Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen

Egun, euskalgintzaren eta euskararen biziberritzearen jardunean krisi aktiboa dei genezakeenaren unea bizitzen ari gara. Eragileen artean berritu beharraren ikuspegia eta diskurtsoa zabaltzen ari da indarrez, ziklo bat amaitu eta beste ziklo berriari ekitearen beharraz hitz egiten da. Norabide horretan, iniziatiba ugari agertzen ari da, eragileen ekimenetan, gizarte erakundeetan, maila instituzionalean edota, neurri batean, arlo politikoan.

Testuinguru horretan kokatzen da Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen (e5) goiburuaren/proiektuaren inguruan egituratutako Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren Euskararen Atala.

Gure hizkuntza komunitatearen etorkizuneko eszenario horiei forma emateko prozesua.

Eremu tematikoak
Euskararen etorkizuna
Kategoria
Hausnarketa
Egoera
Bukatuta
Denboraldia
2016-01-01-2018-12-31

 

Sarrera

Euskalgintzaren garai berri honetan agertu diren erronkentzako erantzun eta irtenbide berriak asmatu behar ditugu. Diziplina arteko elkarlana funtsezkoa dela ikusi dugu hizkuntzen biziberritzean. Edozein delarik hautatzen dugun bidea, orain arte euskararen alde egindako lan-eskergari jarraipena eman behar zaio, ekintzailetza berpiztuz eta euskal komunitatea trinkotuz.

Errealitate dinamiko horretan, Eusko Ikaskuntzak euskalgintzaren aro berriak konfiguratzen lagundu nahi izan du interpretazio molde berri bat landuz, euskaraz garatu nahi duen kapitalen analisietan oinarrituta.

Prozesu honen azalpenak eta hausnarketaren emaitzak atal honetan jasotzen ditugu, besteak beste, euskaraz garatu nahi duen komunitatearen mapak eta proposamen nagusiak laburbiltzen dituen e5 Adierazpena.

e5 lan-ildoaren ezaugarri nagusiak

e5 dinamikaren lana Eusko Ikaskuntzak sortutako Talde Eragile batek gidatu du eta hiru mintegi irekitan mamitu da, erakundeen eta gizarte esparru zabaleko eragile askoren partaidetza handiarekin.

e5 proiektuak ez du euskararen egoera aztertzen. e5 proiektuak, euskaraz garatu nahi duen komunitateak (euskal hiztunak eta ez hiztunak) dituen kapital eta aktiboetan (baliabideetan) jartzen du fokua.

Proiektuaren helburu nagusia datozen hamarkadetarako euskalgintzaren aro berria konfiguratzen laguntzea da. Eta horretarako, azpi-helburu gisa:

  1. Marko interpretatibo berria lantzea, euskaraz garatu nahi duen komunitatearen kapitalen analisietan oinarritua.
  2. Komunitatearen kapital horietan oinarrituta, etorkizunerako amestutako eszenarioen konstelazioa irudikatzea.
  3. Desiratutako Eszenarioen Konstelazio horretara iristeko bide-orriaren arkitektura lantzea, ezagutza eta praktika mailako ekarpen anitzak jasoz.

Ondoko indar-ideia nagusi hauetan oinarritzen da:

  1. Konplexutasuna. Egungo gizartea errealitate sistemikoa eta konplexua da.
  2. Polizentrismoa. Gizarte indarrak anitzak dira, polizentrikoak.
  3. Sinkronizazioa. Polizentrismoaren konplexutasunean, bateratasun uniformeak baino, heterogeneidadeen sinkronizazioak har dezake balioa.
  4. Komunitatea. Fokua ez da euskararen egoeran jartzen, euskaraz garatu nahi duen komunitatean baizik. Bere egungo baliabide eta etorkizuneko proiekzioetan.

Proiektuaren lantaldea:

Arduradun zientifikoa: J. Inazio Marko Juanikorena

Talde Eragilea: Xan Aire, Kike Amonarriz, Xabier Erize, Beñat Garaio, Jone Goirigolzarri, Mikel Irizar, Ibon Manterola, Iñaki Martinez de Luna, Olatz Olaso eta Ana Urkiza.

Eredu metodologikoa

Proiektuaren eredu metodologikoa Arakatze apreziatiboaren ikuspegian oinarritutako eraldaketa-hausnarketan fokalizatu da. Sistemaren muin positiboan zentratzen den arakatze eta eraikitze prozesu kolaboratzailea, dauden indarrak apreziatuz eta balioan jarriz.

e5 lan-ildoaren faseak

  • 1go fasea: egitasmoa kokatzen (2016)
  • 2. fasea: hausnarketa fasea (2017-2018)
  • 3. fasea: eraikitze fasea (Kongresu-ekitaldia, 2018.10.19)

Ondorengo e5 proiektuaren aurkezpen bideoan lehen bi faseen emaitzak jasotzen dira. 

1go Fasea: Egitasmoa kokatzen

Proiektuaren lehen fasean, proiektuaren Talde Eragileak, egitasmoa argitzen, definitzen eta oinarriak ezartzen aritu zen ‘zer zergatik eta zertarako’ analisiarekin:

  1. Zer? Definizioa. Zer izango litzateke Mapeo edota Kartografia azterketak egitea?
  2. Zergatik? Justifikazioa. Zergatik eduki dezake azterketa honek garrantzia? Zeintzuk izan daitezke horrelako azterketa baten ekarpenak edota balio erantsiak?
  3. Zertarako? Helburua. Zer lortu nahiko litzateke azterketa honekin? Zeintzuk lirateke helburu nagusiak, edota erdietsi beharreko ageriko emaitzak?

Lehen hausnarketa horretatik komunitatearen kapitalen eskemaren diseinua lortu zen. Kapitalen analisirako proposatzen diren erreferentziazko eredua, Emery, Fey eta Cornelia (2006) egileek komunitatearen aldaketa positiborako landutako Community Capitals Framework ereduaren egokitzapena da. Ondoko irudian agertzen dena.

 

2. fasea: Hausnarketa fasea

Egin diren 3 mintegietan (jabetu + amets egin + diseinatu) 60/80 lagun elkartu dira mintegi bakoitzean.

  1. Mintegia. Tailer Apreziatiboa (2017.06.02). Komunitatearen Kapitalen Mapa-ren lanketa.


Galdera: Zeintzuk dira euskaraz garatu nahi duen komunitateak Komunitate-kapital bakoitzean egun dituen aktibo nagusiak? Emaitza: Euskaraz Garatu Nahi duen Komunitatearen Egungo Aktiboen Mapa.


Lehen Mintegia 2017ko ekainaren 2an egin genuen Gasteizen (Jabetu: baloratu). Bertan proiektua azaltzearekin batera, proposatutako eredua balidatzeko eta ekarpenak jasotzeko Kontraste-elkarrizketak gauzatu ziren, eta Komunitatearen Kapitalen Mapa lantzeko lehen Tailer Apreziatiboa ere bideratu zen. 

Euskal Herriko bazter guztietatik etorritako agintari, erakundeetako ordezkari, diziplina anitzeko eragile eta pertsonak bildu ziren lehen mintegian.

Mintegiaren ondoren, eta bertan egindako lehen talde-hausnarketari segida emanez, mintegian parte hartu edota interesa adierazi zuten pertsonei aditu gisako ekarpen pertsonala eskatu zitzaien Delphi moduko galdetegi baten bidez, honako helburuekin: Komunitatearen Kapitalen Mapeoari buruz Mintegian jasotakoa sakontzeko, eta, proiektuaren 2. Mintegiari begira oinarri-materialak prestatzeko. 

Halaber, Komunitatearen Kapitalen Mapa osatuko duten zenbait eredu jaso nahi izan ditugu Euskonews aldizkariko 725. zenbakian.

2017.06.02 e5 egitasmoaren aurkezpen mintegia

  1. Mintegia. Sorkuntza Tailerra (2018.02.23). 2040 urterako eszenarioak irudikatzen.


Galdera: Zure ikuspegi eta ametsaren arabera, zeintzuk/nolakoak/zenbatekoak dira euskaraz garatu nahi duen komunitateak kapital bakoitzean 2040. urtean eduki behar dituen aktibo nagusiak? Emaitza: Etorkizuneko Eszenarioen Konstelazioa.


Bigarren mintegia (Amets egin: imaginatu) 2018ko otsailaren 23an egin zen Gasteizen. Mintegi horretan, Egungo Aktiboen Maparen emaitzak azaldu eta Etorkizuneko Eszenarioen konstelazioak landu ziren sorkuntza tailer batean. 

2018.02.23 e5 egitasmoaren 2. mintegia

Etorkizuna edo fokua 2040. urtean jarrita, mintegiko parte hartzaileak komunitate-kapital bakoitzeko aktibo nagusiak identifikatzeko erronka zuten. Lan saioa hausnarketa tarte batekin hasi zen eta ondoren, partaideek identifikatu zituzten eszenario horiek irudikatzera pasa ziren.

Komunitate-kapital bakoitzeko eszenario konstelazio desberdinak eskaini zizkigun sorkuntza tailer honek (saioaren bideo laburrean jasotzen den bezala). Emaitza guztiak bildu eta Etorkizunerako irudikatutako Komunitatearen Kapitalen Eszenarioen Konstelazioa 2040ko jomugan irudikatutako aktibo nagusien mapa osatu genuen.

  1. Mintegia. Diseinu Tailerra (2018.06.08). Bide-orriaren arkitektura lantzen.


Galdera: 2040 urterako irudikatutako kapitalen (aktiboen) konstelazioa eraikitzeko, zein ekinbide gako definitu ditzakegu? Emaitza: Etorkizuneko Eszenarioen Arkitektura Estrategikoa.


Hirugarren mintegia (Diseinatu: modelatu) 2018ko ekainaren 8an izan genuen Gasteizen.

Mintegiaren helburua, euskaraz garatu nahi duen komunitateak 2040. urterako irudikatutako Etorkizuneko Eszenarioen Konstelaziora heltzeko, Arkitektura Estrategikoa diseinatzen hastea izan zen.

Arkitektura Estrategikorako ekinbide gakoak identifikatzen eta proposatzen aritu ziren mintegian bildutako partaideak. Horretarako, prozesuak emandako emaitzak Euskaraz garatu nahi duen Komunitatearen Egungo Kapitalen Mapa (2017.06.02 lehen mintegiko eta delphiaren emaitzak) eta Komunitatearen etorkizuneko Kapitalen Eszenarioen Konstelazioa (2018.06.08ko mintegia) lagun, hurrengo galderak erantzun behar izan zituzten: 

  1. 2040 urterako irudikatutako kapitalen (aktiboen) konstelazioa eraikitzeko, zein ekinbide (ekintza) gako definitu ditzakegu?
  2. Ze inpaktu potentziala eduki dezake ekintza horrek?
  3. Ze gaitasunak landu behar ditugu ekintza hori garatzeko? Horretarako zer?
  4. Ze palankak -beste aktiboetan egin beharreko inbertsioak- landu behar ditugu beste aktiboetan ekintza hori garatzeko?

Emaitzak 2040 urterako irudikatutako Kapitalen (Aktiboen) Konstelazioak Eraikitzeko Ekinbide Gakoen Mapa-n jasotzen dira.

Mintegi horrek bigarren helburu bat ere bazuen, 2018ko urriak 19an izan den Kongresu saioa gorpuzteko proposamenak jasotzea; hauek, diseinu tailer honetan identifikatutako ekinbide gaokekin lotura eduki behar zituzten. Horretarako partaideei kongresu saiorako hizlariak proposatzea eta e5 Adierazpenean jaso beharko genituzkeen ekinbideak identifikatzea eskatu zitzaien.

e5 egitasmoaren 3. mintegia

3. fasea: Eraikitze fasea (Kongresu-ekitaldia, 2018.10.19)

Azkenik, Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren ekitaldiaren baitan, arloaren Kongresu-ekitaldia burutu zen (Eraiki: hedatu). Bertan, prozesuan zehar egindako hausnarketa eta analisien emaitzak azaldu ziren, arkitektura estrategikorako ekarpenen komunikazioak eta aurkezpenak egin eta geroko eraikuntzarako ondorioak eta proposamenak jaso ziren.

Mikel Irizar Intxaustiren (Euskalgintzaren testuingurua: irakurketa soziopolitikoa) eta J. Inazio Marko Juanikorena (e5 egitasmoaren azalpena: irakurketa teoriko-metodologikoa) kokatze hitzaldien ondoren, euskaraz bizi nahi duen komunitateak dituen edo izan behar lituzkeen aktiboei buruzko ekimen eta proposamenak aurkeztu zituzten espezialistek sei eremutan banatuta: giza kapitala eta kultur kapitala; kapital politikoa eta kapital ekonomikoa; eta azpiegitura kapitala eta gizarte kapitala.

Era berean, 2040. urteari begira lanean ari ginenez gazteen irakurketa txertatzea bultzatu zen. Horrela 18 eta 26 urte bitarteko 4 gazteei, ikuspegi positibo eta zorrotz batetik, amesten zuten etorkizun hori azaltzeko eskatu genien.

Arratsaldeko saioan, University of Massachusetts-eko (Amherst) Antropologia irakasle den Jacqueline Urlak Hizlariarengan ardaztutako hizkuntza-plangintza helburu hitzaldia eskaini zuen.

Azkenik, euskal kultur munduko ehun pertsonatik gora e5 Kongresuko Adierazpena sinatu zuten.  Adierazpen honek proposamen nagusiak laburbiltzen ditu, eta akuilu funtzioa izan nahi du, prozesuaren emaitzak gauzatu daitezen.

Adierazpen hau eta Kongresu saio honetan aurkeztutako hitzaldi eta ekimen proposamenak Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuko aktetan txertatuko dira.

Informazio gehiago Kongresuaren atalean

XVIII. Kongresua. Gasteiz

e5 lan-ildoaren emaitzak

  • e5 Adierazpena
  • Euskaraz Garatu Nahi Duen Komunitatearen Egungo Aktiboen Mapa
  • Etorkizunerako irudikatutako Komunitatearen Kapitalen Eszenarioen Konstelazioa 2040ko jomugan irudikatutako aktibo nagusien mapa 
  • 2040 urterako irudikatutako Kapitalen (Aktiboen) Konstelazioak Eraikitzeko Ekinbide Gakoen Mapa

Dokumentazioa

             
    e5 Kongresuaren Adierazpena        
             
         
             
         

 

laguntzailea

 

proiektu kudeatzailea: 

Josune ETXANIZ BARRIO