'Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: Bizikidetza' proiektuaren emaitzak

Proiektuak

2021/12/17

'Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: Bizikidetza' proiektuaren emaitzak

Nafarroako Gobernuarekin sinatutako proiektuak azterketa soziala egin du lurraldearen herritarren eta eragileen artean, bizikidetza bultzatzeko baldintzak ezagutu eta indartzeko. Prozesua eta azterketaren ondorioak 2021eko txostenean jasota daude.

Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: Bizikidetza izeneko egitasmoa Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Ikaskuntzaren arteko lankidetza markoan kokatzen da. Zehatzago, 2019an hasi, eta 2020. urtean zehar jarraitu zuen proiektuaren jarraipen modura ulertu behar da. Proiektuari hasiera eman genionean, galdera sakon sorta bati erantzun nahi genion: nola bilatu kontsentsu zabalak nafar gizarteak lurralde modura aurrera egiteko, eta zein izan zitekeen markorik egokiena identifikazio ideologiko, politiko eta kultural desberdinetako herritarrak elkarlanean aritu ahal izateko, giro abegikorrean eta konfiantza demokratikoan oinarritua.

2020. urtean bizikidetzaren gaian kokatu genuen gure hausnarketa nagusia, galdera bati erantzun nahian: zergatik hitz egin behar da bizikidetzaz gizarte demokratiko batean? Galdera hori pausatu genuen 2020an garatutako proiektuaren berri emateko aurkeztu genuen txostenean: Aniztasunaren kudeaketa Nafarroan: Bizikidetza izenekoan. Eta 2021ean landu dugun proiektua haren jarraipen modura ulertu behar da, alegia, Nafarroako Gobernuaren Euskarabidearen eta Eusko Ikaskuntzaren artean egindako hitzarmenaren ondorio gisa. Jarraitzen dugu nafar gizartearen korapiloek harilkatutako mataza askatu nahian azterketa sozialaren bidez.

Gogoratu behar dugu, bestalde, 2020ko proiektuak bezalaxe, Eusko Ikaskuntzaren proiektu honek ere bat egiten duela Nafarroako Gobernuaren Bizikidetza, Bakea eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak bultzatutako Bizikidetzaren I. Plan Estrategikoarekin.

Gure abiapuntua bertsua izan da 2021. urtean: gaur egun Nafarroan bizikidetza arazoa dago, joko demokratiko zilegia eragozten duena. Herritar askok adierazten dute ez dutela gogoko, maila politikoan batez ere, dagoen krispazioa edo asaldura. Hortaz, zeregin bat ezarri diogu proiektuari: bizikidetza eraikitzeko beharrezkoa den konfiantza giroaren baldintzetan arakatzea. Beste pauso bat eman dugu, beraz: giro polarizatuaren oinarria bizikidetzarako gogorik eza bada, zer baldintza behar du bizikidetzak aurrera egin dezan? Zer paper dagokio eragile sozial eta politiko bakoitzari? Bakoitzarentzako iradokizun zehatzak aurkitzen saiatu gara.

Nola eraiki daiteke nafarren ideologia guztiak asetuko dituen gutxieneko marko bat euskara eta gaztelania, batetik, baina batez ere nazio identitate desberdinak, bestetik, giro erosoan, mehatxurik gabe eta eztabaidara irekita garatu ahal izateko? Elkarren ondoan bizi beharrean, elkarrekin bizi gaitezen, nork bere printzipioei eta identitateari uko egin gabe. Bestela esanda, nola lor daitezke nafarren arteko gutxieneko konfiantza eta elkartasuna? Ez da erronka makala horren inguruko erantzunak aurkitzea. Saiatu egin gara, ordea.

Bizikidetzaren oztopoak nolabait identifikatuta geratu ziren aurreko proiektuan (euskararen inguruko kudeaketa eta polarizatutako nazio identitate desberdintasuna). Eta horren konponbiderako gakoetan sakondu nahi genuen oraingoan, kontuan hartuta hizkuntza politikaren diseinua ez zela izan behar gure helburu nagusietako bat.

Hura zela eta, proiektu honetan konfiantza kontzeptua erdigunera ekarri dugu. Zertan datza gizarte konfiantza?  Ikuspuntu askotatik azter daitekeela kontuan izanda, nola lortu daitezke kontsentsu zabalak? Nolako iradokizunak egin dakizkioke eragile desberdinei? Horretarako, nafar lurralde osoko kideez osatutako Aholku Batzorde batez baliatu gara, helburu argi batekin, berriro esanda: iradokizunak edo aholkuak adieraztea eragile desberdinei konfiantza giroa sendotze aldera.

Beste alde batetik, bizikidetzaren baldintza den konfiantza izanik era sakonean aztertzeko gaia, horretaz nolako gogoeta teorikoa egiten den aztertu nahi izan dugu.  Aldi berean, interesgarria iruditu zaigu kanpora ere begiratzea, beste herrialde batzuetan izan diren gatazken ondorioz bizikidetza kalteturik gertatu denean, nolako irtenbideak proposatu diren ikusteko. Horrekin guztiarekin galdera handi honi erantzun nahi izan diogu: nola ahalbidetu desberdin pentsatzen dutenen arteko konfiantzazko giroa? Hartarako, Iruñan ospatu genuen ekainaren 16an “Gure desadostasunak: desberdinen artean konfiantza lantzen” jardunaldia. Eta, bertan, mahai bi osatu ziren: nazioarteko mahaia, Nafarroako kanpoko gogoetak eta esperientziak ezagutzeko; eta Nafarroako Mahaia, bertako adituz osatua, bertatik bertara dagoen problematikari buruz aritzeko.

Azkenik, nazio identitateaz hitz egiten bada, ezinbestean atzean dagoen bultzada politikoa ere hartu beharko zen kontuan. Eragile politikoengana zuzen jotzea izan da gure erabaki metodologikoa. Hortaz, lurralde osoko hamahiru ordezkari edo gogaide politiko (gizon eta emakume) elkarrizketatu ditugu, Nafarroako aukera ideologiko guztiak hartu nahian.

2021. urtean gauzatutako lanaren emaitza da argitaratzen den txostena. Proiektuak aurrera jarraitzeko asmoa du 2022. urtean, sakoneko arazora joan nahi dugu: nolako pausoak eman beharko lituzkete eragile sozial eta politikoek nazio identitate desberdinak dituzten nafar herritarren artean gutxieneko konfiantza giroa egon dadin, era horretara arazoak demokratikoki eztabaidatzeko eta administrazioak kudeatu ahal izateko? Horretarako lurralde osoko gazteekin egindako eztabaida taldeak antolatuko ditugu orain arte egindako lana kontrastatzeko eta belaunaldi berrien diskurtsoetan aukerak identifikatzeko asmoz.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp