Jose Joakin Gallastegi: "Udal bateko hizkuntza politika goragotik datorren hizkuntza politikaren osagarri izan behar da"

2000-11-24

EZKERRA, Estibalitz

Elkarrizketa: Jose Joakin Gallastegi Jose Joakin Gallastegi, Bilboko Udaleko Euskara Zerbitzuko teknikaria "Udal bateko hizkuntza politika goragotik datorren hizkuntza politikaren osagarri izan behar da" * Estibalitz Ezkerra Bilboko Udaleko Euskara Zerbitzua duela 15 urte hasi zen lanean, eta ordutik bertako teknikaria da Jose Joakin Gallastegi. Euskaraz Zerbitzua guztira 9 pertsonako lantaldeak osatzen du: bi teknikari, lau itzultzaile eta hiru idazkari. Beraien zeregin nagusia, udal barruko hizkuntza beharrak asetzea da, bai dokumentu guztiak euskaratuz bai administrazioko langileen euskalduntze prozesua gidatuz. Datuen arabera, Bilbon euskaldunen kopuruak gora egin duen arren, oraindik indarrean dirau hiria erdaldunekin lotzearen topikoa . Hala ere, Gallastegiren ustez, euskararen inguruan mitifikazio handiegia dago Bilbon. Zertan datza Bilboko udalaren euskara zerbitzuaren lana? Euskara zerbitzuarena lana bikoitza da. Batetik, udaletik administrazioa bera euskalduntzearen, edo hobeto esanda, elebiduntzearen arduraduna da. Azken batean, orain arte guztiz erdalduna izan den administrazio baten elebitasuna euskalduntzetik baino ezin da etorri. Bestetik, udalerrian euskarak duen egoera hobatzeko ahaleginak egiten ditugu. Momentu honetan oso garbi daukagu bietatik lehentasuna udalaren barruko euskalduntzea dela. Zergatik? Udalak euskararen aldetik bete behar duen lehen erantzukizuna horixe delako, zerbitzu elebiduna eskaintzearena. Bestalde, administrazioaren euskalduntzeaz udala bera arduratzen ez bada, beste inor ez da arduratuko. Udalerrian, ordea, bestelako elementu batzuk daude euskara bultzatzeko orduan osagarriak direnak, eta horiek komunikabideak dira, badira beste erakundeak, Aldunditik zein Eusko Jaurlaritzatik datozen edo bertan sortzen diren sareen eragina, etab. Hortik ere euskalduntzearen beharra nabaria da, hezkuntzaren arloan esate baterako. Baina udal administrazioan, eragile ia udala bera da. Bestalde, udaleko itzulpen guztiak geuk egiten ditugueta udalaz gain, udal enpresei ere geure itzulpen zerbitzuak eskaintzen dizkiegu. Nola kudeatzen duzue udal barruko euskalduntze prozesu hori? Langileen euskalduntzearen prozesua guztiz arautua dago Eusko Jaurlaritzak emandako lege eta dekretuen bitartez. Hau da, administrazioak 1982ko euskararen oinarrizko legea garatzeko hainbat dekretu eta xedapen atera dira, ibilbidea edo perfilen prozesua deitzen dena. Gu momentu honetan bigarren fasean gaude, eta fase horretan euskararen erabilpenerako planari ematen zaio lehentasuna. Plenoak orain bi urte onartu zuen, eta dagoeneko martxan da. Langile euskaldun gehiago lortzeaz batera, bigarren fase honen helburu nagusia euskaldundutako langile horiek euskaraz lanean jartzea da, edo euskaraz lanean hasten direnean haiei laguntzea. Orain arte guztiz erdaldun izan den administrazioa eragintzeko bi bide daude: batetik, barruko jendearen birziklaketa, hau da, bertan dauden langile batzuk euskara ikastera bidaltzea etab. Horretarako irizpide batzuk daude. Badira soslai batzuk derrigorrezkoak direnak eta horiek ez ditugu halan moduan erabaki. Kontuan izan dugu administrazio unitate bakoitzaren izaera, zelako harremana duen jendearekin, udal barruko eragina, etab, eta horren arabera 500 inguru lanpostutan soslai hori lortzea derrigorrezkoa dela erabaki da. Eta nahiko martxa onean ari gara helburu hori betetzen. Bestetik, administrazioan