Egungo ekimenak Arabako etorkizuna irudikatzeko

Foroak eta mintegiak

2021/11/17

Egungo ekimenak Arabako etorkizuna irudikatzeko

Arabako landa-ingurunea biziberritzeko ekimenak ikusaraztea helburu duten bi jardunaldiren lehenengoa egin da Añanan.

Eusko Ikaskuntzaren Lurralde Oreka lan programaren barruan, Arabako Foru Aldundiaren eta Vital Kutxa Fundazioaren babesarekin, Arabako lurraldearen errealitate demografikoa eta etorkizuneko proiekzioa aztertzeko eta zabaltzeko jarduerak bultzatzen ari dira. Testuinguru horretan, urriaren 28an, Gasteizen, “Landatartasun berria XXI. mendean. Praktikak eta kontakizunak” izenburupean, EHU eta Eusko Ikaskuntzako ikerketarako taldeek egindako bi azterlan aurkeztu ziren.

Lan horretan sakontzen jarraitzeko, Añanan foro bat egin da Arabako landa-ingurunea biziberritzeko hainbat ekimen sozioekonomiko aurkezteko. Zehazki, basoak modu jasangarrian kudeatzea (Iñaki Etxebeste, Errez Kooperatiba), zizareekin humusa produzitzea (Andrea Cortés, Añanako Humusa), Audikanako ihes-gela (Conchi Jiménez, Lautada Puzle Room), transmedia komunikazio proiektua (Aritz Ibañez, Mendialdea Irratia) eta komunitate energetikoak (Rafa Larreina, EMASP kooperatiba). Aurkezpenak elkartrukerako eta talde-sorkuntzarako dinamikekin osatu dira.

Bigarren jardunaldian, abenduaren 1ean Arraia-Maeztun izango dena, beste sei adibide emango dira: Proposamen gastronomiko berritzailea (Edorta Lamo, Arrea! Jatetxea), ogi lantegia eta agrodenda (Anna Montserrat, Mendialdeko Ogia), Azala sorkuntza gunea (Idoia Zabaleta, Azala espazioa), baserri hutsak birgaitzea (Gorka Egia, Egia Aholkularitza), landako etxebizitzen berregokitzapena (Leyre Carlos, ADD Home Staging landa-ingurunea) eta landa-ingurunerako mugikortasun positiboa (Patxi Miranda, Kudea Go!).
 

Ekimen sozio ekonomikoak landa eremuan


Ekimen sozio-ekonomikoen katalogoa

Esperientzia horiek guztiak eta beste batzuk, bere osotasunean ezagutzara ematen ari direnak, Eusko Ikaskuntzak Arabako Foru Aldundiaren eta Vital Fundazioaren laguntzarekin sustatutako lan-talde batek egindako Ekimen sozio-ekonomikoak landa eremuan katalogoan jasota daude.

Sei tipologiatan taldekatutako 18 proiektu biltzen ditu katalogoak: lehen sektorea eta elikadura; turismoa, gastronomia, aisialdia eta merkataritza txikia; kultur sorkuntza eta komunikazioa; energia berriztagarriak; etxebizitzaren arazorako irtenbideak; eta zerbitzuak landa eremuan. Halaber, Europako esperientzia interesgarri batzuk jaso dira.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp