Euskal nortasuna(k) XXI. mendera begira: etorkizuneko proposamenen lanketa

Proiektuak

2023/10/24

Euskal nortasuna(k) XXI. mendera begira: etorkizuneko proposamenen lanketa

Datorren ostiralean, urriaren 27an, etorkizuneko proposamenak landuko dira EHUko Elbira Zipitria zentroan egingo den mintegi batean.

Mintegi honen bidez, amaitutzat emango ditugu ‘Euskal nortasuna(k) XXI. mendera begira: 2050 helburu’ ikerketa-proiektuaren bigarren faserako diseinatutako ekintzak. Fase honek hiru helburu izan ditu: gaia ikertzen jarraitzea, aurreko fasean bildutako informazioa osatuz eta kontrastatuz; gazteek euskal nortasunari eta haren etorkizunari buruz dituzten diskurtsoak jasotzea; eta, azkenik, etorkizuneko identitate kohesionatua, integratua eta legitimatua eraikitzeko aukera emango diguten etorkizunerako proposamenak egitea.

Tailer honetan, aurreko faseko ekintzetatik lortutako emaitzen lehen irakurketa partekatuko dugu berriro. Lehenengo emaitza horiek irailaren 28an aurkeztu eta kontrastatu ziren online saio batean, eta tailerreko parte-hartzaileek landu beharreko gaia testuinguruan kokatzeko abiapuntua izango dira. Urriaren 27an, tailerrean izena eman duten parte-hartzaileek 2050. urterako euskal nortasun kohesionatua, integratua eta legitimatua eraikitzeko proposamenak landuko dituzte.

Mintegi honetan jasotzen diren proposamenak ‘Euskal nortasuna(k) XXI. mendera begira: 2050 helburu’ proiektua abian jarri zenetik egindako ekintzen bidez orain arte lortutako informazio guztiari gehituko zaizkio. Ekintza horiek guztiak hainbat teknika erabiliz egin dira, ikerketa-gaia hainbat ikuspegitatik aztertzeko. Ikuspegi horiek adin guztietako herritarrak eskaintzen ari zaizkigu, Euskal Herrikoak eta baita Diasporakoak ere, gaian interesa dutenak, baina baita euskal nortasunaren elementuak sortzen dituzten pertsonak, elkarteak, eragileak eta erakundeak ere.

Ikuspegi horiek partekatzeak etorkizuneko identitate kohesionatu, integratu eta legitimatu bat eraikitzen lagun dezakeela kontuan hartuta, Eusko Ikaskuntzako komunikazio-kanalen bidez, horiei emango zaie hitza. Ikuspegi horien adibide bat da Jone Goirigolzarrik, proiektu lantaldeko kideak, Edurne Azkarate aktore eta zuzendari arabar gaztearekin izandako elkarrizketan, eta Solasaldiak programan eskainia.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp