Maite Aizpurua eta Garazi Navasen "Adarbakarra eta soinujolea" proiektu artistikoak Gazte Saria lortu du.
Itziar Laka Mugarza hizkuntzalariak irabazi du 2024ko Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzietako Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Saria curriculum onenari. Hala bereizten du sari honek 1995etik eremu horietan nabramendutako CVa. Eusko Ikaskuntzaren eremu geografikoko zazpi unibertsitateetako ordezkariek, bi erakunde emaleek eta Musikenek hartu dute parte sariketan.
Itziar Laka Mugarza hizkuntzalariak ekarpen berritzaileak eta pisu handikoak egin ditu euskararen garapenerako eta hizkuntza-gaitasunak gobernatzen dituzten mekanismoetan sakontzeko. Hizkuntzalaritza esperimentala eta neurohizkuntzalaritza lantzen dituen lehenengo ikerketa-taldea sortu zuen 2010ean. Hainbat proiekturen ikertzaile nagusi izan da Euskal Herrian, estatuan eta nazioartean, eta hizlari gisa parte hartu du hizkuntzalaritzaren arloko nazioko eta nazioarteko biltzarretan. Era berean, irakasle izan da hainbat herrialdetako unibertsitateetan.
Unibertsitatean eta gizartean euskararen erabilera sustatzea funtsezko alderdia da Itziar Lakaren ibilbidean. Gaur egun, EHUko Euskara, Kultura eta Nazioartekotze Errektoreordetzako Euskara Sustatzeko Zuzendaritzaren buru da. Eta EHUko Euskara Institutuarekin lankidetzan, hizkuntzalaritzaren lan klasikoak euskaratzea sustatu du. Bere lan akademiko eta ikertzailearekin batera, zientzia eta kultura zientifikoa zabaltzen lagundu du.
Epaimahaiak adierazi duenez, Itziar Lakak “elebitasunaren inguruan egon diren mito batzuk ebidentzia zientifikoaren bitartez bertan behera utzi ditu, euskarari ez ezik, hizkuntzalaritzari bere orokortasunean ere, ekarpen nabaria eta agerikoa eginez”. Hala, Itziar Lakaren goi-mailako ikerketa eta hedapen-jarduerek balio ukaezina dute zientzia, kultura eta euskal gizarte osoarentzat.
Bestetik, Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Gazte Sariaren seigarren edizio honetan, Garazi Navasek eta Maite Aizpuruak lortu dute aitortza “Adarbakarra eta soinujolea” lan performatiboari esker. Proposamen horren bidez, euskal kulturaren irudimenean, mitologian eta erreferentzietan ikertzera gonbidatzen dute, ikuspegi queer-feminista eta garaikidean oinarrituta. Diziplinartekotasunetik (musika, literatura eta antzerkia) euskal kulturaren elementuak eguneratuko dituzte.