Martxoaren 8 batek dena aldatu zuenean

Berri korporatiboak

2022/03/08

Martxoaren 8 batek dena aldatu zuenean

2018ko martxoaren 8a inflexio puntu bat izan zen. Bai mugimendu feministarentzat eta baita Eusko Ikaskuntzarentzat ere.

2018. urtean, urteetako lanketaren ondorioz, nazioarteko Greba Feministarako deialdia egin zen, zeini Euskal Herriko Mugimendu Feminista batu zitzaion. Zenbakiei erreparatuta, grebara batu ziren emakumeen kopuruak aurreikuspen guztiak gainditu zituen eta antolatzaileek bistaratu nahi zutena argi gelditu zen: emakumeak geldituz gero, mundua gelditu egiten da.

Baina zenbakiez harago, grebaren nolakotasuna izan zen berezi egin zuena. Lau ardatzen inguruan planteatu zen: greba laborala, kontsumo greba, ikasle greba eta zaintzen greba. Feminismoak borrokarako ohiko tresna bat hartu, eta haren mugak zabaldu eta irauli zituen; beste subjektu protagonista batzuk, gai berriak agenda publikoan. Horien artean, noski, zaintza lanen afera izan zen garrantzitsuenetarikoa.

Aspalditik ari zen feminismoa lana beraren kontzeptua eta hau enpleguarekin berdintzeko joera zalantzan jartzen. Badaude bizitzak sostengatzeko ezinbestekoak diren lan asko eta asko, ikusezin eta balio sozialik gabekoak. Egiten ez direnean soilik ikusten diren lanak. Horregatik, egun bakarrean planto eginda, zaintzak duen balioa ikusarazi nahi izan zen, eta horren ardura denon artean partekatzeko aldarria egin. Egungo zaintza lanen eta denboren banaketan ematen den desberdinkeria salatzea, horrek beste esparru batzuetan duen eragina bistaraztea eta justizia sozialean oinarrituko den gizarte baterako alternatibak jorratzea izan da feminismoaren jarduna azken urteetan, kontutan hartuta gainera Covid-19ak eragindako pandemiak are gehiago azaleratu dituela desberdinkeria horiek.   

Eusko Ikaskuntzari begira, 2018a urte gakoa izan zen ere. Gure XVIII. Kongresua antolatu  eta mendeurrena ospatu genuen. Oñatin aurkeztutako Liburu Zurian, Eusko Ikaskuntzak bere burua eskaini zuen ehun urte lehenago:

“sorreran eman zitzaion eginkizuna molde berrituekin betetzeko: herri garapenerako begirada luzea lantzea, ezagutza eta berrikuntza erabilita, lankidetza estuan erakunde publikoekin, eragile politiko eta sozialekin, eta herritarrekin, politika publikoen eta gizarte dinamiken mesedetan”.

Molde berrituak, hor zegoen koxka. Gure ingurura begiratzen jarrita ezinezkoa zen premisa hori betetzea aintzat hartu gabe mugimendu feministaren potentzia eta eskakizunak. Eusko Ikaskuntzak etorkizuneko erronkei aurre egiteko gizartean eragin nahi zuen heinean, gizarteak interpelatu egin gintuen erakunde gisa berdintasunaren aldeko apustua era argian eta ekintzen bidez azal genezan.

Nahi horri erantzuna emateko prestatu zen 2019an Eusko Ikaskuntzako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana (2019-2022), lau printzipiotan oinarrituta (feminismoaren paradigma, genero ikuspegia, intersekzionalitatea eta emakumeen ahalduntzea) eta hiru helburu estrategikorekin (berdintasunean oinarritutako barne antolaketa sustatzea, berdintasunaren kultura eta balioen lanketa handitzea eta genero ikuspegia proiektuetan sistematikoki lantzea). Berdintasun planak barnera (barne antolakuntza, lantaldearen formakuntza…) zein kanpora begirako (komunikazioa, emakumeen parte-hartzea, feminismoaren inguruko ezagutza eta eztabaida zabaltzea…) erronkak planteatu dizkigu. 

2019tik ugariak izan dira Eusko Ikaskuntzak zaintzen lana bistarazteko eta balioan jartzeko egindako ekintzak eta honen inguruan hausnartzeko irekitako foroak. 

Bilboko sinposioak. 2019tik feminismoaren inguruko gaiek hartu zuten lekua urtero antolatzen genituen jardunaldi hauetan. Burututako hiruetatik bik izan dute lotura zaintzen gaiarekin: "Bizitza erdigunean: nolako politika publikoak behar ditugu?" sinposioa (2020) eta “Zainketen berrantolaketa soziala” sinposioa (2021).

- Ongizate ereduak Euskal Herrian egitasmoa. Honen baitan azpimarratuko genuke "Zahartzea eta mendekotasunaren arreta Euskal Herriko lurraldeetan" txostena eta honen inguruko mintegiak, non argi gelditu zen mendekotasuna artatzeko ereduek eta zaintza-sistemek, genero-desberdintasunetan oinarrituta egoteaz gain, hauek areagotzen dituztela.

Solasaldiak. 2021eko sinposioaren harira, Marina Sagastizabal eta Mikel Otxotorena zainketen berrantolaketa sozialaz aritu ziren. 2020an ekonomia feministaz arituko ginenez, Mertxe Larrañaga eta Yolanda Jubetoren arteko hizketaldia berreskuratu genuen. Eta azkenik, arestian aipatu den txostenaren emaitzen ildotik, Fernando Fantovak eta Lucía Martinez Virtok zaintzen sistema sozialaren inguruko problematika izan zuten hizpide.

Euskonewseko artikuluak. Ugari izan dira zeharka edo zuzenean zaintza lanen afera Euskonewsen jorratu duten artikuluak, hala nola:

2022ko martxoaren 8ak lanean harrapatuko gaitu, hain zuzen ere, Eusko Ikaskuntzaren II. Berdintasun Planaren prestaketan. Emandako aurrera pausuak balioan jarri eta egindako akatsetatik ikasita, Eusko Ikaskuntzaren nahia da berdintasunaren aldeko konpromisoa erakundean eta bere egitekoan gero eta gehiago errotzea.
 

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp