"Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: bizikidetza" proiektuaren bigarren fasea

Proiektuak

2020/10/09

"Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: bizikidetza" proiektuaren bigarren fasea

Eusko Ikaskuntzak Nafarroako bizikidetza ahalbidetzeko gakoen bila jarraitzen du.

Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa: bizikidetza egitasmoa Eusko Ikaskuntza eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza markoan kokatzen da. Proiektuak bi ardatz nagusi hauetan jarri du azpimarra: bizikidetza aniztasunean eta proiektu partekatu baterako kultura demokratikoan. Helburu orokor gisa, Nafarroako Gobernuari eskaini nahi izan zaio herritarren arteko bizikidetzan lagun lezakeen gutxieneko balio marko baterako hurbilketa, hori baita edozein proiektu partekatu baterako baldintza nagusietakoa.

Proiektuak 2019an ekin zion bideari, Baztan, Berriozar eta Castejonen egindako Herritarren Mahaien eta Gizarte Foroen bidez (Nafarroako aniztasun geografiko eta identitarioa irudikatzeko aukeratutako udalerriak izan ziren), eta 2020an jarraitzen du, bizikidetzan sakontzeko helburuarekin. Hiru udalerrietako Herritarren Mahaietan zein Gizarte Foroetan parte hartu zuten herritarrak elkarrizketaren eta topaketaren alde agertu ziren arren, bi gatazka nagusi identifikatu zituzten Nafarroako berezko bezala: euskara eta nazio identitate polarizatuak (2019ko txostena hemen). 2020. urte honetan, eta herritarren hitza kontutan harturik, bi arazo nagusi hauetan sakontzea erabaki du proiektuaren Talde Eragileak bizikidetzaren alde egiteko.

2020rako markatu ditugun helburuak hauek izan dira:

  • Izendatzea nafar identitatearen zeintzuk osagai diren herritar gehienek onartuak; edo zeintzuk diren onartuak izateko prestasun handiena islatzen dutenak (osagai bateratzaileak).
  • Identifikatzea nafar identitatearen zeintzuk osagai izan daitezkeen nafarren arteko banaketa edo gatazka eragiten dutenak (osagai banatzaileak)
  • Aztertzea, nafar aniztasunaren kudeaketa demokratikoa lortze aldera, zeintzuk izan daitezkeen ekinbide eta foro egokienak osagai bateratzaileak indartzeko, baita zein erakunde, talde edo komunitateri eskatu beharko litzaiokeen ere erantzukizunik handiena.
  • Izendatzea, nafar aniztasunaren kudeaketa demokratikoa lortze aldera, zeintzuk izan daitezkeen ekinbide eraginkorrenak osagai banatzaileak nolabait indargabetzeko eta kontsentsu berriak gauzatzeko haien inguruan, baita zeintzuk izan daitezkeen ere erantzukizun handieneko taldeak, erakundeak edo komunitateak.

Helburu hauei erantzuteko Eusko Ikaskuntzak Aditu Talde bat osatu zuen urte honen hasieran. Perfil ideologiko anitza duten eta gaian adituak diren pertsonez osatutako Aditu Taldeak bere lanari amaiera eman zion urria hasieran. Bost bilera ospatu ondoren, eremu akademiko eta profesional anitzeko adituek Nafarroaren bizikidetzari buruz hausnartu zuten. Nafarroako bizkidetzaren inguruan kontsentsuak eta disentsoak identifikatzeaz gain, ekinbideak eta gauzatze foroak izendatu zituzten.

Diagnosi eta proposamen lanarekin amaitu ondoren, Aditu Taldeak hitza eman zion Nafarroako Eragileen Mahari. Mahai honetan, lurraldeko komunikabide, sindikatu, elkarte eta erakunde ezberdinei egin zitzaien gonbitea. Urriaren 22an eta 27an ospatutako bi bileretan, orain arte egindako lana aurkezteaz gain, Aditu Taldearen ondorioak aurkeztu ziren. Nafarroako Eragileen Mahaiaren helburua izan da elkarte eta erakunde askoren arteko sinergiak sortzea, konfidantzazko giroa bultzatzea eta Nafarroako bizikidetzarentzat gatazkatsuak diren gaien inguruan akordioetara iristeko markoa definitzea.

Proiektuak 2020ko azken faseari ekinen dio azaroan, Nafarroako Herritarren Mahaiaren bidez. Bertan, Nafarroako zonalde ezberdinetako herritarrek parte-hartuko dute Aditu Taldeak eta Nafarroako Eragileen Mahaia egindako lana kontrastatzeko helburuarekin.

Nafarroako Gobernuari 2020. Urteko emaitzak aurkeztu ondoren, prozesu guztiaren deskribapena eta emaitzak proiektuaren Talde Eragileak idatzitako txosten berri batetan islatuko da.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp