Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria

2023. Kirmen Uribe

2023. Kirmen Uribe

Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970) idazlea da. Euskal Filologia ikasi zuen Gasteizen eta Literatura Konparatuko graduondoko ikasketak egin zituen Trenton (Italia).

XXI. mendeko euskal literaturaren berritzaile nagusitzat jotzen da eta euskara nazioartera zabaldu duena (20 hizkuntzara itzuli da). New Yorken bizi da, eta 2020tik New York Unibertsitateko irakasle laguntzaile gisa aritzen da. Atzerrian egonaldi gehiago ere izan ditu: Columbia University (2018-2020), New York Public Library Cullman Center Fellowship (2018-2019), University of Iowa International Writers Program (2017), Washington University in Saint Louis (2017), OMI International Writers Residency, Nueva York (2015), eta Headlands International Arts Residency, Sausalito (2013). Nazioarteko aldizkarietan eman ditu argitara bere artikuluak, hala nola The New Yorker-en (lehen aldiz azaldu zen euskara aldizkari horretan), Poetry International, Poets and Writers, Pen America, Harvard Review besteak beste.

2002an Kritikaren Sari Nazionala jaso zuen Bitartean heldu eskutik poema liburuagatik, hain justu 2007an PEN Award for Poetry in Translationeko finalista izan zen. 2008an Bilbao-New York-Bilbao nobela idatzi zuen eta euskarazko Kritikaren Sari Nazionala eta eta Literatura Sari Nazionala (narratiba) jaso zituen hurrengo urtean. Elkarrekin esnatzeko ordua lanarekin Kritikaren Sari Nazionala jaso zuen 2016an eta irakurleek 2016ko liburu hoberenari ematen dioten 111 Akademiako Saria lortu zuen. 2019an 17 segundo poema-liburua argitaratu zuen eta 2021ean Izurdeen aurreko bizitza eleberria (New Yorkeko Liburutegi Publikoko Cullman beka).

Nobela eta poesia, haur eta gazte literatura, gidoi eta itzulpenak idazteaz gain, antzerki eta musikan ere kolaborazioak egin ditu (Euskadiko Orkestra, Wim Mertens, Quique González, Juan Carlos Pérez edo Mikel Urdangarin), eta poesia “kalera ateratzeko” saiakera egin du.

Euskara eta Euskal Herriarekiko duen konpromisoaren erakusgari dira bere idatziak (atzerrian herria ezagutzera emateko idatzi zuen Abangoardia maite duen antzinako herria), erakundeekin duen lankidetza (Eusko Jaurlaritzako Nazioarteko eta Euskara batzordeetako kide da), bai eta belaunaldi berrien artean sormena sustatzeko egindako lana ere (Marabili Jaialdia).  

https://kirmenuribe.eus

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria