Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa: gazteen begirada

Proiektuak

2019/09/25

Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa: gazteen begirada

Gazteen ahalduntzea eta herritartasun eredu berrien inguruko hausnarketa bultzatzea du helburu Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera Soraluzeko institutu batean gauzatuko den ekimena.

Egitasmoak, 2018an elkarlanean gauzatutako ekimena sakontzea bilatuko du: `Gure jendea, aniztasuna eta kohesio bideak´. Sakontze bide honek bi ardatz nagusi hauetan jarriko du azpimarra: bizikidetza aniztasunean eta kultura demokratikoa proiektu partekatu baterako ardatza.

Horretarako, proiektu honetan parte hartzen duten gazteek herritartasuna, bizikidetza edo nazio identitate aniztasunaren kontzeptuen inguruan jarriko ditugu hausnartzen. Ondorengo galderei erantzutea espero dugu proiektu honen amaieran:

  • Zertan datza zuretzat herritartasuna?
  • Zer da bizikidetza?
  • Zure inguruan, edo zuk zeu, jatorri ezberdinetako ikaskideak izanik, nola kudeatu aniztasun hori etorkizuneko elementu gisa?

Proiektuaren helburu nagusiak beraz izango dira gazteei bizikidetzarako tresnak eskaintzea aniztasunaren kontzeptuaren inguruan lanketa egiten dugun bitartean. Horretaz gain, herritartasunak dakarren eskubide eta betebeharren inguruan hausnartuko dute partaideek.

Helburu horek betetzeko, bizikidetza hartuko dugu ardatz nagusi bezala, identitate aniztasunaren onarpenarekin batera. Identitate kolektibo, herri sentimendu, pertenentzia sentimendu desberdinak daudela ulertzea funtsezkoa izango da eta, horrekin batera, ezberdinarekiko errespetua landuko dugu; bazterkeri politiko, genero, jatorri, arraza edo ekonomikoak onartezinak dira bizikidetza sostengarri bat eraiki nahi badugu. Bestalde, kohesioaren ardatza mahaigaineratuko dugu, gazte talde eta banakakoen arteko loturez hausnartuz eta elkarrekin loturarik ez duten talde-pertsona isolatuen irudia alboratuz. Gazteen arteko kohesioa beraien arteko akordioan oinarrituko da.

Kultura demokratikoaren ardatzak bere lekua izango du ere, demokratizazioan sakonduz eta gazteen ahalduntze eta erabakimen gaitasuna indartuz. Horretarako, gizartean era aktiboan parte hartzeko gaitasuna landuko dugu gazteekin eta erabaki estrategikoak modu kolaboratiboan garatzeko tresnak garatuko ditugu.

Azkenik, ez dugu ahaztuko intersekzionalitatearen begirada, ahots guztiak entzunak izan daitezen bermatzeko, ezberdinkeriak identifikatzeko eta botere harremanak identifikatzeko. Eskubideen erabilpenerako garrantzitsuak diren beste aniztasun motak izango ditugu kontuan horrela: sexu orientazioa, genero, egoera ekonomikoa, jatorria, adina. Ez baitute faktore kulturalek egiten duten bezala berdin eragiten gazte baten errealitatean edo bestearen errealitatean, ezberdinkeriarekin eta bazterkeriarekin lotuta daudenez lehen aipatutako identitateak ekitate mailan eragiten dute.

Proiektuaren ikuspuntu teorikoa Julen Zabalok, EHUko irakaslea dena eta Parte Hartuz ikerketa taldeko kidea dena, emango digu. Honen planteamendua eta emaitzen irakurketa Eusko Ikaskuntzaren baitan gaia aztertzeko osatu den aditu taldearekin kontrastatu eta garatuko da: Julen Zabalo, Eduardo Ruiz Vieytez, Txoli Mateo, Jone Martinez-Palacios, Aitziber Perez eta Nerea Blanco.

Proiektu hau Soraluzeko herrian gauzatuko dugu bertako gazteekin Euko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatutako HAUSPOA proiektuaren baitan, Soraluzeko Bigarren Hezkuntzako Institutuarekin elkarlanean,2019ko urrian gazteei zuzendutako tailerrak burutzeko.

Egitura eta dinamika

10-15 gaztez osatutako taldearekin lan egingo dugu 14-15 urte bitartekoak. Parte-hartzaileak aukeratzerakoan Institutuaren laguntza jaso dugu eta talde anitza osatu dugu; bai generoaren ikuspuntutik, baita ere jatorriari dagokionez. Partaideekin bost tailer ospatuko ditugu urrian zehar, hauen helburua gazteek herrian burutuko den ekintza bat diseinatzea izango delarik, beti ere elkarbizitza, aniztasuna eta kohesioaren kontzeptuak jasoko dituen ekintza bat izango da. Horretarako gazteen esperientzia propioetatik abiatzen saiatuko gara. Tailerrak bizikidetzarako eta herritartasun eredu berriak sustatzen lagunduko dien laborategia izango dira.

Bost tailerren bidez taldekideek elkar ezagutuko dute, Soraluzeko jatorri eta hizkuntza aniztasunaren mapa ezagutuko dute eta ekintza ezberdinak proposatuko dituzte. Bakoitza aztertu ondoren, Gaztañerre egunean herrian bertan burutuko duten ekintza aukeratuko dute. Egun horretarako azpiegitura beharrak, materialak eta giza baliabideak adostuko dituzte. Eta azkenik, komunikazio kanpaina bat diseinatuko dute dinamizatzaileen laguntzarekin. Bidean, bi dinamizatzaile izango dituzte lagun dinamikak gidatzeko eta ekintza diseinatzen laguntzeko.

Soraluzen azaroan “Gaztañerre” eguna ospatzen dela kontutan izanda, azaroak 9,  egun egokia izango da gazteek pentsatu duten ekintza hori burutzeko: antzerki bat, mural bat, ginkana bat…  Ekintza honen helburua Soraluzeko “komunitatean” eragitea izango da. Horretarako, euren inguruan dituzten helduak, institutuko ikasle ohiak eta herriko talde sozial desberdinak sortzen duten ekintza-proiektu hori gauzatzen inplikatu behar dute.  

Amaitzeko, proiektu honen emaitzak gizarteratzeko eta Soraluzeko herriarekin partekatzeko asmoarekin aurkezpen publiko bat burutuko da azaroan zehar.


Gipuzkoako Foru Aldundia - Etorkizuna Eraikiz

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp