GizarteLAB EndREDaTU: herritarrek parte hartzeko modu berrietarantz

Proiektuak

2023/06/15

GizarteLAB EndREDaTU: herritarrek parte hartzeko modu berrietarantz

Eusko Ikaskuntzak sustatutako ekimena da eta Plaiaundi Institutuaren laguntzarekin garatu da. Proiektuak elkarte irundarrak eta migratzaileak bildu ditu kulturarteko eta belaunaldien arteko erronka baten inguruan.

Maiatzean zehar, Eusko Ikaskuntzak Plaiaundi Institutuarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Irungo Udalaren babesarekin batera abian jarritako gizarte berrikuntzako jarduera baten eszenatokia izan zen Irun. EndREDaTU izenarekin, herritarren % 15 migratzailea eta gaztea den hiri batean gizartean parte hartzeko eta elkarreragiteko bide berriak aztertzea zuen helburu.

Programatutako lau tailerretan zehar, Irungo elkarteetako gazteek eta nagusiek, tokiko eta nazioarteko migratzaileekin batera parte hartu zuten. Eusko Ikaskuntzak diseinatutako GizarteLAB gizarte-berrikuntzako metodologia aplikatuz, eta Irungo Plaiaundi Institutuko Gizarteratze moduluko ikasleen inplikazio ezinbestekoarekin, EndREDaTU ondorengo erronkari erantzun nahian sortu zen: kulturarteko eta belaunaldien arteko esparruak eta aukerak sortzea, herritarren parte hartze modu berriak garatzeko.

Esperientziaren lehen ondorioetako bat Irungo elkarteen garrantziaren eta eskain ditzakeen aukeren inguruko kontzientziazioa izan da. Era berean, biztanleria migratzaileak, neurri handi batean gazteak direnak, lagundu dezake herriko elkarte askotan belaunaldien arteko erreleborik ezaren arazoa arintzen.

Gainera, herritarrak gutxien erakartzen dituzten eta, beraz, aldatu beharko liratekeen elkarteen ezaugarrietako batzuk identifikatu dira: horietako bat zurruntasuna da, eta, ondorioz, malgutasunik eza. Gaur egun, pertsonok ez dugu konpromiso egonkor eta iraunkorrik hartzen. Unean uneko elkarteek, jarduera iragankorrek eta gaurkotasun-kausek bereganatzen dute gure arreta eta inplikazioa.

GizarteLAB Irun. EndREDaTU

Kontuan hartu beharreko beste puntu bat, elkarteek maiz duten norabide bakarreko komunikazioa da. Elkartekideak entzunda senti daitezen eta motibazioa manten dezaten, komunikazioak norabide anitzekoa, argia eta gardena izan behar du nahitaez.

Eta pertsona berriak erakartzeko, gehiago eta hobeto komunikatu behar da. Askotan ez da ezagutzen elkarteek egiten duten ezinbesteko lana, eta desagertzen direnean bakarrik konturatzen gara haien balioaz. EndREDaTU esperientzian zehar, agerian geratu da elkarte-sarea pixkanaka desagertzeak gizarte-kohesioaren ahultze kezkagarria dakarrela. Izan ere, elkarteak lehen baliabidea izaten dira, arazo, gabezia eta gatazka askotarako lehen sendabidea, askotan modu anonimo eta eskuzabalean konpontzen saiatzen direnak.

Baina egia da, halaber, tailerretan parte hartu duten pertsona batzuek jakinarazi digutena: migratzaileek askotan ez dute elkarte-bizitzan parte hartzen, ez dakitelako edo ezin dutelako. Ez dakite elkarte batzuek laguntza eman diezaieketela edo eurek ere ekarpen handiak egin ditzaketela; ezin dute, beren lan- edo familia-egoerak parte hartzeko beharrezkoa den kontziliazioa eragozten baitie. Gure esku dago pertsona horiek gure elkarteetako kide izan nahi eta ahal izatea edo berriak sortzeko interesa sortzea.

Gaiak interesa piztu du. Elkar ezagutzeko, partekatzeko eta arazo komun edo partikularren konponbideei buruz hausnartzeko topagune bat sortzea ezinbestekotzat hartu da. Metodologia berritzailea, praktikoa, irekia eta entretenigarria arrakastatsua izan da. EndREDaTUn landatutako hazia Irunen haztea eta garatzea besterik ez zaigu geratzen, erakunde, hedabide, elkarte eta herritarren laguntzarekin. Gu prest gaude.

 

EndREDaTU

Txostena

 
 
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp