Euskal Hezkuntza Sistemari buruzko Foroa

Foroak eta mintegiak

2023/09/21

Euskal Hezkuntza Sistemari buruzko Foroa

Proiektuak beste fase bat zabaldu du esparru komuna eta partekatua sortu, eta euskal lurraldeetako hezkuntzaren etorkizunari buruzko topagune eta eztabaida-gune bat sortzeko bidean.

2019az geroztik, proiektuak lehentasunezko alderdiak identifikatzen lan egin du, bai eta elkarreragina sustatzen ere hezkuntza-komunitatean eta funtsezko pertsonekin, interesa duten eragileekin eta euskal lurralde guztietako gazteekin.

Euskal Herriko gizarte- eta lurralde-kohesioan eta hezkuntza-sisteman bertan oinarrituta, bi helburu nagusi ezarri dira orain inauguratzen den bigarren faserako: batetik, hezkuntza-etapa bakoitzaren diagnostiko bateratua egitea, arazoak, ildo estrategikoak eta jarraitu beharreko urratsak proposamen egingarrien bidez zehazteko; eta, bestetik, sintesi bateratua eta operatiboa egitea, etapa guztien azterketetatik abiatuta, Euskal Hezkuntza Sistema osoaren barne-kohesioa lortzeko.

Etapa berri horren lehen ekintza gisa, irailaren 30ean, larunbatean, Irunen (Ficoba), Euskal Hezkuntza Sistema: etorkizuna elkarrekin lantzen koEHSioa foroa egingo da. Bertan, analisi partekatuan sakontzeko ibilbide-orria zehaztuko da, eta jarraitu beharreko lan-dinamika finkatuko da, analisi-egitura sendotzen aurrera egin ahala.

Banakako hausnarketa eta eztabaida irekia uztartzen dituen metodologia bati jarraituz, lurralde guztietako espezialistek, profesionalek eta gizarte-eragileek sakon aztertuko dute hezkuntza-etapa bakoitzeko egoera, eta horietako bakoitzaren inguruko proposamenak egingo dituzte (Haur eta Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa, Lanbide Heziketa, Unibertsitatea eta Goi Hezkuntza). Emaitzak gizarte eragile askoren ekarpenarekin aberastuko dira, dinamika kolektiboetan integratuz.

Horrela, lanaren ildo nagusiak hezkuntza-etapa bakoitzaren inguruan zehaztuko dira eta proiektuaren hurrengo urratsak definituko dira.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp