Antonio Bea: "Hilabete eta erdian, Irati eta Urruña artean, 2 milioi uso pasatzen dira"

2002-10-18

OTAÑO UNZURRUNZAGA, Usoa

Elkarrizketa: Antonio Bea Antonio Bea, biologoa eta animalia kudeaketan aditua "Hilabete eta erdian, Irati eta Urruña artean, 2 milioi uso pasatzen dira" * Usoa Otaño Unzurrunzaga Udazkena etorri berri zaigula, urriko egun hauetan, hegazti migratzaileen fenomeno ikusgarria beha dezakegu. Antonio Bea adituak modu atsegin eta sakonez eman digu guzti honen berri. Zein da Euskal Herrian usoak ehizatzearen jatorria? Euskal Herria leku aparta da hegaztiak migratzeko, eta usoentzat bereziki. Udazkenean, Europako iparralde eta erdialdeko espezie eta hegazti askok hegoalderantz jotzen dute (Iberiar penintsulara eta Afrikara). Elurtuta egoten diren leku hotz horiek atzean uzten dituzte leku egokiagotara jotzen dute, elikagaiak aurki ditzaketelako eta klima erosoagoa delako. Migrazioa sortzetiko fenomenoa da hegaztiengan, horrela erreakzionatzen dute. Usoek, hegoalderantz jotzean, Pirinioetako mendikatea zeharkatu behar izaten dute. Piriniotan, garai honetan, hego haizeak hodei asko pilatzen ditu, ikuspena murriztu egiten zaielarik. Orduan, kostaldea eta leku baxuagoak nahiago izaten dituzte, eguraldi hobearen bila. Horregatik da leku hau ehizarako hain aproposa, inguru honetan gertuago pasatzen direlako eta erraz ikus daitezkeelako. Gure lurretan usoa betidanik asko ikusi izan da udazkenean. Ohitura hau aspaldikoa da, badira 1800 inguruko ehiza agiri batzuk, usoak postu finkoetatik edo sareen bidez harrapatzen zirela diotenak. Zein espezieri buruz mintzo zara zehazki? Batez ere pagausoari buruz. Geroz eta ugariagoa da, bai kokapenaren aldetik, bai dentsitatearen aldetik. Pagausoak dira migratzerakoan distantziarik luzeena zeharkatzen dutenak. Beste basaespezie bat txoloma dugu, ez hain ugaria eta nahiko sentikorra dena. Gaur egun, txolomei buruzko azterketak martxan dira. Zein ingurunetan bizi dira pagausoak? Zuhaiztietan, basoetan. Bitxikeria bezala esango nuke pagauso batzuk hirietarantz joaten ari direla, baina ez etxe auzoetara; parke handietara, urbanizazio zabaletara,zuhaiztietara, etab. Orain dela urte batzuk Londresen gertatzen zena, orain Madrilen ere nabarmena da. Donostiako Amara auzoan ikus daitezke pare bat bikote. Adar txikiez baliatuz, habiak egiten dituzte, nahiko handiak gainera. Bi errunaldi izaten dituzte eta batzuetan hiru, eguraldiaren arabera. Udaberri amaieran hasten dira (maiatzean edo ekainean) eta irailean amaitzen dute. Bai pagausoek eta baita txolomek, belarra, fruituak, ilarrak, artoa eta haziak jaten dituzte. Leku batzuetan laborantza lurretan ekin eta ekin ibiltzen dira, baina oso gutxitan gertatzen da hori. Beren harrapariak belatz handiak izaten dira: ehunka metroko altuera hartzen dute eta usoaren aurka jotzerako momentuan 300 km/o abiadura hartzen dute. Ikusgarria da zein azkar egiten duen hegan usoa dagoen lekurantz. Abiadura horretan, usoari kolpe bat ematearekin, berehala botatzen du lurrera. Haragijale batzuek ere usoak jaten dituzte, hala nola lepahoriek, katajinetek, lepazuriek, etab. Zein da kaleetan ikusten dugun espeziea? Etxeko usoa. Espezie honek ez du migratzen, sedentarioa da. Batek daki guztira zenbat egongo diren. Arazo handiak ekartzen dituzte, beren kakak, azidoak izatean, kalte handiak sortzen dituztelako eraikinetan, monumentuetan eta zuhaitzetan. Gainera, parasito asko izaten dituzte eta gaixotasunak zabal ditzakete. Handitzen al doa etxeko usoen populaketa? Bai, gero eta gehiago daude. Jendeak jaten ematen die, hori egitea ondo balego bezala, baina ez dira konturatzen horrek arazoak ekartzen dituela. Usoek hirietan aterpeak dauzkate eta baldintza klimatiko ez oso gogorrak, ondorioz, ikaragarri ugaldu dira. Horregatik, hiri gehienetan usoak kontrolatzeko planak prestatu dituzte. Etxeko usoa. Argazkia: http://mamba.bio.uci.edu/~pjbryant/biodiv/birds/ columbiformes/columbiformes.htm Nola bereiz genitzake pagausoak eta etxeko usoak? Pagausoak sendoagoak dira, handiagoak. 500 bat gramo pisatzen dute. Paparra gorrixka daukate, hegaletan marra zuri bat eta lepoan orban zuri batzuk. Etxekousoa grisa edo beltza izaten da. Zertan datza migrazioa? Migrazioa herrialde eskandinaviar eta baltikoetan hasten da, urrian eta batzuetan irailean. Usoak talde txikitan biltzen joaten dira, gero eta talde ugariagotan, eta pixkanaka hegoalderantz zuzentzen dira. Beren ezaugarrietako bat gregarismoa da. Horrela, une jakin batean, multzo handietan biltzen dira eta ia gelditu gabe, egunak eta egunak ematen dituzte hegan. Egun bakar batean 800 km egin ditzakete! Iberiar penintsulara milioika uso etortzen dira, talde handitan. Hegazti migratzaileak Ipar eta Erdialdeko Europan zehar egoten dira, eta negua iristean migratu egiten dute. Finlandiatik ere etortzen dira. Migrazioko ibilbide nagusia Bizkaiko Golkotik gertu igarotzen da, kostaren eta Pirinio Zentralen artean, Frantzia iparraldetik zeharkatzen duena. Pasea egunero izaten da. Usoak 200.000 edo 300.000 inguruko talde txikitan igarotzen dira. Gehienak, bizpahiru egunetan igarotzen dira; egun horietan, 700.000 eta 1.000.000 uso bitartean igaro daitezkeelarik. Nola kalkulatzen duzue zenbat uso igarotzen den? Hilean bi milioi uso baino gehiago igarotzen direla esaten dugunean, estimazio baten emaitza da. Akatserako portzentaia bat egoten da, baina esperientziaz baliaturik, murriztuz doa. Migrazioa, Irati eta Urruña bitartean kokatuta dauden 5 lekuren bitartez kontrolatzen dugu. Badira 30 edo 50 km ko korridore antzeko batzuk, pasatzeko aproposak direnak eta hortxe atzematen ditugu bandoak. Behaketarako postu bakoitzean bi behatzaile egoten dira urriko lehen astetik aurrera, egunero, eguna argitu baino lehenagotik eguzkia sartu arte. Estimazio metodo ezberdinak erabiltzen dituzte, taldeen tamainaren arabera: 200 uso baino gutxiago igarotzen badira, guztiak kontatzen dituzte; gehiago igarotzen badira, sektoreka banatzen dira, orduan sektore batekoak ondo kontatu, eta sektore kopuruagatik biderkatzen dute. Bandoa luzea denean, denboraz neurtzen dute, kronometro batekin. Trebakuntza handia daukaten behatzaileek, begi kolpebatez zehatz dezakete zenbat uso ari diren igarotzen. Dena den, beti da komenigarria estimazio kalkulua egitea. Bost postu hauetan, egunero, fitxak betetzen dituzte: ordutegia, bandoen noranzkoa eta uso kopurua zehaztuz. Noren edo zein instituzioren ekimenez egiten dira zenbaketa hauek? Frantsesek 30 bat urte daramatzate gai hau aztertzen, espezie zinegetiko bat delako. Han ehiztarien federazioak arduratzen dira usataldeen bilakaeraren jarraipena egiteaz. Ehizatzeko tradizio handia daukatenez, haiek dira programa hau zuzentzen dutenak. Iratin hasi zituzten azterketak, urtetik urtera egoera ezertan aldatzen ote zen ikusteko, egonkor jarraitzen al zuten jakiteko. Hogei urteren buruan, Iratitik lehen baino uso gutxiago igarotzen zirela antzeman zuten. Kostalderantz, mendebalderantz lekualdatzen ari zirenaren hipotesiak indarra hartu zuen orduan. Ehiza federazioak zirela medio migrazioa kontrolatzeko postu gehiago ipintzea erabaki zen. Hiru urte daramatzagu zenbaketa bost posturen bidez egiten eta horrela hobeto egiten da. Kopuruaren aldetik egonkor mantentzen direla ikusi da eta, zenbait urtetan, paseko ardatza aldatu egin daitekeela ere. Nora joaten dira migratutakoan? Migratu ondoren, azaroaren erdialdetik otsailaren bukaerara arte, negualdia etortzen da. Negualdian bi lekutan biltzen dira: Frantziako hegomendebaldean eta Iberiar penintsulako hegomendebaldean (Espainian eta Portugalen, Extremaduran eta Setubalen). Penintsularaino migratzen dutenak Setubalgo kostaraino iristen dira. Hango etzalekuan 1.500.000 uso biltzen dira. Itsasoa zeharkatzea ez dute gustuko, bere bidaia lurra azpian dutela egiten dute. Askotan, ilunabarraren bila dabiltzala dirudi. Duela 10 edo 12 urte, Frantziako hegomendebaldean gelditzen hasi ziren. 500.000 uso inguruk Landetan ematen zuten negua, han pinudi handiak eta arto zelai asko daudelako, baina orain dela bost urte leku berriak kolonizatzen hasi dira, Pau inguruko baso txikiak. Gaur egun milioi bat inguruk ematen dute hor negua. Bikoiztuegin da kopurua. Gero, otsailaren bukaeran, beren jatorrirako hegaldatzea hasten da. "Filopatria" da animalia bat ugaltzeko bere jaioterrira itzultzeko duen joera. Ia denak itzultzen dira; uso berdina behin baino gehiagotan itzul daiteke, lauzpabost urte bizitzen direlako. Baina ez da ikasi egiten dutelako, genetikagatik baizik. Nola heltzen diezue negualdiari buruzko azterketei? Usataldeen egoera eta beren bilakaera aztertzeko, konturatu ginen ez zela nahikoa migrazioari erreparatzea. Orduan, negua penintsulan edo Afrikako iparraldean nola igaro zezaketen pentsatzen hasi ginen, ez geneukalako oso garbi usoak neguan non egoten ziren. Euskadiko Ehiza Federazioekin lanean hasi eta duela bost urte mugaren bi aldeetako federazioen artean lankidetza hitzarmenak sinatzeari ekin genion, fenomenoa bere osotasunean aztertzeko. Interes berdinak dauzkagunez (taldeak ezagutzea, beren aprobetxamendu zinegetikoa ezagutzea, jarduera kultural zinegetikoa mantentzea...), elkarrekin lan egin dezakegu. Zer da Basanimaliak Aztertzeko Nazioarteko Ikerketa Taldea (GIIFS)? Basanimaliak Aztertzeko Nazioarteko Ikerketa Taldea (GIIFS) 2000ko otsailean eratu zen Bordelen. Bere baitan, Akitaniako Ehizarako Eskualdeko Kontseilua, Midi Pyrénéetako Ehizarako Eskualdeko Kontseilua eta Euskadiko Ehiza Federazioak biltzen ditu. Batik bat espezie migratorio zinegetikoak (pagausoa, txoloma, galeperra eta birigarroa) aztertzeko helburuarekin eratu zen, nazioarte mailako kudeaketa hobetu ahal izateko eta, aldi berean, ehizatzeko modu tradizionalak defendatzeko. GIIFSen asmoa ahalik eta informazio osatuena helaraztea da eta usataldeen joerak ezagutzeko informazio fidagarria bildu daitekeela adieraztea. Pagausoa (Columba palumbus). Argazkia: http://users.pandora.be/gunther.groenez/houtduif.jpg Zein azterketa gauzatu dituzue? Gehien aztertu den espeziea pagausoa da, duela 25 hasi zirelako aztertzen. Orain, lanak laburtzeko eta populazioak kudeatzeko programen ondorioak aztertzeko garaia da.Hasiak gara besteespezie batzuk aztertzen: usapalak (Espeziea kudeatzeko Plan Europar eta Iparrafrikarra), galeperra (herrialde askoren arteko plan handizale bat), antzarak (2 eremutan: Zamoran eta Doñanan). Antzarei emisore batzuk ipintzen ari gara, satelite bidez jarraipena egin ahal izateko, migratzerakoan zein bide hartzen duten eta negualdian nola jokatzen duten jakiteko. Iaz birigarro taldeen datuak eguneratzeko azterlan bat egiten hasi ginen. Honen guztiaren gaineko informazioa bilduko duen argitalpena kaleratuko dugu aurki. Pagausoari dagokionez, alde batetik banaketa parametroa erabiltzen ari gara, eta ikusi dugunez, gero eta eskualde gehiagotan jartzen du habia. Dirudienez, aldaketa klimatikoak horretan eragina du. Beste alde batetik, dentsitatea daukagu. Populazioak zenbatzen hasi ginen: lehenengo migratorioak eta populazio ugalkorren zenbaketa etorriko da.. Beraz, etorkizun oparoa espero duzu espezieen azterketa eta kudeaketari dagokionez... Bai, oso emaitza onak eman dituelako. Hainbat herrialdek, mugen bi aldetan ibiltzen diren espezieei buruz aztertze proposamenak luzatu dizkiegunean, oso erantzun ona eman dute. Prest daude laguntzeko. Orain arte, estatu bakoitzak kudeatu du arazoa, nahiz eta mugaz bestalde arazo berdina izan. Egitasmo honek aurrera egin du hain zuzen ere mugaren bi aldeak hartzen dituelako kontuan. Duela bi urte usoaren azterketa genetiko bat egin genuen eta oso emaitza onak eskuratu genituen. Ehizaldietarako irizpide batzuk ezarri nahi ditugu, kudeaketa egitasmo bat prestatu. Frantzian sareak arautu zituzten, eta Portugalen ehiztari bakoitzeko harrapaturiko uso kopurua. Gaur egun, lehen ez bezala, informazio zabala daukagunez, espeziea ezagutu eta modu jasangarri batean kudeatu ahal izateko formulak dauzkagu. Jasangarritasunera jotzea ezinbestekoa dugu. Urteren batean usoen kopurua jaitsi egiten baldin bada, informazio horri esker presioa txikitu egin dezakegu. Hau ez da utopia bat; gaur egun beste espezie batzuekin ere aplikatzen da, arrantzategietanadibidez, bizilagunen artean haserre asko eragiten baditu ere! Ehizaren alde daudenek espezie jakin bat ehizatzen dela diote, pagausoa alegia (Columba palumbus); uso honek ez duela jarraipen arazorik eta ez direla neurriz handi batean ehizatzen. Bestalde, debekua mantentzearen alde agertzen diren iritzi tekniko eta biologikoak ditugu. Zer diozu zuk honen inguruan? Iritzi asko datu gutxitan oinarrituz edota inolako daturik izan gabe eman dira. Espezie baten joera eta kudeaketari buruz nolako araudia prestatu behar den jakiteko (periodoak, harrapaketak, etab.), beharrezkoa da informazioa izatea. Modu orokorrean hitz egitea ez daegokiena. Espezie zinegetikoak kudeatzen direnean (orkatza, oreina, basurdea), erroldak egiten dira, jarraipen bat egiten zaie. Azken lau urteotan, usoen kopuruak gora egin du. Dezente daude, negutarrak eta egonkorrak dira. Pagausoa (Columba palumbus). Argazkia: http:// Usoak bakearen sinbolo dira, gure irudimenean ditugu... Izan al da inoiz uso mezularirik? Bai, hain zuzen ere usoek beren jatorrizko lurraldera itzultzeko joera dutelako. Hori eraztunak ipintzen froga daiteke. Oso gutxi dira bidean galdu egiten direnak edota jatorri puntu zehatzera itzultzen ez diren usoak. Historian zehar askotan erabili izan dira mota honetako usoak. Gaur egun badira hau egiten duten elkarte usozale garrantzitsu batzuk, oso tradizio luzea dutenak, eta uso batzuek oso puntuazio altua lortzen dute. Antonio Bea (Ordizia, 1954) Biologia ikasi zuen, lehendabizi Leonen eta gero Bartzelonan, eta azken honetan zoologian espezializatu zen. Horretan aritu zen lanean, Bartzelonan aurrena, Unibertsitateko zoologia sailean, eta gero Donostian, Arantzadi Zientzia Elkartean, ornodunak aztertzen. Anfibio eta narrastietan espezialista da eta sugegorriei buruz egin zuen tesia. Lan ildo berriak bilatu nahian eta ikerketa hainbat urtez alboratuz, Ekos elkartea sortu zuen, besteak beste ornodunen (hots, anfibio, narrasti, ugaztun eta hegaztien) ekologia aztertzeko. 90eko hamarkadan,usoari buruzko azterketak egiten hogei urte zeramatzaten ikertzaile frantses batzuk berarekin jarri ziren harremanetan, eta horrela Estatu mailan usoari buruzko lanak egiten hasi zen. EAEko ornodunen atlasaren koordinatzailea izan da, eta baita EAEko espezie ornodun mehatxatuen katalogoaren koordinatzaile eta zuzendaria ere. Bestalde, espezie zinegetiko zein mehatxatuak kudeatzeko hainbat plan prestatu ditu. Gainera, Eusko Ikaskuntzako kide da. Argazkiak: Usoa Otaño Unzurrunzaga Euskonews & Media 184.zbk (2002 / 10 / 18 25) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Errakel Armentia: "Afrikan haurrak gosez hiltzen ari dira, HILTZEN, hatxez eta letra larriz"

 

Irakurri

Roberto Otaegui: "Nik uste dut genetika kontua dela. Euskadin oso fuerte sentitu nuen mendiaren indarra"

 

Irakurri

Toti Martinez de Lezea: "Historia gu guztiona da, denok handik gatozelako"

 

Irakurri

Elías Querejeta: "Jendearengana ahalik eta begiradarik zabalenarekin hurbiltzeak norberaren burua ezagutzen laguntzen du"

 

Irakurri

José Luis Tuduri: "Gogoratzen dut Orson Welles-ek Fernando Rey-rekin batera Victoria Eugeniako eskalinatak nola igo zituen, jendea nola agurtu zuten... Oso hunkigarria izan zen. Daukadan oroitzapenik ederrenetarikoa da"

 

Irakurri