Ángel José Gómez Montoro. Nafarroako Unibertsitateko errektorea: Nafarroako Unibertsitatea oso harro dago bere jatorria Erresuma Zaharrean izateaz, baina zabalpena ere bilatzen du

2006-09-01

LARREA, Koldo

GARMENDIA IARTZA, Koro

Iazko irailaz geroztik, Nafarroako Unibertsitateko errektorea da Ángel José Gómez Montoro. Bere zuzendaritzapean dago, beraz, 15.471 ikasleren prestakuntza eta etorkizun profesionala (ikasle horietatik 10.758 unibertsitarioak dira, 1.134 doktoregaiak eta 3.579 master, espezializazio eta beste ikasketetan dihardutenak), 1.620 irakasle eta 427 laguntzaile, eta administrazio zein zerbitzuetan diharduten 937 profesional. Beste modu batean esanda, Konstituzio Zuzenbidean katedradun hau duela 54 urte sorturiko unibertsitate pribatuaren buru da, zeinak fakultate zein zentroak dituen Iruñean (Klinika Unibertsitarioa eta CIMA barne), Campus bat Donostian (Injineruen Goi Eskola eta Idazkaritza zein Administraziorako Goi Institutua), eta Bartzelona zein Madrilen ere errotua dagoena (IESE Business School).

Zeintzuk dira finkatu dituzuen helburuak (enpresaritzan, prestakuntzan, etab.)?

Lehena, derrigorrezkoa nolabait, Goi Hezkuntzako Europar Espazio berritik datorkigu, Boloniako prozesua deiturikotik. Kontuan izan beharreko erreferentea da espainiar unibertsitateen etorkizun hurbilerako eta, beraz, Nafarroako Unibertsitaterako ere bai. Lau puntutan laburbiltzeko, esan genezake aldaketak sortu eta bideratu nahiko genituzkeela, ikerketa/irakaskuntza aliantza indartu, tokian sustraitu eta nazioartean proiektatu, eta ikasleek beren prestakuntzan daukaten protagonismoa handitu.

Ikerketak izan behar al du unibertsitatearen jardueraren gidari?

Bai, bai. Horregatik, CIMAk (Ikerketa Mediku Aplikatuaren Zentroa) emandako bultzadaz baliatuz, ikerketak hobetzen jarraitu beharra dago Zientzia Biomedikuetan. Teknologiaren arloari dagokionez, aurten eraikin berri bat zabaldu dugu Donostiako Campusean. Orain, berriz, Humanitateen eremuko diziplinarteko ikerketa sustatu nahiko genuke batez ere.

Ikasturteari hasiera emateko hitzaldian, "etorkizunari irekita egotearen" garrantzia azpimarratu zenuen. Zer adierazten du zehazki kontzeptu honek, eta nola gauzatu nahiko zenukete?

Oinarrizkoa iruditzen zait Unibertsitatea irekita egotea. Etorkizunari ez ezik, aldaketen jatorrian egoteari ere bai. Bestalde, lorpenetan oinarritu behar dugu berrikuntzen aurrean irekita egoteko. Oreka dinamikoa bilatu beharra dago kaskarkeria koldarraren immobilismoaren eta erreforma burugabeen aktibismoaren artean.

Aipatzen duzun etorkizunak Bolonia al du izena?

Boloniako prozesuaren bidez, graduondoko ikasketa ofizialak sartzean eta graduko ikasketa berriak definitzean, unibertsitateak ikasleei eta, oro har, gizarte guztiari zuzentzen dizkion zerbitzuak hobetzeko aukera bikaina eskaintzen zaigu. Kontua ez da ikasketa planak “birplanteatzera” mugatzen. Gure benetako helburuak kalitate handiagoko prestakuntza eskaintzeak izan behar du, eta, horretarako, hobetu egin behar dugu: lehenik eta behin irakasleak, eta gero -edo, hobe esanda, aldi berean- ikasleak.

Boloniako prozesuak goi hezkuntzako europar esparrua sortzera eramango al gaitu?

Helburua hori da, eta nire ustez neurri handi batean lortu egin daiteke. Baina ez da helmuga bat. Nazioarteari irekita egotea unibertsitatearen funtsari berari lotuta dago. Gure kasuan, Europarekin hasi behar dugu, baina mundu osora iristeko asmoarekin –hein handi batean, horretan dihardugu-.

Nafarroako Unibertsitateak helduko al dio gaur egun duen garrantziari unibertsitate sistema europar horretan?

40 herrialde baino gehiagotako goi hezkuntzako erakundeekin eta nazioarteko organismoekin dauzkagun lankidetza hitzarmenei esker, gure ikasle asko joaten dira atzerrira, eta nazioarteko ikasle askok ematen du seihilabeteko bat edo gehiago gure artean. Baina esperientziarik aipagarrienetako bat, beharbada, atzerritik hilabete batzuetarako ez, baizik eta gradu ikasketak egiteko etortzen zaigun ikasle kopurua da. Duela zenbait urtetik hona ildo hori lantzen ari gara, hau da, Espainiatik kanpoko ikasleak bilatzen eta Campusean programa elebidunak eskaintzen. Orain bertan, gure ikasleen %11 baino gehiago atzerritarra da jatorriz.

Zuen Unibertsitatea izenez “nafarra” izan eta Iruñean kokatuta dagoen arren, sektore batzuen esanetan gero eta ikasle nafar gutxiago dago bertan. Egia al da hori?

Gaur egun, graduko ikasketetan dauzkagun ikasle espainiarren %34 Nafarroatik datorkigu, %30 Euskal Autonomia Erkidegotik, eta gainerakoak beste autonomia erkidegoetatik. Ikasle nafarren presentzia handia da oraindik, eta hala izaten jarraitzea nahiko genuke. Baina, oinarri historiko eta geografikoak bezainbesteko garrantzia du mugak irekitzeak, pertsonaletatik hasi eta instituzionalekin jarraituz. Nafarroako Unibertsitatea oso harro dago bere jatorria Erresuma Zaharrean izateaz, baina, nafarrik unibertsalenek eta erakunderik aurreratuenek bezala, zabaldu ere egin nahi du.

Beste alde batetik, matrikulen prezio garestia dela-eta, elitista izatea leporatu izan dizuete.

Ez dira gauza bera kostua eta prezioa. Kostua antzekoa izaten da unibertsitate guztietan, publiko zein pribatuetan. Nafarroako Unibertsitateak, ez duenez laguntza publiko esanguratsurik jasotzen, irakaskuntzaren kostuari egokitzen dio prezioa. Berez, ikerketa bultzatu ahal izateko fondoen bila gabiltza. Zentzu honetan, eskertzekoa da Unibertsitatearen Lagunen Elkartea ikerketetarako laguntzak handitzearren egiten ari den lana. Laguntza hauek, noski, zuzenean ikasleei egiten dieten on. Beste alde batetik, ez nuke aipatzeke utzi nahi Unibertsitateak egiten duen ahalegin ekonomiko garrantzitsua. Graduko ikasleei, adibidez, 7,5 milioi euro zuzentzen dizkie bere baliabideetatik. Honi dagokionez, esan beharra dago ikasle ohiek, duela bi urte, beken programa erakargarri eta, nire ustez, aitzindari bat jarri zutela abian, Nafarroako Unibertsitatean ikasi nahi duten baina beharrezkoak diren baliabideak ez dauzkaten ikasleei laguntzeko. Gaur egun ehun bat dira bekadun hauek, eta kopurua bikoiztu bederen egin nahiko genuke.

Azkenik, bada beste kritika bat ere, oro har unibertsitate espainiar guztiei zuzentzen zaiena, hain zuzen ere unibertsitario eta lizentziadun berriek maila intelektualean zein gizatasun mailan azaltzen duten kaskarkeriarekin lotuta. Hori izango ote erakunde akademiko hauek bizi duten masifikazioaren zio nagusia? Izatez, gazteak dira giza balioak haragitu eta garatzeko dohainik egokienak dauzkaten pertsonak. Horregatik daukagu hainbesteko erantzukizuna euren prestakuntzan. Gakoa, nire ustez, edo gakoetako bat behintzat, bakoitzari daukan onena ematen laguntzeko denbora eskaintzean datza. Masifikazioak eragotzi egiten du arreta pertsonalizatu hori ematea, baina ez zait iruditzen gaur egungo arazoa hori denik. Bestalde, Nafarroako Unibertsitateak daukan esperientziak, eta nik neuk irakasle bezala daukadanak, erakutsi digute ikasleak, behar bezalako arreta eskaintzen zaienean, beren gabeziak estaltzen joaten direla ikasturtez ikasturte, eta bukaerarako lortzen duten prestakuntza mailak ez daukala Europako beste herrialdeetako edo iparrameriketako ikasleek daukatenaren lotsarik izan behar. Ángel José Gómez Montoro Zamoran jaio zen, 1960an, baina Ávilan eman zituen bere haurtzaro eta gaztaroa. Zuzenbidean lizentziatu zen Complutense Unibertsitatean (1984) eta Konstituzio Zuzenbideko eta Politika Zientzietako diplomatura eskuratu zuen geroago, Centro de Estudios Constitucionales-en (1985-87). Ezohiko saria jaso zuen Zuzenbideko doktoradutza egitean, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan (1992), eta irakasle lanetan aritu da Complutense Unibertsitatean (1987), Madrilgo Unibertsitate Autonomoan (1988-2001), eta Alemania, Italia, Kolonbia zein Mexikoko hainbat unibertsitate eta erakundetan. 1994tik 1998ra bitartean, Konstituzio Auzitegiko letradua izan zen. 2001eko urrian sartu zen Nafarroako Unibertsitatean. Katedraduna da bertan. 2003an, Konstituzio Auzitegiak eta Centro de Estudios Políticos y Constitucionales-ek bi urtean behin antolatzen duten Francisco Tomás y Valiente saria eskuratu zuen “Asociación. Constitución. Ley” liburuari esker. Nafarroako Unibertsitateko errektoreak Ismael Sánchez Bella. 1954tik 1960ra. José María Albareda. 1960tik 1966ra. Francisco Ponz. 1966tik 1979ra. Alfonso Nieto. 1979tik 1991ra. Alejandro Llano. 1991tik 1996ra. José María Bastero. 1996tik 2005era. Ángel José Gómez Montoro. 2005etik gaur arte.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Ibon Martín Álvarez. Txangozalea eta aisia zein bidaietan espezializatutako kazetaria: Gure lurraldeko ingururik egiazkoena Ipar Euskal Herria da. Bertan bai nabari dela, eta oso modu berezian gainera, Euskadin gaudela

 

Irakurri

Enrique Echeburúa Odriozola. EHUko Psikologia Fakultateko Psikologia klinikoan katedraduna: Maitasunak giroa goxotu eta indar positiboak sortzen ditu. Kontsumismo ergelean erori beharrean, gauza txikien aurrean hunkitzen erakusten digu. Bizipozaren iturri da

 

Irakurri

Joxean Muñoz. CICC-Tabacaleraren zuzendaria: Tabacaleraren gidoia idazten ari gara

 

Irakurri

Thierry Malandain. Koreografoa Biarritzen: Koreografo batentzat bere lanean jardutea garrantzitsua da bizirik irauteko eta, bestalde, toki bateratzea lortu behar du

 

Irakurri

Patxi Juaristi Larrinaga. Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Zuzendaria: Boloniako prozesua gainean dugu, eta horrek aldaketa garrantzitsuak eskatzen dizkigu. Alegia, gure unibertsitateak Europakoekin homologatu behar ditugu

 

Irakurri