sartzen diren langile berrien kasuan, askoz errazagoa da. Gaur egun, soslaiean derrigorrezkoa dutelako edo gainerakoetan euskararen meritua bataz beste %10ekoa izaten delako, sartzen ari diren gazte gehienak euskaldunak dira. Uste zabaldua da hirietan euskara gutxi egiten dela. Zein da euskararen egoera Bilbon? Euskararen egoera Bilbon oso kontraesankorra da. Batetik, geroz eta euskara gehiago entzuten da, ume gehiago matrikulatzen dira euskarazko edo eredu elebidunetan, geroz eta presentzia handiagoa du euskarak protokolo ofizial eta abarretan. Konforme, baina guk beti konparatzen dugu gaur egungoegoera linguistikoa orain 30 edo 40 urte zegoen egoera linguistikoarekin. Aldaketa positiboa nabarmena da. Horrek ez du esan nahi, gaur egungo egoerak nahikotasun maila bat duenik Bilbon euskara normaltzera doala ziurtatzeko. Nik horrenbestaraino ez nuke esango. Asko egin da eta azken batean, nik uste dut jendeak nahi izan duen punturaino aurreratu egin dela, eta, gainera, nahi izan duen pasartetan. Erakunde ofizialek eta gehiago lagundu behar dutela? Ados, baina nire ustez funtsezkoena bestea da. Adibide bat jarrita, gaur egun Bilboko autoeskoletan euskarazko eskolarik ez baldin badago horko gremioak beharrezko ikusten ez duelako izango da, eta, aldi berean, gaurko bezeriak modu nahiko masiboan eskatzen ez duelako. Horrek ez du kentzen erakunde ofizial batek lagundu izango balu, euskarazko talderen bat irtengo litzatekeela. Baina, gaur egun, euskarak betetzen ez dituen espazio horiek guztiak horrela daude arlo bakoitzeko agenteen borondatea hori delako. Zentzu horretan, zer egin dezake euskara zerbitzuak? Nahiz eta biztanle aldetik Euskal Herriko udalik kopurutsuena Bilbo izan, udal bateko hizkuntza politika goragotik datorren hizkuntza politikaren osagarri izan behar dela uste dut. Eusko Jaurlaritzak, adibidez, lehengo urtean plan estrategiko baterako irizpideak atera zituen. Nire ustez, ildo horretik jo beharko genuke beti. Hau da, ez gara asko, ez dugu indar askorik, eta, horregatik, ezin gara nor bere aldetik ibili. Hori luxu bat da, nor bere kapritxora ibiltzea askotan indarra kentzea da, ez batzea. Bilbon bertan ez dago halako planik. Udalak diru eta baliabide gehiago emango balitu euskara bultzatzeko ona izango litzateke, ez dut zalantzan jartzen. Orain, euskararen aldetik udal politika propio bat izatea ez dut ondo ulertzen, hori Taifen erreinu bat izango litzatekeelako. Gaur egun, Bilbo unitate natural batean kokaturik dago, eta unitate natural hori Santurtzitik Galdakaoraino doa. Bilbo Handia delakoan 20 bat udalerri sartuta daude, 20 bat udalbatza ezberdinakizan daitezkeenak. Baina bakoitzak bere hizkuntza politika propioa markatuz gero, aurrera ateratzeko gauza gutxi geratzen dira. Horregatik, oraingoz, euskararen berreskurapenean udal politika ez dela ardatza izan behar uste dut. Askoz homogeneoa izango balitz, eskualde berean eta, isiltzen naiz. Planteiamendu komarkalak Katalunian asko egiten dira, baina Bilbon eta bere inguruan, udal politika ardatzatzat hartuta planteiamendu komarkal hori askoz zailagoa da. Euskararen erabilera bultzatu asmoz, udal batzuek (Getxokoak adibidez) akordio batera heldu dira komertzioekin. Horren arabera, euskarazko edo elebidunak diren errotuluak daramatzaten dendek dirulaguntza jasoko dute. Antzeko akordiorik al du edo egiteko asmorik ba ote dauka Bilboko udalak? Bilboko udalak kanpoaldean publizitatea egiteko ordenantzan deskontuak aurrikusita dauzka euskaraz edo elebidun jartzen dituenarentzat. Nik dakidala orain arte ez da erabilia izan, edo oso kasu puntualetan, behintzat. Lehenago esan bezala, uneotan lehentasuna barruko administrazioari ematen diogu. Beharbada, horregatik apur bat abandonaturik utzi dugu udalerriaren planteiamendua, bitartekoak ere mugatuak ditugulako, bai diru aldetik bai giza baliabideen aldetik. Dena dela, zentzu horretan ni ez naiz bat ere kanpaina zale. Kanpainekin askotan gertatu da herriko jaietako azken ekitaldian bezala: borondaterik onenarekin eta energia asko inbertitu ostean, su artifizialak oso ikusgarriak dira baina handik hamar minutura ez dago ezer. Nik neuk nahiago nuke bitarteko nahikorekin gauzak ondo aztertu, errealitate soziolinguistikoa ondo ikertu eta geuk erabaki zein izan daitekeen lagundu beharreko sektorea. Baina ez du zertan sektore bat izan behar. Efektu biderkatzaile gehien duen jarduera bat izan daiteke, beti ere udalerriari begira. Momentu honetan, udalerrian gastatzen ditugun milioi gehienak euskalduntzean, hau da, euskara ikasten ari diren bilbotarren poltsikoan igertzeko modukoak dira. Batez ere, irakaskuntzaren inguruan dagoeneuskaldun jaio berri horri dedikatzen diogu, Bilboko ume gehienak elebidun edo euskaraz ikasten ari direlako. Horretara zuzentzen ditugu geure programa eta jarduera gehienak, gaur egun Bilboko sektorerik euskaldunena hor dagoela ikusten dugulako, noski, adin aldetik etorkizun handienekoa hura da. Kasu honetan, Eusko Jaurlaritza egiten ari den ahalegin handi horren osagarri dira gure planak. Euskaltzaindiak Bilboko kaleen izendegia osatu zuen eta udalari bidali zion. Zertan dago kontu hori? Euskaltzaindiari eskatu genion diktamen bat Bilboko kale izendegi osoa euskaraz emateko. Euskaltzaindiak proposamena egin zuen eta dagoeneko bukaturik dago. Uneotan mahai gainean dago eta korporazioak nahi duen udalbatzan edo alkateak erabakitzen duenean, ez dakit zehazki zelan egingo duten, eztabaidatuko da. Oraindik, baina, ez da onartu. Ez da onartu nahi ez dutelako, ez dakit zer burokrazia kontu izango diren, baina dagokion zinegotziak proposamena mahai gainean du. Nik uste dut epe laburrera aurrean jartzeko moduan egongo dela. Euskaltzaindiaren proposamenean gauza bi egin dira: batetik, euskal toponimoen euskal idazkera, hau da, euskarazko grafiaz idaztea, eta bestetik, izen askoz berriagoen azpian dauden euskal izenak berreskuratzea. Beti begiratzen diogu geure historia pertsonalari, horregatik badago jende asko esaten duena "hau beti izan da Monte Caramelo", eta Monte Caramelo mende honetako izena da. Horren azpian dagoena Mintegitxueta. Nik uste dut ez bakarrik toponimiaren kontuetan, baizik eta hizkuntzaren kontu guztietan ikuspegi apur bat orokorrago edo historikoago bati heldu beharko geniokeela, ez triunfalismoan ez derrotismoan jausteko. Historia ez zen hasi gu jaio ginen egunean, zorionez. Batzuetan oso erraz ulertzen da hori eta denok onartzen dugu, baina balorazioak eta gure balantzeak egiteko orduan kontrakoa ematen du. Zelako harremana dauka euskara zerbitzuak Euskaltzaindiarekin? Oso ona eta eraginkorra, batez ere. Euskaltzaindiak zerbitzu handia ematen digu,eta eskertzekoa da Bilbon bertan eta udaletxetik oso hurbil izatea. Jende askok deitzen du Bilboko udalera erakunde publikorik hurbilena delako izen propio baten jatorriaz, esanahiaz edo idazkera zuzenaz galdezka, eta kontsulta horiek guztiak Euskaltzaindiara bideratzen ditugu. Bestetik, Euskaltzaindia Bilbon egoteak hainbat jende, hainbat protokolo, hainbat hitzaldi, etab, erakarri egiten ditu, oso pozgarria dena. Bilboko udalerriaren barruan