Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa 2019: hautagaiak aurkezteko epea ireki da

Sariak

2019/02/18

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa 2019: hautagaiak aurkezteko epea ireki da

1995ean sortua Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzietako alorretan jardunean ari diren pertsonalitateen curriculum nabarmenenak saritzeko, euskal alorrean prestigio handia duen saria da.

Duela 100 urte Oñatin egindako Eusko Ikaskuntzen I. Kongresuaren harira sortu zen Eusko Ikaskuntza. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek babestu zuten sorrera. Ordudanik, hirurek erakunde sortzaile eta babesle gisa dihardute, elkarteak, gizartetik eta gizartearekin, Euskal Herriaren oraingo eta geroko erronkei erantzuteko formulazio egokiak ematen jarrai dezan.

Sorreratik mende bat igaro den honetan, Eusko Ikaskuntzak asmo horri eusten dio; pentsamendu-gune irekiak, anitzak, lankidetzakoak, lurralde-artekoak eta genero ikuspegia kontuan hartzen dutenak sortzen ditu, eta horietan, elkarteko kideek eta euskal zientziaren, gizartearen eta kulturaren alorretako aditu eta eragileek parte-hartzen dute. Horregatik, beren alorrean nabarmentzen diren pertsonak goraipatu nahi ditu Eusko Ikaskuntzak. Eta horixe da, hain zuzen, Eusko Ikaskuntza -  Laboral Kutxa Saria sortu izanaren arrazoia.

Eusko Ikaskuntza -  Laboral Kutxa Sariak 25. urteurrena beteko du 2019an, eta aurtengoan ere Humanitateetako, Kulturako, Arteetako eta Gizarte Zientzietako curriculum nabarmenena saritzeko deialdia egingo du.

Halaber, urteurrena aprobetxatuz, Eusko Ikaskuntza - Laboral Kutxa Gazte Saria banatuko da aurten, alor horietan diharduten gazteen lana saritze aldera. Horrela, ikerketan eta zientzietan lan egiten duten pertsona ospetsuen bikaintasuna goraipatzeaz gain, arlo horietan diharduten gazteen jarduna sarituko da ere.

Bi sarietarako hautagaiak hautatzeko prozesuan, curriculumen ebaluazioari buruzko arauak zorroztasunez eta objektibotasunez erabiliko dira. Horretarako, epaimahaiaren osaera da bermerik handiena. Martxoaren 31ean amaituko da bi sarietako hautagaitzak aurkezteko epea.

Azken urteetako irabazleak: Teresa del Valle (2018), Montxo Armendáriz (2017), Javier Echeverría Ezponda (2016), Juan José Álvarez Rubio (2015), Mariasun Landa eta Jean-Baptiste Orpustan (2014), Mari Carmen Gallastegui eta Francisco Etxeberria (2013), Joxe Azurmendi (2012), Maria Bayo (2011), Joxerramon Bengoetxea (2010), Javier Elzo (2009), Daniel Innerarity (2008), Gregorio Monreal (2007), Maïté Lafourcade (2006) eta Nestor Basterretxea (2005).

Informazio gehiago

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp