Euskal nortasuna(k) XXI. mendera begira: gazteen ahotsa eta hurrengo ekintzak

Proiektuak

2023/07/18

Euskal nortasuna(k) XXI. mendera begira: gazteen ahotsa eta hurrengo ekintzak

Euskal nortasuna(k) XXI. mendera begira: 2050 helburu proiektuaren baitan hainbat jarduera izan dira ekaina eta uztailean.

Ekintza horien artean, nabarmentzekoak dira 17 eta 25 urte bitarteko gazteekin egindako lan-saioak. Talde txikitan egituratuta, Euskal Herriko lurralde guztietako gazteen begirada, iritziak eta diskurtsoak jasotzea izan da helburua, euskal nortasunari buruz, haren inguruko elementu eta balio komunak identifikatzea, eta gazteek identitate horren etorkizuna nola ikusten duten jakitea.

Ekainean eta uztailean hiru lan-saio egin dira: ekainaren 7an Gasteizen, ekainaren 29an Leioan eta uztailaren 12an Idiazabalen. Hiru udalen laguntza izan da gazteak hautatzeko. Iraileko lehen hamabostaldian Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko gazteekin lan saioak egitea aurreikusten da.

Prozesu honetan bildutako informazioa proiektuaren lehen fasean lortutako emaitzetan txertatuko da (narrazioen bilketa, elkarrizketa sakonak eta web orrien azterketa). Emaitza horien lehen irakurketa irailaren amaieran aurkeztea da helburua. Informazio hori Eusko Ikaskuntzaren ohiko bideen bidez emango da.

Bestalde, joan den uztailaren 6an, Soziologiaren eta Zientzia Politikoaren XII. Euskal Biltzarraren esparruan, Euskal nortasuna(k) XXI. mendera begira: 2050 helburu lan-programa aurkeztu zen. Patxi Juaristi Larrinaga proiektuaren zuzendari zientifikoak egin zuen erakusketak interesa piztu zuen parte-hartzaileen artean.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp