Eusko Ikaskuntzak Euskal Herriaren etorkizunarekiko konpromisoa berretsi du

Mendeurrena

2018/11/24

Eusko Ikaskuntzak Euskal Herriaren etorkizunarekiko konpromisoa berretsi du

Larunbatean, azaroak 24, ospatu zen Oñatin Mendeurrena oroitzeko ekitaldi instituzionala, Euskal Herriko lurralde guztietako agintariak bertan izan zirelarik.

Eusko Ikaskuntzak, 1918an erakundea sortu zeneko mendeurrena oroitzeko ekitaldi instituzionala egin zuen Oñatin. Bertan izan ziren Euskal Herriko lurralde guztietako agintariak, bai eta kulturako eta gizarteko eragileen ordezkaritza zabala ere.

Eusko Ikaskuntzak bere sortze-printzipioak eta Euskal Herriaren etorkizunarekiko konpromisoa berresteko aprobetxatu zuen ekitaldia, XVIII. Kongresuari amaiera emateko irakurri zuen adierazpen solemnearen bidez. Izan ere, partaidetza ugari bildu duen prozesu zabalaren esparruan egindako hiru urteko lana azaroaren 23an, amaitu zen, Oñatin egindako ekitaldian.

Mendeurrenaren ekitaldi instituzionaleko buru izan ziren Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea eta Jean René Etchegaray Euskal Hirigunearen Elkargoko presidentea; Ramiro González, Unai Rementeria eta Markel Olano Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldun nagusiak; Eider Mendoza eta Pedro Elosegui, Gipuzkoa eta Arabako Batzar Nagusietako lehendakariak, hurrenez hurren; Espainiako Gobernuaren Euskal Autonomi Erkidegoko ordezkari Jesús Loza; bai eta Mikel Biain, Oñatiko alkate ere. Era berean, Euskadiko, Nafarroako eta Iparraldeko alkate ugari ere bildu dira ekitaldira.

Ekitaldi instituzionalaren aurretik Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko oroitzapenezko "Euskaldunon Mendea 1918-2018" argitalpena sinatu zen udaletxean, eta (orain dela 100 urte egin zen bezala) soka-dantzaren emanaldi herrikoia egin zen Oñatiko Foruen enparantzan (udaletxearen parean) Oñatz Dantza taldearekin eskutik. Izan ere, bertaratutako agintari batzuek ere hartu zuten parte.

Ekitaldi nagusia Oñatiko San Migel elizan egin zen. Eusko Ikaskuntzako lehendakariak eta Mendeurreneko eta XVIII. Kongresukoak, Iñaki Dorronsorok eta Xabier Alkortak hurrenez hurren, azpimarratu zuten Euskal Herriak dituen etorkizuneko erronkak askatzen laguntzen jarraitzeko bokazioari eusten diola erakundeak.

Ekitaldiak Donostiako Orfeoiaren soinua izan zuen lagun eta, amaieran, Iñigo Urkullu Euskadiko lehendakariak, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak eta Jean René Etchegaray Euskal Hirigunearen Elkargoko lehendakariak hitzaldi bana egin zuten. Ekitaldi instituzionalaren amaieran, Arizkuneko (Nafarroa) dantza-taldeak emanaldia egin zuen Oñatiko Foruen plazan.

Mendeurrenaren ospakizuna Oñatin

«Utopiak»

Duela mende bat «elite intelektual» batek emandako bultzada goratu zuen Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakariak, beraien ezagutza herrialde-proiektu baten alde jarri zutelako, eta adierazi zuen, halaber, aitzindari haien «utopietako» asko hezurmamitu egin direla gaur egun. «Utopia» haietako batzuk izan ziren, adibidez, Unibertsitatea sortzea, Euskal Herriko lurraldeetako instituzioak indartzea eta egitura berriak (hala nola Euskaltzaindia eta Jakiunde) bultzatzea.

Dorronsororen hitzetan, XVIII. Kongresuaren esparruan hiru urtez aztertze- eta eztabaida-lanetan jardun ondoren, «etorkizun partekatuko proiektua osatzeko beharrean batu gara». Horretarako zutabeak dira, besteak beste, «sistema demokratiko berritua, kooperatiboa, jardun erkidean ardurakidea izango den herritarrari ekimena eskainiko diona, dibertsitatea errespetatuko duena eta berrikuntzaren aldeko apustua egingo duena».

Dorronsororen iritzian, sistema horrek «aberastasuna sortzen eta metatzen, baina aldi berean zuzen banatzen jakin behar du; garapen ekonomikoa eta ingurumena uztartu behar ditu; gure kultura eta euskara garatzeko bidea barneratu behar du, eta ikaskuntza osoko hezkuntza indartu behar du, barne-kohesioa handitzeko funtsezko elementuak dira eta».

«Kontakizun partekatua»

Eusko Ikaskuntzaren Mendeurreneko eta XVIII. Kongresuko lehendakari Xabier Alkortak, bere aldetik, XVIII. Kongresuan landu diren erronketako batzuk ekarri zituen gogora, eta azpimarratu zuen «kontakizun partekatua» sortu eta «adimen kolektiboa aktibatu» behar ditugula, «gizarte-ongizate handiagoa, nortasun politiko erkidea eta gobernantza demokratikoa» oinarri izango dituen testuingururantz jotzeko.

«Baditugu etorkizuna eraikitzeko pertsonak, balio partekatuak eta gizarte-kapitala. Euskara suspertzeko gai izan gara, industria-krisiari aurre egin diogu, immigranteak gurean txertatu ditugu, Iparraldean agenda instituzionala garatu dugu, eta desberdintasunak kudeatu ditugu», esan zuen Alkortak.

Euskal Herriko lurralde bakoitzak bere instituzio propioa badu ere, Alkortak esan zuenez, «herritarren eta instituzioen kohesioa sendo landu behar dugu, euskal lurraldeen arteko harremanak indartzea helburu».

Adierazpen instituzionala

Jardunaldiaren gorenean, Eusko Ikaskuntzaren adierazpen instituzionala irakurri zen: Euskal Herriaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko gogoeta egin eta dagoeneko mende bat bete duen Eusko Ikaskuntzak bidean egin dituen eta aurrerantzean egingo dituen ekarpenak ekarri zituen gogora.

Argitxu Etxandyk, Ana Urkizak eta Sho Hagiok irakurri zuten adierazpena. Hiru ahots horien bidez, erakundeak bere baitan hartzen duen aniztasuna irudikatu nahi izan zuen: lurralde-aniztasuna, belaunaldi-aniztasuna eta genero-aniztasuna. Ildo beretik, garai berrietara egokitzeko asmoa azpimarratu zen, herritarrak eta hitza oinarri hartuta.

Jakinik mende berriak erronka garrantzitsuak ekarriko dituela eta erronka horiek adimen kolektiboa, hausnartzeko gaitasuna eta era kooperatiboan erabakitzea eskatuko dutela, Eusko Ikaskuntzak instituzio publikoekin, eragile politiko eta sozialekin, unibertsitateekin eta herritarrekin bost esparrutan lan egiteko ataza agindu dio bere buruari. Hona hemen:

• Globalizazioaren eta aldaketa bizkorren esparruan, eta Herrialde ikuspuntutik abiatuta, euskal lurraldeek eta komunitateek munduan duten lekua eta estatuko eta estatuz gaindiko instantziekiko duten artikulazioa zehaztu nahi du.

• Proiektu erkidea indartzeko tresna den heinean, eragileen (eragile sozial, kultural, politiko eta ekonomikoen), udalen eta instituzioen arteko harreman egonkor eta egituratuak bultzatuko dituen espazioa sortzea.

• Euskal aniztasuna herritar guztien artean erabakitako balio erkideen inguruko nortasun partekatuan bateratzea, euskara eta euskal kultura ardatz ditugula, eta horretarako era proaktiboan erabiltzea hezkuntza-, kultura- eta komunikazio-sistemak. euskara eta euskal kultura ardatz ditugula.

• Ekonomia garatzen laguntzea, gizarte- eta ingurumen-aurrerapen iraunkorraren zerbitzuan.

• Gobernantza demokratikoan sakontzea, pertsonak gaitu eta adostasun gorenak eraikitzeko eta ezinbestean sortuko diren desadostasunak kudeatzeko.

• Gobernantza demokratikoan sakontzea, pertsonak gaitu eta adostasun gorenak eraikitzeko eta ezinbestean sortuko diren desadostasunak kudeatzeko.

Horri gainera, urriaren 19an, Gasteizen ospatutako XVIII. Kongresuaren bigarren saioan euskaraz bizi, garatu eta munduan euskaraz egon nahi duen komunitatearentzako etorkizunerako gutxieneko oinarriak jasotzen dituen adierazpena gehitzen zaio. e5 Kongresuko Adierazpena eskuragarri izango da jasotako ekarpenak gehitu bezain pronto.

Hartara, eta Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuan lortutako ondorioetatik abiatuta (2018ko urriaren 5etik azaroaren 23ra bitarteko 6 saiotan egin da), 1918an erakunde sortzaileek agindu zioten misioa berretsi du Eusko Ikaskuntzak: Euskal Herriaren garapenera bideratutako ikuspegi orokorra eta epe luzekoa lantzea, jarduketa publikoak nahiz dinamika sozialak argitzeko asmoz. 

Adierazpen Instituzionalaren testu osoa irakurri.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp