Joan Mari Torrealdai, 1942-2020

Gure bazkideak

2020/08/01

Joan Mari Torrealdai, 1942-2020

Joan Mari Torrealdai soziologo, komunikologo, editore, euskaltzale, humanista, garai bateko kronikagile eta herri baten memoria, gizartearen eta mugimendu baten ideien aztertzaile, uztailaren 31an hil zen, 77 urte zituela.

Jaso zuen azken omenaldietako bat Eusko Ikaskuntzak eman zion Manuel Lekuona saria izan zen, ondo merezita jaso ere. Martxoaren 12an Andoaingo Martin Ugalde parkean egindako ekitaldian Joan Mari Torrealdaik euskara eta euskal kulturaren alde bizitza guztian egindako lanaren onarpena jaso zuen. Egindako horrek guztiak bihurtu zuen gizartearentzat “erreferente” eta “adibide”, Lekuona Sariko epaimahaiak nabarmendu bezala.

Ekitaldi hunkigarri hartan, Joan Mari Torrealdaik bizipen batzuk aipatu zituen. Esan zuen ez zuela bere burua euskara eta kulturaren erraldoi bat bezala ikusten, “ipotx bat erraldoien bizkarrean” baizik, Erdi Aroko metafora famatua aipatuz. Izan ere, aurretik izan dituen “erraldoien” lanetik abiatuta eraikitzen joan zen.

Joan Mari Torrealdai Teknologian Lizentziatu zen Tolosako unibertsitatean; Parisko Unibertsitatean, Gizarte Zientzietan eta Euskal Herriko Unibertsitatean, Informazio Zientzietan. Deustuko Unibertsitateko Soziologia eta Zientzia Politiketan Doktore titulua du eta Teologian lizentziatu zen Okzitaniako Tolosan.

Jakin eta Anaitasuna aldizkarien zuzendari izan zen eta Euskaldunon Egunkariako kontseilu editorialeko kide, 1990ean sortu zenetik. Saiakera alorrean zein kazetaritzan aritu izan da. Iraultzaz (1973) saiakeraren ondoren, euskarazko idazleei buruzko ikerketa soziologiko bat argitaratu zuen: Euskal idazleak gaur. Historia social de la lengua y literatura vasca (1977). 1985ean Informazio Zientzietako lizentziatura tesia aurkeztu zuen -Euskal Telebista eta euskara-, eta fakultate hartan euskaraz aurkeztu zen lehena izan zen.

1993tik aurrera XX. mendeko euskal liburuen katalogoa prestatu zuen. 1997an euskarazko kulturaren egoerari buruzko ikerketa soziologiko mardula argitaratu zuen: Euskal kultura gaur.

1998an El libro negro del euskera argitaratu zuen, euskarak mendeetan zehar jasandako erasoei buruzkoa. Urte hartan bertan, berak idatzitako biografia editatu zen: Martin Ugalde. Andoaindik Hondarribira Caracasetik barrena. La censura de Franco y los escritores vascos del 98 idatzi ondoren, Irun Hiria Saria eskuratu zuen saiakera modalitatean, La censura de Franco y el tema vasco (1999) obrarekin. Asedio al euskera. Más allá del libro negro (2018), eta De la hoguera al lápiz rojoLa censura franquista en el País Vasco (2019) dira argitaratu dituen azken lanak.

2007an Euskaltzain Oso izendatu zuten eta 2011n Jose Antonio Arana Martija (2010eko Manuel Lekuona Saria) ordezkatu zuen Euskaltzaindiko Azkue Liburutegiko arduradun lanetan.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp