuetatik ere dirua lor daitekeela. Zentzu horretan, Lanbide Heziketako ikastetxeak, salbuespenak salbuespen, nahiko ondo daudela esan dezakegu. Hala ere, ez genuke nahi teknologiari dagokionez ikastetxe bakoitza bere aldetik ibiltzea, besteetatik aldenduta. Horregatik, orain dela gutxi sortu genuen Tknika, Errenterian.

Eta zer da Tknika, zehazki?

Lanbide Heziketako berrikuntza eta irakasleen heziketarako zentroa. Tknikaren bidez, esaterako, saiatzen gara ateratzen diren teknologia berriak enpresetara ahal den azkarren irits daitezen, eta gure ustez Lanbide Heziketako ikastetxeak dira horretarako bide egokiena. Alde batetik, teknologia hori gure ikastetxeetara etortzen bada, gure ikasleek hartuko dutelako, eta gure ikasleak dira etorkizunean, baina urte gutxi barru, teknologia hori enpresetara eraman dezaketenak. Bestetik, gure ikastetxeak etengabeko formakuntzan ari dira lanean enpresa txikiekin, beraz, hainbeste aipatzen den “teknologia-arrail” hori laburtzeko balioko luke.

Honenbestez, 2004-08 Planeko laugarren atalaz hitz egitea besterik ez zaigu gelditzen…

Bai. Informazio-ezagueraren teknologia da hori, IKT delakoa. Argi dago momentu honetan hor murgilduta gaudela; edozein lanpostutan, ordenagailu bat ez badago, lanean dakigun ere ez dakit, eta hori ikastetxera ere ekarri behar da. Lanbide Heziketako ikastetxe guztiak oso ondo hornituta daude, baina oraindik lan handia dago egiteko. Batetik, irakasleei askotan zaila suertatzen zaie tresneria berri hauekin eskolak prestatu eta ematea. Berez, lagundu egin behar zaie pixkanaka-pixkanaka. Horretan ere ahalegin handia egiten ari gara Tknikan.

Aurrerapauso nabarmenak daude beraz, diozunaren arabera. Gakoetako bat, jakina, giza-baliabideak dira. Hots, irakasleak. Nola gabiltza alde horretatik?

Oro har, ondo. Momentu honetan dagoen problema ikasle falta da. Baina ez Lanbide Heziketara joan nahi ez dutelako, baizik eta ikasle kopururik ez dagoelako oro har, jaiotza-tasa eskasa dela eta. Eskaintza handiagoa dugu ikasle kopurua baino. Horrek urduritasuna sor lezake irakasle batzuengan: azkenean, ikaslerik ez badago, beharbada ez dugu irakaslerik beharko. Baina nik mezu lasaigarria eman nahi nuke: momentu honetan honela gaude ikasle kopuruari dagokionez, baina horrek beste zerbitzu batzuk emateko aukera ematen digu.

Esaterako?

Faltan ditugun ikasleek sortutako hutsunea, nolabait, Etengabeko Heziketako langileekin betetzen ari gara. Maila oneko irakasleak ditugu, eta badakite teknologia horietaz. Ikasle mota aldatuko da, ordutegiak aldatuko dira… horretara egokitu beharko dira, baina irakaslegoari eutsi behar diogu nola edo hala. Izan ere, irakasleen batez besteko adina 48 urte ingurukoa da –nire adina, hortaz- eta horrek esan nahi du hemendik hamarren bat urtera erretiroa hartzeko atarian egongo garela. Orduan, orain sobera daudela pentsa dezaketen irakasle horien beharra izango dugu.

Etengabeko Heziketa aipatu duzu. Zure sailburuordetzak jorratzen duen beste arloa da hori, Lanbide Heziketarekin batera. Zertan datza?

Egia esan, Lanbide Heziketa nahiko ezaguna da, eta Etengabeko Heziketa ez hainbeste. Zer da? Europa mailan bultzatzen ari garen egitasmo bat. Gizartea hezi, informazioz hornitu, eta azken batean jendeak ahalik eta ahalmenik handiena eduki dezala erabakiak hartzeko. Heziketa hori ez da zertan bakarrik legeak ezarritakoa izan behar (Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, unibertsitatea, Lanbide Heziketa…), badago esparru zabal bat hortik aurrera ere. Langileak egokitu behar dira hain azkar aldatzen ari diren teknologiara, ekonomiara… Badago oraindik jorratu beharreko gai asko. Jendeak ikus dezala dena ez dela eskolan ikasten, ez eta lanean ere, gauza asko horietatik kanpo jorra daitezke.

Esan duzu ikasleek ez diotela bizkarra ematen Lanbide Heziketari.

Ez, portzentajea nahiko ona. Kontua da ikasle kopuru osoa urtez urte jaisten dela. Eta horrek ekarri du gure enpresak ere pixka bat larritzen hastea. Guk daukagun eredua industriala da, eta ikasleek eta familiek jakin behar dute lanpostuak non dauden. Ez gaude Kanariar Uharteetan, eta gure lan-esparrurik sendoena ez da turismoa. Industria da, eta horra bideratu behar ditugu geure ahaleginak.

Baina betidanik, ohituraz-edo, Lanbide Heziketa ikasle txarrentzako irtenbidetzat jo izan da. Unibertsitatea da benetako helburua, eta balio ez dutenak hemen sartuko ditugu…

Uste dut hori asko aldatu dela. Batetik, goi-mailako Lanbide Heziketa egiteko Batxillergoa eskatzen da orain. Unibertsitatera joateko bezala, beraz. Nik neuk behintzat, beti aholkatzen dut zenbait karrera tekniko egiteko garaian, onena goi-mailako Lanbide Heziketa bat egitea, litzatekeela, hau da, lanbide hori zer den jakin. Enpresan hiru hilabete pasa beharra dute eta… Ikus dezatela benetan lan mundu hori zer den, eta gero, noski, ingeniaritza edo dagokion unibertsitateko ikasketak egin ditzatela. Beste batzuek bide azkarragoa aukeratzen dute, eta zuzenean joaten dira Batxillergotik ingeniaritza hori egitera. Gero, enpresan, errealitatearekin topo egiten dute, eta askotan ikusten ari gara ingeniaritza ikasi eta gero Lanbide Heziketa egitera datozela batzuk. Lana zer den ikasteko.

Lanbide Heziketan arituta ez omen da gero arazorik lana aukitzeko…

Hala da. Momentu honetan ikasle portzentaje handi batek lortzen du lan-merkatuan txertatzea.

Baina enpresak kexu omen dira, joaten zaizkien langileek ez daukatela behar bezalako kualifikazioa. Ez dakit hala den ala ez…

Zenbat buru, hainbat aburu. Askotan, enpresa batekin hitz egiten duzu eta esaten dizu ez daukala pertsonarik berari egokitutako lanetarako propio prestatuta. Hori normala da. Fabrikazio mekaniko arloan, esate baterako, mila eratako enpresak daude. Ezin zaio, bi urteko heziketarekin, enpresa batek behar duenari erantzun. Garai batean enpresek esaten zuten: ”Fabrikazio mekanikoan aritzeko, ikasleek gutxienez hau jakin beharko lukete”. Eta uste dut hori, hemen, oso ondo betetzen dela.

Edozelan, zuek -Lanbide Heziketa munduak, esan dezagun-, oso lotura estua dauka enpresekin…

Bai.

Eta badakizue, enpresen ahotik, zer den oraintxe behar duguna?

Bai, eta gainera gu, Sailburuordetza honetan, sektore batetik eskaintza bat etortzen zaigunean saiatu egiten gara ahalik eta azkarren hori bideratzen. Adibidez: orain urtebete etorri zitzaizkigun Bergara inguruko hainbat enpresa. Estanpazio sektorean lan egiten dute, eta konturatu egin dira orain txinatarrak hasi direla horretan, beste teknologia batzuk badaudela baina beraiek ez dauzkatela… Hara, guk lan-talde bat jarri dugu horretan lanean. Eta lan-talde horrek heziketa bat emango du, eta ikasle kopuru bat aterako da heziketa horrekin. Halako eskaera bat datorkigun bakoitzean, saiatu egiten gara erantzuten.

Euskara aipatu nahi nuke. Betidanik esan da euskara Lanbide Heziketatik kanpo dagoela. Hori hobetuz doa?

Guk, beste ikasketa mota batzuekin konparatuta, arazo bat daukagu. Adibidez: hiru Batxillergo mota badaude, eta hamar ikasgai, argitaletxeek egin ditzakete ikasgai horietarako liburuak, ikasle kopurua handia delako. Baina gure eskaintza hain zabala denez… Guk erkidegoan 100 ziklo desberdin dauzkagu, eta ziklo bakoitzak, zeharkako moduluak kontuan hartu gabe, zortzi modulu desberdin dauka. Horrek 800 material eskatzen du. Hori alde bat da. Bestetik, ikasle bakoitzak ikasketa mota batzuk nahi ditu, eta normala denez, etxetik ahal den gertuen. Baina jakina, ezin dira eskaini 100 ziklo etxetik ahal den gertuen. Orduan, askotan ikasle euskaldunek erdarazko eskaintza aukeratzen dute, etxetik gertuago dagoelako. Zailtasunak dauzkagu alde horretatik.

Zeozer egin liteke?

Iaz, esaterako, talde mistoak sortu genituen. Talde bat osatzeko, gutxienez hamar lagun behar dira, eta konturatu ginen batzutan sei euskaldun eta lau erdaldun zeudela, edo bost eta bost… Azkenean, ez batentzat ez bestearentzat, talderik ez zen osatzen. Horregatik sortu genituen talde mistoak.: hamar lagun horiek elkartu egiten dira, zeharkako moduluak erdaraz egiten dituzte, eta lanbideari lotutako moduluetan hizkuntzaren arabera banatzen dira. Eta denboraz, beste proiektu bat hasiko dugu: hirugarren hizkuntza. Ingelesez noski.

Badago irakasle nahikorik bai euskaraz bai ingelesez irakasteko?

Euskaraz bai, ingelesez ez. Hori beste kontu bat da, eta hor daukagu hurrengo erronka. Aurten hasi gara talde batekin ekimen bat gauzatzen. Ingeles maila interesgarria azaldu duten iraksale batzuek urtebete bat emango dute materiala prestatzen, eta hizkuntza teknikoa garatzen. Horiek hori egiten duten bitartean, beste talde batekin hasiko gara, liberazio orduekin eta abar, ingeles maila hobetzen.

Lehen sakabanaketaz hitz egin dugu: 100 ziklo desberdin egonik, ezin dena leku guztietan egon. Jende asko geratzen da nahi duena egin gabe horregatik?

Ez daukagu horren aztarnarik. Inkestak ematen dizkiegu ikastetxeei, eta alde horri dagokionez asebetetze maila ona dago, bai familien aldetik bai ikasleenetik. Ez dugu kexarik jasotzen horregatik; bestela erantzun egingo genuke, erantzuteko konpromisoa daukagu eta (guk ere kalitate-sistema daukagu, hau da, Sailburuordetzak ere ISO 9001 dauka). Arazoa gehiago da eskaintza zabalegia daukagula, eta pixka bat trinkotu nahi dugu, ikastetxeetan taldeak sendotzeko.

Elkarrizketa guztietan galdetuko dizute honetaz: emakumeak Lanbide Heziketara hurbiltzeko gonbidapena egiten duzue…

Bai. Zenbait sektoretara etortzeko asmorik ere ez daukatela adierazten digute emakumeek. Ez neskek ez familiek, oraindik ez dute eman pausu hori. Lan handia dago egiteko ikastetxeetan, bai DBHn, bai Batxillergoan. Eta orientatzaileen lanaz ari naiz. Orientatzaileek askotan bideratzen dituzte ikasleak, hona animatuz eta hara ez… Beraiek ez badute Lanbide Heziketa ondo ezagutzen, ez dute orientazio lan hori ondo egingo. Gu saiatzen ari gara orientatzaileek ere ikus dezaten oraingo Lanbide Heziketa ez dela bakarrik lantegiko amantala… Komunikabidetan ere, Lanbide Heziketaz hitz egiten ari denean, beti azaltzen da hori: tornua eta abar. Gauza gehiago gaude, eta oso interesgarriak! Beraz, uste dut orientazio lan bat dagoela egiteko, eta horri lotuta dago azaroan BECen egingo dugun III Lanbide Heziketako erakusketa.

Lan munduaz hitz egitea, gaur egun, zabor-kontratuez hitz egitea da, eta behin-behineko kontratuez, eta aldi bateko lanaz… Lanbide Heziketan ere gertatzen da hala? Hau da, enpresek Lanbide Heziketara jotzen dutenean langile bila, zelako konratuak egiten dizkiete gero? Nik enpresa-jabeei esaten diet askotan gaizki jokatzen dutela. Garai batean bazen, langile bat enpresa batean sartutakoan, bien arteko konpromiso halakoa. Behin enpresan sartu eta, kasu askotan, ia bizitza osorako zen. Hori galduz joan da. Alde batetik, horrelako kontratuak daudelako: konpromiso hori errazago hausten da. Eta langileak ere ez dauka enpresarekiko horrelako loturarik ere; eskaintza hobea etortzen bazaio, hura hartuko du. Gero, enpresa-jabeak kexatu egiten dira, baina nik uste dut gaurko kontratuek, eta horren inguruan dagoen guztiak, ez dutela laneko giroa gozotzen. Askotan esaten diet: ikasle gazteei proba bat egin behar zaie lehenbizi, lanean nolakoak diren ikusi, lan-taldean ere, pertsona modura, nolakoak diren ikusi… eta onak badira, bermatu ez zaiela beste enpresa bat etorriko eskaintza hobeago batekin. Baina gaurko egoera hori da, eta niretzat tristea da ikustea zer kontratu motarekin eta zer diru kopururen truke ari diren lanean. Gizarteak ezin du hori onartu. Iñaki Mujika Aizpurua

(Usurbil, 1958) 48 urte ditu, eta horietatik 26 daramatza Lanbide Heziketa munduan. Ikasi ere, bertan ikasi zuen 14 urte betez geroztik. Elektrizitate arloko irakaslea da, eta Usurbilgo Lanbide Eskola izan du lantoki bakarra. 21 urte eman zituen han, Eusko Jaurlaritzara ailegatu baino lehenago, “horietatik hamazazpi zuzendaritza taldeko kide modura gainera: zortzi urtez zuzendariorde, eta bederatzi urtez zuzendari”. Usurbilen dauka oraindik lanpostua zain, baina bitartean Eusko Jaurlaritzan dihardu, eta dagoeneko hau du bosgarren urtea. Lehenbiziko lauretan Lanbide Heziketako Zuzendaria izan zen, eta iaz bereganatu zuen Sailburuordetzako ardura nagusia.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Jose Maria Muñoa. Lehendakariaren Ordezkaria Kanpo-Harremenetarako eta Euskadiren Ordezkaria PLEn: Europa, gaurko egunean, ezin da izan herrialde, kultura, proiektu... desberdinek osatutako patchwork bat, denak elkarren ondoan baina elkar ulertu gabe

 

Irakurri

Félix Linares. Kazetaria eta zinema-kritikaria: Zein da zinema-jaialdien benetako ekarpena: filmak ala xarma?

 

Irakurri

Maite Erro. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defendatzailea: Emakumeok ez daukagu batere erreza, eta horren kontzientzia eskasa dugu

 

Irakurri

Rafael Hueso Vicent. Pirinioetako Lan Elkarteko idazkari nagusia: Arazoak konponduz EB barruko mugak egiazki gainditzea, hori da PLEren helburua

 

Irakurri

Ángel José Gómez Montoro. Nafarroako Unibertsitateko errektorea: Nafarroako Unibertsitatea oso harro dago bere jatorria Erresuma Zaharrean izateaz, baina zabalpena ere bilatzen du

 

Irakurri