Eusko Ikaskuntzaren eta Noticias Taldearen arteko hitzarmena

Berri korporatiboak

2023/12/15

Eusko Ikaskuntzaren eta Noticias Taldearen arteko hitzarmena

Euskal gizartearentzat interesgarriak diren sakoneko edukiak irekian zabaltzeko bi erakundeen arteko lankidetza esparrua ezartzen du gaur sinatutako akordioak.

Eusko Ikaskuntzaren lehendakari Ana Urkizak eta Noticias Taldearen zuzendari nagusi Juan José Bañosek bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, euskal gizartearentzat interesgarriak diren edukiak zabaltzeko, baita dagozkien arloetan jakintzaren trukaketa bultzatzeko ere.

Akordioan jasotzen denez, Noticias Taldeko komunikabideek Eusko Ikaskuntzak garatutako proiektu eta jardueren berri emango dute euskaraz eta gaztelaniaz eta, bereziki, 2024ko udazkenerako aurreikusitako Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuaren ingurukoak. Proiektu horietan adituak diren pertsonek elkarrizketak emango dituzte eta iritzi artikuluak sinatuko dituzte aldizka.

Eusko Ikaskuntzaren Nafarroako kokapena kontuan izanik, hitzarmenak Diario de Noticiasekin lantalde berezi bat sortzea ezartzen du, zabalkundea definitzeko.

Plataforma digitalak ere aipatzen dira hainbat proposamenekin. Proposamen horiek hitzarmenaren iraupena finkatu den lau urteetan egikarituko dira.

Beste alde batetik, Noticias Taldea Eusko Ikaskuntzarekin lankidetza estuan arituko da, unean-unean zehazten diren gaietan sakontzen lagun dezaketen bere harreman-sareko espezialistak identifikatzeko.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp