'Euskal Nortasuna(k) XXI. mendera begira: 2050 helburu' proiektuaren lehen emaitzak

Proiektuak

2023/09/15

'Euskal Nortasuna(k) XXI. mendera begira: 2050 helburu' proiektuaren lehen emaitzak

Irailaren 28an proiektuaren nondik-norakoak, lehen emaitzen aurkezpena eta hurrengo ekintzen berri emango da.

Euskal nortasuna(k) XXI mendera begira: 2050 helburu’ proiektua 2022-2024 bitartean, hiru fasetan gauzatzeko diseinatua dago. Fase bakoitzak helburu zehatz batzuk ditu: lehenengoan, gaiaren inguruan antzeman daitezkeen joerak identifikatu eta aztertzea; bigarrenean, etorkizuneko proposamenak lantzea; eta hirugarren eta azken fasean, proposamen horien kontrastea.

2022tik burututako ekintzen bidez, euskal nortasunaren izaeraren eta ezaugarrien inguruan dauden diskurtsoak ezagutu ditugu, eta euskal nortasuna nola bizi, irudikatu eta baloratzen den aztertzeko aukera izan dugu. Orain, eta etorkizuneko proposamenak landu aurretik, emaitza horiek aurkezteko eta lehen kontrastea egiteko unea da. Horretarako, irailaren 28ko aurkezpena programatu da.

Proiektuaren aurkezpena lantaldearen eskutik egingo da, eta lantaldeak, lehen emaitzak ezagutarazteaz gain, etorkizunerako proposamenak lantzeko egin beharreko hurrengo ekintzen berri emango du.

Orain arte burututako ekintzetan lurralde bakoitzeko euskal nortasunaren ikuspegi espezifikoa izaten saiatu gara. Etorkizuneko proposamenak lantzeko ere parte hartze plural hori bilatuko dugu. Hortaz, gaia zure interesekoa bada eta lanketa horren parte hartu nahi baduzu, irailaren 28ko aurkezpenean egotea animatu nahi zaitugu.

Aurkezpena online formatuan egingo da, arratsaldeko 16:00tan, eta jarraitu ahal izateko beharrezkoa izango da, aldez aurretik, izena ematea hurrengo formularioan.

 

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp