Irekitzear da Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Sarirako curriculumak onartzeko epea, baita gazteentzako sormen edo ikerketa proiektuak aurkezteko epea ere.
1995az geroztik, Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Sariak curriculum garrantzitsuenak goratzen ditu, Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien arloetan egindako ekarpenagatik. Hautagaitzak norberaren izenean edo unibertsitate, zientzia eta kultura erakundeek aurkez ditzakete. Ebaluazio epaimahaia saria ematen duten bi entitateetako lehendakariek eta euskal esparruko zazpi unibertsitateetako eta Musikeneko zuzendaritzako ordezkariek osatzen dute. 20.000 euroko sari bakarra ematen da.
Bestalde, seigarren urtez jarraian, Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Gazte Sarirako deialdia egin da, 35 urtetik beherako gazteek aipatutako alorretan egindako lanentzat. Proposamenen egokitasuna, izaera berritzailea, gaurkotasuna eta etorkizuneko proiekzioa, euskararen erabilera eta generoaren ikuspegia baloratuko dira. Saria 6.000 eurokoa da.
Bi kasuetan, proposamenak onartzeko epea otsailaren 1ean zabaldu eta martxoaren 31an amaituko da.