Almudena Cid. Gimnasta: Final olinpiko batean hirugarren aldiz jarraian egotearekin amesten dut

2004-07-09

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

GARMENDIA YARZA, Koro

Almudena Cid

Gimnasta "Final olinpiko batean hirugarren aldiz jarraian egotearekin amesten dut" Ismael Diaz de Mendibil

Itzulpena: Koro Garmendia

Versi?n original Almudena Ciden ibilbideak ez du parekorik nazioarteko gimnasiaren munduan. Eliteko gimnasten kasuan batere ohikoa ez den adinarekin -23 urte baitauzka-, eta goi mailan bederatzi urte igaro ostean, bere ametsik handiena betetzear dago: Olinpiadetako finalera hirugarrenez iristea. Hori lortzekotan, bakarra izango litzateke mundu osoan, maila goren horretan hainbeste urte ematea lortu duen lehendabizikoa gimnasta. Atlanta eta Sidneyko Olinpiaden ostean, Atenaskoak dauzka zain. Bertara, beste euskal kirolariekin batera, ahalegina eta ilusioa eramango du. Nolakoa izaten da zure bizitzako egun arrunt bat? Goizeko zortziak eta laurdenetan esnatu, gosaldu, eta bederatzi eta erdietan entrenatzen hasten naiz. Lehendabizi baleteko eskolak hartzen ditut, eta gero aparatuen teknikakoak. Gutxi gorabehera eguerdiko ordu bata eta erdiak arte aritzen naiz entrenatzen. Bazkaltzera joan, atseden hartu, eta arratsaldeko bostak eta erdiak inguruan, entrenatzera berriz ere, bederatziak arte. Gero, afaldu, eta lotara. Horrela, astelehenetik larunbatera, zeren larunbatetan ere goiz eta arratsaldez aritzen naiz entrenatzen, baina ez zortzi orduz, baizik eta sei orduz. Tarte hori laguneko zinemara joateko aprobetxatzen dut. Igandeetan atsedena hartzen dut, eta Bartzelonara joaten gara. Bizitza osoa eskaintzen diozu gimnasiari. Bai, argi eta garbi. Ez dut beste ezer egiteko astirik izaten. Baina, gainera, gimnasiak energia asko eskatzen dit, eta ez naiz beste ezer egiteko gauza izaten. Gimnastok ez dakigu hilabete bateko oporraldia zer den. Kontuak egiten hasiz gero, urtean hamaika hilabete baino gehiago ematen ditut etxetik kanpo. Gauza asko entzun ditugu gimnasten bizitzaren inguruan. Batzuek, "kontzentrazio esparruak" bezalakoak direla ere esan izan dute. Gimnasta baten bizimodua entrenatzera, atseden hartzera, atseden hartzera eta entrenatzera mugatzen da. Nik ez nuke gure bizitza kontzentrazio esparruetakoarekin parekatuko, ezta gutxiagorik ere, baina argi dago errendimendu handiko etxeetan egin daitekeen gauza bakarra gimnasia dela. Gainera, libre dauzkagun egunetan ere zaindu egin behar gara. Nahi izanez gero, gauez atera eta goizeko ordu txikiak arte gera naiteke hortik, baina badakit horrelakorik eginez gero, hurrengo egunean nekatuta egongo naizela, eta entrenamenduetan ez nukeela behar bezala errendituko. Errazagoa dirudi Ronaldoren bizimoduak. Nahikoa du egunean ordu pare batez entrenatzearekin. Gimnasiak ordu asko eskatzen ditu. Alde batetik, elementuak ondo mekanizatzen ikasi behar delako, eta, bestetik, tapizera ariketa egitera ateratzean, inolako esfortzurik egin gabe ari zarela eman behar duelako. Txapelketetan, ariketak bakarrik ateratzen direla eman behar du, eta, hori lortzeko ordu asko sartu behar dira. Futbolarik batek, nahi duen aurpegia jar dezake jokatzen ari den bitartean, baina guk ez. Guk musika bat interpretatu behar dugu, eta, leher eginda egon arren, aurpegi ona jarri. Malko asko isuri al dituzu goi lehiaketan daramatzazun bederatzi urteetan? Bai, asko. Batez ere, neure buruarekin oso zorrotza naizelako. Zerbait ez zaidanean nahi bezala ateratzen, negarrari ematen diot. Ezin dut kontrolatu. Ez naiz konturatzen gizalegezkoa dela akatsak izatea. Zenbaitetan bertute bat izango da, baina nire kasuan behintzat ez. Ez nioke neure buruari hainbeste eskatu behar. Ezin dudala hobeto egin? Ba ezin dut, eta kito, ez da ezer gertatzen. Baina ni ez naiz horrelakoa. Egia da entrenatzaile batzuei eskua joaten zaiela? Bai, baten bati bai, baina normala da. Kontua da nahikoa dela batek hori egitea, fama beste guztiei orokortzeko. Izan al duzu inoiz horrelakorik? Zenbait lekutan gertatzen da, Errusian adibidez, baina espainiar Estatuan ez dut sekula nire begien aurrean ikusi. Nolakoak izaten dira entrenatzaile benetan gogorrak? Asko exijitzen dizute. Gehiago ezin duzula iruditzen zaizunean, exijitzen jarraitzen dute. Gimnastok amorruz beteta sentitzen gara, haserre, gehiago ezin dugula ikusten duelako, baina entrenatzaileari gehiago egiteko gauza garela iruditzen zaio, eta exijitzen jarraitzen du. Tratu txar fisikorik ez dago, baina psikikoa bai. Urte hauetan zehar, zer galdu duzu bidean? Familiarekin egoteko aukera. Telefonoz bai, hitz egiten dugu, baina ez gara elkarrekin egoten. Etxera joaten naizenean, arrotz bat banintz bezala sentitzen naiz, haiek ez dakitelako nik nolako bizimodua daramadan, eta nik ezta ere beraiek nola bizi diren. Konfiantza galtzen da. Oporretatik itzultzen naizenean, kosta egiten zait martxa hartzea, zeren, egunero ikusi ditudala dirudien arren, agian sei edo zazpi hilabete eman ditut kanpoan... Gauero hitz egiten dugu telefonoz, eta ni ikustera joaten dira, baina ez da gauza bera. Halere, amets handi bat daukadalako jarraitzen dut bizimodu honekin: hirugarren urtez, jarraian, final olinpiko batean sartzea. Gainera, asko gustatzen zait gimnasia. Gustatuko zaizu, bai, gimnasiarekin inor ez baita milioidun egiten. Nik uste dut gimnastok irudiaren munduan dauzkagula aukerak, plastizitatea eta dotorezia daukagulako, eta hedabideek hain zuzen ere horixe bilatzen dute. Gimnasia uztean, bide horretatik jo nahiko nuke. Zeren gimnasta bat, kirolaria izateaz gain, artista ere bada. Dagoeneko egin ditut gisa horretako lehen lantxoak Telefónica-rentzat. Hogeita hiru urte dauzkazu. Ez da oso adin arrunta goi lehiaketetan aritzen den gimnasta batentzat. Zergatik erretiratzen dira hain goiz? Gimnasiarekin gazte-gaztetan hasten gara, eta dena baztertu behar izaten dugu (familia, lagunak...). Bat-batean, haurra izateari utzi eta emakume bihurtzen gara, gorputza aldatu egiten zaigu. Eta gimnasta askori kosta egiten zaio hori onartzea. Gorputz mehea izaten jarraitzen dute, baina beren gorputzak emakumezkoen itxura hartzen du. Gainera, hainbeste ordu eman behar ditugunez entrenatzen, ez dugu beste ezertarako astirik izaten, eta batzuek ezin dute horrelako erregimena jasan. Ezagutzen ditut lehertuta zeudelako gimnasia utzi, eta gero, hiru urteren buruan, itzuli egin nahi izan dutenak. Baina ezin izan dute. Kirol hau uzten duenak, betiko uzten du. Nik, oraingoz behintzat, jarraitu egin nahi dut. Baloratuta zaudela esango zenuke? Pozik nago. Duela gutxi, adibidez, kirol merezimenduen brontzezko domina eman didate. Sekulako poza hartu nuen, ez zidatelako eman Olinpiadetan edo txapelketa batean domina bat irabazteagatik, baizik eta elite mailan, munduko gimnastarik onenen artean, hainbeste urte emateak eskatzen dituen ahaleginak saritzeko. Ezin naiz kexatu. Nire inguruko gimnasta batzuek ez dute inolako laguntzarik jaso, eta hedabide batzuek egin dizkieten kritiken ondorioz behea jo dute. Nire kasuan, herrialde guztietan harrera paregabea egiten didate, hain zuzen ere elite mailan hainbeste urte eramateagatik. Norbaitek esango balizu "oso ondo, Almudena, baina zortzigarrena gelditu zinen", zer erantzungo zenioke? Ezer ez. Beharbada, kirolari ona izateko dominak jaso beharra dagoela irudituko zaio pertsona horri. Niri dominak jendeak eman dizkit. Kirol honetan sentimenduak transmititzen jakin behar duzu. Hori lortuko ez banu, ez nintzateke domina batekin kontent geldituko. Ekialdean jaioa ez den munduko gimnastarik onena zaitugula iruditzen zaizu? Oraintxe bertan, bai. Munduko azken txapelketan, ni ez beste, gainerako guztiak Ekialdekoak ziren. Eta zer daukate Ekialdekoek zuk ez daukazunik? Epaimahaiak, beren alde dauzkatela. Politikak eragin handia du oraindik ere. Txapelketa batzuetan ez naute behar bezala baloratu, baina kontuz, ez dut esan nahi dominarik lapurtu didatenik. Ekialdeko gimnastek ezaugarri bereziak dauzkate, estilo ezberdina, eta epaimahaiek -ez ikusleek- estilo horri ematen diote lehentasuna. Zehatz-mehatz beren ezaugarriei egokitzen zaien kode bat sortu dute. Gainera, kontuan izan behar dugu Ekialdean 20.000 gimnasta daudela, denetarikoak: ilehoriak, begi urdindunak, marroidunak, txikiak, hankaluzeak, beltzaranak... Hemen, berriz, asko jota bost izango ditugu, eta batzuetan ez ditugu zaindu ere egiten. Eta, azken urteotan, bost horietatik hiru arabarrak izan dira. Nola liteke 300.000 biztanle baino gutxiagoko lurralde batetik hainbeste gimnasta -eta hain onak gainera!- ateratzea? Gimnasta guztiok belaunaldi berdinekoak gara. Entrenatzaile batzuek egindako lanagatik gertatu da hori -baten bat, gainera, aktiboan dago oraindik-. Baina emakume hauei ez zaie beren lana eskertu. Pena da erakundeen artean alor horri dagokionez lankidetzarik ez egotea. Zeren gimnasia ez baita futbola bezalakoa. Entrenatzaile batek futbolari bat ateratzen badu, izarrak ipintzen zaizkio. Nik, txikitan izan nuen entrenatzaile berberarekin jarraitzen dut, Iratxe Aurrekoetxearekin. Nahi dudalako. Beraz, ez duzu Espainiar Federazioko talde teknikoarekin batera entrenatzen. Ez. Azken Joko Olinpikoak amaitutakoan, meniskoa operatu behar izan zidaten, eta une horretan hutsune handi bat zegoen Federazioko zuzendaritzan. Ez zegoen ez entrenatzailerik, ez ezer. Bakarrik moldatu behar izan nuen. Beraz, Vitoria/Gasteiza itzuli, eta Iratxerekin entrenatzen hasi nintzen. Baina hemen ez geneukan baliabiderik. Kataluniako Gimnasia Federaziotik deitu ziguten, eta Bartzelonara joan ginen, Iratxe hango hautatzailea da-eta. Bartzelonara joatearena, erabaki ausarta izan zen, talde estataleko gimnastak, Federazioa eta teknikariak Madrilen zeudelako. Arriskutsua zen, zeren eta emaitza kaskarrak lortuz gero, argi neukan bazterrean utziko nindutela. Oraingoz dena ondo doa, baina badakit Madrilen ez dutela nire erabakia begi onez ikusten. Nik ondo entrenatu nahi dut, behar bezala, eta egoera gustatzen ez zaidanean, beste leku batera joaten naiz. Eta ez zait gustatzen Madrilgo taldean dagoen giroa. Askoz ere hobeto aritzen naiz nire konfiantzako pertsona batekin entrenatuz, nire onari begiratzen diona, eta emaitzarik onena lortu nahi dituena. Nik ezin dut entrenatu hanka noiz sartuko zain dauden pertsonekin, nire lekuan beste bat sartzeko. Zein da sekula ahaztuko ez duzun oroitzapena? Ariketa bat egin ondoren jendea, zutik, txaloka entzutea, gozatu egin dutela ikustea... Eta zer da ahaztu nahiko zenukeena? Sidneyko Olinpiadetako finaletik itzulitakoan bizitakoa. Inor ez zen nitaz arduratu. Lau hilabete eman nituen bakar-bakarrik. Gimnasia utzi, eta modaren munduan sartuko gara. Neska polita zara, gorputz liluragarria daukazu... Izan al duzu harremanik ibiltokiekin? Bai, Cibeles ibiltokian desfilatu nuen, baina ez modelo batek bezala, baizik eta gimnasiako koreografia bat antzeztuz. Nire parametroez baliatu nintzen. Gustatzen zait modaren mundua. Argazkigintzan ere aritu naiz. Jaso dut eskaintzaren bat edo beste, baina ezezkoa eman behar izan diet, ezin diodalako entrenatzeari utzi. Azkenean zerbaiten kexu azaldu zarenez, bota esan beharreko guztiak. Zergatik ez da gimnasia futbolaren pareko? Erakundeek eta gizarteak baloratu egin beharko lukete, eta, ahal duten neurrian, lagundu. Oso kirol gogorra da. Tamalez, askotan ez zaigu egindako ahalegina eskertu ere egiten. Almudena Cid

Urtetako entrenamenduen eta sekulako ahaleginen ispilu da Almudena Cid gimnastaren 47 kiloko eta 68 zentimetroko gorputza. Hogeita hiru urterekin, azken esfortzuak egiten ari da. Azkenak ez, azkenaurrekoak, gimnasia utzi ondoren moda, dantza eta argazkigintzan aritzeko asmoa baitauka, bere beste zaletasunetan. Dena den, arantzarik ere badu bihotzean, ikasketak UBIn utzi behar izan zituelako. Ezpainetan irri bat duela, unibertsitatera joan eta publizitatea ikastea gustatuko litzaiokeela esan digu. Menua ELKARRIZKETA Aurreko Aleetan Inicio > EM 262 > Elkarrizketa -->

2004/07/09-16
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Ana Rocandio. Dietetika eta Nutrizioan aditua: "Euskadin ondo elikatzen gara, baina gehiegi jaten dugu"

 

Irakurri

José Javier López Antón. Historialaria: "Nafarroak errespetua zor dio Campiónen figurari"

 

Irakurri

Maider Egues. Kazetaria: "Txikitan gerra korrespontsala izan nahi nuen"

 

Irakurri

Juan Carlos Zuloaga: "Funtsezkoa da landa eremuan jende gaztea sartzea"

 

Irakurri

Juan Urzainki: "Almadian ezin zinen ibaiarekin minutu batez ere fidatu"

 

Irakurri