euskarari halako prestigio bat ematen dio. Eta udalerriko gainontzeko euskara elkarteekin? Haiekin proiektu bateraturik al daukazue? Badugu harreman bat, harreman pertsonala. Gehienok elkar ezagutzen dugu eta harreman instituzional bat ere badago. Berriro diot ez dugula denen artean banatzeko diru askorik, baina ahal dugun neurrian jende horren guztiaren jarduna bultzatzen saiatzen gara. Haiei galdetuz gero, esango dute udalaren aldetik jasotzen dutena ez dela nahikoa, eta konforme. Hori horrela da, baina ez dugu aparteko haserrerik. Bestalde, momentuz ez dago halako proiektu bateraturik. Badaude kontaktu batzuk baina ez proiektu bateraturik. Badira proiektu batzuk sakonagoak direnak, dirutan ere garestiagoak direnak "euskal txokoak" kasu. "Euskal txoko" horiek Bilboko auzo batzuetan zeuden euskara elkarte batzuen eskutik jaio ziren, eta udalak ahal duen neurrian laguntzen ditu. Baina halako proiektu komunik Bilboko elkarte guztiak batzen dituenik, udalak bultzaturik esan nahi dut, ez dago une honetan. Beharbada, epe laburrean batu beharko ginateke. Ez dakit zein neurritako proiektuan, baina gutxienez batu eta gero diagnosi bat egin. Loturarik al daukazue Bizkaiko beste udalerrietako euskara zerbitzuekin? Euskara zerbitzuen artean ez. Beste udalerriekin badago harremana, baina, alde horretatik, Gipuzkoan udalerrien artekoa askoz lotuagoa daukate. Bizkaian hori gutxiago ematen da. Hemen bakoitzak gehiago bere aldetik jotzen du. Alde horretatik, ni asko poztu nintzen Aldundiak lehengo urtean Euskara Sustatzeko Zuzendaritza sortuzuenean. Bizkaiko Foru Aldundiak hori sortzeak esan nahi du hainbat gauza komunean egongo direla, badugula nork eta zerk batu, eta nik uste dut zuzendaritza horrek egungo egoera aldatuko duela: udalerrien arteko koordinazioa eta haren edukia eta bideragarritasuna. Alde horretatik, urrunago joango gara. Epe laburrera, zeintzuk dira euskara zerbitzuaren proiektuak eta erronkak? Erronka betikoa da. Hau da, euskalduntze programaren bigarren fasean gaude eta 2002. urtean bukatzen da. Urte horretarako helburu batzuk ezarrita ditugu: udalerrian euskaldunen portzentaia gora doan neurrian gure langileen kopurua ere gora joango da, %25era heldu behar gara. Bestetik, lehendik euskaldunduta dauden langileen unitateetan euskaraz funtzionatzearen erronka handia da. Gauza bat da euskaltegietan ondo gainditzea egiten zoazen mailak. Baina beste bat da eguneroko lanean euskaraz aritzea, horrek askotan esan nahi duelako funtzionariak hainbat gauza beharbada birritan egin beharko dituela. Udalerriari begira, oraingoz osagarri izan nahi dugu. Ez da bitarteko kontua bakarrik, nire ustez filosofia kontua ere bada. Euskararen kontuetan puntu komunak bilatu behar ditugu. Bestela, gure lana 2002. urtera begira osatu dugu, eta behin data horretara helduta, guztiaren balantzea egingo dugu. Argazkiak: Estibalitz Ezkerra Euskonews & Media 101.zbk (2000 / 11 24 / 12 1) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria t
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

German Muruamendiaraz: "Euskal etiketarekin etekin handiena atera duena kontsumitzailea izan da"

 

Irakurri

Juan Luis Mendizabal 'Mendi': "Berdeak beti ditu ongi islatzeko zailtasunak; orixka baino zailagoa da"

 

Irakurri

Mariasun Landa: "Haur eta gazte literatura onak ez du heldua aspertzen"

 

Irakurri

Armando Llanos: "Turismoa Araban leundu gabeko diamantea bezalakoa da"

 

Irakurri

Juan Plazaola Artola: "Etorkizuneko arteak gizakiaren gairik sakonenak lantzea gustatuko litzaidake"

 

Irakurri