EndREDatu: esperientzia berritzaile baten ondorioak

Proiektuak

2023/06/19

EndREDatu: esperientzia berritzaile baten ondorioak

Eusko Ikaskuntzak sustatutako gizarte-berrikuntzako jarduera horrek irundarrak eta migratzaileen elkarteak mobilizatu ditu, eta komunitate-aldaketarako proiektu bat lantzea ahalbidetu du.

Eusko Ikaskuntzak, Irungo Plaiaundi Institutuarekin batera, baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Irungo Udalaren laguntzarekin, gizarte-berrikuntzako jarduera bat antolatu zuen maiatzean. Jarduera horrek, endREDatu izenarekin, tokiko elkarteetako eta estatuko zein nazioarteko migratzaileetako gazte eta helduak inplikatu ditu.

Irun aukeratu zuten esperientzia horretarako laborategi gisa, bere ezaugarriengatik: hirian, biztanleen %15 migratzailea eta gaztea da, eta %20 baino gehiago Estatuko hainbat probintziatatik dator; elkarte ugari daude, belaunaldi-erreleburik ezagatik arriskuan; eta aldatzen ari den hiri bat da, XXI. mendeko trantsizio demografiko, energetiko eta sozialei aurre egiten diena.

EndREDaturen helburua bikoitza izan da: batetik, kulturen arteko eta belaunaldien arteko topaguneak sortzea, herritarrek parte hartzeko bide berriak aztertzeko; bestetik, trantsizio-gaitasunei buruzko prestakuntza eta, gutxienez, herritarren proiektu bat ezartzea, aldaketa komunitarioa bultzatzeko.

Eusko Ikaskuntzak berrikuntza sozialerako diseinatutako GIzarteLAB metodologia aplikatuz, endREDatu lau saiotan banatutako ikasketa tailerren bidez garatu da.

Ekimenaren ondorioen artean, Irundarren elkarte-sarearen garrantzia azpimarratu da, sare horren ahultzeak gizarte-kohesioari eragin baitiezaioke; elkarteek eskaintzen dituzten aukerak ezagutaraztea ere lehentasun gisa adierazi da. Alde horretatik, taldeak dibulgazio-kanpaina bat abiaraztea proposatu zuen, modu ludikoan elkarteetan parte hartzera animatzeko, konpromiso egonkorragoa hartu aurretik. Horrela sortu zen “Irun, elkar ezagutzen al dugu?” ekimena, aldaketa komunitariorako proiektu gisa.

Halaber, elkarteek dituzten ahultasunak edo gabeziak identifikatu dira, aldatu beharko liratekeenak, bai eta horietan biztanleria migratzaileak belaunaldi-erreleburik eza arintzeko izan dezakeen eragina ere. Beste alderdi aipagarri bat da norabide anitzeko komunikazio argia eta gardena behar dela, elkarteko kideak entzunda eta, horrekin, motibatuta senti daitezen.

EndREDatuko parte-hartzaileen azken balorazioak baikorrak izan dira. Hasierako aurre-itxaropenak betetzeaz gain, tailerren antolaketa, gaien interesa, egindako aurkezpenak edo hausnarketa-dinamikak oso ongi balioetsi dituzte.

 

EndREDaTU

Txostena

 
 
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp