Rafael Hueso Vicent. Pirinioetako Lan Elkarteko idazkari nagusia: Arazoak konponduz EB barruko mugak egiazki gainditzea, hori da PLEren helburua

2006-09-08

BREA, Unai

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Lehendakaritzaren egoitzan genuen jarria hitzordua, Ajuria Enea jauregitik metro gutxira. Jauregiaren atzeko paretak genekuskien elkarrizketaren aretotik. Han hartu gintuen Rafael Huesok, Pirinioetako Lan Elkarteko (PLE, hemendik aurrera) idazkari nagusiak. Euskal Autonomia Erkidegoari iaztik dagokio erakundearen lehendakaritza, eta ordutik, hain justu ere, da R. Hueso karguaren jabe. Idazkariaren curriculuma ikusita (elkarrizketaren amaieran duzue), bistakoa da ezin hobeto datorkiola kargua. Izan ere, Eusko Jaurlaritzan lanean hasi zenetik (duela hamabost urte), erregioen arteko elkarlana izan du eginkizun ia bakarra. Huesoren iritziz, mugek eragin dituzte gizateriaren kalte gehienak mende –edo milurte– luzez. Hesi barik lotune izan daitezen mugak, horretan dihardu orain Huesok.

Hona lehenbiziko galdera, derrigor egin beharrekoa: Zertarako sortu zen PLE?

Ona galdera. Izan ere, batzuetan ahaztu egiten zaigu egitea –hain da sinplea eta bistakoa!–, eta ez dagozkigun beste gai batzuetan nahaspilatzen gara. Zertarako sortu zen PLE? Lehenik eta behin, esan dezadan testuinguru berezi batean sortu zela: 1980ko hamarkadan. Sasoi hartan, protagonismoa hartzen hasi ziren erregioak (estatuaz beheko eskualdeak, hobeto esanda) kanpo-harremanetan. Jakina, erregioek ez dute estatuen eskumen-maila bera, baina bai nazioartean jarduteko halako lan-eremu bat. 1980ko hamarkadan hasi zen indartzen zer hori. 1983an, lehenbiziko osoko biltzarra egin zen (horrela deitzen diegu gure bilerei), eta mugari buruzko hausnarketari ekin genion. Ohartzen hasi ginen, bada, bazela garaia elkarri bizkarra emanda ibiltzeari uzteko, bazela ordua esateko: “Seguruenik, gauza asko dugu egiteko elkarrekin, eta balio erantsia ekarriko digute, gainera”. Pirinioetako erdialdean izan ziren erakundeen arteko lehenbiziko harremanak: Aragoin, Katalunian, Frantziako aldean... Azkenik, proposamen bat egin zitzaien ‘euroeskualde’ horretako erregio guztiei (zortzi). Bada gauza bitxi bat ere: bazkide guztiak eskualdeak gara, Andorra izan ezik. Estatu burujabea da Andorra, NBEn ordezkaritza eta guzti duena.

Nolakoak izan ziren lehen harreman haiek?

Mugaren eragin kaltegarriak ezabatzeko garaia bazela genioen denok. Horretarako, alde bietako eskualdeen arteko lankidetza bultzatzea erabaki genuen, arazoak konpontzen hasteko.

Zer arlotan bultzatzen duzue elkarlana?

Garraioan, adibidez, aspaldiko arazoa dugu eta. Jakingo duzuenez, Pirinioak ez dira muga politikoa soilik; langa fisikoa ere badira. Bi pasabide nagusi bakarrik ditu jendea eta merkantziak alde batetik bestera igarotzeko: bat, ekialdean, Katalunia eta Languedoc-Roussillon artean; bestea, mendebaldean, Akitania eta Euskadi artean. Merkantzia-garraio izugarria jasaten dute bi pasabide horiek (8.000 kamioi egunean, bakoitzak), baita horrek dakartzan arazoak ere (kalteak ingurumenari, istripuak, ibilgailu-pilaketa...).

Bestalde, zientzia eta ikerkuntzaren alorrean ere bultzatu nahi dugu lankidetza, gogotik gainera. Ez ahaztu Erkidegoko zortzi bazkideok (Akitania, Erdialdeko Pirinioak eta Languedoc-Roussillon, Frantziako aldean; Katalunia, Aragoi, Nafarroa eta Euskadi, estatu espainiarrean, eta Andorra) ‘eskualde ahaltsuak’ garela, EBko hizkeran esanda. Per capita BPG, adibidez, EBko batezbestekoa baino handiagoa da erregio ia guztietan. Ez gara konbergentzia-eskualdeak, ‘txiroak’, Europatik dirutza handiak jasotzeko premian daudenak. Gure ustez, etorkizun oparoa dugu zortzi eskualdeok ikerkuntzaren eta teknologiaren arloan.

Kulturaren alorraz ere biziki arduratzen gara. Gure arteko elkarlanaren zutoinetako bat, gai horri dagokionez, hau da: ohartzen gara halako ‘batasun anizkoitz’ bat osatzen dugula beste erakunde batzuekiko. Bruselarekin mintzatu behar dugunean, PLE gara. Foro batzuetarako behar dugun batasun horrekin batera, ordea, badugu aniztasunik ere; hizkuntzena, adibidez. Lau hizkuntza ofizial ditugu. Noski, gaztelania eta frantsesa dira nagusiak, baina euskara eta katalana ere ofizialak dira, bai beren herrialdeetan bai PLEn.

1983an, PLE sortu zenean, Espainia ez zen, artean, EEEko kide. 1986an, hango kide egin zenean, aldatu al zen ezertan PLEren lan egiteko era?

1983an PLEk ez zeukan gaur egungo sendotasunik eta hedadurarik. Harreman politikoak, aldeen arteko hurbilketa mantsoak..., horixe zen guztia. Mantsoak diot, baina ez zentzu txarrean: poliki genbiltzan, baina pauso sendoz. Noski, estatu espainiarraren eskutik 1986an EBn (EEE, sasoi hartan) sartu ginen autonomia-erkidegook halako zer berezi bat sentitu genuen PLEn lan egiteari zegokionez. Jada denok berdinak ginela, alegia, batzuon eta besteen eskumenei zegokienez izan ezik. Izan ere, estatu espainiarreko autonomia-erkidego izan ala Frantziako erregio izan handia da aldea. Eta nabaritu egiten da alde hori elkarlanari ekitean.

Zertan nabaritzen da?

Bada guk erabakitzeko ahalmena dugula gai korapilatsuetan, eta, Frantziako erregioek, ez. Osasun-arloko lankidetzari buruzko eztabaidan ari bagara, esate baterako, Frantziako gobernuaren esku segitzen dute eremu horretako eskumenek, ez eskualdeetako gobernuen mende. Estatu espainiarrean, aldiz, alor horretan eta beste zenbaitetan eskumenak dituzte autonomia-erkidegoek.

Europan lehendik martxan zeuden zenbait esperientzia aztertuko zenituzten, noski. Alpeetakoa, adibidez …

Badago beste bat (Europako Eskualde Mugakideen Elkartea), eta partaide du Euskadi aspalditik. 1970eko hamarkadan jada martxan zen elkarte hori. Baina arrazoi duzu: Alpeetako esperientziaren antzekoa dugu helburu guk ere, haien antzeko eremuan gainera. Ez dira gauza bera Belgika, Herbehereak eta Luxenburgo arteko muga (lurralde lau hartan existitu ere ez da egiten muga fisikorik) eta Alpeetakoa (4.000 metroko mendi-tontorrak). Noski, bigarren muga hori erreferentzia zen guretzat. Lankidetzari ekin genionean, 80ko hamarkadan, jaiotzen ari zen Europan erregioen mugimendua. Indartsu sortu zen, eta, 90eko hamarkadan, hezurmamitzen hasi zen. Horrenbestez, erregioen arteko lankidetza bultzatu zuten zenbait estatuk. Gure hurbileko adibide bat aipatzearren, Baionako Hitzarmena izenpetu zuten Frantziak eta Espainiak. Mugaz gaindiko elkarlanean jarduteko ateak zabaltzen zizkien hitzarmen hark estatuz beheko erakundeei. Oso garrantzitsua izan da hori guretzat, nortasun juridikoa edukitzea baitzuen xede PLEk. Ordura arte, elkartu egiten ginen, baina ez ginen inolako erakunde. Beraz, garrantzizkoa zen guretzat legezko aintzatespena. Horren atzetik genbiltzan, eta, Baionako Hitzarmenari esker, orain gutxi –iaz– eskuratu dugu nortasun hori, eta PLEko Partzuergoa gara egun.

Muga fisikoen eragina gutxitu al dute teknologia berriek (lehendik ere telefonoa, faxa eta abar ere baziren arren) hogeita hiru urte hauetan?

Teknologia berriei esker, denok gaude denongandik hurbilago, mundu osoan. Sar zaitez Interneten: mundua eskura duzula dirudi. Gure eginkizuna da mugaz gaindiko lankidetzarako erabiltzea teknologia horiek. Adibide bat aipatzearren, badugu aplikazio digitaleko zenbait gairi buruzko ekimen bat. Izan ere, zergatik zenbait goi-menditan (askotan, zoritxarrez) ez dute estaldurarik telefono mugikorrek? Inguru horietan, oso tresna baliotsua da mugikorra, larrialdiren bat gertatuz gero batez ere. Garrantzitsua deritzogu gai horri. Hortaz, dauzkan ahalbide guztiak (teknologiak ere barne) ari da erabiltzen PLE, mugaz gaindiko lankidetzak bere barrutiko herritarren bizimodua hobetzeko; ez da, beraz, PLEko eskualdeetako gobernuen apeta.

Zer nolako arazoak dituzte mugaldeko eskualdeek?

Bada, tankera honetakoak: Irunen bizi banaiz eta Hendaiara telefonoz deitzen badut..., zenbat ordaindu behar dut? Cadizetik Lillera deituko banu bezainbat, hots, estatu baten muturretik beste estatuko muturrera deituko banu adina? Hendaian bizi den lagun bati gutuna bidaltzen badiot, zenbat ordaindu behar dut? Zenbat denbora beharko du gutunak hara iristeko? Ohiko bide guztietatik igaro behar du? Norbaitek istripua izaten badu Hendaiatik bost kilometrora, estatu frantsesean, eta Irungo ospitalea baldin badu hurbilen, Baionakora eraman behar da? Arazo horiek konpontzea nahi dute herritarrek. Eta Pirinioak zeharkatu beharra gertatuz gero, erakundeek bidea erraztea nahi dute. Hasieran egin didazun galderari (“Zertarako sortu zen PLE?”) erantzun erraz askoa emango diot: muga inguruan bizitzeagatik herritarrek dituzten arazoak konpontzeko. Kontuan izan, bestalde, jende asko bizi garela Pirinioetako bi muturretan, alde bietan. Mendikatean, aldiz, oso txikia da populazio-dentsitatea. Hortaz, nola erraztu alde batetik bestera igarotzea? Nola gainditu pilaketak? Nola lagundu Huescako herri txikiei komunikazio egokiak izaten, muga zeharkatzen? Nola konpondu Irunen edo Hendaian bizi direnen arazoak, Aragoiko Pirinioetako herrixketakoetatik hain desberdinak?

Bada, neuk galdetzen dizut zuri: nola?

Har dezagun trafikoa, adibidez. Aspalditik ari gara eskatzen estatu frantses eta espainiarrari –baita Europako Batzordeari ere– merkantzien joan-etorria arintzeko lanak bizkortzeko. Duela hamar urte erabaki zuen EBk lehentasuna zutela Europako Erkidegoko zenbait proiektuk. Irun-Hendaiatik barna abiadura handiko trena igarotzea da horietako bat, baina ez da egin. Bada, hori egitea aldarrikatzen dugu guk. Duela gutxi, beste proiektu bat jarri dute lehentasunen artean: Pirinioen erdialdeko igarobidea. Errepidea eta trenbidea, biak behar ditu pasabide horrek. Horrez gain, kota baxukoa behar du izan, eta zorrotz-zorrotzak izan behar dute ingurumen-inpaktuak saihesteko neurriak. Azkenik, erdialdeko Pirinioetatik igarobide arautua izan behar du.

Ez du lantegi erraza ematen …

Zaila dirudi; denbora luze beharko da egiteko, eta, batez ere, diru asko. Bestalde, hor dugu Somporteko mendatea: Espainiako aldetik ondo dago, baina ez Frantziakotik. Horrenbestez, Frantziako aldetik hobekuntza bultzatu beharra dago.

Hori Parisi dagokiola esango nuke...

Halaxe da, bai. Kontua da nola edo hala konpondu beharra dauzkagula herritarrek azaltzen dizkiguten arazoak. Beren kezkak, iradokizunak... helarazten dizkigute herritarrek; gu, berriz, haien ahotsa beste erakunde batzuetara eramaten saiatzen gara. 1993an kendu zituen Bruselak Europa barruko muga administratiboak, baina hortxe jarraitzen dute gure buru barrukoek eta estatuek ezartzen dituztenek. Bada, PLEren eginkizuna da EBko barruko barne-mugak behin betiko eta egiazki kentzea, arazoak konponduz. Muga inguruetako herritarrek ez daukate zertan eduki mugatik urrutiko herritarrek ez dauzkaten arazoak.

PLEko partaide berezi samarra da EAE (oker banabil, esan, arren): muga-tarte txikiena duen erkidegoa gara, eta, gainera, ez gara “piriniotar peto-petoak”, ez baitaukagu goi-mendirik.

Arrazoi duzu, hamabost kilometroko muga besterik ez du EAEk, eta tarte horretan ez dago Pirinioetako gailurrik, adituek ‘Pirinioez beheko ingurunea’ deritzoten mendikatea baizik. Egia da, beraz, berezi samarra dela gure egoera. Alabaina, badu Euskadik PLEko kide izateko eskubide erabatekoa ematen dion zer bat: Irungo mugako pasabidea. Egia da goi-mendiei dagokienez tentuz mintzatu beharra daukagula, baina ez beste alor batzuetan. Pasabide garrantzitsua dugu, eta eskualde bizi-bizia gara, mugaz gaindiko lankidetzan esku-hartzea duena. Gogoan izan Akitaniarekin eta Iparralderekin (noski!) dihardugula, eta, nire uste apalean, badugu zer eskainia PLEri.

PLEko partaideen mapa begiratuz gero, ikusten da Pirinioetatik oso urrun dituztela kanpoko mugak, goi-mendietatik oso aparte. Mendizerratik gertuko arazoez bereziki arduratzen da PLE? Edo berdin arduratzen da Teruelez eta Huescaz, adibide bat ipintzearren?

Ederra galdera. Frantziako erregio batzuk, Espainiako zenbait autonomia-erkidego eta Andorra dira PLEko partaideak. Beraz, gure erakundea ez da muga inguruko herrien batzordea edo. Gure iritziz, PLEko partaideak oso-osorik dira erakundeko kide; esate baterako, Aragoi. Bestela, esango genuke Aragoik Huesca ekarri duela PLEra, Akitaniak Pirinio Atlantikoak, Euskadik Gipuzkoa... Ez da hori gure lankidetza-sistema. Ikerkuntza, zientzia, teknologia... alorreko lankidetzaz ari garela, unibertsitateen arteko lankidetzaz ari gara. Baina Pirinioen ondoan ez dago unibertsitate bakar bat ere. Eta, Teruel? Bada, Teruel ere PLEko partaide da. Bistakoa da Teruelen arazoak ez direla Pirinioetan dituzten berak, urruti duela muga, Terueleko inguruak ez duela zerikusi handirik PLEn aztertzen ditugun gaiekin. Berriro diot: mugaz gaindiko lankidetza da gure eginkizun nagusia. Baina gerta daiteke urrutiagoko inguru horiei eragiten dieten proiektuak ere sortzea. Hala gertatzen bada, beti izango dute PLEren laguntza.

Zergatik dira beharrezkoak euroerregioak?

Protagonismo txikiagoa ematen diete eskualde edo erregioei EBko estatuek EBk berak baino. EBk badu erregio-politika bat martxan, eta badu horretaz arduratzen den pertsona bat (Danuta Hübner, erregio-politikako komisarioa). Pertsona horren ardurapean dago EBko hizkeran ‘kohesio-politika’ deritzogun horren parterik handiena. Europako Erkidegoko funtsetatik diru asko jaso behar du politika horrek 2007-2013 epean. Hortaz, EB ohartzen da baduela solaskiderik alor horretan. Kontua da estatuak ere ohartzen ote diren. EBren aurrean, hura osatzen duten estatuak dira zuzeneko solaskideak; beraz, funtsezkoa da erregioen eginkizuna.

Zergatik, ordea?

Tarte oso handia dagoelako EBren eta estatuen artean, herritarren aurrean elkar ulertzeko arazoak dituztelako. Gure iritziz, erregioek bete dezakete tarte edo hutsune hori. ‘Ordezkatze-printzipioa’ deritzona erabiltzen da EBn; hau da, “EBk ez du egingo estatuek eurek egin dezaketen lanik”. Printzipio hori erregioei ere aplikatzeko eskatzen dugu guk; alegia, erregioek egin dezaketena estatuek ez egitea. Berriro diot: herritarra da politika eta lankidetza horren guztiaren helburua. Herritarrak ez badu ikusten mugaz gaindiko lankidetzak, erregio-politikak, bere bizi-maila hobetzen duela, zertan ari gara? Hori da, hain justu ere, azken helburua. “Euroerregioak zertarako”, diozu? Bada, horretarakoxe, herritarren bizimodua hobetzeko.

Gaur egun, euroerregioak zer diren azaltzen ibili beharra dago. Nahi nuke, baina, etorkizunean normal-normaltzat hartzea Pirinioetako euroerregioaren gaia, PLErena, gaur egungo gazteek. Nahi nuke mugaz bi aldeetako hizkuntzak jakitea jendeak, edo, gutxienez, ulertzea. Zoritxarrez, batzuetan ingelesez mintzatu behar izaten dute alde bateko eta bestekoek. Bat nator ingelesa dela egungo lingua franca, baina, batasun anizkoitzeko gure inguru honetan, ondo legoke frantses aldekoek gaztelania ulertzea (hitz egiten ez jakin arren), eta alderantziz, eta ez hirugarren hizkuntza batean aritu behar izatea. Lau hizkuntza ofizial baditugu PLEko eremu batzuetan. Hizkuntza aberatsak, herritarrek erabiltzen dituztenak... Orduan, zergatik ez erabili horiek bere ingurune naturalean?

Hizkuntzez ari garenez, gogoratzekoa da PLEko lau ofizialetatik euskara eta katalana direla ahulenak, mugaz bi aldeetara erabiltzen diren biak alegia. Espainiako aldean Frantziakoan baino askoz ere kementsuago daude bi hizkuntza horiek. Are gehiago: Frantzian ez dute inolako estatus ofizialik. Sortzen du horrek inolako tirabirarik PLEn? Aipatzen da gaia, sikiera?

Betidanik egin diogu arreta gai horri. Agiri eta bilera ofizialetan lau hizkuntzei leku egitea erabaki zen. Baina, zergatik lau hizkuntza, eta ez gehiago? Izan ere, hor ditugu okzitaniera, Aragoiko fabla, aranera... Hainbat hizkuntza eta mintzaira ditugu. Era askotara sailkatzen direnez (norberak bere modura), adostasun honetara iritsi ginen: PLEko partaideek ofizialtzat dauzkaten hizkuntzak ofizial izatea PLEn ere. Lau hizkuntza dauzkagu gaur egun. Zuk diozun bezala, euskara eta katalana mugaren alde bietara erabiltzen dira. Baina estatus ezberdinak dituzte alde batean eta bestean. Gai hori jorratu dugun? Bai, jorratu dugu, baina ezin dugu ezer egin, Frantziako gobernuari baitagozkio hizkuntza-eskumenak frantses aldean. Begi onez ikusiko genuke Frantziako hizkuntza gutxituen erabilera bermatzea hala eskatzen den guztietan, kultura-aberastasunaren adierazgarri baita hori. Elkartu egin behar gaituzte hizkuntza horiek, ez banandu.

Hor daukagu PLE, hor dago Akitania-Euskadi hitzarmena; mendikatearen beste muturrean, berriz, ‘Pirineos-Mediterráneo’ deritzona... Hona hemen gure galdera: horrenbeste erakunde behar ditugu? Pirinio osorako bat badaukagu; zertarako, bada, beste bana mendebalde eta ekialderako?

Kontua ez da erakunde asko edo gutxi izatea, baizik eta zergatik sortzen diren aztertzea. Gure ustez, ez dira bateraezinak erakunde batzuk eta besteak. Euskadik Akitaniarekin duen ituna eta PLErekin daukana ez dira berdinak. Helburua ez da elkarteak eta erregioak ugaltzea, nahiz eta komunikabideetan itxura ona eman horrek. Helburua da eginkizun jakin batzuk ematea sortzen diren elkarteei. Batez ere hiru elkartetan jarduten gara gu: Akitania-Euskadin, PLEn eta Atlantikoko Arkuan. Garrantzitsua da Euskadi hiru eremu horietan, eta zuzenean eragiten diguten interesak daude hiruretan. Atlantikoko Arkuan, arrantza, itsas eremua... Akitania-Euskadin, berriz, Iparralde sartzen da, ez dezagun ahantzi. Bereziki interesatzen zaigu guri Iparralde, lotura bereziak ditugulako. Azkenik, Pirinioak dauzkagu. Badira hor gugandik oso hurbileko eskualde batzuk, eta horiekin elkarlanean jarduten laguntzen digu foro honek. Laburbilduz, hiru eremuak dira oso interesgarriak. Iraganean, zenbait elkarte desegin egin ziren, denboraren poderioz batzuek besteak irentsi egin dituztelako. Izan ere, ez du zentzurik elkarteak bikoizteak.

Amaitzeko, egingo diguzu PLEren 23 urteko ibilbidearen balantze laburra? Balantzea positiboa izan dela, horixe da burura datorkidan lehena, baina, seguru aski, hori espero du irakurleak nik esatea. Datorren urtean izango dugu 25. osoko biltzarra. Urte hauetan guztietan, bikain aritu da PLE? Dena egin du ongi? Ez. Ezer gutxirekin abiatu zen elkartea, eta, zenbait boladatan, oso lasai egon da, itsaso barearen antzera, lan gutxi eginez eta jardunbide-argi gutxirekin. Hasieran genioenez, lehenbiziko hiru urteetan, 1986a arte, zuhurrago aritzen ziren espainiar erregioak, legitimotasunik ez balute bezala. Orain, berriz, lau lan-batzorde ditugu, orduan baino askoz gehiago. Sasoi hartan, ez geneukan inolako egiturarik. Etengabe hazten joan gara. Nire ustez, horretan badugu Europako Batasunaren antzik. Sarritan esan ohi da EBk bi urrats egiten dituela aurrera eta bat atzera. Ez dakit hori bera gertatzen zaion PLEri, baina esango nuke batzuetan lau urrats aurrera eta hiru atzera izaten direla. Orain, 25. osoko biltzarraren atarian, une garrantzitsuan gaudela esango nuke, desafio handiak ditugula. Eta ez naiz aritzeagatik ari. Orain hilabete gutxi sortu dugu partzuergoa eta, hogei urte eta gero, badugu –azkenik– nortasun juridikoa. Lagundu egingo digu horrek gure lana egiten, laguntzak eskuratzen... Askoz goragoko maila batera ari gara igotzen, nolabait esatearren. Ez dezagun ahantzi, bestalde, pazientzia eta ekinaren poderioz gauzatzen dela mugaz gaindiko lankidetza: ez du gelditu behar, baina azkarregi ibiltzea ere ez da komeni, hanka sartzeko eta askoz goragotik erortzeko arriskua baitago. Pauso txikiak ematen ditugu, baina sendoak eta ugariak. Nire iritziz, Europako beste mugaz gaindiko lankidetza-erakunde batzuekin alderatuta, izen ona du gureak eta pozik gaude ematen ari garen irudiarekin. Rafael Hueso Vicent (Valentzia, 1966) Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean. Berehala (1991) hasi zen Eusko Jaurlaritzan lanean, Akitania eta Iparralderekiko mugaz gaindiko lankidetza-gaietan. Harrezkeroztik, erregioen arteko lankidetza izan du lanbide (Eusko Jaurlaritzan betiere), eta hainbat hitzarmen eta itun izenpetu ditu Europako zenbait erregiorekin: Toskana, Flandes, Midi-Pyrénées eta abarrekin. 2005eko amaiera aldera, Pirinioetako Lan Elkartearen lehendakaritza Euskadiri egokitu zitzaionean, elkarteko idazkari nagusi izendatu zuten Hueso, bi urterako.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Ángel José Gómez Montoro. Nafarroako Unibertsitateko errektorea: Nafarroako Unibertsitatea oso harro dago bere jatorria Erresuma Zaharrean izateaz, baina zabalpena ere bilatzen du

 

Irakurri

Ibon Martín Álvarez. Txangozalea eta aisia zein bidaietan espezializatutako kazetaria: Gure lurraldeko ingururik egiazkoena Ipar Euskal Herria da. Bertan bai nabari dela, eta oso modu berezian gainera, Euskadin gaudela

 

Irakurri

Enrique Echeburúa Odriozola. EHUko Psikologia Fakultateko Psikologia klinikoan katedraduna: Maitasunak giroa goxotu eta indar positiboak sortzen ditu. Kontsumismo ergelean erori beharrean, gauza txikien aurrean hunkitzen erakusten digu. Bizipozaren iturri da

 

Irakurri

Joxean Muñoz. CICC-Tabacaleraren zuzendaria: Tabacaleraren gidoia idazten ari gara

 

Irakurri

Thierry Malandain. Koreografoa Biarritzen: Koreografo batentzat bere lanean jardutea garrantzitsua da bizirik irauteko eta, bestalde, toki bateratzea lortu behar du

 

Irakurri