Antton Mari Aldekoa-Otalora: "Durangoko azoka Euskal Herriko azoka bihurtzea lortu dugu"

2000-12-01

EZKERRA, Estibalitz

Elkarrizketa: Antton Mari Aldekoa Otalora Antton Mari Aldekoa Otalora, Gerediaga Kultur Elkarteko presidentea "Durangoko azoka Euskal Herriko azoka bihurtzea lortu dugu" * Estibalitz Ezkerra Aurten Durangoko Liburu eta Disko Azokak 35 urte ditu. 1965ean Gerediaga Kultur Elkartearen eskutik jaio zenetik, Azoka urtero euskal argitaletxeen topagune bihurtzen da. Antton Mari Aldekoa Otalora Gerediaga Elkarteko presidenteak hastapenetik ezagutu du Azokaren nondik norakoa. Hamazortzi urte izango zituen Azokara hurreratzen hasi zenean eta ordutik hona urtero jarraitu du haren ibilbidea "behin izan ezik, soldadutzan Madrilen suertatu nintzenekoan. Baina harrezkero ikusle, erosle edo laguntzaile gisa ibili naiz bertan", dio berak. Gerediaga Elkarteko arduradun bezala 1976 77 urte bitartean hasi zen Aldekoa Otalora eta 1983tik elkarteko presidentea da. Nondik sortu zen Durangoko Liburu eta Diskoen azoka egitearen ideia? Durango (Durango diodanean Durangaldeari buruz ari naiz) berandu sartu zen Bizkaira, 1200. urtean gutxi gora behera. Hau da, Nafarroaren eskutik Bizkaira aldatu ginen. Gernikan Bizkaiko herri guztietako ordezkariak batzen ziren, baina Durangaldetik hiru ordezkari joaten ziren. Horrek esan nahi du durangarrok bizkaitar osoak ez ginela. Gerediagako batzarrekoan Durangaldeko hamabi eleizate eta lau uritatik Gernikara zein hiru ordezkari joan behar ziren aukeratzen zuten. Beraz, hamaseitik hiru joaten ziren Durangotik Gernikara. Foruak galdu egin ziren (Gerediagako azken batzarrak orduan egin ziren), baina gure aitite eta amamek ezagututako historia hori guganaino heldu da. Gu durangarrok bizkaitarrak bagara, baina badaukagu geure nortasun propioa. Frankismo garaian, halako batean Gerediaga kultur elkarte gisa sortu zen. 1965. urtea zen, eta elkartea, hain zuzen, Durangaldeko herri guztietako ordezkariz osaturik zegoen. Gutxi gora behera uda aldean sortu zuten Gerediaga Elkartea eta Domu Santuetan, hau da, urriaren azken egunetan eta azaroaren lehenengoetan,Durangoko lehen Liburu Azoka egin zuten urte hartan bertan. Gaur egun ezagutzen dugun azoka jendetsua eta liburuz beterik dago. Baina orduko hura Andra Mariko eleizpean egin zen eta gehienbat euskal liburuen erakusketa bat izan zen. Orduan ez zegoen gaurko produkziorik ezta gutxiago ere. Batik bat liburu zaharrak eta halako kontuak bildu zituzten azokan. Baina horren inguruan, eta azpimarratzekoa da berau, Frankismo garai hartan euskal kutsuko edozerk indar handia hartu ohi zuen. Hurrengo urtean ez zen azokarik egin elizpea konpontzen zebiltzalako, baina harrezkero urtero egin izan da azoka. Aurten 35 urte beteko dira azoka lehenengoz antolatu zenutenetik. Zeintzuk dira urte horietan zehar emandako urratsik garrantzitsuenak? Durangoko Azoka editorialen azoka izan da eta hori mantentzea lortu dugu. Diktaduratik irten berriak ginela, 75 81 urte bitartean, azokara editorial berri mordo bat eta liburu asko gerturatu ziren. Gainera, ordura arte debekaturik zeuden liburuak Durangon agertzen hasi ziren. Baina, era berean, horri esker liburu bera hainbat tokitan salgai ikus zitekeen. Orduko hartan bezala, ostera ere editorialen azoka berreskuratzea lortu dugu eta liburu bat standapean jartzen dugula ez mundu guztian saltzen den best sellera delako, baizik eta argitaldariak berak ipintzen duelako. Konszienteki ez bada ere, hona datorren publikoak hori onartzen duela uste dut, eta, gainera, eskertu egiten duela. Beste lorpen garrantzitsu bat azokaren arrakasta izan da. Garai neketsu eta ilun batean eta herri ekimen gisa sortu izan zen hau, gaur egun alde guztietatik datorren onarpena lortu du, bai goitik bai behetik. Giza onarpen hori, bai administrazioaren aldetik bai jende xehearen aldetik dator. Azken batean, Durangoko Azoka Euskal Herriko azoka bihurtzea lortu dugu, azoka nazionala. Nik uste dut kutsu hori hasieratik izan duela, baina beharbada, azken urteetan gehiago sendotu egin dugu. Gerediaga Elkartekoek maiz esan duzue Durangokoa ez dela ohiko profesionala, gehiagodela kultur bilgune bat. Durango elkargune bat da halako egunetan. Bilbo, Arrasate edo Donostiako Azokei ez diet meritorik kendu nahi, baina horrelakoak gehiago dira profesionalen azokak. Horietan ere gauzak ondo egiten ahalegintzen dira, eta lortu ere lortzen dute, baina gureak badauka nolabiateko aura misteriotsu, epeltasuna badauka gure azoka honek. Azokaz gainera, Euskal Herri osotik datorren jendea Durangora hurbiltzen da lagunekin egoteko. Beharbada halako uholderik ez doa Bilbo, Tolosa edo Donostiako Azoketara. Durangotik, behintzat, ez doa hainbeste jende toki horietara, nahiz eta haietan ez dakit zein best sellera salgai egon. Durangok, baina, badauka xarma hori. Durangoko Azokak Eusko Jaurlaritzaren laguntza eta babesa jasotzen du. Dirulaguntzek zenbateraino baldintzatzen dute azoka baten jarduera? Lehen esan bezala, Azoka momentu honetan instituzioek onarturik dago. Eusko Jaurlaritzarekin tratuan antzina hasi ginen, 80 81 inguruan, eta Eusko Jaurlaritzak berak Azoka Euskal Azokatzat hartu zuen. Gainera, lan nagusia Gerediagakook egiten badugu ere, haiek ere antolatzaile gisa agertzen dira. Hau da, nolabait elkarrekin egiten dugun lan bat da. Eusko Jaurlaritzaz gain, Erkidego honetako hiru Foru Aldundiek ere gehiago edo gutxiago lagundu egiten dute. Hasiera batean Nafarroako Foru Aldundiak ere laguntzen zuen, baina Erkidego bilakatu zenez geroztik ez du zuzenean Azoka laguntzen. Hala ere, Nafarroako liburuak eta Nafarroako Gobernuaren liburuak Azokan izaten ditugu. Guk geuk ere esparru zabal hori mantentzea nahi izan dugu. Zein neurritan horrek baldintzatzen gaituen? Edozein eginkizun herri honetan ez da erraza izaten, baina ez da beti dirua edo ideologia kontuak tartean daudelako. Asma dezagun Azoka Gerediaga Elkarteak bakarrik antolatzen duela horrelako dirulaguntzarik gabe, loteria tokatu zaigulako eta geuk antolatuko dugula erabaki dugulako. Baina, hala ere, Azoka ideologiaz anitza izaten ahalegindu beharko ginateke. Horretara derrigorturik gaude, herrihonetan etxekoak eta espaloiaren bestaldekoak bizi garelako. Hau da, pluralak garelako. Kontua ez da administrazioak laguntzen duen ala ez. Oreka horrela lortzen da, eta horretan asmatzen dugula uste dut. Aspalditik Azokaren arazoetako bat toki finko bat ez izatea izan da. Zertan dago kontu hori une hauetan? Aurten erabai dugu iaz baino bost stand gutxiago jartzea. Eskabideak gehiago izan dira eta guztiak sartzeko modua bagenuen. Baina jendeak ibiltzeko tokia ere behar du, eta guk tokia aurreztea erabaki dugu. Fisikoki stand gutxiago izango dira, baina ez tokirik ez dagoelako, baizik eta jendea lasaiago ibili dadin. Bestalde, toki finko hori noizko? Gu horretan akuilari modukoak gara. Egoitza egitea ez dago gure esku, baina Administrazioari, Udalari, Foru Aldundiari zein Gobernuari eskatu behar diogu. Hainbat urtez horrelako azoka bat egon ondoren, Durangok toki finko bat merezi du betirako edo behintzat urte batzuetarako, eta, noski, ez Azoka hau egiteko bakarrik. Gu bagabiltza geure aportazioa egiten, baina halako batean suertatuko da. Nik badakit Udalaren nahia ere badela, baina astiro egiten dira halako gauzak. Azokarako jasotzen dituzuen eskabideen aurrean, zeintzu irizpide jarraitzen dituzue haiek onartu edo atzera botatzeko? Antolatzaile gisa, guk jakin badakigu urte batetik bestera zein izan den argitaletxe bakoitzaren produkzioa, eta hori gutxi asko neurtu egiten duzu. Batik bat entziklopedietara eta dedikatzen direnak stand bitan egon beharrean zazpitan banatuz gero, agian erakustokia erakargarriago egin daiteke. Baina etxe batek entziklopedia bakarra badu, kontrakoa gerta daiteke. Iritziak subjektibo objektibo bitarte horretan dabiltza. Batzuen banaketarekin objektiboa bazara besteekin subjektiboa zara guztiz? Ez, baina ertz horretan ibiltzen gara. Momentu batean nahiz eta betozko batzuk izan, ez dut uste argitaletxeekin behin ere haserretzera iritsi garenik halako mugak jarri izan ditugunean. Durangoko Azokaren haritik Iparraldeko elkarteek Liburu etaDiskoen azoka sortu zuten Donibane Lohitzunen. Zer nolakoa da haiekin duzuen harremana? Ez daukagu harreman berezirik. Gure semeak ez dira, baina bai gure lehengusuak. Ekitaldiren batean elkarrekin egon izan gara, Durangoko Azokan bertan ere, eta iritzi trukaketa batzuk izaten ditugu. Azken finean, azoka hauek argitaletxetakoei zuzendurik daude, eta, beraz, trukaketak horien bidez izaten dira batik bat. Bestalde, azoken mundu honetan antolatzaileak ez gara gauden bakarrak. Antolatzaileez gain badira beste beharrizan batzuk, beste interes batzuk, eta interes hauek argitaletxeen inguruan sortzen direnak dira. Orduan, ereile onak badaki non erein eta bai han, bai hemen, argitaletxeetakoek ematen dituzten iritziak asko baloratzen ditugu. Baina momentu honetan ez daukagu elkarrekin zerbait egiteko hitzarmenik. Eta Katalunia eta Galiziarekin? Bi Erkidegoak present egoten dira Durangon. Bai, baina horiekin ere Donibane Lohitzunekoekin daukagun harreman bera dugu. Zuzen zuzenak baino gehiago, Durangon mugitzen dena mugitu egiten da eta hor ereiten dugun hazia besteekin harremanetan jartzeko balio zaigu. Beharbada, ahal den neurrian guri dagokigu zubi lanak egitea. Baina gure ordez beste batzuek egiten badute, oso ondo baita. Duela bi urte Kataluniako Liburuaren Azokak beste toki batzuetara zabaltzea erabaki zuen. Durangokoarekin horrelakorik egiteko asmorik al duzue? Gerediagaren esku dagoen artean, agian hori asko esatea da, baina gaurko Gerediagatarren iritziz Durangon jarraitu beharko luke Azoka honek. Baina ez Gerediagakoen iritziz bakarrik, Durangora partehartzera datozen argitaletxe gehiengoaren ustez honek Durangon jarraitu beharko luke. Inoiz egon izan dira halako tentazio batzuk Azoka Bilbora eramateko edo beste tokiren batera, baina badirudi horren beldur direla argitaldariak beraiek ere. Zergatik? Durangora etortzeko ohitura dago eta demagun orain Bilbora joan behar dugula edo Ordiziara. Berriro ohitura sortzea ez da erraza. Momentu honetan ez daukagu hemendikirtetzeko asmorik, baina ez geure aldetik bakarrik, Azoka osatzen dugunon aldetik ere ez dago horrelako burutaziorik. Nahiz eta inoiz halako galderarik planteiatu izan den, geuk erantzuna eman baino lehen argitaletxeek eman dute jende uholdeak markatzea oso zaila baita. Iaz Azokaren web orria aurkeztu zenuten eta urtetik urtera informatikari eskainitako txokoa handiagoa da. Teknologia berrien inguruan zeintzuk dira Azokaren helburuak? Apurka apurka munduarekin bateratsu goaz. Onena litzateke mundua baino lehenago ibiltzea, baina bateratsu ibiltzea ez dago txarto. Hau da, euskaldunok ezin gara egon 1500. urtean egongo bagina bezala. Ezin dugu jarraitu orduko eran, gure tradizioa Peru Abarkarena, baserria etab dela esanez. Teknologia berriei ez leihoa bakarrik, ate zabalak ipini behar dizkiegu. Ate zabalak teknologia berriak euskal mundura ere sartu daitezen, eta nik uste dut dagoen produkzio horri erantzuten ahalegintzen garela Azokan, ekoizpen hori Azoka honetan ere erakusteko. Etorkizunari begira, zeintzuk dira Durangoko Azokak dituen erronkak? Erronkarik nabarmenena agian lehen aipaturiko espazio fisiko tinko bat izatea litzateke. Horrek duintasun bat emango lioke Azokari. Lehenengo Azokak ere bazeukan bere xarma, baina gaur egungo estalpeak ematen dion berotasuna hor dago. Bestalde, ez dakit erronka den ezta bide hori erabili behar dugunik ere, baina Azoka jendetsua izateaz gain profesionalen Azoka ere izan dadila lortzea ere hor dago. Hau da, Frankfurtekin bezala hemen ere idazle eta argitaratzaileen arteko salmentak egin daitezela. Hori urtean zehar egiten dute, baina Durangon bertan zergatik ez? Horren ildotik, zergatik ez dugu Durangora ekartzen Belgika, Franfurt, edo Brasilgo norbait Bernardo Atxagaren esklusiba erostera? Eta Bernardo Atxaga aipatzen dut beharbada adurka hasten garelako izen hori aipatzearekin bakarrik, baina beste edozein idazle izan zitekeen. Hau da, kanpoko argitaletxeak zergatik ez datoz Durangora, hemengoa ezagutu eta agian kontatuakegin argitaletxeekin edo hemengo idazleekin? Beharbada erronkarik nagusienetarikoa hori izan daiteke. Eta, hala ere, ez dakit hori izan daitekeen bidea. Nik uste dut baietz, hau da, alde batetik barrukoentzat janaria izan behar du Durangok , baina kanpora begira hasi behar dugu euskaldunok. Agian kanpoko horiek erakarri behar ditugu geure izatea mundura zabaldu dadin. Frankfurt aipatu duzula, kanpoko azoken nondik norakoa jarraitzen al duzue? Zerbait bai. Lehenago esandakoa ez da bat batean asmaturikoa. Orain euskal ordezkariak Frankfurtera joaten dira haien dozena bat liburu hartuta eta bertan erakustera. Baina Frankfurtera joan ziren lehenak Gerediagakoak izan ginen Eusko Jaurlaritzaren beka batekin, eta han harreman batzuk izan genituen. Baina, noski, antolatzaile gisa ibili ginen. Orain aipatzen dudana zera da, harremanak izan behar direla profesionalen artean. Baina orain 200 urte Humboldt etorri bazen Euskal Herrira hau ezagutzera eta hari esker euskara ezagunago egin bazen Europan, agian hurrengo urratsa antzeko zerbait izan beharko litzateke. Hau da, horrelako inperioak euskaldunokin ere tratuan has daitezela, eta hori benetan aberasgarria izango litzateke denontzat. Urrats hori zeinek eman beharko luke? Agian guri zubi lana egitea dagokigu. Zeinek eman behar duen? Ez dakit, hori asmatzea ez da erraza. Edo ez da dirudien bezain erraza, behintzat. Guk egin behar dugu hori? Profesionalen arteko lotura guk hasi behar dugu eta gero haiek aberastu? Ez da erraza. Epe laburrera, Gerediaga Elkartearen proiektuak zeintzuk dira? Azokaz aparte Durangaldean espiritu edo geure nortasun propioa mantentzen ahalegintzen gara. Horretarako ez dira bakarrik antzinako gauzak berreskuratu behar, baina horiek ere egin behar dira: gure sustraiak non dauden, zeintzuk diren, etab. Mundu anitz honetan anitzak izan, baina gure izatea galdu gabe bizitzen jarraitzea da gure erronka. Gure baserri arkitektura modua ezberdina da Arratiakoatik, eta zer esanik ez Caceresekoarekin. Horrelakoizatea ere gorde behar dugula iruditzen zait, euskara ere gorde behar dugu eta gure inguru hau, Durango inguratzen duten haitzak eta mendiak zaindu behar ditugu gaurko eguneratuta, ez XVIII. mendeko pentsamoldearekin. XXI. mendean hau jaso izan badugu baten batek zaindu izan zuelako da, eta gure betebeharra da hurrengokoei ere geure espiritu hau uztea. Argazkiak: Estibalitz Ezkerra Euskonews & Media 102.zbk (2000 / 12 / 1 15) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Jose Joakin Gallastegi: "Udal bateko hizkuntza politika goragotik datorren hizkuntza politikaren osagarri izan behar da"

 

Irakurri

German Muruamendiaraz: "Euskal etiketarekin etekin handiena atera duena kontsumitzailea izan da"

 

Irakurri

Juan Luis Mendizabal 'Mendi': "Berdeak beti ditu ongi islatzeko zailtasunak; orixka baino zailagoa da"

 

Irakurri

Mariasun Landa: "Haur eta gazte literatura onak ez du heldua aspertzen"

 

Irakurri

Armando Llanos: "Turismoa Araban leundu gabeko diamantea bezalakoa da"

 

Irakurri