Armando Llanos: "Turismoa Araban leundu gabeko diamantea bezalakoa da"

2000-10-27

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

Elkarrizketa: Armando Llanos Armando Llanos, polifazetikoa "Turismoa Araban leundu gabeko diamantea bezalakoa da" * Ismael Diaz de Mendibil Armando Llanos Ortiz de Landaluce, 64 urteko gasteiztarra, behar ditugun lekuan beti aurkitzen ditugun gizon geldigaitz horietako bat da. Hutsuneak betetzeko grinak bultzatuta, hamaika dira bere karrera luzean zehar izan dituen kargu eta erantzukizunak. Bereziki aipatu behar da, hala ere, 12 urtetan Eusko Ikaskuntzako Arabako lehendakariordea izan zela. Alderdi asko dira, eta, beraz, galdera ugari ere gure protagonistarentzat. Armando Llanos, diseinatzailea, arkeologoa edo Arabako turismo sustatzailea? Nire bizitzako hiru arlo ezberdinak dira. Lanbidez diseinatzailea naiz, arkeologia da nire zaletasuna, eta ditudan kezken artean, turismoa Araban sustatzearena dago. Ederki. Lanbidearekin hasiko gara: Diseinua. Hamar urtez Heraclio Fournier enpresako deseinu departamentuko zuzendari artistikoa izan nintzen. Gero, aldaketa handia egin nuen eta museoak eta erakusketak diseinatzen, muntatzen eta instalatzen ibili nintzen. Azken urteotan 30 museo gune baino gehiago koordinatu ditut. Bestalde, arkitektu eta diseinatzailea naizenez, Barneko Arkitektuen Nazioarteko Federakuntzako kidea naiz. Arkeologia zure zaletasuna dela aitortu duzu. Nahiz eta Brontze Aroaren amaieran eta Burdin Aroan espezializatuta egon, ez duzu inoiz erabaki arkeologia zure lanbide bihurtzea. Beste garai batzuk ziren, orduan geuk ordaintzen genuen dena. Beti izan ditut oso gogoko gizakion historiari lotutako gaiak, eta bereziki gure lurrari, Euskal Herriari, eskaini diot arreta. Hau aspalditik dudan zaletasuna da, gaztetan, beste gazte batzuekin batera, Arabako Espeleologia Taldea sortu nuen eta. Taldeak bi alor zituen: batzuek, geologian lan egiten zuten eta besteek, giza aztarnak aztertzen zituzten. Orduan ezagutu genuen Jose Miguel Barandiaran. Gure maisu bilakatu zen eta landa lan ugari egin genituen hainbat aztarnategitan. Aita Barandiaranek arkeologiindusketak egiteari utzi eta bildutako datuak aztertzera dedikatu zenean, lekukoa jaso nuen estali gabeko aztarnategietan lan egiteko, horien artean Oro eta La Hoya. Horren guztiaren ondorioz, Brontze Aroa eta Burdin Aroa izenekoak aztertu eta lan batzuk argitaratu genituen, biltzarretan parte hartu genuen eta hainbat unibertsitatetako arkeologia departamentuek gonbidatuak izan ginen. Guztira, 30 bat arkeologi indusketetan parte hartu dut, horietako askotan zuzendari gisa, eta atzerrian ere izan naiz (Italian eta Frantzian). Argitalpenei dagokienez, Arabako arkeologia kartan hasi eta labar arteari buruzko azterlanetarainoko lanak argitaratu ditut. Nik beti azpimarratu izan dut ikerkuntzaren sistematizazioaren garantiza. Horregatik, Jose Ignacio Vegas eta biok zeramikak tipologiaren arabera sailkatzeko metodo informatikoa sortu genuen. Gauza asko ezagutzen genituen, jakina, datu ugari zeuden, baina antolatu gabe, ez ziren argiak edo falta ziren. Sistemarik ez izateak ezagutza eza sortzen zuen. Hala ere, askoz ere zailago ikusten dugu dauzkan kezken arteko bat betetzea, lan nekeza izan behar baitu Araba ezezaguna turismo gune bilakatzeak. Beti ahalegindu izan naiz hutsik dauden espazioak betetzen. Nire ustez, turismoa Araban leundu gabeko diamantea da, eskaintza urria delako eskaera zabalagorik ez duen merkatua. Egoera hori areagotuta zegoen "Protur Alava" entrepresa sortu nuen garaian, ordutik hona eskaintza hobetu baita. Erakundeek ez digute sekula onartu guk egindako lana; hain garrantzitsua den turismoaren merkatuan, eskaintza ez zegoela egiaztatzen zutenez, ez zituzten gure proiektuak onartzen, bazter uzten gintuzten, eta, okerrago dena, ate guztiak itxi ondoren, gure proiektuak bere egin eta gauzatu egiten zituzten. Alegia, lagundu beharrean, bazter uzten gintuzten, ezentzunarena egiten ziguten. Aitzindariak ginen Arabako turismoan, baina ezin zuten hori onartu. Gogoratu ezazue duela urte batzuk Araban ez zegoela turismo sustapenik, eta ez naiz 20 urtetik honakotarteaz hitz egiten ari. Esan besterik ez dago, La Florida parkeko informazio eta turismoko bulegoa, Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, baizik ez zegoela. Ezetzak jaso arren, zuek sinestu egin zenuten proiektua gauza zitekeela. Bai, argi eta garbi. Guk turismoari etorkizuna ikusten genion. Hori bai, ordenatu, antolatu eta planifikatu egin behar zen. Ez genuen ezer asmatu behar, zeuden eredu onenak kopiatu, gure lurrari egokitu eta eskaini, besterik ez. Horretarako, elkarrekin lan egin genuen ekonomista batek, bidaia antolatzaile batek, biltzar antolatzaile batek eta laurok. Ezagutarazteko eta merkaturatzeko kanpaina egin ondoren, hainbat urtetan lan egin genuen: Fitur era (Madril) joaten ginen (Estatuko turismo azoka garrantzitsuena), Londresa…, baina erakundeek laguntzarik ematen ez zutenez, atzera egin genuen. Orain, «Protur Alava» baztertuta dugun gaia da. Erakundeek ez gintuzten ontzat hartu, horixe da dena. Egunak 24 ordu izanik, nola liteke hainbeste tokitan batera egotea? Egunei etekin handia ateratzen zaie, batez ere ondo antolatzen badira. Betidanik izan naiz gizon geldiezina, bide berriak jorratzeko gertu. Lehenago esan bezala, Espeleologia Taldea sortu genuen, horrez gain, Arabako Arkeologi Institutoa eta Landazuri Elkartea; Araba Eusko Ikaskuntzan birsartzean parte hartu nuen... Bidean aurkitu ditudan hutsuneak betetzea izan dut beti buruan. Bestalde, 1984ean Arabako Foru Aldundiko Kultur zuzendari izendatu ninduten eta lau urtetan aritu nintzen horretan, eta, bi legealditan, Eusko Alderdi Jeltzaleko parlamentaria izan nintzen. Azkeneko hori, nire alde politikoa alegia, ez da nire bizitzan garrantzi handikoa izan, nik ez baitut neure burua politikaritzat hartzen; bizitzan sortzen diren gauzak dira, aintzat hartu beharrekoak, eta ekarpenen bat egiterik badago, egin egiten da. Bi hilabete barru 65 urte beteko dituzu, erretiratzeko garaia... Nik ez dut erretiratzea pentsatzen. Nire lanbidearekin, nire zaletasun eta kezkekin jarraituko dut. Gustuko dut egitendudana, eta hori zorte handia da. Ez dut lana balitz bezala egiten. Hainbeste saltsatan aldi berean egoteak, jarduera etengabe aldatzeko bidea ireki dit, eta guztiz merezi izan du. Lan alorrera itzuliz, eta puri purian dagoen gaia hartuta, berriki Artium izenaz bataiatua izan den Arte Garaikideko Euskal Museoaz galdetu behar dizut. Epe guztiak betetzen badira, 2001. urtearen amaieran irekiko ditu ateak museoak, azkenaldi honetan Arabako kultur inbertsio handienak. Eraikuntzak kritikak jasan ditu jadanik, kokalekua eta eraikina bera direla kausa. Eraikinari dagokionez, zerbait adierazgarriagoa egin zitekeela uste dut. Araban beti motz geratzen garelako irudipena daukat, ez dugula etekinik ateratzen, bestela esanda, erdibidean geratzen garela. Esaten dudan horrek gizarte arabarraren arlo eta alderdi guztietarako balio du. Zergatik ez aldamenekoari zerbait kopiatu, funtzionatzen duela ikusten badugu? Jakina, gure izaerari egokituta. "Eboluzionatu ala hil" esaerari kasu egin behar diogu. Beraz, arkeologiak ere egin beharko dio kasu esaera horri, Arabak aztarnategi garrantzitsuak dituela, besteak beste Iruña Veleia edo La Hoya, kontuan hartuta. Arkeologi alorrean aldaketa handiak gertatu dira. Gure garaian, geuk ordaintzen genituen indusketen gastuak, behar genuen materialetan hasi eta bidaietaraino. Denborarekin, laguntza ematen hasi zitzaizkigun, baina ez ziren haietatik bizitzeko adinako dirulaguntzak, aztarnategietako betebeharrei erantzuteko kontusailak baino ez. Hala eta guztiz ere, Araban badugu, esaterako, Iruña de Oca herrixka, duen zabalkuntzaz gain, aztarnategia oso ondo kontserbatuta dagoelako ere Euskal Herriko aztarnategi garrantzitsuena, zalantzarik gabe. Antzinako beste herrixka batzuetan dauden aztarnak suntsituta daude, ez dago ia ezer osorik. Urrutira joan gabe, hortxe dugu Iruñearen kasua. Egia, antzinateko beste leku garrantzitsu bat izan zen, baina sekula ez dugu jakingo zehatz mehatz zer zegoen bertan, gaur egungo Iruñea herrixka haren gainean eraikibaitzen. Zaragoza dugu beste adibide aipagarri bat. Horren guztiaren arrazoia azaltzea erraza da: kasu gehienetan haren gainean eraiki zen beste hiri edo herri baten sorburua izan zen aztarnategia. Iruña de Oca, ordea, erromatarren osteko herri garrantzitsua izatetik ereiteko lursaila izatera igaro zen, eta, hortaz, aztarnategia osorik aurkitzeko aukera oso handia da, lehengo goldeek eta gaurko traktoreek suntsitu dutena bazter utzita. Azken asteotan, hain zuzen, indusketa kanpaina bati ekin zaio Iruña de Ocan. Horko arduradunek behin baino gehiagotan adierazi dute aztarnategian museo egokia sortzeko beharra, ondare historikoa izateaz gain, etorkizunean Arabako turismoaren erreferentzi puntua ere izan daitekeelako. Eskumena duten erakundeek erabaki behar duten lehenengo gauza da jendearentzat zabalduko den ala ez. Irekitzea erabakitzen bada, bisitariari giltza eman behar zaio hura zer den, haren alderdi fisikoa zein historikoa, uler dezan. Iruña herrixka izan baitzen Brontze Aroaren amaieraz geroztik, herri handi bilakatu zen Burdin Aroan, eta gero erromatartu egin zen. Hau da, lehendik antolatutako gizartean sartu ziren erromatarrak, ordurako sortua zegoen egituran, eta haien beharren arabera moldatu zuten. Ez zuten ezer suntsitu, hor dago herrixkaren garrantzia. Armando Llanosen bizitzako hiru alderdi garrantzitsuenak Iruñako herrixkan nahasirik daudela esan genezake: arkeologia lanak, aztarnategiak izan lezakeen museoaren diseinua egiteko aukera eta zona horretako turismo sustapena. Nolabait, hori bera da Laguardiako (Arabako Errioxa) La Hoya herrixkan, egin genuena. Garai hartan, La Hoya eta hango museoa aitzindariak izan ziren arkeologi aurkikuntza hura interpretatzerakoan. Guk hain maitasun handiz ireki genuen museoak gaur egun duen egoera lotsagarria da, eta, hala ere, urtean 20.000 bisitari joaten dira. Hori egiteko, eta edozer gauza egiteko ere bai, lehenengo sentsibilitatea behar da, eta bigarren neurririk gabeko borondatea. Ez da beharrezkoa esatea gureagaindituta dagoen lana dela, hortxe dugu Merida. Eman dezagun bidaia operadore ingelesa naizela eta Araba saldu behar didazula. Zer eskainiko didazu? Araban denetarik aurki dezakezu inguru txikian: Arabako Errioxako paisaiatik Aramaioko berderaino, arkeologi aztarnategietatik altxor gotikoetara, kirol instalazio ugari... Ez dago nabarmentzeko ezer zehatzik, osotasuna bai, ordea. Euskadiko turismoaren sustapen makinerian beste pieza bat izan behar dugu. Gipuzkoak, esate baterako, turismo tradizio luzea dauka, Bizkaiak turismoaren martxan sartu da Guggenheim museoarekin, baina denok ikasi behar dugu beste komunitate batzuetatik, Asturias edo Galizia kasu, turismoa haien ekonomiaren ardatz garrantzitsu bilakatu baitute. Turismoa ez da berehala emaitzak ematen dituen lanbidea, lan asko egitea eskatzen duen eginkizuna baizik. Ildo horretan, Arabako kasura itzuliz, zerbait mugitzen hasi da, adibidez, Israeldik iristen diren charter hegaldiak; baina, hala eta guztiz ere, ilusioa falta zaigu, egiten ditugun proiektuetan oso lotsati azaltzen gara, eta baita hala moduzkoak ere. Eta, gainera, zerotik edo zero azpitik hasi garela kontuan hartzen badugu, are zailagoa da . Orduan, orain baztertuta daukazun Protur Alava zure enpresarekin hasitako bideari jarraitu beharko diozu. Ez, momentuz hor dago gaia, geldirik. Berriro diot, guk, gure garaian, hainbat bidai pakete sortu genituen, Arabaren eskaintza egin genuen eta handizkariekin harremanetan jarri ginen, baina ez genuen inolako laguntzarik izan. Erakundeen laguntza eza, edo hobe esanda, bidean jarri zizkiguten oztopoak zirela eta, proiektua baztertu genuen, buruko mina besterik ez baitzigun sortzen. Argazkiak: Ismael Diaz de Mendibil Euskonews & Media 97.zbk (2000 / 10 27 / 11 3) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Juan Plazaola Artola: "Etorkizuneko arteak gizakiaren gairik sakonenak lantzea gustatuko litzaidake"

 

Irakurri

Amalio Garcia: "Herrialde behartsuak, garatu beharrean, txirotzen ari dira"

 

Irakurri

Vincent Ducourau: "Gogoa nuen iraganeko gauzak bizirik segi zezaten. Neretzat ez dira sekulan egon orainetik kanpo, hortan sinesten dut eta bizirik garrantzisua da niretzat; ez naiz sekulan aspertzen gauza zaharrak ikusteaz".

 

Irakurri

Juan Celaya: "Euskal Herrian bezala, ez da inon bizi"

 

Irakurri

Angel Amigo: "Lanbide honetan garrantzi handikoak dira norberaren kreatibitatea, liluratzeko gaitasuna, historia eta egindako lana; zazpigarren dokumentala lehenengoa baino errazagoa izango da beti"

 

Irakurri