Euskal Hezkuntza Sistema: pausu sendoak ortzimugan

Proiektuak

2023/07/19

Euskal Hezkuntza Sistema: pausu sendoak ortzimugan

Abian dugun etorkizuneko Euskal Hezkuntza Sistemaren inguruko herri-gogoetak hurrengo pausuei helduko dio.

Etorkizuneko Euskal Hezkuntza Sistemaren inguruko herri-gogoeta gauzatzea da asmo nagusia. Horren emaitza, Euskal Herriko hezkuntza sistemaren liburu zuria izango da. Euskal Hezkuntza Sistemak epe luzera begira beharko lukeen marko partekatua eskainiko duena.

Euskal Hezkuntza Sistema singularrean deklinatzen dugu. Hezkuntzarekin lotutako zeharkako gai komunak ditugu euskal lurralde guztietan, horien inguruko gogoeta bultzatzea da gure bide-orri nagusia. Eta noski, eremu instituzional bakoitzeko premiei erantzuteko prest egongo gara beti, honetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin zabaldutako elkarlan eremua dugu adibide.

Herri-gogoeta zabal eta partekatua burutzeko, asmo kolektiboa indartzea funtsezkoa da guretzat. Horretarako, parte-hartzean oinarritutako prozesua dugu martxan. Parte-hartzaileen diskurtso partekatua hartzen dugu azterketarako irizpide gisa eta identifikatuko ditugun adostasun zabalak hartuko ditugu azterketarako printzipio gidari gisa.

Orain arte garatutako fasean, bi helburu nagusi lortzeko lan egin dugu: Euskal Herriko lurralde guztietako herritar giltzarri-zubigileak, gazteak, interesdun aktorea, hezkuntza komunitatea mugiaraztea eta konektatzea; lehentasunezko gaiak modu partekatuan eta lurraldetasun ikuspegi batetik identifikatzea. Horretarako lurralde desberdinetan foro parte hartzaileak burutu ditugu -Donostian, Kanbon, Iruñan- eta gazteen ahotsa jasotzeko berariazko foroa gauzatu ere.

Gaietan eta saretzean sakontzeko helburuarekin, parte hartu eta sustatu ditugun bi ekimen azpimarragarriak dira ere. Batetik, EHezi i3: Euskal Hezkuntza hobe baten alde proiektuan hartu dugu parte. Proiektu hau Euskal Herriko Unibertsitateko Iraunkortasunaren eta Gizarte Konpromisoaren arloko Zuzendaritzatik bultzaturik Campus Bizia Lab deialdian baitan, Idoia Fernandez (hezkuntza taldeko zuzendaritza kolegiatuaren kidea) irakaslearen zuzendaritzapean, garatutako proiektua da. Disziplina arteko izaera du Zuzenbide Fakultatea, Ekonomia eta Enpresa Fakultatea, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, eta Bilboko Hezkuntza Fakultatearen partaidetzarekin. Guztira 48 pertsona aritu gara lanean, horien artean hezkuntza taldeko hiru kide. HEIZE eta UEMArekin batera, gure helburua gizartean dauden kezkak eta ideiak unibertsitatera eramatea izan da ikasleen ikerketa gaien erronkak finkatzen laguntzeko eta euren ikerketen prototipoei ekarpenak eskaintzeko. 18 gradu eta master ikasle, titulazio desberdinetatik, ikerketak eta esku-hartzeak euskal hezkuntza hobe baten alde burutzen lagundu ditugu.

Bestetik, uztailaren 19an, Baionan, Euskal Herriko Unibertsitateko mugaz gaindiko uda ikastaroen markoan, Hezkuntza etorkizuneko jendartea kohesionatzeko tresna: euskal curriculumaren ber-irudikatzea ikastaroa egin dugu. Horretan, euskal curriculumaren ber-kontzeptualizazioa gaurko Euskal Herriaren kohesiorako eta biziberritze baterako tresna izateko kokatze berriak eta Euskal Herri mailako egungo eta etorkizuneko balizko egituraketak aztertu dira.
 

Bigarren fasea

Energiak bilduta eta lehentasunezko gaiak identifikatuta bigarren faseari eman diogu hasiera. Fase honetan bi helburu nagusi planteatzen ditugu, beti, Euskal Herriaren kohesioa -jendarte eta lurralde-kohesioa- eta sistema beraren kohesioa trinkotzeari begira.

Lehenengoa: Euskara eta euskal kultura ardatz izan nahi dituen sistema baten ikuspegitik eta lurraldetasunaren zatiketa gaindituz, berariazko etapen eztabaida ardaztuak burutuko ditugu (Haur hezkuntza eta Lehen Hezkuntza; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa; Lanbide Heziketa; Unibertsitatea eta Goi Mailako hezkuntza). Bilatzen dugun emaitza: hezkuntza etapa bakoitzaren diagnostiko bateratua osatzea, non arazo nagusienak, ildo estrategikoak eta aurrera begirako urratsak markatzeko proposamen egingarriak edo egingarriak bihurtzeko baldintzak erdietsi nahi diren.

Bigarrena: Euskal Hezkuntza Sistema egitura sistemiko eta zirkular gisa interpretatuz, etapa guztiek osatzen duten ekosistema trinkotzeko ezinbestekoak diren egiturazko zehar-lerroen definizio partekatua eta sintonizazioa garatzea. Euskal Hezkuntza Sistema osoaren barne kohesioa eraikitzeko etapa desberdinen azterketak uztartu eta sintesi elkartua eta operatiboa egingo da.

Fase honen lehenengo mugarria irailaren 30ean, Ficoban (Irun), gauzatuko den abiatze-foroa izango da. Etapakako lau taldeetako kideak eta jendarte mailako eragile anitzak lan-mintegian elkartuko ditugu azterketa egiteko ibilbide-orria zehazteko, lan-dinamika ezartzeko eta analisirako egitura finkatzeko. Laster agendan ikusgai izango da ekimena eta izena emateko aukera ere.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp