Aitor Lopez de Aberasturi: "Interneten filosofiari ez diot erabat jarraitzen"

2000-03-03

AGIRRE, María

Elkarrizketa: Aitor Lopez de Aberasturi Aitor Lopez de Aberasturi, informatikaria "Interneten filosofiari ez diot erabat jarraitzen" * Maria Agirre Duela lau urte entzun zuen lehenbizikoz interneti buruz, Informatikako Fakultatean ikasle zela, eta berehala sentitu zuen mundu horrekiko erakarpena. Horrela, arabar gazte honek "Kaixo" bilatzailea sortu zuen, eta gaur egun Arabako Parke Teknologikoan kokatua dagoen "Guay" izenekoaren zuzendaritzan dago, askoz ere baliabide ekonomiko handiagoak dauzkana. Nolanahi ere, "Kaixo" ri eskaintzen dizkio aisialdiko orduak, eta ideiak ez zaizkionez falta, ez omen da geldituko Idiazabal gaztak internet bidez saldu arte. Zerorrek sortutako "Kaixo" bilatzaileari lehia egiten ari zarela esan daiteke? Ez zait iruditzen lehia egiten ari natzaionik. Kaixo, internauta euskaldunei zuzendutako proiektu pertsonal bat da; beraz, ez diot lehia zuzenik egiten. Guay internet, hispanoei zuzendua dago, askoz ere jende gehiagorentzat da. Orain bertan egunean 3.000 pertsona inguruk erabiltzen du Kaixo; Euskal Herriko web ik erabilienetarikoa da, baina hala ere Kaixon bakarrik aritzea ez da oraingoz bideragarria. Zergatik ez? Oso arrazoi xume batengatik: Euskal Herriko enpresak oraindik ez direlako kontzientziatu. Begira, Euskal Herritik kanpoko enpresek egiten duten publizitateari esker mantentzen da Kaixo. Merkaturatu zenetik jada hiru urte igaro diren arren, oraindik ez dut lortu Euskal Herriko enpresa edo erakunde batek berak ere Kaixon publizitatea ipintzerik. Hala ere, aurrera darrai "Kaixok". Hortxe aritzen naiz. Ezin nuen guztiarekin eta lankide batzuk ari zaizkit laguntzen. Zenbait ideia eta proiektu dauzkat buruan. Kaixon ez dut oraingoz zerbitzu berririk sartu, baina jada badaudenak eguneratzen ari naiz: albisteak, abizenen eta lanaren bilaketa, bilatzailea bera ere hor dago..., eta egunetik egunera jende gehiago konektatzen da, gero eta erabiltzaile gehiago dauzka. Zein da "guay.com" en eskaintza? Eta nork finantzatzen du? Arabaeta Nafarroako enpresarien proiektua da, eta interneten sartzeko atari bat da. Kaixoren antzekoa, baina askoz ere zerbitzu eta baliabide gehiagorekin, eta hispanoei zuzenduta. Beste edozein atarik eskaintzen dituen zerbitzu berdinak dauzka: dohaineko posta, bilatzailea, albisteak, etab., baina besteen ildotik atera eta gauza berriak eskaini nahi ditugu. Wap teknologia daukagu, hau da, telefonia higikorraren bitartez sar daiteke gure orrietan, eta era berean, on line orriak edozein hizkuntzatik gaztelerara itzultzen dituen itzultzaile bat ere badaukagu, interneteko orri gehienak ingelesez baitaude. Gainera, hiru denda birtual prestatzen ari gara: disko eta liburuena, informatikakoa, eta bidaiena. 26 urte baino ez dauzkazu, eta enpresa bateko zuzendari teknikoa zara dagoeneko. Gazteen gidaritzaren esku al dago interneten mundua? Interneten atzean ideia eta proiektu berriak daude; horretan datza hain zuzen ere interneten arrakasta, ideia berritzaileak behar dituelako, eta gazteei otzen zaizkie gehienak. Ezer aldatu al da Euskal Herrian internetekiko egoera azken hiruzpalau urteetan? Erabat. Duela lau urte, Kaixo ipintzeko zerbitzari bat behar nuela eta enpresetara jo nuenean, interneti buruz hitz egiten nienean oso arrotza egiten zitzaien mundu hau. Orain, aldiz, internet aipatu eta berehala zabaltzen dizkizute ateak. Pixkanaka hobetzen ari da egoera. Gainera, gaur egun duela bi urte baino gauza gehiago daude edukiaren aldetik. Iaztik Kaixo bezalako bilatzaile gehiago dauzkagu. Hala ere, gauza berri gehiago egin behar dira nire ustez. Zer adibidez? Nik ideia asko dauzkat, hamar hamabost bat (jakina, barrez dio ez dizkidala kontatutako). Denbora faltagatik ezin ditut orain gauzatu, baina egingo ditut, Kaixon edo beste nonbait. Nik, interneten filosofiari ez diot erabat jarraitzen. Nire proiektu pertsonalak Euskal Herriari zuzenduta daude. Badakit ez daukala zentzu gehiegi interneten horrelakoak egiteak, zeren eta hispanoei begira egingo banu, askoz ere erabiltzaile gehiagolortuko nituzke. Internet gehiago erabili behar dela esaten dute, baina ez al zaizu zaila iruditzen hemen areagotzea? Hemen arazo bat daukagu: Estatu Batuetan daukaten maila bera eduki nahi dugu, baina guk ez daukagu haiek daukaten oinarria. Interneten erabilera areagotu nahi dugu, baina kontua da ez daukagula Estatu Batuetan dauzkaten azpiegitura eta kableaketak, ezta haien ideia eta edukiak ere. Euskal Herrian oso berde gaude oraindik, edukien aldetik batik bat. Egoera hau aldatuko denaren zantzurik ikusten al duzu? Horretarako dago Euskadi 2000 2003 Plana. Halere ez ditut xehetasunak ondoegi ezagutzen eta ez dakit noraino jo nahi duen, baina erakundeek zerbait egin nahi dutenaren seinale da. Duela hiru urte erakundeei interneti buruz hitz egitean ez zuten garapen industrial eta teknologikoarekin lotzen; orain ordea gauza batzuk egiteko asmoa daukate. Elkarnet en sustatzailea zara, Euskal Internauten Elkartea. Zeintzuk dira bere helburuak? Euskal Herrian interneten erabilera bultzatzea. Foro bat osatu dugu 150 bat lagunen artean, hemen gauzatzen ari diren proiektuei buruz hitz egiteko. Kanpotik jendea ekarri eta egiten ari direnaren berri ematea gustatuko litzaiguke, nolabait bidera gaitzaten. Oso pozik irten zen jendea lehendabiziko forotik, inguru berdinekoekin harremanetan jartzea lortu baitzuten. Interneten edukiak falta zaizkigula esan duzu lehenxeago. Bai, hala da, gutxi dago edukiaren aldetik. Nolanahi ere, hemendik gutxira internet bidez aldizkari guztietara jotzeko aukera izango dugu, Eusko Jaurlaritzaren ekimen bati esker, beraz edukia handitu egingo da. Oraindik ez daukagu edukirik, eta hala ere merkataritza elektronikora egin nahi dugu jauzi. Nola ari da Euskaltel hau guztia gidatzen? Eman dituen pausoetariko batzuk onak izan dira; internetera dohain sartu ahal izatea oso pauso garrantzitsua izan zen, erabiltzaileek begiak ireki ahal izan zituztelako, baina nik uste dut aurrera egin behar duela, ez duela hor gelditu behar. Interneterako sarrerak kalitatehandiagoa behar du, eta hainbeste desio dugun tarifa laua ere lortu behar dugu. Interneten ba al da benetan negoziorik? Nik uste dut gaur gaurkoz publizitatetik erator daitekeen negozioa dela interneteko negoziorik handiena. Baina hori atzerrian gertatzen da. Kezkatzen al zaitu interneteko segurtasunak? Nik uste dut segurua dela erosketak internet bidez egitea; kontua da jendeak ez daukala erosketak internet bidez egiteko ohiturarik. Gainera, askotan internetetik kanpo huts egiten du segurtasunak, baina gero interneti leporatzen zaio. Eta hacker ek? Horiek bai kezkatzen nautela. Ahal diren neurri onenak hartzen ditugu, baina ez dira nahikoak. Hemendik urte batzuetara telebistaren aurrean eseri eta posta jaso, eguneko aldizkaria irakurri, aste osorako erosketak egin, afaltzeko pizza bat eskatu eta azken filma ikusi ahal izango omen dugu; abantailak besterik ez. Desabantailarik somatzen duzu? Bai. Jendearekin harremanik ez izatea izan daiteke arazoa. Nik hiru hilabete eman nituen etxean Kaixo berriztatzen, eta ez zitzaidan ona iruditu. Interneten alderdirik txarrena, edo oraintxe ipini didazun egoerarena, horixe da hain zuzen ere: ordenagailuaren aurrean bakarrik gelditzea, inorekin erlazionatu gabe. Ez zait oso logikoa iruditzen bizitza guztia ordenagailuaren aurrean ematea. Argazkiak: Maria Agirre Euskonews & Media 69.zbk (2000/ 3 / 3 10) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Francisco Mangado: "Erantzunik ematen ez duen hirigintza burokratikoa egiten ari gara"

 

Irakurri

Francisco Javier Zubiaur: "Nafarroako Museoa izebergaren muturra da"

 

Irakurri

Pello Zabala: "Arantzazu ezagutzera emateko hasi nintzen iragarpena egiten"

 

Irakurri

Ramón Zallo: "Oparotasun komunikatiborantz goaz, baina baita gero eta handiagoa den desberdintasun komunikatiborantz ere"

 

Irakurri

Adolfo Ribeiro Lima: "Atun Atlantiarra Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordearen helburu nagusia arrantzu arduratsua mantentzea da"

 

Irakurri