Mikel Mancisidor, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria

Sariak

2020/05/08

Mikel Mancisidor, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria

Giza Eskubideen arloan duen proiekzioa nabarmendu da. Gazteei zuzendutako deialdian, Alexander Gurrutxaga eta Joana Otxoa de Alaizaren “Aberriaren poeta kantaria. Xabier Leteren obraren berrirakurketa bat” proiektuak eskuratu du Eusko Ikaskuntza- Laboral Kutxa Gazte Saria.

Eusko Ikaskuntzak eta LABORAL Kutxak aditzera eman dute Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Sariaren eta Gazte Sariaren 2020ko epaia.

Sariak 25 urte betetzen dituen edizio berri honetan Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria Mikel Mancisidorrek eskuratu du. Hala ebatzi du sariaren epaimahaia osatzen duten Eusko Ikaskuntzaren eremu geografikoko sei unibertsitateetako ordezkariek, eta Eusko Ikaskuntza eta LABORAL Kutxako ordezkariek. Nazio Batuen Erakundean Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen garapenean eragile garrantzitsuenetako euskalduna da, René Cassinez geroztik. Epaimaiharen ustez, “bereziki aipagarria da Nazioarteko Zuzenbidean bi alorretan egindako ekarpena: gizakiak ura izateko duen eskubidean eta gizakiaren zientziarako eskubidean”. Gainera, epaian jaso den bezala “bere ekarpena Amerika, Europa eta Euskal Herriko unibertsitateetan izandako jarduerarekin bateratu du, gizarteratze eta dibulgazio lanekin, bai eta mundu guztian zehar egindako lankidetza, laguntza humanitario eta giza eskubideen defentsarekin ere”.

Lehenengoari dagokionez, UNESCO Etxeko zuzendari gisa aritu zenean, bere lana erabakigarria izan zen Nazio Batuen Batzar Orokorrak 2010ean Uraren Eskubidea bizitzaz gozatzeko ezinbesteko Giza Eskubide gisa aitortzeko. 

Bestetik, NBEko Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Komiteko kide da 2010tik eta erakunde horrexek berak onartu zuen Zientzia eta Giza Eskubideei buruzko Iruzkin Orokorra, Mikel Mancisidor kontalari izan zuena. Horrela borobildu ditu Zientziaren Eskubidearen alorrean lanean aritutako bost urte, gaur egun, UNESCO bezalako nazioarteko erakundeek eta herrialde talde garrantzitsu batek (Europar Batasuneko zenbiat eta Iberoamerikar Erakundearen parte diren hogei Estatu baino gehiago) onartuta duena. Lorpen honek balio berezia hartzen du klima aldaketa edo osasun publiko globalaren drama bezalako balore krisi bete-betean.

Bere zorroztasun intelektual, zintzotasun, berrikuntzarako gaitasun eta ardurari esker, Mikel Mancisidor mundu globalean Giza Eskubideen garapenerako erreferente nabarmena da.

Esfortzu hau guztia Amerika, Europa eta Euskal Herriko unibertsitateetan izandako jarduerarekin bateratu du, gizarteratze eta dibulgazio lanekin, bai eta mundu guztian zehar egindako lankidetza, laguntza humanitario eta giza eskubideen defentsarekin ere.

Azkenik, epaimahaiak azpimarratu nahi izan du sarituaren etorkizuneko proiekzioa, gaur egun inoiz baino garrantzitsuagoa den esparru horretan sakontzeko eta horretan laguntzen jarraitzeko.

Sarituak

Eusko Ikaskuntza-LABORAL KUTXA Gazte saria

Alexander Gurrutxaga eta Joana Otxoa de Alaizak osatutako taldeak eskuratu du aurtengo Eusko Ikaskuntza- Laboral Kutxa Gazte Saria "Aberriaren poeta kantaria. Xabier Leteren obraren berrirakurketa bat" lanarengatik. Hala erabaki du aho batez epaimahaiak. Lanaren izenburuak berak dioen bezala, poeta eta kantariaren obraren berrirakurketa bat egin nahi da, publiko berrietara heltzeko xedez. 

Horretarako, artistaren obraren inguruko errezitaldi musikatu bat ondu eta disko-liburu formatuan argitaratuko dute 2020-2021 urteetako epealdian.

Alexander Gurrutxaga eta Joana Otxoa de Alaiza gipuzkoarrak dira eta 31 urte dituzte biek. Gurrutxaga euskal literaturan doktorea da eta, hain zuzen, Xabier Leteren poetikaren inguruan landu zuen doktore tesia. Otxoa de Alaiza Pianoan lizentziatuta dago eta musikaren alorra sakonki landu azken urteotan.
 


 

Epaimahaiaren aburuz, lanak sariaren xedearekin bat egiten du guztiz: “Humanitateak, Kultura eta Arteak lantzen ditu; gaurkotasun handiko gaia jorratzen du, aurten artista hil zenetik hamar urte beteko baitira; haren ondarea belaunaldi berriei zabaltzeko aukera eskaintzen du; eta, gainera, euskararen erabilera bera ere bermatuta dago”.

Proiektu irabazlea

Sarituak

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp