Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan: gazteen begirada

Proiektuak

2022/02/21

Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan: gazteen begirada

Lurraldeko herritarren arteko bizikidetza hobetzeko helburuz, aurten proiektuak Nafarroako gazteen ikuspuntua ardatz izan du.

Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan izeneko egitasmoa Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Ikaskuntzaren arteko lankidetza markoan kokatzen da. Egitasmoak 2018an abiatutako Gure jendea, aniztasuna eta kohesio bideak ekimenean sakontzea bilatzen du, eta bi ardatz nagusi hauetan jarri du azpimarra: bizikidetza aniztasunean, batetik, eta proiektu partekatu baterako kultura demokratikoan, bestetik. Helburu orokor gisa, Nafarroako Gobernuari eskaini nahi izan zaio herritarren arteko bizikidetzan lagun lezakeen gutxieneko balio marko baterako hurbilketa, hori baita edozein proiektu partekatu baterako baldintza nagusietakoa.

Proiektuak 2019an ekin zion bideari, Baztan, Berriozar eta Castejonen egindako Herritarren Mahaien eta Gizarte Foroen bidez (Nafarroako aniztasun geografiko eta identitarioa irudikatzeko aukeratutako udalerriak izan ziren), eta 2020an jarraitu zuen bizikidetzan sakontzeko helburuarekin Aditu Talde, Nafarroako Eragileen Mahaia eta Nafarroako Herritarren mahaiaren bidez. 2021ean Aholku Batzorde baten bidez eta Nafarroako pertsona esanguratsuei egindako elkarrizketen bidez bizikidetza eraikitzera eramanen gaituen beharrezko konfiantza-giroa sortzeko oinarrizko baldintzak aztertu genituen.

Aurreko urteotan egindako lanketaren ondorioz, aurtengo jarduerak hipotesi orokor honetatik abiatuko dira: Nafarroan azaltzen den bizikidetza gatazkaren arrazoi ildo garrantzitsu bat –ez bakarra– nazio identitateari eta gizartearen polarizazio ideologiko mailari lotua dago. Gatazka hori gainditzeko bidean, beharrezko jotzen da hiru gai hauen inguruan gogoeta egitea: gizarte konfiantza, euskararen balizko politizazioa eta Nafarroako Administrazioaren zeregina.

2022ko helburua izanen da gazteen begirada txertatzea eta, horretarako, abiapuntuko hipotesia beraiekin kontrastatuko da. Garrantzi berezia eman nahi zaio beraien ikuspuntuari, belaunaldi aldaketak beste iritzi batzuk islatu ditzakeelako. Bestetik, nazio identitateen eta proiektu politikoen arteko lehian oinarritutako gatazka demokratikoki kudeatzen hasteko gakoak identifikatuko dira belaunaldi berrietan. Eta, azkenik, gazte politizatu eta ez politizatuen arteko diskurtsoen artean aldaketarik dagoen aztertu nahi da.

Beste urteotan bezala, Talde Eragilearen ardura izanen da proiektuaren definizioa, koordinazioa eta zuzendaritza, metodologia zehaztea, Gazteen taldeak osatzea, bileren dinamizazioa eta azken txostena idaztea. Talde Eragileak gazteen bi talde osatzea aurreikusi du: gazte ez politizatuak eta gazte politizatuak. Bi kasuetan, taldeak osatzerako garaian Nafarroako lurraldearen aniztasunean eragiten duten hainbat faktore kontuan izanen dugu, eta horien arteko oreka bilatuko dugu: lurraldea, generoa, nazio identitatea, kultura, erlijioa eta ideologia. Gazte ez politizatuen kasuan, bi talde osatuko dira, Nafarroako iparraldean lehenengoa (Beran) eta Nafarroako hegoaldean bigarrena (Tuteran). Gazte politizatuen kasuan, berriz, Nafarroa osoko gazteak biltzen duen talde bakar batetan lan eginen dute.

Gazte hauekin Talde Eragileak darabilen hipotesia kontrastatzeaz gain, Nafarroako iparralde eta hegoaldeko gazteen arteko diskurtsoen alderaketa eginen da, Nafarroako bizikidetzarako aukerak aztertuko dira eta Talde Eragileak zehaztutako arazoak eta horiek gainditzen hasteko gazteek atzematen dituzten gakoak identifikatuko dira.

Egindako lan guztia txosten batetan jaso eta gizarteratuko da.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp